2475. eguna

 

        Azkenean, janaren gurdian eraman dute zezena. Zezena ez, xexena, zezenko edo idiskoa. Oraintsu arte bizirik zegoena. Sei txekor, sei, toreatu dituzte presondegiko patioan eta plazatik janaren gurdian atera izana iragarpen ona izan daiteke guretzat: baliteke hurrengo egunetan haragi estofatua jatea.

        Festara joan garen lagunetatik zezenzalerik inor ere ez den arren, bertara biltzeak aukera eman digu elkar ikusi eta solasean aritzeko. La Merced eguna da, kartzeletako patroiarena, antza.

        Barruan eman ditudan urtetan egiaztatu ahal izan dudanez, gaurko egunez janaria hobea zen lehen. Egun, menuan aurreztuz, ikuskizuna eskaintzen dute, bertara biltzen baitira Gobernadorea, Guardia Zibileko plazaburua, apaiza eta botikaria.

        Atzo hasi ziren modulua egokitzen: egurrezko harmailak, itxiturak, burladeroak... antolatu zituzten. Gaur goizean, lanei bukaera emateko, zorua hondarrez estali dute.

        Zaindu-zaindua dago dena. Udal musika-banda etorri eta jantokiko teilatuaren gainean ezarritako aulkietan eseri dira. Arratsaldean, bostak aldera, plaza jendez gainezka zegoen: gaur preso guztiei eman diete etortzeko baimena. Agintarien palkoan makina bat handi-mandi: Bake Epailea, Institutuko Katedraduna... Oholtzaren atzetik hamaika kartzelero zeuden zain, erne, balizko espontaneoen euforiak zapuzteko prest.

        Paseilloa hasi da: hiru torero bikain jantzirik zezenen eta jendearen aurka arituko dira. Gaur ez dago pikadorerik eta agoazila oinez doa, zaldirik ezean. Biltegi bateko atea zabaldu eta... hori zapuzketa! Baina, baina... toreroaren zilborrera ere ez da iristen! Baina, baina... adarrik ez dauka, ia! Borrokaren desmaila! Tira, La Merced eguna da gaur. Poztu gaitezen denok! jakia samurragoa izango da horrela.

        Bata bestearen atzetik, sei txekorrak atera dira. Banderillak jarri, belarriak eta isatsen bat ebaki... Toreroak ezpatarekin ez dira artatsuegi eta txekorretako biri, gorputza zeharkatu ondoren, tripatik atera zaie ezpata-muturra. Txiki-txikiak izan arren, denak gaur hemen hiltzekoak dira. Batek burua mugitzeari utzita, musika berriro hasi eta biltegiko atea ireki da. Mandorik ezean, preso mordo bat agertu da, korrika bizian, gurdia bultzaka daramatela. Hanketatik heldu, gainean jarri eta barrura joan dira ostera, ruedoan itzulia eman gabe. Espontaneo batek hareetara jaitsi nahi izan du. Alferrik, behar bezala lotu eta isolategira eraman dute, jaiari amaiera emanez.

        Agintariek elkarri bostekoa eman diote hamaikagarren aldiz, txartel agortudun arratsaldea bizi izan dute toreroek, musikariak teilatutik estropezu egin gabe jaitsi dira, txekorrak zezen plantan hil dira eta gu ziegetara sartu gara ostera. Dena zuzen. Agur.

 

 

 

© Iņaki de Juana Chaos

© itzulpenarena: Edorta Agirre

 


www.txalaparta.com
www.susa-literatura.eus