MOZKOR BAT SASIRIK SASI
Palma-ardoarekin mozkortzen nintzen hamar urteko mutil-koskorra nintzenetik. Nire bizitzan ez nuen palma-ardoa edatea beste zereginik. Garai hartan ez genuen dirurik ezagutzen, bakarrik KAURIAK, beraz dena oso merkea zen eta nire aita gure hiriko gizonik aberatsena zen.
Nire aitak zortzi ume zituen eta ni denetan zaharrena nintzen, beste guztiak langile amorratuak ziren, baina nire abilidadea palma-ardoa edatea zen. Palma-ardoa edaten egoten nintzen goizetik gauerarte eta gauetik goizerarte. Denboraldi hartan ur korrientea probatu ere ez nuen egiten, palma-ardoa bakarrik edaten nuen.
Baina nire aitak antzeman zuenean nire lan bakarra edatea zela, ardo-mutil trebe bat kontratatu zuen, niretzat egunero palma-ardoa prestatzea beste zereginik ez zuena.
Beraz nire aitak palmadi bat eman zidan, bederatzi milia karratukoa eta 560.000 palmondo zituena, eta ardo-mutil honek ehun eta berrogeita hamar kupeltxo prestatzen zizkidan goizero palma-ardoarekin, baina eguerdiko 2ak baino lehen akabo nituen denak; orduan beste 75 kupeltxo bete behar izaten zizkidan arratsaldez, goizaldera arte irauten zidatenak. Beraz nire adiskideak kontaezinak ziren denboraldi hartan eta nirekin palma-ardoa edaten egoten ziren goizean goizetik gauean berandu arte. Baina nire ardo-mutilak 15 urteko aldia bete zuenean niretzat palma-ardoa prestatzen, orduan nire aita hil egin zen bat-batean. Nire aitaren heriotza ondorengo 6garren hilabetean, igande arratsalde batez, ardo-mutila palmadira joan zen niretzat palma-ardoa ateratzera, baina hartan ari zela, palmondo altuenetako batera igota, erori egin zen ustekabean eta hilda geratu zen palmondoaren oinetan bertan zaurien ondorioz. Ni palma-ardoa noiz ekarriko zidan zain nengoen, eta ikusirik ez zetorrela garaiz, egundaino ez baininduen horrenbeste denboran zain eduki, orduan nire bi adiskideri palmadiraino laguntzeko eskatu nien. Hara ailegatutakoan, palmondo guztiak begiratzen hasi ginen banan-banan, eta handik pixka batera palmondoaren azpian aurkitu genuen, erori eta hilda geratu zen tokian.
Bertan hilda ikusirik, egin nuen aurreneko gauza izan zen hurbileko beste palmondo batera igotzea, horren ondoren neuretzat palma-ardoa atera eta bapo egin arte edan nuen lehengo tokira itzuli aurretik. Gero nirekin palmadira etorritako bi adiskideek eta nik zuloa egin genuen nire ardo-mutila eroritako palmondoaren azpian, hilobi moduko zulo bat, eta hantxe lur eman ondoren hirira itzuli ginen.
Biharamunean, goizean goiz, batere palma-ardorik ez neukan edateko, eta egun guzti hartan ez nintzen lehenago bezain zoriontsu sentitu; nire salan eserita egon nintzen kopet-ilun, baina hirugarren egunean, batere palma-ardorik ez neukanez, adiskide bakar bat ez zen nire etxera etorri, bakar-bakarrik utzi ninduten palma-ardorik eskaini ezin nielako.
Astebete pasa ondoren nire etxean batere palma-ardorik gabe, kanpora atera eta adiskide haietako bat ikusi nuen hirian, orduan agurtu egin nuen, berak erantzun zidan baina ez zen inolaz ere nigana inguratu, urrundu egin zen korrika eta presaka.
Orduan beste ardo-mutil trebe baten bila hasi nintzen, baina ez nuen inor aurkitzen nik nahi adina palma-ardo prestatuko zuenik. Palma-ardorik ez neukanez ur korrientea edaten hasi nintzen, lehen probatu ezin nuena, baina horrekin ez nintzen palma-ardoarekin bezain gustura geratzen.
Ikusirik ez nuela aurrerantzean palma-ardorik izango, eta inork ezingo zidala prestatu, orduan zera pentsatu nuen neure golkoan, zaharrek esaten zutena, alegia mundu honetan hildako jende guztia ez zela zuzenean zerura joaten, baizik eta mundu honetan bizi zela non edo han. Beraz neure buruari esan nion aurkitu egin behar nuela non zegoen nire ardo-mutil zena.
Goiz eder batean, neure juju (edo fetitxe) guztiak eta nire aitarenak hartu eta joan egin nintzen nire aitaren jaioterritik nire ardo-mutil zenaren paraderoa jakiteko.
Garai haietan animalia basatiak ugari ziren eta bazter guztiak sastraka zarbatsuz eta basoz josita zeuden; gainera, hiriak eta herriak ez zeuden bata besteagandik hurbil gaurko egunean bezala, eta ni sasirik sasi eta basorik baso nenbilenez, gisa hartako tokietan gaua pasatuz egun eta hilabete askotan, zuhaitzen adarretan lo egin beharra neukan bizia salbatu nahi banuen, izpirituak etc. mementuero azaltzen baitziren; eta gainera batzuetan bi edo hiru hilabete pasatzen nituen hiri edo herri batera ailegatu gabe. Hiri edo herri batera ailegatzen nintzenero, lau bat hilabete pasatzen nituen bertan, nire ardo-mutilaren paraderoa jakin nahirik hiri edo herri hartako biztanleengandik; eta handik igaro ez bazen, orduan toki hura utzi eta neure ibilia jarraitzen nuen beste hiri edo herri baterantz. Jaioterria utzi nuenetik zazpi hilabete pasa ondoren, hiri batera ailegatu eta agure batengana joan nintzen, agure hau ez zen benetako gizona, jainko bat zen, eta ni hara ailegatutakoan jaten ari zen bere emaztearekin. Etxera sartutakoan agurtu egin nituen biak, jator erantzun zidaten beraiek, nahiz inork ez eduki agure haren etxean hala sartzeko eskubiderik jainko bat zelako, baina ni neu ere jainko bat eta fetitxero bat nintzen. Orduan esan nion agureari (alegia jainkoari) aurreko batean nire hirian hildako ardo-mutilaren bila nenbilela; berak ez zion nire galderari erantzun, baizik eta aurrena galdetu zidan zer izen nuen? Nik erantzun nion nire izena zela Jainkoen-Aita, mundu honetan edozein gauza egin dezakeena. Orduan berak esan zuen: «egia al zen hori» eta nik esan nuen baietz; horren ondoren esan zidan joateko toki ezezagunean (edo beste hiri batean) bizi zen bere errementariagana eta ekartzeko errementariari enkargatu zion huraxe. Esan zuen errementariari enkargatu zion huraxe ekartzea lortzen banuen, orduan sinestuko zuela esan nuena nintzela, alegia Jainkoen-Aita-Mundu-Honetan-Edozein-Gauza-Egin-Dezakeena, eta nire ardo-mutilaren paraderoa argituko zidala.
Agureak hori esan edo hitzeman orduko, joan egin nintzen, baina milia bateko bidea egin ondoren gutxi gorabehera, nire juju (edo fetitxe) haietako bat erabili eta txori erraldoi baten itxura hartu nuen segituan, orduan agurearen etxeko teilatura itzuli nintzen hegan; baina teilatu hartan nengoela, jende askok ikusten ninduen. Hurbildu eta begira geratzen zitzaizkidan hantxe teilatu gainean nengoela; hala, agureak antzeman zuenean zenbat jende zegoen bere etxearen inguru guztian teilatura begira, emaztea eta biak etxetik atera ziren; eta agureak ni (alegia txoria) teilatuan ikusirik, emazteari esan zion bere errementariagana bidali izan ez banindu hari enkargatutako kanpaia ekar nezan, txori haren izena esateko eskatu izango zidala. Baina berak hori esan orduko, errementariagandik zer nahi zuen jakin nuen eta bere errementariagana abiatu nintzen hegan, eta hara ailegatutakoan errementariari esan nion enkargatutako kanpaia eramateko esan zidala agureak (jainkoak). Orduan errementariak kanpaia eman zidan; horren ondoren, agureagana itzuli nintzen kanpaiarekin, eta kanpaiarekin ikusi ninduenean, emaztea eta biak harrituta eta gainera txundituta geratu ziren.
Horren ondoren agureak esan zion bere emazteari ekartzeko jana niretzat, baina jana bukatu nuenean zera esan zidan, beste lan miresgarri bat ere egin behar niola, berak nire ardo-mutilaren paraderoa argitu baino lehen. Hurrengo goizeko 6.30etan, esnatu ninduen (jainkoak) eta sare handi eta sendo bat eman zidan, hiri hartako zoruaren kolorea zuena. Esan zidan joateko Herioren bila eta ekartzeko bere etxetik sare hartan sartuta. Milia bat edo urrundu nintzenean agurearen etxetik (alegia hiritik), bidegurutze bat ikusi eta dudak izan nituen bidegurutze hartara ailegatutakoan, errepide haien artetik ez nekien zein zen Herioren etxeko errepidea, baina azoka-eguna zela pentsatuz, eta azokara joandako guztiak laster itzuliko zirela azokatik, bidegurutzearen erdian etzan nintzen, burua errepide batean jarrita, ezkerreko eskua bestean, eskuineko eskua beste batean eta bi hankak besteetan, eta horren ondoren bertan lo hartu banu bezala jarri nintzen. Azokara joandako guztiak azokatik itzultzerakoan, ni han etzanda ikusi eta oihuka hasi ziren: «Nor ote da mutil eder honen ama? Bidegurutzean lo hartu eta Herioren etxeko errepidean jarri du burua».
Orduan Herioren etxeko errepidea hartu nuen eta zortzi bat ordu behar izan nituen haraino ailegatzeko, baina harrigarriena izan zen ez nuela inorekin topo egin errepide honetan eta horrekin beldurtuta nengoen. Bere etxera (Herioren etxera) ailegatu nintzenean, bera ez zegoen han une hartan, bere etxe ondoko ñame soroan zegoen, baina bere portxean danbor txiki bat topatu nuen piririka zebilena, eta jo egin nuen Heriori nire agurra bidaltzeko. Baina berak (Heriok) danborraren hotsa aditu zuenean, honela esan zuen: «Zer da gizon hori, oraindik bizirik dagoena ala hildakoa?» Orduan nik erantzun nuen: «Oraindik bizirik nago eta ez naiz hildako bat».
Nik esandakoa aditu zuenarekin batera amorrazio handia hartu zuen eta, halamoduzko ahots batez, danborrari agindu zion lotu egin behar ninduela hantxe bertan bere (danborraren) sokekin; eta gertatu zen ia ezin nuela arnasarik hartu danborraren sokek estutu egiten nindutelako.
Antzeman nuenean soka hauek ez zidatela arnasa hartzen uzten eta gainera odola bota eta bota ari nintzela gorputzaren atal guztietatik, orduan nik neuk ere bere soroko ñameen hariei agindu nien lotu zezatela hantxe bertan, eta arbei ere agindu nien hasteko hari joka. Nik hori esan orduko, bere soroko ñameen hari guztiek lotu egin zuten gogorki, eta ñameen arba guztiak jo eta jo hasi zitzaizkion, eta orduan berak (Heriok), ikusirik arbak jo eta jo ari zitzaizkiola, lotzen ninduten danbor sokei libratu egin behar nindutela agindu zien, eta segituan libratu ninduten. Neure burua libre ikusirik, nik ere agindu nien ñameen hariei libratu egin behar zutela bera eta ñameen arbei agindu nien ez zutela gehiago jo behar, eta berehala libratu zuten. Ñameen hariek eta ñameen arbek libratu zutenean, bere etxera etorri zen eta bere portxean aurkitu ninduen, orduan bostekoa eman genion elkarri, eta bere etxera sartzeko esan zidan, bere gela bateraino eraman ninduen, eta handik pixka batera jana ekarri zuen eta elkarrekin jan genuen. Horren ondoren solasean hasi ginen, tankera honetan: Berak (Heriok) galdetu zidan ea nongoa nintzen? Nik erantzun nion bere etxetik hain urruti ez zegoen hiri batekoa nintzela. Orduan galdetu zidan zertara etorri nintzen? Nik esan nion berari buruzko kontu asko aditu nituela nire hirian eta mundu guztian eta hala pentsatu nuela neure golkoan, egun batean etorri egin behar nuela bisita egitera edo pertsonalki ezagutzera. Horren ondoren berak erantzun zuen bere lan bakarra munduko jendea hiltzea zela, eta hartan, zutitu zen eta bere atzetik joateko esan zidan, eta hala egin nuen nik.
