2769. eguna
«Iñakik telefonoz deitu behar du. Ez gero esan esekitzeko. Nahi duen adina hitz egin dezala. Ez kendu instantziarik, horrela beste batean erabili ahal izango du».
Agindua horren zorrotza izanik, kartzelako zuzendariak edo Erakunde Penitentziarioetako Zuzendari Nagusiak emana zela pentsa genezakeen baina ez: ez batak, ez besteak. Horiek ez dute horrelako agindurik ematen. Baliabide ekonomiko itzelak dauzkan preso sozial batek Edmundo izenekoak, eman dezagun agindu dio kartzelero bati. Hizketa atseginekoa denez, harreman ona daukagu biok.
Bistan zenez, kartzelero bat baino gehiago erosiak dituela pentsatzen nuen, gaur arte egiaztatzerik izan ez dudan arren.
Familiari deitu behar nion baina ezbaian nengoen, guardian zegoen kartzeleroak araudi eta aginduekin zakar eta kakapirri jokatzen baitu. Azkenean, erabakia hartu eta hara abiatu naiz. Bidean, Edmundok aurrea hartu didala ikusi dut. Edmundok egunero deitzen du etxera, hemendik mila kilometro askotara. Eten egin diot:
Utzi niri mesedez, Edmundo, hik telefonoan ordubetea pasatzen duk-eta. Minutu bateko kontua da nirea. Gaur dagoen guardiak, gainera, asteko bost minutuak kronometratuko zizkidak.
Horko horrek, ala?
Bai, horrexek.
Aurikularra utzi eta kartzeleroagana zuzendu da. Zer edo zer egin behar zuela ulertu dut eta berehala saiatu naiz geldiarazten:
Zer egin behar diok, Edmundo? Ez esan ezer, e!
Utz nazak, utz nazak.
Kartzeleroaren pareraino iritsi eta hau begiak zabal-zabal zegoen bitartean, ene aurrean honelaxe agindu dio: «Iñakik telefonoz deitu behar du. Ez gero esan esekitzeko. Nahi duen adina hitz egin dezala. Ez kendu instantziarik, horrela beste batean erabili ahal izango du». Erantzunik itxoin gabe beharrik ere ez bizkarra eman eta joan egin da.
Deitu egin dut. Nahikoa hitz egin dut, kartzeleroak tarteka baina deus esateke begiratzen zidan bitartean. Behar zen unean eseki dut, baina egoera biolentoa iruditu zait. Instantziarik ez dit eskatu, noski.
Zer, harrapatua al duk, Edmundo?
Eskutik jaten dit.
© Iņaki de Juana Chaos
© itzulpenarena: Edorta Agirre