2190. eguna

 

        Giltzapea beti giltzape, baina espetxe guztiak ez dira berdinak. Bada aldea batetik bestera.

        Presondegietako legeria malgu-malgua denez, sailkapen berean dagoen preso berak, kartzela batean egon edo beste batean egon, baldintza arrunt desberdinak bizi ditzake. Itxialdia pairatzeko modukoa egiteko edo benetako ifernua bihurtzeko eskuduntza daukana tokian tokiko zuzendaria da. Orain nagoen honetan berretsi ahal izan dudanez, bizi-baldintzak ez dira aurrekoetan bezain gogorrak. Hau, bestetik, presoaren aurka erabil dezaketen bi ahoko ezpata bihur dakiguke: astoaren, makilaren eta azenarioaren politika da.

        Atzo eta, seguru aski, bihar bezala, gaur ere ez dut inolako arazorik izango presondegi honetan. Tentsiorik ez dagoenez, lasaitasuna erabatekoa da, ia.

        Modulu guztietan gaude lagun bat baino gehiago elkarrekin, bizi-baldintza berdinetan.

        Ziega ongi dago, erosoa da. Konketadun komuna du, ziegatik ate batez bereizita. Armairua ere badugu. Telebista, haizagailua, idazteko makina, ordenagailua... edukitzeko baimena eman digute. Berogailua ere hemen daukat.

        Goizean, ni ohean nintzela, kartzeleroak pasatzean egun on esan eta atea zabalik utzi du. Jaiki eta jantokira joan naiz, gosaria hartzera. Ziegara etorri naiz, lasaitasun handiagoz hartzeko. Bukatu, patiora irten eta ekonomatoan lagunekin elkartu naiz. Paseoan ibili gara. Moduluko kartzeleroari eskulangintzaren lantokiko giltzak eskatu eta hark eman egin dizkigu. Lantoki horretan era guztietako tresna eta lanabesak daude. Eguartera arte izan gara bertan, kutxak, pirograbatuak, maketak eta bestelakoak moldatzen, gerora senitarteko eta adiskideei oparitzeko. Zenbaitetan lanean etenaldi bat egiten dugu, kafea hartu edo patioan bueltaxka bat egiteko. Kiroldegian ordubete egin ohi dugu egunero: footing, halterofilia, tenisa edo areto-futbola. Modulura berriz eta dutxa, ur beroarekin. Bazkaria ez da txarra: hartu eta ziegara noa, lasaitasun handiagoz hartzeko. Siesta. Ziegak irekitzen dira: arratsalde on. Lantegira, ekonomatora, eskolara joan edo, bestela, ikasi, irakurri nahiz bestetarako, ziegan bertan nahita geratu. Inork ez dizu deus agintzen.

        Familiari deituta, nahi bezainbeste denboraz mintzatu naiz haiekin. Inork ez dit deus esan. Afaria jaso eta ziegara eraman dut, lasaitasun handiagoz hartu ahal izateko. Hirugarren zenbaketa, azkenekoa: gau on. Lo ondo egiten dugu, hemen ez dago gauezko erasoaldirik.

        Urruntasunaz kanpo, ahaideekin komunikatzeko edo buruz buruko bisitak egiteko arazorik ez dago: komeni zaigun egunean baimentzen digute dena.

        Presondegiko zuzendariarekin badago hitz egiterik: arrazoiak ematen ditu, badaki entzuten, ulertzen, sortzen diren arazoak konpontzen ahalegintzen da eta hitz emandakoan, bete egiten du. Ezagutu dudan aurrenekoa da hau, erabateko berrikuntza, alegia. Kartzeleroak —are setatienak ere— kate motzean dauzka, gehiegikerian amil ez daitezen. Kartzelero askok funtzionario-jokaera agertzen dute, bai gurekin, bai preso sozialekin ere.

        Lantegiez arduratzen den funtzionario emakumea ondo portatzen da, baina ez dakit zein neurritan beraren ekimenez eta zeinetan zuzendariaren aginduak betetzearren; biengatik, ziurrenik. Eginkizunak zorroztasunez betetzeak aginduko lukeena baino arreta handiagoa du guregan ezarria. Lana errazteko xedez, beharrezko ditugun gaiak eskura jartzen dizkigu eta gurekin duen tratua ez da zuzena, atsegina baizik.

        Sendagilearen edo maisuaren premia izan dudanean, ene esanetara jarri dira, besterik gabe.

        Badugu baimena presondegiak antolatzen dituen ekitaldietara joateko: zinema, antzerkia... Behin baino gehiagotan preso dauden emakumezko lagunekin batera egokitu izan gara, emakumeen moduluan.

        Presondegian ezagutu dudan bizitzarik erosoena da hemengoa. Burua bueltaka jarri dut gaur eta, hausnarrean nenbilela, zalantza etorri zait: kartzela hau ona ala txarra da? Hain da lasaia...!

        Goizean goiz hasita kartzeleroak kartzelero dela nabarmentzen dizunean, eraso egiten dizunean, etsaia denik ez duzu auzitan jartzen. Jardunaldiak egun on, gau on eta antzekoen tartean igarotzen badira, azkenean uniformea bera ezabaturik gera daiteke.

        Patxada eder honetan, pentsatzen aritu naiz gaur. Geroz eta indibidualistagoa bilakatzen ari naiz. Honelako bizimodua galtzearen beldur naiz. Ez dut nahi hemen baino gehiago sofrituko dudan zulo batera eramaterik. Borroka eta gose-greben ondorioz argaltzen ari naizela ene senideek ikustea gogaikarri izango nuke. Hori guztia ez galtzearren, ene jokamoldea egunetik egunera baldintzatuagoa gertatzen ari zait. Ez zait gustatzen nire burua. Lakioan erori naiz neu ere.

        Min hartuko dut baina hemendik zenbat eta azkarrago irten, orduan eta azkarrago itzuliko naiz normaltasunera.

 

 

 

© Iņaki de Juana Chaos

© itzulpenarena: Edorta Agirre

 


www.txalaparta.com
www.susa-literatura.eus