Bere etxetik eta bere ñame sorotik barrena eraman ninduen, azken mende hartan hil zituen gizakien eskeletu-hezurrak erakutsi zizkidan eta beste gauza asko ere bai, baina nik han ikusi nuena izan zen gizakien eskeletu-hezurrak sutarako egur bezala erabiltzen zituela eta gizakien kaskezurrak katilu, plater, baso etc. bezala.
Inor ez zen bizi bere inguruan edo berarekin, bakar-bakarrik bizi zen, sastrakako piztiak eta txoriak ere oso urruti zeuden bere etxetik. Hala, gaua heldu eta non lo egin behar nuen galdetu nionean, tapaki beltz handi bat eman zidan eta gero gela bereizi bat eman zidan bertan lo egin nezan, baina gelara sartutakoan, gizakien hezurrez egindako ohe batekin egin nuen topo; ohe hau ikaragarria zenez ikusteko edo bertan lo egiteko, gainean etzan ordez azpian etzan nintzen, ordurako bai bainekien zer azerikeria egin nahi zidan (Heriok). Ohe hau oso ikaragarria zenez, ezin nuen han azpian etzanda lorik egin gizakien hezurrek beldurra ematen zidatelako, eta azpi hartantxe egon nintzen erabat esna. Gauerdiko ordu biak aldera, ederki harrituz, hor non ikusten dudan norbait gelan isilka sartzen borra handi batekin eskuan, hurbiltzen da berak (Heriok) lo egiteko esan zidan ohera eta indar guztiaz ohea jotzen du bere borra harekintxe; hiru aldiz jo zuen borraz ohearen erdialdea eta gero joan egin zen isilka, uste zuen lo nengoela ohe hartan eta gainera uste zuen hil egin ninduela.
Baina goizean goizeko 6ak zirenean, bera baino lehen esnatu eta lo egiten zuen gelara joan nintzen, esnatu egin nuen, eta orduan berak, nire ahotsa aditzean, ikaratu eta egunonik ere ezin izan zidan eman ohetik jaiki zenean, zera uste baitzuen, hil egin ninduela aurreko gauean.
Etxe hartan lo egin nuen bigarren egunean, bera ez zen beste ezertan saiatu, baina ni neu gaueko ordu biak aldera esnatu eta hirira itzultzeko hartu beharko nuen errepidera joan nintzen, eta milia laurden inguruko bidea egin ondoren, gelditu eta bere (Herioren) tamainako zuloa egin nuen errepidearen erdian, horren ondoren agureak Herio garraiatzeko eman zidan sarea zulo gainean zabaldu nuen, eta gero bere etxera (alegia Herioren etxera) itzuli nintzen, baina bera ez zen esnatu nik azerikeria hau egiten nion bitartean.
Goizeko 6ak zirenean, bere atera joan eta esnatu egin nuen betiko moduan, gero esan nion goiz hartan nire hirira itzuli nahi nuela eta berak gidatzea nahi nuela sikiera tarte labur batean; orduan ohetik jaiki eta bidea erakusten hasi zitzaidan nik eskatu bezala, baina zuloa egin nuen tokiraino heldutakoan, esertzeko esan nion; ni neu bide ertzean eseri nintzen, baina bera sarearen gainean eseri zenez, zulora erori zen. Orduan, inolako berriketarik gabe, sarean bildu, buru gainean hartu eta neure bideari ekin nion Herio ekartzeko esan zidan agurearen etxerantz.
Errepidetik garraiatzen nuen bitartean, eginahal guztiak egiten zituen ihes egiteko edo ni hiltzeko, baina nik ez nion aukerarik ematen. Zortzi bat orduz ibili ondoren, hirira ailegatu eta Herio ekartzeko esan zidan agurearen etxera jo nuen zuzenean. Hara ailegatu nintzenean, bera barruan zegoen, orduan nik deitu eta esan nion ekarri nuela Herio, berak ekartzeko esan zidana. Herio ekarri nuela aditu zuenarekin batera, eta nire buru gainean ikusi zuenean, agurea zeharo ikaratu eta larritu zen, zera uste baitzuen, inork ezin zuela Herio bere etxetik atera; orduan esan zidan eramateko segituan hura (Herio) atzera bere etxera, eta bera berriz (agurea) korrika eta presaka bere etxera itzuli eta ate eta leiho guztiak ixten hasi zen, baina berak bizpahiru leiho ixteko beta izan baino lehen, lurrera bota nuen Herio agurearen etxe-atarian, eta lurrera botatzerakoan sarea puskatu egin zen eta Heriok ihes egin zuen.
Orduan agureak eta bere emazteak leihotik alde egin zuten eta hiri hartako jende guztiak ere ihesari eman zion bizia salbatzearren eta ondasun guztiak bertan utzita. (Agureak uste zuen Heriok hil egingo ninduela bere etxera joaten banintzen, Herioren etxera joandakorik ez baitzen itzultzen, baina nik banekien zer azerikeria egin nahi zidan agureak).
Hala, Herio bere etxetik atera nuen egun harrezkero, ez du toki finkorik bizitzeko edo bertan geratzeko, eta guk bere izena aditzen dugu mundu zabalean. Horra, bada, nola ekarri nion Herio agureari, ze agure hark Herioren bila joateko esan baitzidan berak nire ardo-mutilaren paraderoa esan baino lehen, eta ni ardo-mutilaren bila bainenbilen hiri hartara ailegatu eta agurearekin topatu nintzenean.
Baina agure hura, ardo-mutilaren paraderoa argituko zidala hitzeman zidana baldin eta nik Herioren etxera joan eta handik ekartzea lortzen banuen, ezin izan zen gelditu bere promesa betetzera emaztea eta biak estu eta larri ibili zirelako hiri hartatik alde egiteko.
Hortaz nire ardo-mutila non zegoen jakin gabe joan nintzen hiritik, eta beste ibilaldi berri bati ekin nion.
Hiri hura utzi ondorengo bosgarren hilabetean, beste hiri batera ailegatu nintzen, ez hain handia, baina azoka bikain eta ospetsua zuena. Hirira sartu orduko, hiriko buruzagiaren etxera joan nintzen, eta oso jator hartu ninduen bere etxean; handik pixka batera, bere emazte bati esan zion ekartzeko jana niretzat, eta jana bukatu nuenean, bere emazteari esan zion ekartzeko palma-ardoa ere; erruz edan nuen palma-ardoa, nire hirian nengoenean bezala edo nire ardo-mutila bizi zenean bezala. Han emandako palma-ardoa probatzerakoan, pentsatu nuen ezeren faltarik ez nuela toki hartan. Jan-edanaz bapo egin ondoren, hiriko buruzagiak, bere etxean ostatu eman zidanak, izena galdetu zidan, eta nik esan nion nire izena zela Jainkoen-Aita-Mundu-Honetan-EdozeinGauza-Egin-Dezakeena. Hori aditu zuenean, ia-ia txorabioa egin zitzaion beldurraren beldurrez. Horren ondoren galdetu zidan ea zertara etorri nintzen beragana. Nik erantzun nion aurreko batean nire hirian hildako nire ardo-mutilaren bila nenbilela. Orduan berak esan zidan bazekiela non zegoen ardo-mutila.
Gero hala esan zidan, bere alaba aurkitzen laguntzen banion, ze izaki bitxi batek atzemana baitzuen hiri hartako azokan, eta bere aurrera ekartzea lortzen banuen, orduan berak nire ardo-mutilaren paraderoa argituko zidala.
Gainera esan zuen neure buruari izen hori ematen nionez, alegia Jainkoen-Aita-Mundu-Honetan-Edozein-Gauza-Egin-Dezakeena, aise egingo nuela lan hori; bai, halaxe esan zidan.
Nik ez nekien izaki bitxi batek buruzagiaren alaba bahituta zeukanik.
Ia-ia esan nion ezetz, ez nintzela joango izaki bitxi batek azokan bahitutako bere alabaren bila, baina nire izenaz gogoratzean lotsa eman zidan ezetz esateak. Beraz baietz esan nion, bilatuko nuela bere alaba. Hiri hartan azoka handi bat egiten zen eta handixe bahitu zuten alaba hura; azoka 5 egunean behin izaten zen eta azoka honetara hiri hartako jende guztia eta inguruko herrietakoak eta izpirituak eta sastraka nahiz baso askotako izaki bitxiak etorri ohi ziren produktuak saldu edo erostera. Arratsaldeko 4ak aldean ixten zen azoka eta orduan mundu guztia etxera edo jatorrizko tokira itzultzen zen. Hiri hartako buruzagiaren alabak saltoki txiki bat zuen azokan eta ezkontzeko adinean zegoen azokan bahitu zutenean. Hori gertatu baino lehen, bere aitak esaten zion ezkontzeko gizon batekin baina berak ez zion aitari kasurik egiten; orduan aitak, ikusirik alabak ez zuela inorekin ezkondu nahi, berak aukeratu zion gizon bat, baina andereño hau zeharo ukatu zen aitak aurkeztutako gizon horrekin ezkontzera. Hortaz aitak bere gisara utzi zuen alaba.
Andereño hau oso ederra zen, aingeru bat bezalakoa, baina ez zen hura ezkontaraziko zuen gizonik. Hala, azoka-egun batez azokara joan zen bestetan bezala, bere produktuak saltzera betiko moduan; azoka-egun hartan gizon bitxi bat ikusi zuen azokan, baina ez zekien gizon hura nondik etorria zen eta ez zuen egundaino ikusi.
IZAKI BITXIAREN DESKRIBAKETA
Oso gizaseme ederra zen, gizon «osoa», jantzi dotore eta garestiak zeramatzan soinean, ez zuen batere gorputz atalik falta, gizon altua zen eta aldi berean sendoa. Gizaseme hau, egun hartan azokan zeukan itxurarekin, saltzeko produktu edo bare bat izan balitz gutxien-gutxienez £2.000 (bi mila libra) emango zituzten beragatik. Gizaseme oso hau, egun hartan azokan zeukan itxurarekin, andereñoak azokan ikusi zuenean non bizi zen galdetzea egin zuen aurreneko lana, baina gizaseme dotore honek ez zion ez erantzunik ez inolako aurrerapiderik eman. Baina andereño honek ikusi zuenean gizaseme eder edo osoak ez ziola kasurik egiten, bere produktuak utzi eta gizaseme osoak azokan egindako mugimenduak zaintzen hasi zen, produktuak saldu gabe utzita.
Pixkanaka azoka itxiz joan ziren egun hari zegokionez eta azokako jende guztia bere jomugara etc. itzultzen hasi zen, eta gizaseme osoa ere bere jomugara abiatzekotan zegoen. Baina nola andereño hau denbora guztian haren atzetik zebilen azokatik barrena, ikusi egin zuen beste guztiak bezala bere jomugara abiatzera zihoanean, orduan segika hasi zitzaion (gizaseme osoari) toki ezezagun baterantz. Gizaseme osoari segika zihoala errepidetik, hark esaten zion itzultzeko edo ez bere atzetik joateko, baina andereñoak ez zion kasurik egiten hark esandakoari, eta gizaseme osoa gogaitu zenean behin eta berriz gauza bera errepikatzeaz (alegia itzul zedila bere hirira), bere gisara utzi zuen andereñoa.
EZ JARRAITU GIZON EDER EZEZAGUNARI!
Baina hamabi bat milia urrundu ondoren azoka hartatik, zeramaten errepidea utzi eta azkenik gabeko baso batetik abiatu ziren. Izaki ikaragarriak bakarrik bizi ziren baso hartan.
ITZULI GORPUTZ ATALAK
EDO GIZASEME OSOAREN GORPUTZ ATAL ALOKATUAK
ITZULI BEHARREKOAK DIRA
Azkenik gabeko baso honetatik zihoazela, azokako gizon osoa, andereñoak segitzen zuena, bere gorputzaren atal alokatuak jabeei itzultzen eta errentaren dirua ordaintzen hasi zen. Ezkerreko oina alokatu zuen tokira ailegatu zenean, kendu zuen, jabeari eman eta ordaindu egin zion, gero aurrera segitu zuten; eskuineko oina alokatu zuen tokira ailegatu zirenean, kendu zuen, jabeari eman eta errenta ordaindu zuen. Bi oinak jabeei itzulita, lurretik arrastaka hasi zen, eta une hartan andereñoak bere hirira (edo bere aitagana) itzuli nahi izan zuen, baina izaki ikaragarri eta bitxiak ez zion utzi bere hirira (edo bere aitagana) itzultzen (edo etxeratzen), eta gizaseme osoak honela esan zion: «Esan dizut ez nire atzetik etortzeko azkenik gabeko baso honetan barruratu baino lehen, izaki ikaragarri eta bitxiak baitira hemengo jaun eta jabe, baina gizaseme erdizkakoa eta osagabea bihurtu naizenean zure etxera itzuli nahi duzu, orain ezinezkoa da hori, huts bat egin duzu. Gainera oraindik ez duzu ezer ikusi, zatoz nirekin».
Harantzago joanda, gizasemeak sabela, saihetsak, bularra etc. alokatutako tokira ailegatu ziren, orduan kendu zituen, jabeari eman eta errentaren dirua ordaindu zuen.
