10. eguna
Presondegiko lehen eguna, idatziz nekez azal daitekeen sentsazio-piloa da. Komisaldegian bederatzi egun pasa ondoren, lasaitasun ederra hartu dut honetaraz gero. Lasai? Lasai ez, euforiko nago. Bukatu dira galdaketak. Zenbat egun eman ditugu Informazio-Brigada Zentraleko sotoetan, zenbat Puerta del Soleko Dirección General de Seguridad-ekoetan: bederatzi ala hamar? Zortzi agian? Berdin dio... Atxiloketa gertatu zenean denboraren neurria galdu nuen, oraintxe ari naiz berreskuratzen, pixkanaka. Pozik nago: sekula ez nukeen pentsatuko honaino irits nintekeenik. Gertatutakoa gertaturik, orain hilik egongo nintzela uste izan nuen beti. Lagun guztiak ongi daude. Entzutegi Nazionalean ikusi ditut, ziegatik ziegara garrasika hitz egin dugu eta etsita ez dago inor ere. Atxilotuta, bai, baina ez suntsiturik.
Atxiloketa gertatu zenetik kartzelako atea zeharkatzerainoko iragaitea latza izan da. Baina ez nik espero nuen bezain latza, ezta atzemango gintuzketen egunerako lagunok igarria genuena bezain larria, inondik ere. Aukera guztien artean, kartzela barruan elkar ikustea zen ahulena, gutxien aipatzen genuena: geroak guretzako zuen toki bakarra hilerria zela sinesten genuen, etsi-etsian sinetsi ere. Tira, oker geunden.
Itxialdien zerrenda luze bateko lehenengo eguna, aurrerako zer nuen ez nekiela. Pozik nago, ostera: komandoaren atxiloketaren ardura ez da komandokideena izan. Atxilotutako lagunen erruz, behintzat, ez da beste atxiloketarik gertatu. Datorrena datorrela, poztasun hori lagun izango dugu beti. Gure erruagatik inork ez du sofrituko guk sofrituko duguna. Inork ez luke sofritu behar, behin ere, besteren ezgaitasun edo ahuleziaren ondorioz.
Hemen bizi beharko dudanetik deus ez dut ezagutzen oraindik, baina dagoeneko mundu honetako aurreneko irudiak grabatuta dauzkat.
Badirudi azkenean ez nengoela erabat oker: hilerrian sartu naizela esan nahi dut, hemengo hilak bizidunak badira ere.
Keinuetan, mesfidantza da nagusi. Argirik gabeko begiak. Preso guztiek ote dute begirada hori bera? Urrutitik, bizidun biziak hurbiltzen ari zaizkit, oinez ere azkarrago dabiltza, antza. Preso politikoak dira, babesa eta lasaitasuna ematen didaten lagunak. Preso sozial bizidunak ere ikusi ditut baina gehientsuenak abandonaturik daude, miseria egoeran, suntsituta.
Hortzeriak txikituta, larruazalean gaitzak, muturreko argaltasunak, tatuaje talegeroak, begirada galduak.
Trapitxeoak. Denetik saltzen da: txandalak, zapatilak, erlojuak, irratiak, gerriko zorroak...
Kartzelako janzkera: txandala, makina bat txandal. Txandalaren azpialdean mokasin beltzak eta galtzerdi zuriak. Gaurdaino ez nuen ikusi honenbeste galtzerdi zuri metro karratuko.
Patioko zoruan, gorro eta kerruak: hitz eta ttu egiten du jendeak hemen. Negua denez, denak katarroak jota omen daude. Karkaxa berde sendoz osaturiko mosaikoa da zorua. Berdearen tonu guztiak agertzen dira hor, kanpoaldean geratu den naturaren lehiakide.
Zarata. Sekulako zarata. Kartzela mundu isila zelakoan nengoen baina, alderantziz, hainbeste burrundak ahotsa goratuz hitz egitera behartzen gaitu: hots metalikoak, megafonia, ahotsak... Isolamenduak isilagoak izango direlakoan nago, baina Carabanchelgo giroak harritu egin nau. Gorreria sortzen du honek.
Miseria: emadak zigarro bat, paga iezadak kafea, utzidazu ganba bat 100 pezeta, emadazu zigilu bat, folioak, pilak... Txirotasuna, hitz batez.
Hori dena, patioko mutur batetik bestera noala, geldialdirik egin gabe.
Hormara iritsi eta buelta. Irudiaren arraroa gizakiontzat! Zoologikoko kaiolan jira eta buelta dabiltzan piztien aldean ez gara oso desberdinak. Bihar neu ere bueltaka ibiliko ote naiz, horren grinatsu?
© Iņaki de Juana Chaos
© itzulpenarena: Edorta Agirre