420. eguna
Gaurko erasoan suerte handia izan dut, egurrik ez baitut jaso. Konpa guztiak daude zorioneko, kalteturik inortxo ere gertatu ez delako. Suertea eta azkar ibiltzea, biak ezinbestekoak dira: hanketako dardara amaitu bezain laster, adrenalina-deskargak ahalbideratzen duen bezain laster erreakzionatu behar da. Zakurren kargak hemen ez dira kalekoen antzekoak: hemen beti harrapatzen zaituzte.
Kartzeleroek sorturiko presio-egoeraren latza ikusita, ziegetan txapeatzeari uko egin diogu. Zerbitzuburua etorri eta mehatxu egin digu. Alde egin du, berriro etorri da eta areago mehatxatu gaitu. Sartzekotan, zakurrek sar gaitzatela! Erabakia hartu dugu: ez gara txapeatuko, indarrez sartu beharko gaituzte ziegetan. Kartzeleroak ez dira ausartzen, preso bat bakarrik dagoenean jipoitzetik haratago ez doa horien adorea. Moduluan berrogei konpa baino gehiago garenez, Guardia Zibilari deitu diote. Hau iritsi bitartean, denok erne. Patioan paseatu, kontu txikiak esan, txisteren bat, nerbioek eraginiko irribarreak... Ba al datoz? Luze doa itxoinaldia. Hiru ordu pasa dira. Urrutiko koartelen batetik ekarriko zituzten. Gau iluna da. Ohetik atera beharko zituzten, noski. Haserre etorriko dira, beti daude haserre. Heriotzaraino gorrotatzen gaituzte, gainera. Horien atzetik, kartzeleroak, berdeak gure aurka eztenkatuz, akuilatuz. «Eraso, eraso!», entzun dugu. Entzun ala iruditu? Pikolo gazte altu-altuek osatzen dute konpainia, eta gaurkoan ohiko borraren halako bi den egurrezko makila dute eskuan.
Moduluko ate barrotedunen kanpoaldean daude, formazioan, makilekin lurra joaz, erritmoan, mehatxu-jarreran. Prest daude gu erasotzeko. Barnealdean, haien aurrean, geu eta geure borroka-tresneria: zapatilak, azkar ibiltzeko, eta jertse bat baino gehiago elkarren gainean jantzita, kolpeen ondorioak arintzeko. Arrabotsak gora egin du: haien makilakadak eta gure garrasiak. Zalaparta handia eta, badatoz... Ateak zabaldu eta adrenalina jaurti da, berez. Korrika egin beharko, lasterka, goazemak... Ziegetara haien aurretik iritsi eta atea geronek itxi dugu. Atzetik zetozenak kanpoan geratu dira. Ziegaz ziega ez sartzeko agindua eman omen diete gaurkoan, baina gu zanpatu ez izanaren gorroto eta sumina agerian dute begietan. Gurean, berriz, horrelako ekaitzetik libratu izanaren lasaitu ederra nabari daiteke.
Uso bat genuen, mimo guztiekin zaintzen genuena. Behin batean, lagun batek arra ekarri zion. Harremana ez zen sendotu eta gure emearekin konformatu behar izan genuen harrezkero. Patioan, jantokian barrena hara-hona zebilen hegan. Bera zen, ziur, munduan hobekien elikaturiko usoa. Telebistaren ondoan uzkurtu ohi zen, epelean, gustura. Baina gaur gure usoa ez da azkar ibili. Arriskua ikusteke, ezagun zituen gizakiekin fidaturik, jantokiko mahaian geratu da, geldirik. Eta ohiko borraren bikoitza den egurrezko makilak bitan txikitu du. Zerbait harrapatu behar zuten!
© Iņaki de Juana Chaos
© itzulpenarena: Edorta Agirre