Gizaseme edo izaki ikaragarri honi ezer gutxi geratzen zitzaion orain, bakarrik burua eta bi besoak lepoarekin. Ez zeukan lehen bezala arrastaka ibiltzerik, saltoka joan beharra zeukan zezen-igel bat bezala, eta andereño honek hutsa falta zuen gaixotzeko aurrean zeraman izakiaren itxura beldurgarriagatik. Ikusirik azokako gizaseme osoaren atal bakoitza errepuestokoa edo alokatua zela, andereñoa ahalegin guztiak egiten hasi zen bere aitaren hirira itzultzeko, baina izaki beldurgarri honek ez zion inolaz ere uzten.
Bi besoak alokatu zituen tokira ailegatu zirenean, kendu biak, jabeari eman eta ordaindu egin zituen; eta azkenik gabeko baso honetan aurrera eginda, lepoa alokatu zuen tokira ailegatu ziren, kendu zuen, jabeari eman eta ordaindu egin zuen hura ere.
GORPUTZ OSOKO GIZASEME ZENA ORAIN BURUA BESTERIK EZ
Gizaseme oso honek burua besterik ez zuen orain, eta ailegatu zirenean buruko azala eta mamia alokatu zituen tokira, itzuli zituen eta ordaindu egin zion jabeari. Horra orain azokako gizaseme osoa KASKEZUR huts bihurtuta, eta andereño hau Kaskezur hutsarekin geratu zen. Andereñoak ikusi zuenean Kaskezur hutsarekin geratu zela, bere kolkoan pentsatu zuen aita gizon batekin ezkontzeko esaten aritu zitzaiola, baina berak ez ziola kasurik egin edo aintzat hartu.
Ikusirik gizasemea Kaskezur bihurtu zela, andereñoa txorabiatzen hasi zen, baina Kaskezurrek esan zion hiltzekoa bazen, hilko zela, eta berarekin joan behar zuela bere etxeraino. Baina hori esaterakoan, marmar egiten zuen ahots ikaragarriaz eta gainera bere onetik aterata zegoen eta norbait egon balitz handik bi miliara aise adituko zuen marmar hura arretarik jarri gabe ere, beraz andereño hau ihesi hasi zen basotik barrena bere bizia salbatzearren, baina Kaskezurrek atzetik abiatu eta harrapatu egin zuen yarda bat edo beste egin orduko, oso argia eta bizkorra baitzen, Kaskezur hutsa zelako eta gainera jauzi bat egin orduko handik milia batera lurreratzen zelako. Honela harrapatu zuen andereñoa: andereñoa ihesi zihoanean bere bizia salbatzearren, korrika eta presaka joanda haren parean jarri eta geldiarazi egin zuen egur enbor batek bezala.
Arian-arian, andereño honek etxeraino segitu zion Kaskezurri, eta etxea leize bat zen, lurpean zegoena. Hara ailegatutakoan leizera sartu ziren biak. Baina leize hartan Kaskezurrak bakarrik bizi ziren. Leizera sartu orduko, Kaskezurrek Kauri bat lotu zion lepoan andereñoari soka moduko batekin, horren ondoren igel handi bat eman zion haren gainean eser zedin aulki bat balitz bezala, eta gero bera bezalako Kaskezur bati txilibitu bat eman zion andereñoa zain zezan ihes egiten saiatzen zenero. Kaskezurrek bai baitzekien andereñoa leizetik ihes egiten saiatuko zela. Gero atzeko atarira joan zen, hantxe egoten baitzen bere sendia egun osoan gaua heldu arte.
Baina egun batean, andereñoa leizetik alde egiten saiatu zen, eta Kaskezur zaindariak txilibitua jo orduko atzeko atariko beste Kaskezurrei abisatzeko, denak segituan andereñoa zezen-igelaren gainean eserita zegoen tokira abiatu ziren arrapaladan; aise harrapatu zuten, baina denak arrapaladan zihoazela, piririka mugitzen ziren mila gasolina-bidoi balira bezala harrizko galtzada batetik alda-maldaka. Behin harrapatu eta gero, lehengo igelaren gainean eserarazi zuten betiko moduan. Kaskezur zaindaria lokartzen bazen eta andereñoak ihesari ematen bazion, bere lepoan lotutako kauriak alarma pizten zuen hots ikaragarriaz, beraz Kaskezur zaindaria segituan esnatzen zen eta Kaskezurren sendiko milaka eta milaka kaskezur andereñoagana oldartzen ziren eta zertara zihoan galdetzen zioten ahots bitxi eta ikaragarriaz.
Baina andereñoak ezin zuen hitz egin, mutututa baitzegoen kauria lepoan lotu zioten unetik.
JAINKOEN-AITAK HIRIKO BURUZAGIAREN ALABA AURKITU BEHAR
Hala bada, Andereñoaren aitak izena galdetu zidan eta nik esan nion nire izena zela Jainkoen-Aita-Mundu-Honetan-Edozein-Gauza-Egin-Dezakeena, orduan berak esan zidan bere alaba non zegoen jakiten banuen eta ekartzen banion, orduan berak nire ardo-mutilaren paraderoa argituko zidala. Hori aditu nionean, bozkariozko jauziak ematen hasi nintzen nire ardo-mutilaren paraderoa argituko zidala hitzeman zidalako. Konforme etorri nintzen berak esandakoarekin. Andereño honen aita-amak ez zuten alabaren paraderoa ezagutzen, baina jakin bazekiten andereñoa gizaseme oso bati segika ibili zela azokan. Nintzena nintzenez, alegia Jainkoen-Aita-Mundu-Honetan-Edozein-Gauza-EginDezakeena, gaua heldu zenean ahuntz bat eskaini nion nire jujuari sakrifizio bezala.
Eta goizean goiz, palma-ardoz betetako berrogei kupeltxo ekarrarazi nituen, eta denak edan ondoren andereñoa non egon ote zitekeen ikertzeari ekin nion. Azoka-eguna zenez, handixe hasi nuen ikerketa. Baina fetitxeroa nintzenez, azoka hartako jende mota guztiak ezagunak nituen. Goizeko bederatzi-bederatzietan, andereñoak segitu zuen gizaseme oso hura azokara etorri zen berriro, eta ikusi nuenean, segituan jakin nuen izaki bitxi eta ikaragarria zela.
EZ ZAIO ANDEREÑOARI KULPARIK BOTA BEHAR
KASKEZURRI SEGITZEAGATIK GIZASEME OSOA ZENEAN
Ezin nion inolaz ere andereñoari kulparik bota Kaskezurri etxeraino segitzeagatik gizaseme osoa zenean, ze ni neu andereño izan banintz, berak nora jo hara joko nuen nik ere inolako dudarik gabe, eta gizona nintzen partetik are eta inbidia handiagoa nion, ze esate baterako gizaseme hau bataila zelaira joaten bazen, seguru arerioak ez zuela hilko edo preso hartuko, eta bonbarderoek bonbardeatzera zihoazen hirian ikusten bazuten ere, ez zuten haren aurrean bonbarik botako, eta botatzen bazuten, bonbak berak ez zuen lehertu nahi izango gizaseme hau hiritik joan arte, bere edertasuna zela-eta. Gizaseme hau egun hartan azokan ikusi nuenean, haren atzetik abiatzea besterik ez nuen egin. Ordu osoak pasa ondoren han begira, korrika azokako txoko batera joan eta negarrez egon nintzen minutu batzuk, neure golkoan pentsatuz zergatik ez ote nintzen sortua izan gizaseme haren edertasunarekin; baina, Kaskezur bat besterik ez zela gogoratuz, eskerrak eman nizkion Jainkoari edertasunik gabea sortu ninduelako, eta azokara itzuli nintzen gizasemeagana, baina bere edertasunak erakarri egiten ninduen artean ere. Beraz, azoka bukatutzat eman zutenean, eta mundu guztia bere jomugara abiatzekotan zegoenean, gizaseme hau ere bere jomugara abiatu zen eta ni atzetik joan nintzaion non bizi ote zen jakiteko.
IKERKETA KASKEZUR'TAR SENDIAREN ETXEAN
Berarekin hamabi bat miliako bidea egin ondoren, gizasemeak benetako errepidea utzi, ordura arte generamana, eta azkenik gabeko baso batetik desbideratu zen. Ni bere atzetik nindoan, baina segika nindoakiola ikusterik nahi ez nuenez, nire juju haietako bat erabili, segituan musker itxura eman zidana, eta halaxe segitu nion. Baina berarekin hogeita bost bat miliako bidea egin ondoren azkenik gabeko baso honetatik, bere gorputzeko atal guztiak kentzen hasi zen, jabeei itzuli eta ordaintzen.
Berarekin beste berrogeita hamar bat milia egin ondoren baso honetatik, orduan bere etxera ailegatu eta barrura sartu zen, baina ni ere sartu egin nintzen berarekin, muskerra nintzen-eta. Leizera (etxera) sartutakoan, andereñoa zegoen tokira joan zen zuzenean, eta andereñoa zezen-igel baten gainean eserita ikusi nuen, lepoan kauri bat lotuta eta atzean Kaskezur zaindari bat zuela. Andereñoa han zegoela ikusi ondoren, bera (gizasemea) atzeko atarira joan zen, bere sendi osoa lanean ari zen tokira.
IKERTZAILEAREN LAN MIRESGARRIA
KASKEZUR'TAR SENDIAREN ETXEAN
Andereño hau ikusi nuenean, eta leize hartara ekarri zuen Kaskezurrak atzeko atarira jo zuenean, gizon itxura hartu nuen lehen bezala, eta orduan andereñoari hitz egin nion, baina berak ezin zidan inolaz ere erantzun, kinka larrian zegoela adieraztea besterik ez zuen egin. Une hartan bertan, bere txilibituarekin andereñoa zaintzen zegoen Kaskezurrak lo hartu zuen.
Andereñoari laguntzen ari nintzela igel gainetik altxa zedin, ederki harritu nintzen, bere lepoan lotutako kauriak hots bitxi bat atera baitzuen segituan, eta Kaskezur zaindariak hotsa aditu zuenean, esnatu eta txilibitua jo zuen besteei hots egiteko, orduan denak arrapaladan gugana etorri eta inguratu egin gintuzten andereñoa eta biok. Ni han ikusita, haietako bat gure ondoko zulo batera joan zen korrika, zuloa kauriz beteta zegoen. Kauri bat atera zuen zulotik, eta horren ondoren nigana etorri zen korrika eta taldeko beste guztiek ere kauria lotu nahi zidaten lepoan. Baina hori egiterik izan baino lehen, aire bihurtu nuen neure burua, ez zuten nire aztarrenik aurkitzen, baina ni haiei begira nengoen. Pentsatu nuen zulo hartako kaurietatik ateratzen zutela boterea eta behin lepoan lotuz gero kauri haiek boterea osten ziotela gizakiari eta gainera mututu egiten zutela pertsona.
Neure burua aire bihurtu eta handik ordubete ingurura, Kaskezur horiek atzeko atarira itzuli ziren, baina andereñoa zaintzen zegoen Kaskezurra bertan geratu zen.
Haiek atzeko atarira itzuli ondoren, gizon itxura hartu nuen betiko moduan, gero andereñoari gel gainetik altxatzen lagundu nion, baina andereñoa ukitu nuenarekin batera, lepoan lotuta zeukan kauria zarataka has zen; norbait egon balitz handik lau miliara, arretarik jarri gabe ere adituko zuen zarata hura. Baina Kaskezur zaindariak hotsa aditu, eta andereñoa igel gainetik altxatzen ikusi ninduenean, txilibitua jo zuen segituan, atzeko atarian zeuden besteei hots egiteko.
Hoska ari zitzaien txilibitua aditu orduko, Kaskezur'tar sendi osoa gu geunden tokira abiatu zen arrapaladan, baina hara ailegatzerik izan baino lehen, haien leizea utzi eta basora jo nuen nik, baina basotik ehun yarda egiterik izan baino lehen, haiek denak beren leizetik atera eta basoan barruratu ziren, baina nik andereñoarekin iheska segitzen nuen. Basotik zihoazela ni harrapatu nahirik, Kaskezur horiek piririka mugitzen ziren egundoko harri puskak balira bezala eta gainera marmar egiten zuten soinu ikaragarriaz, baina ikusirik ia-ia harrapatu nindutela, edo martxa hartan segitzera laster harrapatuko nindutela inolako dudarik gabe, orduan andereñoa katutxo bihurtu nuen eta nire poltsikoan sartu nuen, eta ni neu txoritxo txiki bat bihurtu nintzen, «txolarre» esanda deskribatuko nukeena.
Horren ondoren hegan abiatu nintzen, baina zerutik hegan nindoala, andereñoaren lepoan lotutako kauriak hotsa ateratzen segitzen zuen, eta nik eginahal guztiak egiten nituen hotsa isiltzeko, baina alferrik. Etxera ailegatutakoan andereñoarekin, andereño itxura eman nion lehen bezala, eta nik neuk ere gizon itxura hartu nuen. Alaba etxera ekarri niola ikusita, aita pozez zoratzen zegoen eta honela esan zuen: «Jainkoen-Aita zara lehengoan esan zenidan bezala».
