4603. eguna
Diruzaintza-kontuan senitarteko eta adiskideek sarturiko dirutik deskontatu beharreko diru-kopurua ordainduko digute gaur, kobrantza-eguna baitugu.
Gaur bezalako egunetan, jarduera osoa diruaren ingurukoa da. Hemendik pare bat egunera inork ez du xentimorik izango eta astearen hondarrean preso sozialak lagatzen zaienetik biziko dira, hurrengo kobrantza-egunera arte, edo eskean, besterik gabe. Gaur, ostera, bada dirua. Era guztietako erosketak egiten dira ekonomatoan, geroratutako zorrak eguneratzen dira eta, batez ere, droga erosi eta kontsumitzeko egun seinalatua da. Dirua txin-txin dabilenez, gaia daukanak azokan jartzen du. Modulua bizi-bizi agertzen da. Lo geratu eta kobrantza-egunean esnatuko bazina, ezin nahas zintezke: komunean, dutxetan, jantokiko mahaietan edo telebista-gelan, preso asko eta asko drogatzen ari dira. Atzo goibel, betilun zebilena, gaur susperturik dator. Heroina ugari dabil hemen: lasaitasuna eta gorputz-arintasunaren sentsazioa ematen die droga horrek. Gustura daude. Besoak, sudurra, bularra igurzten dute, ongizatearen hazkurak lasaitzeko. Bakanen bat, areago, drogaz baliatzen da gaur kirolean aritzeko, atzo ozta-ozta mugitzen zelarik.
Kartzelan kontsumitzen den heroina, ohiki, kalitaterik apalenekoa da. Asto, zaldi edo jako horren purutasuna nekez izaten da ehuneko hiru edo bostetik goragokoa; gainontzekoa, era guztietako zerrikeriekin osaturiko nahasketa da. Zenbaitetan, purutasun handiagoko heroina zuri edo arrea erdiesten da, baina luxu hori dirudunen edo ondo antolatuen eskura bakarrik dago. Ohikoa, kafesne kolore ilun samarreko hautsa da. Harri gisara ere badute, hautsarekin nahastutako klarion marroiaren tankerakoa.
Heroina hiru eratan kontsumitzen dute: esnifatuz, inhalatuz eta zain barnean sartuz. Sudurretik esnifatzea da metodo bakanena, eragin ahula izaten duelako: gasturik txikienarekin, kolokoi sendoena harrapatzea da kontua. Metodo ohikoenak, pikoa eta txinoa dira hemen.
Txino bat inhalatzeko, heroina pitin bat aluminiozko paper-mutur batean ipini eta, azpitik, droga dagoen tokitik pare bat zentimetrora, berotu egiten dute. Berotzean, karamelu likidoaren antzeko tanta marroia bilakatzen da: paperean barrena lerratuko da tanta hori, metxeroarekin berotu ahala. Horri darion kea, sutegitik zentimetro batera jarritako aluminio-paperezko zilindro batetik irensten dute. Txino-kaladak eta tabakozkoak tartekatuz, eragina areagotu egiten omen da.
Pikoa jartzeko, Coca-Cola lata baten hondoan heroina pitin bat eta bost-sei tanta ur edo limoi-zuku berotzen dituzte. Metxeroarekin berotu eta «puntu-puntuan dagoenean» likido bilakaturik, xiringan kargatzen dute, zigarro baten iragazkitik pasata. Besoan torniketea egin askotan, indizioa edonon ipintzen duten arren eta zainean sartzen dute. Orratza zainean sartutakoan, batzuek flaxeatu egiten dute, hau da, odola xiringara erauzi eta atzera berriz ponpatzen dute, lauzpabost aldiz: honela, kolokoia zorrotzagoa da.
Bihar, diru gutxien daukatenek monoa izango dute. Baina biharkoa beste egun bat da.
© Iņaki de Juana Chaos
© itzulpenarena: Edorta Agirre