4009. eguna

 

        Ziega zoragarria daukat. Aurreko beste batzuetan ez bezala, hemendik mendia ikusten da. Beste batean ere kanpoaldea ikusten zen batean sartu ninduten, baina hura ez zen honen modukoa.

        Orain bertan, idazten ari naizen bitartean, urrutira begiratu eta natura dakusat, zabal-zabal. Ez da berdea: zuhaitzik ez, ia; baina mendia da, bazterrean herrixka bat dago eta, zenbaitetan, bidaztiak ere ikusten dira. Hauek, kartzelara begiratzen dutenean zer ikusten ote duten pentsatzen dut maiz. Barruan gertatzen den dramaren berri ez dute, noski. Hotz ikusiko dute hau, ziur, hormen barnean pertsonak gaudenik konturatzeke. Zoologikoan animaliak ikusten dituzu, beren bizi-baldintzak hauteman, eta beren egoera auzitan jartzeraino iritsiko zara. Hemen hormigoia bakarrik ikusiko duzu, baina ez da presoek alde egin ez dezaten, itsusi jotzen denarekin hiritarraren begia ez iraintzearren da. Trastelekuko atea jantokiko armairuaren atzean izatearen pareko zerbait da: afaltzen ari zaren bitartean ez dituzu trasteak gogoan. Atea bera ere ez da existitzen, ez baita ikusi ere egiten.

        Ziega hau aparta da, ordea. Lur elkorra, lehorra, gorria, baina baita ederra ere. Ilunabarrean, begia zorroztuz, eperren bat ikusten da hemendik. Duela egun batzuk erbi bat ere pasa zen. Une batez gelditu zen baina... kartzela zaintzen duen zakurren patruila orduan iritsi zen eta izutu egin zuten. Egunen batean itzuliko da, agian, begi askoren atsegina izateko.

        Goi-tentsioko dorreak, txarrantxak, hormigoizko itxiturak... hormigoia, hormigoi piloa ikusten da, baina erbia agertu eta gainontzeko dena disolbatu egiten da.

 

 

 

© Iņaki de Juana Chaos

© itzulpenarena: Edorta Agirre

 


www.txalaparta.com
www.susa-literatura.eus