Etxean zegoen orain andereñoa, baina hala ere bere lepoko kauriak ez zuen une batez bere ikaragarrizko hots hura isiltzen, eta berak ezin zuen inorekin hitz egin; adierazten zuen bakarra zen etxean egoteaz oso pozik zegoela. Hala bada, andereñoa etxera ekarria nuen, baina ez zeukan hitz egiterik, jaterik edo lepoko kauria askatzerik, kauriaren hots ikaragarriak ez baitzion inori deskantsatzen (edo lo egiten) uzten.
LAN HANDIAK BURUTU BEHAR ORAINDIK
Orduan andereñoari lepoko kauriaren soka mozten hasi nintzen hitz egin zezan eta jan zezan, baina nire esfortzu guztiak alferrik izan ziren. Azkenean, ahalegin guztiak egin ondoren kauriaren soka mozteko, hotsa isildu zitzaion, baina ezin izan nuen andereñoaren lepotik libratu.
Nire estuasunak ikusi zituenean, bere aitak esker beroak eman zizkidan, eta berriro ere esan zuen neure buruari ematen nion izena ematen nionez, alegia Jainkoen-Aita-MunduHonetan-Edozein-Gauza-Egin-Dezakeena, lan hura bukatu beharra neukala. Hori aditu nionean, zeharo lotsatu nintzen eta neure kolkoan pentsatu nuen Kaskezur'tarren leize edo etxera itzultzen banintzen, hil egingo nindutela akaso, eta basotik ibiltzea oso arriskutsua zela beti, eta gainera ez neukala Kaskezur'tarren leizera joaterik zertara eta lepoko kauria nola libra ote zitekeen jakitera andereñoak hitz egin zezan eta jan zezan.
BANOA BERRIRO KASKEZUR'TAR SENDIAREN ETXERA
Andereñoa bere aitaren etxera ekarri eta handik hiru egunetara, azkenik gabeko basora itzuli nintzen nire ikerketekin jarraitzeko. Milia bat inguru falta nuenean Kaskezur horien leizera ailegatzeko, hor non ikusten dudan Kaskezur bat, hain zuzen ere andereñoak azokatik Kaskezur'tar sendiaren leizeraino segitu zuena gizaseme osoa zenean, eta ikusi nuenarekin batera, musker itxura hartu eta bere aldamenean zegoen zuhaitz batera igo nintzen.
Bi landareren aurrean zegoen, orduan aurkako hosto bat eskuan eta honela esan zuen: «Andereño hori kendu didatenez, ez badiote aurkako hosto hau ematen jateko, ez du berriz sekula hitz egingo»; horren ondoren, lurrera bota zuen hostoa. Gero beste hosto konposatu bat kendu zion aurkako landarearen toki berean zegoen landare konposatuari, hartu zuen hostoa ezkerreko eskuan eta hala esan zuen, andereñoari ez bazioten hosto konposatu hau ematen jateko, ezingo zutela haren lepoko kauria behin ere askatu eta hots ikaragarria aterako zuela beti.
Horrela hitz egin ondoren, hosto hau ere bestearen toki berean bota eta alde egin egin zuen jauzi batez. Bere jauzi harekin urrutiratu zenean (zorionez, ni han nengoen gauza guzti horiek egiten zituen bitartean eta ederki ikusi nuen nora bota zituen bi hostoak bakoitza bere aldetik), orduan gizon itxura hartu lehengo moduan eta, bi hostoak bota zituen tokira joanda, lurretik jaso eta etxera joan nintzen segituan.
Etxera ailegatu nintzenarekin batera, bi hostoak egosi bakoitza bere aldetik eta andereñoari eman nizkion jateko; ni ederki harrituz, andereñoa hizketan hasi zen segituan. Horren ondoren, hosto konposatua eman nion hura ere jan zezan eta jan zuenarekin batera, Kaskezurrek lepoan lotu zion kauria bere kasa libratu eta desagertu egin zen aldi berean. Orduan, beraientzat egin nuen lan miresgarria ikusirik, aita-amak palma-ardoz betetako berrogeita hamar kupeltxo ekarri zituzten niretzat eta andereñoa emaztetzat eman zidaten etxe hartako bi gelarekin batera, bertan gera nendin beraiekin bizitzera. Holaxe salbatu nuen andereñoa azokako gizaseme osoagandik, gero Kaskezur huts bilakatu zen izaki bitxiagandik, eta ordutik hona andereñoa nire emaztea izan da. Horra, bada, nola hartu nuen emaztea.
Andereñoa emaztetzat harturik, eta sei hilabeteko aldia pasa ondoren nire emaztearen aita-amekin, orduan nire hirian aspaldi hildako ardo-mutila etorri zitzaidan gogora, eta orduan esan nion nire emaztearen aitari betetzeko emandako hitza, alegia esateko non zegoen nire ardo-mutila, baina berak esan zidan itxoiteko beste pixka batean. Izan ere, bazekien orduantxe bertan erantzuten bazidan joan egingo nintzela bere hiritik bere alaba hartuta, eta berak ez zuen bere alabagandik bereizi nahi.
Hiru urte pasa nituen berarekin hiri hartan, eta denboraldi horretan nik neuk prestatzen nuen nire palma-ardoa, baina ez, noski, nik nahi hainbat; nire emazteak ere laguntzen zidan ardoa palmaditik hiriraino garraiatzen. Hiri hartan hiru urte t'erdi bete nituenean, antzeman nuen nire emaztearen ezker eskuko behatz lodia puzten ari zela buia bat balitz bezala, baina ez zion minik ematen. Egun batean, nirekin etorri zen palma-ardoa ateratzen ari nintzen palmadiraino, eta ni ederki harrituz, puztuta zeukan behatz lodiak palmondoaren arantza bat ukitzean lehertu egin zitzaion behatza bat-batean, eta ume ar bat ikusi genuen handixe ateratzen, eta behatz loditik atera orduko, umea hizketan hasi zitzaigun hamar urte balitu bezala.
Behatz loditik atera zenetik ordubete pasa baino lehen, hiru oin baino gehiago neurtzen zituen eta bere ahotsa ozen-ozena zen, norbaitek ingudea mailuaz jotzen duenean bezala. Orduan beste ezer baino lehen galdera bat egin zion bere amari: «Ba al dakizu nire izena? Bere ama ezetz esan zion, orduan aurpegia nigana jiratu eta galdera bera egin zidan niri, eta ezetz esan nion nik ere; orduan berak esan zuen izena zuela ZURRJIR, alegia: «seme bat laster beste zeozer bihurtuko dena». Bere izena esan zigunean, zeharo ikaratu nintzen bere izen ikaragarri horrengatik, eta hizketan ari zitzaigula ez zen gelditzen nik prestatutako palma-ardoa edatetik; bost minutu baino lehen, nire lau kupeltxotatik hiru hustuta zeuzkan. Hala esaten nion neure buruari, nola konponduko ote ginen umea palmadian utzi eta korrika batean hirira itzultzeko, ze mundu guztiak ikusi baitzuen nire emazteari ezker eskuko behatz lodia bakarrik puztu zitzaiola, eta ez zuela umea sortu gorputzeko toki jakin horretan beste emakumeek bezala. Baina horretan pentsatzen ari nintzela, ume honek azken palma-ardo kupeltxoa hartu, zurrut batez hustu eta hirira egin zuen zuzenean, hirira zihoan bidea inork erakutsi gabean. Emaztea eta biok geunden tokian gelditu ginen hari begira, eta gero, handik pixka batera, bere atzetik abiatu ginen, baina ez genuen gehiago errepidean ikusi harik eta hirira ailegatu arte. Orduan, gu ederki harrituz, umea gu bizi ginen etxean sartu zen hain zuzen ere. Etxera sartutakoan, bertan aurkitutako guztiak aspaldiko ezagunak balitu bezala agurtu zituen, eta aldi berean janaria eskatu zuen eta ekarri egin zioten, berak jan egin zuen; gero sukaldera sartu eta han aurkitutako janari guztia ere jan egin zuen.
Gizon batek, sukaldeko janari guztia ere jaten ari zela ikusirik, gauerako prestatuta zeukatena, sukaldetik joateko esan zion; bera ez zen joan, horren ordez gizonarekin borrokan hasi zen. Eta mutil miresgarri honek eman zion jipoiarekin, gizonak begietako argia galduta zeukan sukaldetik korrika atera zenean, baina umea sukaldean geratu zen.
Etxeko guztiak, umeak gizon hari egin ziona ikusita, borrokan hasi ziren berarekin. Haiekin borrokan ari zela, umeak aurrean egokitutako guztia zirtzilatzen zuen, etxeko abere guztiak ere txiki-txiki egin zituen, baina denen artean ere ezin zuten menderatu. Handik pixka batera palmaditik etxeratu ginen, eta gu ikusi orduko, jende guztiarekin zeukan borroka utzi eta gugana etorri zen, eta etxera sartu ginenean, etxe guztiaren aurrean aurkeztu gintuen bere aita eta ama ginela esanez. Gauerako prestatutako janari guztia jana zuenez, orduan gu janari gehiago prestatzen hasi ginen, baina janaria sutatik erretiratzeko garaia heldu zenean, berak erretiratu zuen, eta segituan hura jateari ekin zion artean bero-bero zegoela. Guk geldiarazterik izan baino lehen, garbitua zuen dena; ahaleginak egin genituen kentzeko, baina ezin izan genuen inolaz ere.
Ume miresgarria zen hau, ze ehun gizonezkok ekin baliote ere, berak emandako jipoiarekin korrika alde egingo zuten denek. Silla batean esertzen zenean, ezin genuen handik mugiarazi. Altzairua bezain indartsua zen, toki batean geratzen bazen inork ezin zuen handik bidali. Hala, gure etxeko nagusi bihurtu zen, ze batzuetan gau arte ezer ez genuela jan behar esaten baitzigun, batzuetan etxetik bidaltzen gintuen gauerdian eta batzuetan bere aurrean ahuspez etzanda edukitzen gintuen bi ordu eta gehiagoan.
Ume hau hiri hartako beste edozein baino indartsuagoa zenez, hiriko buruzagien etxeei su ematen hasi zen denak goitik beheraino erre arte. Hiritarrek, haren txikizioak eta izakera gaiztoa ikusirik, hots egin egin zidaten (niri, bere aitari) nola erbestera ote genezakeen eztabaidatzeko. Orduan nik esan nion jendeari banekiela nola erbestera genezakeen. Gau batez, gauerdiko ordu bata zenean, bere gelan lo zegoela ikusi eta petrolioa bota nuen etxearen inguru guztian eta teilatuan, eta etxeak teilatua hostoz egina zenez, eta gainera urtaro lehorrean geundenez, su eman nion etxeari eta itxi egin nituen berak lotaratu baino lehen itxi gabe utzitako leiho eta ateak. Umeak esnatzeko betarik izan baino lehen, egundoko sua zegoen etxearen buelta guztian eta teilatuan, keak ez zion uzten bere burua salbatzen, beraz goitik beheraino erre zen etxearekin batera.
Umea goitik beheraino erre zela ikusirik, hiriko jende guztia asko poztu zen eta hiria bake-bakean geratu zen. Orduan, ume honen azkena ikusi ondoren, nire emaztearen aita estutzen hasi nintzen nire ardo-mutila non zegoen esan ziezadan, eta esan egin zidan.
TOKI EZEZAGUN BATERANTZ
Nire emaztearen aitak nire ardo-mutila non zegoen esan zidan egunean bertan, gure ondasun guztiak biltzeko esan nion emazteari, eta hala egin zuen berak. Goizean goiz jaiki eta toki ezezagun batera eramango gintuen bidaiari ekin genion, baina utzi berria genuen hiritik bi milia inguru urrundutakoan, nire emazteak esan zuen urrezko bitxi bat ahaztu zuela nik goitik beheraino erretako etxearen barruan, esan zuen ahaztu egin zitzaiola hura hartzea etxea goitik beheraino erre baino lehen. Esan zuen itzuli eta hartu egingo zuela, baina nik esan nion kixkalita egongo zela etxe guztia bezala. Berak esan zuen metalezkoa zela eta ezin zela kixkali eta esan zuen itzuli egingo zela hura hartzeko, eta nik erregutu nion ez itzultzeko, baina berak ezezko borobila eman zidan, eta beraz, haren bila zihoala ikusirik, atzetik joan nintzaion. Hara ailegatuta, makila bat hartu eta errautsak arakatzen hasi zen, eta orduan, hor non ikusten dudan bat-batean errautsen erdiko partea harrotzen, eta segituan haur gorputz-erdiko bat azaltzen da, ahots ttipi batez hitz egiten zuena telefono batek bezala.
Ikusi genuenean errautsak harrotu eta haur gorputz-erdiko baten itxura hartzen zuela, eta gainera haurrak ahots ttipi batez hitz egiten zuela, joaten hasi ginen handik. Orduan haurra nire emazteari esaten hasi zitzaion eramateko berarekin, itxoiteko eta eramateko handik, baina guk gelditzekorik egin ez genuenez, orduan agindu zuen itsutu zitezela gure begiak eta itsutu egin ginen berak hori esateaz batera; hala ere ez ginen itzuli hura gurekin hartzeko, aurrera segitu genuen, baina berak, ikusirik ez ginela itzultzen, agindu zuen ez genezala gehiago arnasarik hartu, eta halaxe gertatu zen, arnasarik hartu ezin genuela geratu ginen. Arnasa hartu edo botatzea ezinezkoa egin zitzaigunean, itzuli eta gurekin hartu genuen haurra. Errepidetik gindoazela, nire emazteari esan zion buru gainean garraiatzea nahi zuela, eta behin nire emaztearen buruan kokatu eta gero, berrogei laguneko talde batek bezala egiten zuen txistu. Herri batera ailegatu ginenean, gelditu eta jana erosi genion jan-saltzaile bati zeharo gosetuta geundelako, baina jatera gindoazen unean, Gorputz-Erdik ez zigun utzi, horren ordez berak hartu zuen jana eta gizon batek pastilla irensten duen bezala irentsi zuen, eta orduan, jan-saltzaileak hori ikusirik, korrika alde egin zuen bere janariak bertan utzita, eta gure Gorputz-Erdik, ikusirik jan-saltzaileak janariak bertan utzita alde egin zuela, jana zegoen tokiraino arrastatu eta irentsi egin zuen hura ere.
Hala bada, haur gorputz-erdiko honek ez zigun jaten utzi, ez genuen jana probatu ere egin. Gorputz-Erdirekin ikusi gintuztenean, herri hartakoek bota egin gintuzten herritik. Orduan berriro ere bideari eman genion, eta herri hartatik zazpi milia inguru urrundutakoan, beste hiri batera ailegatu ginen; han ere gelditu eta jana erosi genuen berriro, baina orduan ere Gorputz-Erdik ez zigun jaten utzi. Ordurako gogaituta geunden eta jan egin nahi genuen kosta-lain-kosta, baina berak lehen bezala agindua eman eta segituan berak agindutakoa bihurtu ginen, orduan jan guztia irensten utzi genion.
Berriro ere, hiri hartakoek haurrarekin ikusi eta bota egin gintuzten beren jujuekin, eta esan zuten izpiritu bat generamala eta ez zutela izpiriturik nahi beren hirian. Edozein hiri edo herritan sartzen ginenero jateko edo lo egiteko, bota gure berri. Orain ez geneukan errepidetik joaterik, baizik eta beti sasirik sasi, mundu guztiak baitzekien gizon batek eta andre batek gorputz-erdiko haur edo izpiritu bat zeramatela eta toki baten bila zebiltzala hura bertan utzi eta handik ospa egiteko.
Hala bada, oso gosetuta geunden ordurako, eta sastrakatik barrena gindoazela ahalegin guztiak egiten genituen haurra non edo han utzi eta handik ospa egiteko, baina berak ez zigun hori egiten uzten. Haurraz libratzeko ahalegin guztiek huts egin ondoren, gauean lo egin beharko zuela pentsatu genuen, baina gauean ez zuen batere lorik egin, eta denetan okerrena, nire emazteak buruan hartu zuenetik ezin izan zuen une batez lurrean utzi. Lo egiteko desiratzen geunden, baina ukatu egiten zigun dena, bera garraiatzen segitu behar genuen. Nire emaztearen buru gainean zeraman denboran, bere sabela neumatiko handi bat bezala puztu zen gehiegi jateagatik, eta hala ere ez zen behin ere asetzen ze mundu honetako janari guztiak ere ez baitziren aski bera asetzeko. Gau hartan, sastrakatik barrena gindoazela, nire emazteak haur honen gain-karga nozitzen zuen eta une hartan balantza baten gainean jarri izan bagenu 28 libra pisatuko zituen gutxienez. Ikusirik nire emaztea leher eginda zegoela eta ezin zuela gehiago garraio harekin segitu, neu arduratu nintzen haurraz, baina milia laurdenen bat egin baino lehen, ez nintzen kapaz mugitzeko, uretatik atera berria banintz bezala botatzen nuen izerdia gain-kargagatik, eta hala ere Gorputz-Erdik ez zigun baimenik ematen bera lurrean utzi eta atseden hartzeko.
Ene! Nola alde egin genezakeen haur gorputz-erdiko honengandik? Baina Jainkoa ona da, eta gau hartan, haurrarekin harantza eta honantza genbiltzala sastrakatik, inguruko toki batean musika jotzen ari zirela iruditu zitzaigun eta berak esan zigun musika hura aditzen zen tokira eraman behar genuela. Ordubete baino lehen han ginen.
HIRU IZAKI JATOR GURE ARAZOAZ ARDURATZEN DIRA.
IZENA ZUTEN: DANBOR, KANTA ETA DANTZA.
Toki hartaraino eraman genuenean, izaki batzuk ikusi genituen bertan, Danbor, Kanta eta Dantza deitu genituenak, eta hiru izaki horiek izaki bizidunak ziren gu bezalaxe. Hara ailegatu orduko Gorputz-Erdi nire burutik jaitsi zen, orduan eskerrak eman genizkion Jainkoari. Baina nire burutik jaitsitakoan hiru izaki horiekin elkartu zen segituan. Danbor bere burua jotzen hasi zenean, ematen zuen berrogeita hamar gizon ari zirela hura jotzen; Kanta kantari hasi zenean, ematen zuen ehun lagun ari zirela batera kantari; eta Dantza dantzan hasi zenean, Gorputz-Erdi ere dantzan hasi zen, eta nire emaztea, ni neu, izpirituak etc. dantzan hasi ginen Dantzarekin batera eta hiru kide horiek ikusten edo aditzen zituena ezin zen egon haien atzetik abiatu gabe zihoazen tokira zihoazela. Gu ere hiru kideen atzetik abiatu ginen haiekin batera dantza eginez. Hiru kideen atzetik joan eta dantzan ibili ginen bost egun osoz behin ere jan edo gelditu gabe, izaki horiek buztinez egindako eraikuntza batera ailegatu arte.
Bi soldadu zeuden zaindari eraikuntzaren aurrean, baina hiru kide horiekin ailegatu ginenean, nire emaztea, ni neu etc. gelditu egin ginen sarreran, hiru kideak eta gure haur gorputz-erdikoa bakarrik sartu ziren eraikuntza horretara, eta ez genituen gehiago ikusi. Nota Bene: Guk ez genuen haien atzetik joan nahi toki hartaraino, baina beste erremediorik ez genuen izan haiekin batera dantzan ari ginenez.
Hala bada, mundu honetako inork ezin zuen danborra jo Danborrek bezala, inork ezin zuen dantza egin Dantzak bezala eta inork ezin zuen kantatu Kantak bezala. Gauerdiko ordu biak ziren hiru izaki miresgarri horiek utzi genituenean. Gero, izaki horiek eta gure gorputz-erdiko haurra utzi ondoren, berriro ere bideari eman eta bi egunez ibili ginen hiri batera ailegatu arte, eta bertan gelditu eta atseden hartu genuen bi egunez. Baina zakurrik gabe geunden hara ailegatutakoan, beraz neure kolkoan pentsatzen hasi nintzen nola lortu ote genezakeen dirua janaritarako etc. Handik pixka batera neure izenaz gogoratu nintzen, alegia Jainkoen-Aita-Mundu-Honetan-Edozein-Gauza-Egin-Dezakeena nintzela. Ibai handi bat zegoenez, hiri hartako errepide nagusia mozten zuena, nire emazteari esan nion etortzeko nirekin ibairaino; hara ailegatutakoan, zuhaitz bat moztu eta arraun baten arabera landu nuen, gero nire emazteari eman nion nirekin ibaira sartzeko esanez; behin ibaira sartu eta gero, agindu bat eman nion izpiritu adiskide eta jator batek oparituta neukan juju bati, eta jujuak kanoa handi bat bihurtu ninduen segituan. Orduan nire emaztea kanoara sartu zen arraunarekin eta, arraun eginez, «ferry» bezala erabili zuen kanoa, jendea ibaiaren alde batetik bestera pasatzeko. Helduentzako tarifa zen 3d (hiru penike) eta umeek erdia ordaindu behar zuten. Ilunabarrean gizon itxura hartu nuen lehengo moduan, eta nire emazteak egun hartan bildutako dirua kontatu genuenean, £7: 5: 3d geneuzkan (zazpi libra, bost txelin eta hiru penike). Horren ondoren hirira itzuli eta behar genuen guztia erosi genuen.
Hurrengo egunean, goizeko 4ak aldean han ginen ostera, hiriko jendea esnatu baino lehen bertaratu ginen hala sekretua jakin ez zezaten, eta hara ailegatutakoan nik bezperan egindakoa egin nuen eta nire emazteak ere lan berarekin jarraitu zuen. Egun hartan ilunabarreko 7ak aldean etxeratu ginen. Hilabete gelditu ginen hiri hartan, lan bera eginez hilabete osoan, eta hilabete hartan bildutako dirua kontatu genuenean, £56: 11: 9d geneuzkan.
Pozik utzi genuen hiri hura eta gure bideari ekin genion berriro, baina hiri hartatik laurogei bat milia urrundu ondoren, errepidean «bide-lapur» taldeak topatzen hasi ginen eta horrek lan handiak ematen zizkigun. Errepideko arrisku harengatik gure dirua gal genezakeela pentsatuz, eta beharbada bizia ere bai diruarekin batera, orduan sastrakara egin genuen, baina sastraka hartatik bidaiatzea ere oso arriskutsua zen, animalia basatiengatik, eta hondar-aleak bezain kontaezin ziren boa konstriktor guztiengatik.
AIREAN ZEHAR
Orduan nire emazteari esan nion igotzeko nire bizkarrera gure traste guztiekin, eta aldi berean agindu bat eman nion nire juju bati, hain zuzen ere Fantasmen Sastrakan «Uretako Izpiritu Emeak» eman zidan juju harixe (Uretako Izpiritu Emearen istorio guztia beste liburu batean azaldu zen, Ehiztari Basatia Fantasmen Sastrakan delakoan). Orduan txori handia bihurtu, aeroplano bat adinakoa, eta hegan abiatu nintzen nire emaztearekin. 5 orduz hegan joan nintzen ingurune arriskutsua utzi ondoren, 4ak baziren lurreratu nintzenerako, eta hala ere oinez jarraitu genuen geratzen zitzaigun bidea egiteko. Egun hartako 8ak aldean, nire ardo-mutila aurkitu behar genuen hirira ailegatu ginen, nire emaztearen aitak esan zuenez.
Hara ailegatutakoan, nire hirian aspaldi hildako nire ardo-mutilaz galdetu nien hiri hartakoei. Baina esan zidaten bazirela bi urte eta gehiago nire ardo-mutila toki hartatik joan zela. Orduan arren galdetu nien ea esaterik bazeukaten zer hiritan aurkitzen zen une hartan, eta esan zidaten une hartan Hildakoen-Hirian zegoela eta hildakoekin bizi zela Hildakoen-Hirian, esan zidaten hiri hura oso urruti zegoela eta hildakoak bakarrik bizi zirela bertan.
Ezin ginen, beraz, itzuli gure jatorrizko tokira (nire emaztearen aitaren hirira), Hildakoen-Hirira joan beharra geneukan. Orduan utzi egin genuen hiri hura bertan 3 egun pasa ondoren; hiri hartatik Hildakoen-Hirira ez zegoen ez biderik ez bidatxurrik, hiri hartatik inor ez baitzen joaten HildakoenHirira.
ERREPIDERIK EZ.
SASIRIK SASI JOAN BEHAR HILDAKOEN-HIRIRAINO
Hiri hura utzi genuen egunean bertan, berrogei bat milia egin genituen sastrakatik barrena, eta arratsaldeko 6.30ak zirenean, sastraka oso itxia zen toki batera ailegatu ginen; toki hark zuen itxitasunarekin suge batek ere ez zuen handik pasatzerik izango minik hartu gabe.
Beraz gelditu egin ginen bertan, gainera ez baikenuen ondo ikusten, ilun zegoen-eta. Sastraka hartan lotaratu ginen, baina gaueko ordu biak aldean, izaki bat ikusi genuen, ezinezkoa zitzaigun esatea izpiritua ala bestelako izaki kaltegarriren bat zen, gugana zetorren, txuri-txuria zen pintura txuriz pintatu balute bezala, txuri-txuria zen oinetatik gorputzaren goiko muturreraino, baina bururik, oinik eta eskurik ez zuen gizakiek bezala eta begi bat zeukan goiko muturrean. Milia 1/4 inguru zen luzeran eta bere diametroak sei bat oin izango zituen, habe txuri bat zirudien. Gugana zetorrela ikusirik, geldiarazteko modua pentsatzen hasi nintzen, eta orduan nire aitak hil baino lehen emandako xarma batetaz gogoratu nintzen.
Xarmak honetarako balio zuen: gauez izpiritu edo izaki kaltegarriren batekin topo egin eta xarmaz baliatzen banintzen, su handi bat bihurtzen nintzen bere ke eta guzti, eta izaki kaltegarriek ez zeukaten orduan sutara hurbiltzerik. Beraz ni xarmaz baliatu eta izaki txuria erre egin zen, baina hura goitik beheraino erre baino lehen hor non ikusten ditugun izaki txuri luze hura bezalako laurogeita hamarren bat, gugana (sutara) zetozen denak eta sutara ailegatuta (gugana), denak inguruan jarri eta makurtu edo okertu egin ziren suaren alderantz; horren ondoren denak oihuka hasi ziren: «hotza! hotza! hotza!» etc. eta suaren inguruan zeudenez ez zuten handik joan nahi, nahiz suari (guri) ezer egiterik izan ez. Bere burua berotzea besterik ez zuten egiten suaren ondoan eta ikaragarri gustura zeuden suaren ondoan geratu ahal izateaz piztuta zegoen artean. Nik zera uste nuen, noski, behin su bihurtuz gero ez genuela arriskurik izango, baina bai zera. Orduan izaki txuri horietaz libratzeko modua pentsatzen hasi nintzen, eta bururatu zitzaidan gu mugituz gero izaki txuri horiek joan egingo zirela beharbada, ze gaueko 1ean hasi eta goizeko 10etan suaren ondoan segitzen baitzuten bere burua berotzen, inolako mugimendurik egin gabe beren jatorrizko tokira itzultzeko edo zerbait jatera joateko. Nik, noski, ezin nuen seguru esan jaten zuten izakiak ziren ala ez.
Baina ez pentsa su bihurtuta egoteagatik goserik sentitzen ez genuenik, egundoko gosea baikeneukan nahiz eta sua izan, baina une hartan pertsonen itxura hartu izan bagenu, izaki txuri horiek gu hiltzen edo zauritzen saiatu izango ziren.
Orduan mugitzen hasi ginen, baina gu mugitzeaz batera izaki txuri horiek ere mugitu egiten ziren suarekin harik eta denok sastraka itxi hura utzi genuen arte, baina toki hura utzi eta zelai handi batera ailegatu ginenean, orduan haiek beren sastraka itxira itzuli ziren. Izan ere, nahiz guk jakin ez, izaki txuri luze horiek galerazia zeukaten beste inoren sastrakan sartzea, ezin ziren zelai hartan inolaz ere sartu suarekin gustura egon arren, eta zelai hartako izakiek ere ez zuten besteen sastrakan sartu behar. Horra, bada, nola alde egin genien izaki txuri luzeei.
Behin izaki txuri haietaz libratu eta gero zelai hartatik barrena abiatu ginen. Ez zegoen zelai hartan ez zuhaitzik ez palmondorik, basa-belar luzeak bakarrik jaiotzen ziren han, gariaren antzekoak ziren denak eta beren hostoen ertzak iletsuak eta bizarra mozteko kutxilak bezain zorrotzak ziren. Zelai hartatik ibili ginen arratsaldeko 5ak arte, horren ondoren, toki aproposaren bila hasi ginen goizaldera arte lotaratzeko.
Baina toki horren bila genbiltzala, hor non ikusten dugun goardasola baten antzeko TERMITA ETXE bat, krema kolorekoa eta luzean 3 oin zituena. Haren azpian utzi genituen gure trasteak; horren ondoren minutu batzuetako atsedena hartu genuen, eta gero erabaki genuen sua egin behar genuela gure otordua prestatzeko, gosea baikeneukan. Geunden tokitik gertu txotxa lehorrik ez zegoenez, zutitu eta harantzago joan ginen sutarako txotxak biltzera, baina harantzago joatean belaunikatutako imajina batekin egin genuen topo. Emakume batena zen formari zegokionez eta krema kolorea zuen berak ere. Txotxak bildu ondoren, termiten etxera itzuli ginen, orduan sua egin, gure otordua prestatu eta jan egin genuen; gaueko 8ak aldean, lotara jarri ginen termiten etxepean, baina ezin genuen lo hartu beldurragatik, eta gau hartako 11ak aldean iskanbila sentitzen hasi ginen azoka baten erdian bageunde bezala, orduan belarria oso erne jarri eta geure buruak altxatzeko betarik izan baino lehen, azoka baten erdian geunden. Ez genekien gure trasteak azokaren jabearen gainean jarri genituela, haren azpian egin genuela sua eta lo-saioa; uste genuen termita etxe bat zela besterik gabe, baina bai zera.
Orduan berehala gure trasteak biltzen hasi ginen toki hura uzteko, beharbada salbatzeko aukera izango genuelakoan, baina trasteak biltzen ari ginela zelai hartako izakiek inguratu eta harrapatu egin gintuzten polizia batek bezala, orduan haien atzetik abiatu ginen, eta termiten etxea ere (azokaren jabea), lotarako estalpe izan genuena, gure atzetik abiatu zen, gure atzetik zetorrela saltoak ematen zituen, ez baitzuen oinik, baizik eta buru txikitxo bat hilabeteko haur batena bezalakoa, eta emakume formako imajina belauniko zegoen tokira ailegatu ginenean, zutitu eta gure atzetik abiatu zen bera ere.
Hogei bat minutuko bidea egin ondoren, haien erregearen jauregira ailegatu ginen, nahiz gu ailegatu ginenean bera bertan izan ez.
Jauregia zaborrez estalita zegoen ia goitik beheraino, etxe zahar hondatu baten itxura zeukan, zeharo traketsa zen. Zelaitar horiek, erregea etxean ez zela ikusirik, ordu erdiz itxoin zuten hura etorri arte, baina guk (emaztea eta biok) ikusi genuenean, erregea bera ere zaborra besterik ez zen, ihartutako eta ihartu gabeko hostoz estalita baitzegoen ia goitik beheraino eta ezin genituen ikusi bere oinak, bere segituan. Horren ondoren beretarrek gure aurkezpena egin zioten eta gero kereila aurkeztu zuten beren hiriko mugak gainditu genituelako. Hori aditu zuenean, berak galdetu zien ea zer ziren bi ergel haiek, baina beretarrek esan zuten ezin gintuztela inolaz ere deskribatu, egundaino ez zutelako gisa hartako izakirik ikusi. Bitarte guzti hartan emaztea eta biok hitzik esan ez genuenez, hitz egiteko kapaz ez ginela pentsatzen zuten, orduan erregeak makila zorrotz bat eman zion haietako bati gu sastatzeko, horrekin beharbada hitz egin edo mina sentituko genuelakoan; eta hark erregeak esandakoa egin zuen. Makilarekin kupidagabeki sastatu gintuenean, mina sentitu eta gure ahotsa entzunarazi genuen, baina haiek gure ahotsa aditu zutenarekin batera farrez lehertu ziren bonbak bezalaxe, eta gau hartan Farre pertsonalki ezagutzeko aukera izan genuen, ze beste guztiak guri farre egitez isildu eta gero ere Farrek farrez segitu baitzuen beste bi orduz. Gau hartan, Farrek farre egiten zigun bitartean, bai nire emazteak eta baita nik ere geure penak ahaztu eta farre egin genuen berarekin batera, guk egundaino aditu gabeko hots bitxiekin egiten baitzuen farre. Ez genekien noiztik geunden haren farreak kutsatuta, baina Farreren farre haiexengatik bakarrik egiten genuen farre eta hura aditzen zuenak erremediorik gabea zuen farre egitea, eta beraz, norbaitek Farrerekin batera farrez segitzen bazuen, azkenean hil egiten zen edo bestela txorabiatu hainbeste denboran farrez egoteagatik, ze haren lanbidea farre egitea baitzen eta hortik ateratzen zuen bizimodua. Orduan Farreri geldi zedila erreguka hasi zitzaizkion, baina ezin zuen. Jakin gabe zelaiko izaki horiek ez zutela egundaino gizakirik ikusi, handik pixka batera beren erregeak esan zuen beren «gerrako jainkoengana» eraman behar gintuztela. Hori aditu nionean, asko poztu nintzen, ni neu Jainkoen-Aita bainintzen. Zelaitar horiek beren «gerrako jainkoengana» bultza gintuzten beren erregeak agindu bezala, baina ez ziren hurbildu «jainkoagana» hori egiten zuena ez zelako bizirik itzultzen. Gu harengana bultza ondoren, azokara itzuli ziren, eta «jainkoak» hitz egitea bazeukanez, eta gainera ni Jainkoen-Aita nintzenez eta «jainko» guztien sekretuak ezagunak zitzaizkidanez, jainko honi ahots aproposaz hitz egin nion eta orduan berak ez zigun minik egin, horren ordez zelai hartatik ateratzen lagundu zigun. Haien erregeak hitz egiten zuenean, sudurretik eta ahotik lurrun beroa ateratzen zitzaion parrastadan kaldera handi bat balitz bezala eta bost minutuko tartearekin hartzen zuen arnasa. Horra, bada, nola utzi genituen zelaitarrak eta beren zelaia.
UHARTE-ESPEKTROA
Normala den bezala, beste sastraka batetik segitu genuen gure bidaia, uharte eta zingirez betetako tokia zen eta uharte hauetako izakiak oso jatorrak ziren, ze gu hara ailegatu orduko oso jator hartu baikintuzten eta gainera etxe zoragarri bat eman ziguten beren hirian, bertan bizi gintezen. Uharteak izena zuen Uharte-Espektroa, oso altua zen eta urak alde guztietatik inguratzen zuen; uharteko jendea oso jatorra zen eta denek elkar maite zuten; beren lan bakarra jango zutena ereitea zen, hortik aurrera zereginik ez zuten musika jo eta dantza egiteaz aparte. Izaki bitxien munduko izakirik ederrenak ziren eta aldi berean musiko eta dantzaririk zoragarrienak, musika jotzen eta dantzan egoten ziren gau eta egun. Uharteko eguraldia guretzat aproposa zenez, ikusirik ez genuela segituan handik joan beharrik, dantzan eta haiek egiten zuten guztia egiten hasi ginen. Uharteko izaki horiek beren burua janzten dutenean, gizakiak ematen dute eta beren umeak teatro-lanak antzezten ari dira beti. Haiekin bizi artean, nekazari egin nintzen eta mota askotako uztak landatu nituen. Egun batez, uzta nahiko helduta zegoen garaian, hor non ikusten dudan animalia ikaragarri bat sorora etortzen eta uzta jaten, eta harekin topo egin nuen goiz hartan sorotik uxatu nahian hasi nintzen, baina, noski, ezin nintzaion inguratu elefantea bezain handia zelako. Bere atzazalek bi oin zituzten luzeran, bere burua gorputza baino hamar aldiz handiagoa zen. Aho handi bat zuen hortz luzez betea, hortz horiek oin bat luze ziren eta behi baten adarrak bezain lodiak, bere gorputza zaldi-isatsarena bezalako ile beltz eta luzez estalita zegoen ia goitik beheraino. Zikin-zikin zegoen. Bost adar zeuzkan buru gainean, okerrak eta tamainari zegokionez buruarekin ondo egokitzen zirenak, eta bere lau hankak zuhaitz enborrak bezain handiak ziren. Bere ondora joatea ezinezkoa zitzaidanez, harria bota nion urrutitik, baina harriak jo baino lehen, ondoan nuen nirekin borrokan hasteko prest.
Orduan animalia beldurgarri hari nola alde egingo ote nion pentsatzen hasi nintzen. Ez nekien nik ereindako lurraren jabea zela. Une larri hartan, haserre zegoen nik nire uzta erein aurretik sakrifiziorik eskaini ez niolako, baina nigandik zer nahi zuen ulertu nuenean, uztaren parte bat ebaki eta eman egin nion. Eman niona ikusirik, keinu bat egin zidan bere bizkarrera igo nendin eta ni igo egin nintzen, hortik aurrera ez nion beste txintarik aditu. Bere etxera eraman ninduen, sorotik urrutira gabe. Hara ailegatutakoan, beta makurtu eta ni bere bizkarretik jaitsi nintzen, horren ondoren bere etxera sartu zen, lau gari-bihi, 4 arroz-bihi eta 4 okra-hazi ekarri eta eman egin zizkidan, ondoren sorora itzuli nintzen eta erein egin nituen denak batera.. Baina ni ederki harrituz, bihi eta hazi horiek berehala erne ziren, 5 minutu baino lehen erabat hazita zeuden eta beste 10 minutu baino lehen fruitua emanda eta aldi berean helduta, orduan uzta bildu eta hirira itzuli nintzen (Uharte-Espektrora).
Uztaren azken fruituak ondutakoan, ebaki eta pipitak erreferentzia bezala gorde nituen sastrakatik bidaiatzerakoan erabiltzeko.
AUKERATUA IZATEKO TXIKIEGIA EZ
Izaki miresgarri asko zeuden lehenagoko denboretan. Egun batez, Uharte-Espektroko erregeak uharteko jende, izpiritu eta izaki ikaragarri guztiak gonbidatu zituen bi milia karratu inguruko bere gari saila jorratzen lagun ziezaioten. Goiz eder batez, denok elkartu eta gari saila jorratzera joan ginen, horren ondoren, erregeagana itzuli eta bere gari saila jorratuta zegoela esan genion, berak eskerrak eman eta jana eta edana eskaini zizkigun.
Baina kontua da laguntza eskatzeko orduan ez dela izaki bat baztertu behar zer eta txikiegia delako. Ez genekien gu sailetik abiatu orduko, erregeak gurekin batera gonbidatu ez zuen izaki ñimiño batek hara jo eta guk kendutako belar-ziztrin guztiei berriro jaiotzeko agindu ziela inork lurretik atera ez balitu bezalaxe.
Hitz horiek esaten zituen: «UHARTE-ESPEKTROKO ERREGEAK UHARTEKO IZAKI GUZTIEI LAGUNTZA ESKATU ETA BERA ALDE BATERA UTZI DU, HORREGATIK, KENDUTAKO BELAR-ZIZTRIN GUZTIAK SOR DAITEZELA BERRIRO; ETA GOAZEN ORKESTINA BATEKIN DANTZATZERA UHARTE-ESPEKTROAN; ORKESTINAK JOKO EZ BALU, MUSIKA MELODIATSUAZ EGINGO GENUKE DANTZA.»
Izaki ñimiñoak agindua eman orduko, belar-ziztrin guztiak berriro sortu ziren, sail hura azken bi urteetan inork jorratu ez balu bezala. Goizean goiz, guk gure jorraketa egin ondorengo egunean, erregea sail hartara joan zen bere garia ikustera, baina ederki harrituz, saila jorratu gabe aurkitu zuen, orduan hirira itzuli, denoi deitu eta galdetu zigun ea zergatik ez genuen bere saila jorratu? Guk erantzun genion jorratuta utzi genuela bezperan, baina erregeak esan zuen ezetz, ez genuela inolaz ere jorratu. Orduan denok sail hartara joan ginen esaten genuena baieztatzeko, baina inork jorratu ez balu bezala aurkitu genuen saila, erregeak esan bezala. Horren ondoren denok elkartu eta hura jorratzera joan ginen bezperan bezala, gero erregeagana itzuli eta jorratuta zegoela esan genion. Baina hara joan zenean, jorratu gabe aurkitu zuen lehen bezala eta hirira itzuli eta bere saila ez genuela jorratu esan zigun berriro, orduan denok korrika sailera joan eta jorratu gabe aurkitu genuen. Beraz, hirugarren aldiz denok elkartu eta hura jorratzera joan ginen, eta behin jorratu eta gero, gutako bati esan genion sailetik oso hurbil zegoen sastraka-zulo batean gorde behar zuela, eta 30 minutu ez zeramatzanean saila zaintzen, izakitxo ñimiño bat ikusi zuen, egun beteko haurra baino handiagoa ez zena eta belar-ziztrinei berriro sortzeko agindua ematen ari zena bestetan bezala. Orduan sastraka-zuloan ezkutatutako gure adiskide zelatariak bere ahalegin guztian harengana joan eta harrapatu egin zuen, ondoren erregearen aurrera eraman zuen; erregeak ikusi zuenean, bere jauregian bildu gintuen denok.
Orduan erregeak galdetu zion ea nor zen bere sorotik kendutako belar-ziztrinei berriro sortzeko agintzen ziena soroa jorratuta zegoenean. Izaki ñimiñoak erantzun zuen bera zela belar-ziztrin guztiei berriro sortzeko agintzen ziena, erregeak Uharte-Espektroko izaki guztiak gonbidatu baina bera alde batera utzi zuelako; baina nahiz denetan txikiena izan, berak bazuen botererik kendutako belar-ziztrinei etc. berriro sortu behar zutela agintzeko saila inork jorratu ez balu bezalaxe. Orduan erregeak esan zuen ahaztu egin zitzaiola besteekin batera gonbidatzea eta ez zela izan txikitasunagatik.
Orduan erregeak barkamena eskatu zion eta bera joan egin zen. Izaki ñimiñoa miresgarria zen benetan.
Uharte-Espektro honetan 18 hilabeteko aldia bete genuenean (emaztea eta biok), orduan esan nien gure bidaia jarraitu nahi genuela, ez ginelako inolaz ere gure jomugara heltzen ari. Baina uharte honetako izakiak oso jatorrak ziren eta gauza garesti asko eman zizkioten nire emazteari opari gisara, orduan gure trasteak bildu genituen eta goizean goiz Uharte-Espektroko biztanleek kanoa handi bateraino eraman gintuzten eta ibaian barrena arraunean zihoazela «agur» kanta kantatzen zuten. Beren herriko mugaraino lagundu ondoren, gelditu egin ziren, eta gu beren kanoatik jaitsitakoan, beren hirira itzuli ziren musika zoragarriko kanta zoragarria kantatuz eta guri agur eginez. Beren esku egon balitz, gure jomugaraino eramango gintuzten, baina galerazia zeukaten beste noten lurrean edo sastrakan barruratzea.
Oso gogoko izan genuen dena Uharte-Espektro hartan, baina artean lan handiak geneuzkan burutzeko. Orduan beste sastraka batetik ekin genion gure bidaiari, baina gogoan izan sastraka haietan ez zegoela segitzeko moduko errepiderik.
Sartu ginen, bada, sastraka hartara eta, 2 milia inguruko bidea egin ondoren, zera hasi ginen antzematen, zuhaitz asko zeudela, baina lurrean ez zegoela beste sastraketan izaten den orbelik, adar iharturik eta zaborrik; hara ailegatu ginenerako oso gosetuta geundenez, gure trasteak zuhaitz baten oinetan utzi genituen. Gero sua egiteko egur puska lehorren bila hasi ginen zuhaitz inguruan, baina ez zegoen han halakorik; harrigarriena zen sastraka hartako bazter guztietan usain goxo bat zegoela, usain berezia zen, gailetak edo ogia egiten ari balira bezala, edo hegaztia edo okela erretzen; baina Jainkoa ona da, ze usain goxo hura usnatzen hasi eta erabat ase baikinen horrekin, ez genuen gehiago goserik sentitu. Sastraka hura oso «sukartsua» zen, eta hala, ordubete generamanean zuhaitzaren oinetan eserita, gure ipurtazpiko lurra berotzen hasi zen eta ezinezkoa izan zitzaigun haren gainean eserita segitzea, orduan gure trasteak hartu eta harantzago joan ginen.
Sastraka hartan harantzago joanda, aintzira bat ikusi eta bertara jo genuen, gero hango ura edaten hasi ginen, baina ura agortu egiten zen gu inguratzeaz batera eta guk egarriz segitzen genuen. Eta orduan ikusi genuen ez zegoela han izaki bizidun bakar bat ere. Baina ikusirik sastraka honetako lurra beroegi zegoela bertan egon, eseri edo goizaldera arte lo egiteko eta gainera sastrakari ez zitzaiola gustatzen inor bertan geratzea behar-beharrezko zena baino luzeago, orduan toki hura utzi eta harantzago joan ginen. Aurrera eginda, berriro ere palmondo asko ikusi genituen hostorik gabeak, txori txikiek betetzen zuten hostoen tokia, palmondo horiek erreskadan jarrita zeuden denak. Geure bidean aurrena aurkitu genuena oso luzea zen, eta bere ondoan azaldu ginenean farrez hasi zen, orduan bigarrenak galdetu zion ea zerk egiten zion grazia; berak erantzun zuen bi izaki bizidun ikusi berriak zituela beren sastrakan. Baina bigarrenagana heldu ginenarekin batera hura ere farrez hasi zitzaigun 5 miliara ere adituko zen zalapartarekin, orduan denak batera farrez hasi zitzaizkigun eta sastraka guztiak azoka handi bateko hotsez betea zirudien, denak ilara berean zeuden-eta. Baina burua altxa eta haien gailurrera begiratu nuenean, buruak zeuzkatela antzeman nuen, eta buruak buru artifizialak ziren, baina gizakiek bezala hitz egiten zuten nahiz hizkuntza bitxia hitz egin, eta denek oso pipa handi eta luzeak erretzen zituzten guri begiratuz; guk, noski, ezin genuen esan nondik atera zituzten pipa haiek. Gu ere oso bitxiak ginen beraientzat, egundaino ez zuten gizakirik ikusi-eta.
Bertan lo egiteko asmoa genuen, baina ezinezkoa izan zitzaigun lo egitea edo bertan geratzea haien hots eta algarengatik. Sastraka-Sukartsu hura utzi ondoren, baso batean barruratu ginen gauerdiko 1.30ak aldean, zuhaitz baten azpian lo egin genuen goizaldera arte eta gau hartan ez zitzaigun ezer gertatu, baina ezer jan gabe geunden izaki bitxien munduko uharterik ederrena, alegia Uharte-Espektroa, utzi genuen egunetik. Goiz-txintan zuhaitzaren azpian esnatu eta sua egin genuen gure janaria prestatzeko, jan ere hantxe bertan egin genuen, baina janarekin bukatu baino lehen, ikusi genuen baso hartako animaliak korrika zebiltzala batera eta bestera, ikusi genuen txori pila bat gora eta behera zebilela animaliak harrapatu nahirik, txori horiek animalien haragia jaten ari ziren; txoriek bi oin zituzten luzeran eta beren mokoek ere oinbete bazuten eta ezpata bezain zorrotzak ziren.
Txori horiek animalien haragia jateari ekin eta segundo bat pasa baino lehen 50 bat zulo ikusi genituen animalia haien gorputzetan, eta beste segundo bat pasa baino lehen animaliak erori egin ziren hilda, baina haiek (alegia txoriak) hildako gorputzak jaten hasi zirenean 2 minutu gehiegi izan zituzten denak bukatzeko, eta haiekin (gorputzekin) bukatu orduko, gehiago harrapatzera joan ziren. Baina txori horiek gu han eserita ikusi eta amorrazioz eta harriduraz begiratzen ziguten, orduan, pentsatuz beharbada animaliei bezalakoxe tratua emango zigutela guri ere, orbela bildu eta su eman nion, horren ondoren zera gehitu nion suari, juju-bolbora, adiskide batek emanda neukana, Fantasmen Sastraka, Fantasmen 2garren Herria liburuan azaltzen zen bi buruko izaki hark hain zuzen ere. Bolbora usainak uxatu egin zituen txori guzti horiek minutu gutxitan. Eta egun osoan baso hartatik ahal genuen guztia aldentzea besterik ez genuen egin. Gaua etorri zenean, zuhaitz baten azpian eseri eta trasteak lurrean utzi genituen; iluntzen zuenero zuhaitzen babesa bilatzen genuen esertzeko eta lo egiteko. Zuhaitz honen azpian geundela gau hartako arriskuetaz pentsatzen, hor non ikusten dugun Harrapaki-Izpiritu bat, hipopotamoa bezain handia zen, baina atzeko hanken gainean tente jarrita ibiltzen zen gizakiak bezala; bere bi zangoek bina hanka zituzten eta gorputza halako hiru baziren, bere burua lehoi batena bezalakoxea zen eta bere gorputz guztia ezkata gogorrez estalita zegoen, ezkata horietako bakoitza pala edo aitzur baten tamaina beretsukoa zen, eta denak okertu egiten ziren bere gorputz aldera. Harrapaki-Izpiritu honek bere harrapakiaz jabetu nahi zuenean, han begiratzea besterik ez zuen egiten zegoen tokitik mugitu gabe, ez zen korrika ibiltzen bere ehizaren atzetik, eta behin harrapakia ondo enfokatu eta gero, bere begi handiak ixten zituen, eta ostera irekitzen zituenerako bere harrapakia hilda zegoen, eta gainera izpirituaren ondoraino arrastaka etorrita. Harrapaki-Izpiritu hau gau hartan lo geunden tokira inguratu zenean, gugandik 80 bat yardara geratu eta begira jarri zitzaigun merkurioaren koloreko argi-zirristada bat ixurtzen zuten begiekin.
Argitasun horrek bete-betean ematen zigun eta segituan ur beroko bainu batean bezala sentitu ginen, nire emaztea bera ere txorabiatu egin zen bero horrengatik. Ni Jainkoari errezatzen ari nintzaion Harrapaki-Izpiritu honek bere begiak itxi ez zitzan, ze ixten bazituen, akabo, hantxe bertan hilko ginen. Baina Jainkoa ona da, ze aldi hartan Harrapaki-Izpirituari ahaztu egin baitzitzaion begiak ixtea, eta nik neuk ere begi haien bero latza sentitzen nuen eta ia-ia txorabiatu nintzen itolarriarekin. Orduan bufalo bat ikusi nuen une hartan handixe pasatzen zena, Harrapaki-Izpiritu honek begiak itxi zituen betiko moduan eta bufaloa hil eta haren ondoraino (Izpirituaren ondoraino) arrastatu zen, orduan hura bufaloa jaten hasi zen. Une hartan banuen beraz harengandik ihes egiteko aukera, baina nire emaztea txorabiatuta zegoela gogoratuz, gure ingurura begiratu nuen, orduan adar ugariko zuhaitz bat ikusi eta haraxe igo nintzen nire emaztearekin trasteak zuhaitz azpi hartan utzita. Baina ni ederki harrituz, lau minutu pasatzerako bufaloaren gorpua janda zeukan, eta segituan, zuhaitzera igo aurretik geunden tokira zuzendu zuen bere begietako argi-zirristada; ez zuen han ezer aurkitu, bakarrik gure trasteak. Beraz begien argi-zirristada traste haietara zuzendu eta trasteak bere ondoraino arrastatu ziren, baina pardelak zabaldu zituenean ez zuen han ezer aurkitu jateko modukorik. Horren ondoren, gure zain egon zen ia argia urratu arte, eta orduan, ikusirik ezingo gintuela harrapatu, joan egin zen.
Gau osoan emaztea zaintzen aritu nintzenez, goizean goiz askoz hobeto zegoen. Orduan zuhaitzetik jaitsi, trasteak bildu eta gure bidaiari ekin genion segituan. Arratsaldeko 5etarako sastraka hura atzean utzia genuen. Horra, bada, nola galdu genuen bistatik Harrapaki-Izpiritua etc.
Beste sastraka batetik abiatu ginen, sastraka honek bestelako izakiak zituen, txikiagoa zen atzean utzi genuena baino eta aldi berean bariatuagoa, etxe asko topatu baikenituen ehundaka urte zeramatzatenak bertan behera utzita, eta etxe haiek abandonatu zituztenen ondasun guztiak bertan zeuden egunero erabiliko balituzte bezala. Toki hartan imajina bat ikusi genuen harri txapal baten gainean eserita, bi bular luze zeuzkan begi sakonekin, oso itsusia zen eta ikaragarria inoren aurrerako. Horren ondoren, abandonatutako hiri hartan areago barruratu eta beste imajina bat ikusi genuen, kola-intxaurrez betetako saskikada bat zeukana aurrean, orduan nik kola-intxaur haietako bat hartu nuen, baina harrigarriena izan zen nik hura hartu orduko norbaiten ahotsa aditu genuela bat-batean, honela zioena: «EZ HARTU! UTZI BERE TOKIAN!» Baina ez nion kasurik egin ahots hari. Kola-intxaurra hartu eta segituan aurrera egin genuen, eta orduan harrigarriena izan zen bizkarrez aurrera zebilen gizon bat ikusi genuela, atzeraka zebilena alegia, bi begiak bi belaunetan zeuzkan, bi besoak bi izterretatik ateratzen zitzaizkion, bi beso horiek bere zangoak baino luzeagoak ziren eta edozein zuhaitzen goiko puntaraino ailega zitezkeen; eta zigor luze bat zeraman gainera. Segika hasi zitzaigun bere zigor horrekin guk korrika eta presaka alde egiten genuen bitartean, azkenerako ihesari eman genion bizia salbatzearren baina, hura bi orduz batetik bestera segika ibili genuen sastrakaz sastraka; jo egin nahi gintuen zigor horrekin. Baina izaki horrengandik ihesi genbiltzala, errepide zabal batera heldu ginen ustekabean; hara ailegatu ginenean, berak atzera egin zuen gugandik segituan, nahiz guk ez jakin errepide hartatik ibiltzea galerazia zeukan ala ez.
Behin errepide honetara ailegatu eta gero zain egon ginen hogeita hamar minutuz, beharbada norbait pasatzen ikusiko genuelakoan, ez baikenekien bi norabideetatik zein hartu, gainera gerta zitekeen hura benetako errepidea ez izatea ere. Baina 30 minutuz itxoin arren, inor ez zen handik pasa, ezta euli hegalari bat ere.
Errepidea oso garbi zegoenez, antzeman genuen ez zela ageri oin arrasto bakar baten aztarrenik, orduan pentsatu genuen errepide hura zera izango zela, Itzulirik-Gabeko-Hiri-Zerutiarrera zihoana, gizaki edo bestelako izakiak bertara sartzera behartzen zituen hirikoa alegia; hara sartzen zenak itzuli ezina segurua zuen, hiri honetako biztanleak oso gaiztoak, krudelak eta errukigabeak baitira.
BAGOAZ ITZULIRIK-GABEKO-HIRI-ZERUTIARRERA
Iparralderantz jo genuen errepide honetatik eta oso pozik geunden handik barrena joateaz, baina oin arrastoen aztarrenik gabe eta bidean inorekin topo egin gabe jarraitzen genuen. Joan eta joan ibili ginen ordu bietatik arratsaldeko zazpiak arte hiri batera edo errepidearen bukaerara ailegatu gabe, orduan errepide bazterrean gelditu eta sua egin genuen; gure otordua prestatu eta hantxe bertan jan genuen, lo ere bertan egin genuen eta gau hartan ezer ez zitzaigun gertatu. Goiz-txintan esnatu, gure otordua prestatu eta jan egin genuen.
Horren ondoren gure bideari eman genion, baina nahiz goizean goizetik arratsaldeko 4ak arte ibili, ez genuen inor ikusi edo topatu errepide honetan, orduan segurutzat jo genuen Itzulirik-Gabeko-Hiri-Zerutiarrera zihoan bidea zela hura, beraz ez ginen harantzago joan; gelditu eta hantxe bertan lotaratu ginen goizaldera arte. Oso goizean goiz, esnatu, gure otordua prestatu eta jan egin genuen, horren ondoren, beste bide pixka bat egitea erabaki genuen errepidea utzi baino lehen.
Baina beste bide pixka bat egin ondoren, ezkerretara jo nahi izan genuenean gure bidaia sastrakatik jarraitzeko betiko moduan, ez ginen gauza izan desbideratzeko edo gelditzeko, ezta atzera jotzeko ere, errepidetik hiri aldera mugitzea besterik ez genuen lortzen. Ahalegin guztiak egin genituen gelditzeko baina alferrik zen dena.
Nola gelditu, hori zen geure buruari egiten genion galdera, hirira hurbiltzen ari baikinen. Ahaztutako juju bat etorri zitzaidan orduan gogora eta hura erabili nuen geldi gintzan, baina gelditu ordez lehen baino bizkorrago has ginen ibiltzen. Hirira ailegatzeko milia laurden bat falta zitzaigunean, errepidea gurutzatzen zuen ate handi batekin egin genuen topo, itxita zegoen une hartan. Atera ailegatutakoan, gelditzea lortu genuen, baina ezin genuen ez aurrera ez atzera jo. Hiru bat ordu egon ginen ate honen aurrean azkenean bere kasa ireki zen arte, orduan nahigabean hirirantz egin genuen eta ez genekien nork bultzatzen gintuen. Hiri hartara sartutakoan gure bizitzan sekula ikusi gabeko izakiak ikusi genituen eta ezingo nituzke denak hemen deskribatu, baina nolanahi ere, hango istorio batzuk kontatuko ditut, honela gertatu zirenak: Hiri hau oso handia zen eta izaki ezezagunez beteta zegoen, bai jende nagusia bai umeek oso krudelak ziren gizakiekin, eta hala ere beren krudelkeriak gaiztotzeko modua besterik ez zuten bilatzen; hirian sartu ginenarekin batera, haietako seik irmoki heldu eta beste guztiak joka hasi zitzaizkigun eta gainera umeek harriak botatzen zizkiguten gelditu gabe.
Izaki misteriotsu horiek gauza guztiak oker egiten zituzten, ze han ikusi genuena izan zen batek zuhaitz batera igo nahi bazuen, aurrena eskailerara igo eta gero eskailera zuhaitzaren kontra jartzen zuela; eta zelai bat zegoen hiritik hurbil, baina etxeak muino malkartsu baten aldapan egiten zituzten, hortaz etxe guztiak beherantz okertzen ziren erortzera balihoaz bezala, eta umeek etxe horietatik piririka erortzea besterik ez zuten egiten, baina gurasoak ez ziren horregatik kezkatzen; inork ez zuen bere gorputza garbitzen, baina etxeko abereak garbitzen zituzten; arropak jantzi ordez hosto batzuetan biltzen ziren, baina jantzi dotoreak zeuzkaten etxeko abereentzat, eta haiei atzazalak mozten zizkieten, baina beraienak moztu gabe edukitzen zituzten ehun urtez; gainera ikusi genuen askok teilatu gainean lo egiten zutela, esaten zuten ez zeukatela beren eskuez altxatako etxeak erabiltzerik gainean lo egiteko baizik.
Murru trinko eta altu batek inguratzen zuen hiria. Lurreko pertsona bat hutsegite batez beren hirian sartzen bazen, harrapatu eta zatitu egiten zioten gorputzeko haragia artean bizirik zegoela, batzuetan pertsonaren begiak laban zorrotz batez zastatu eta bertan uzten zuten pertsona hori oinaze batean hil arte. Hala bada, haietako seik irmoki heldu gintuzten beren erregearen aurrera eramateko, eta bidean beste guztiek eta umeek jo egiten gintuzten eta harriak bota. Beren erregearen jauregira sartzera gindoazela, kontaezinezko jendetza topatu genuen erregearen jauregi atarian, denak zain zeuden gu jipoitzeko. Jauregira sartu ginenean, erregearen guardien eskuetan utzi gintuzten. Gero guardiek erregeagana eraman gintuzten, baina gu jauregi barruan geunden bitartean milaka eta milaka ziren jauregi atarian zain geneuzkanak, batzuk eskuan borra, aizto, aihotz eta beste borroka-armak zituztela eta ume guztiak harriekin.
Errege hark egin zizkigun galderak hauek izan ziren: Nondik zatozte? Nik erantzun nion lurretik gentozela. Orduan galdetu zidan nola konpondu ginen beren hirira ailegatzeko? Nik erantzun nion beren errepideak berak ekarri gintuela hirira eta guk ez genuela inolaz ere hara etortzeko asmorik. Ondoren galdetu zigun ea nora gindoazen? Orduan nik erantzun nion nire hirian aspaldi hildako nire ardo-mutilaren bila gindoazela. Lehen esan dudan bezala, izaki misteriotsu horiek oso krudelak ziren hutsegite batez beren hirian sartzen zenarekin; nik galdera guztiak erantzundakoan, erregeak beren hiriaren izena errepikatu zuen guretzat: «ItzulirikGabeko-Hiri-Zerutiarra». Esan zuen: Jainkoaren etsaiak bakarrik bizi dira hiri honetan, bakarrik izaki krudel, grinati eta errukigabeak. Hitz horiek esan ondoren, bere guardiei agindu zien buruko ile guztiak kendu behar zizkigutela, eta guardiek eta atariko jendetzak beren erregearen agindu hori aditu zutenean, bozkariozko jauziak eta oihuak egiten hasi ziren. Baina Jainkoa ona da, ze guardiek ez baikintuzten jauregitik kanpora atera buruko ileak kentzeko erregeak agindu bezala, bestela jauregi atarian zain geneukan jendetzak zirtzilatu egingo gintuen.
Erregeak harri txapalak eman zizkien bizar-kutxilak bezala erabiltzeko eta guardiak ileak kentzen hasi zitzaizkigun harri txapal horiekin, baina harri txapal horiek ez zuten ilea kentzen bizar-kutxila batek bezala, buru guztia zauriz betetzea besterik ez zuten egiten. Ahalegin guztiak eginagatik ezer ez zuten aurreratu, orduan erregeak botila hautsi baten puskak eman zizkien, horrekin ile pixka bat kentzea lortu zuten nahitanahiez, eta odolak ez zien uzten zenbat ile geratzen zitzaigun ikusten. Gure ilea afeitatzeari ekin baino lehen, jauregi hartako habe bati lotuta jarri gintuzten soka trinkoekin. Ilearen hainbesteko bat kendu ondoren, gu bertan utzi, libratu gabe, eta piperrautsa xehetzera joan ziren, handik pixka batera, piperrautsa ekarri eta burua igurtzi ziguten horrekintxe, ondoren zarpil lodi bati su eman eta gure buru gainean eskegi zuten ia-ia burua ukitzen zigula. Une hartan ez genekien bizirik ala hilda geunden, gainera ezin ginen defendatu habe hartara lotuta geundelako esku eta gorputzez. Orduerdi inguru pasa zenean sua buru ondoan zintzilikatu zigutenetik, hura erretiratu eta burua arraskatzen hasi zitzaizkigun marraskilo-maskor handi batekin, beraz une hartan buru guztia odoletan geneukan; baina atarian gure zain egondako jendetza etxeratuta zegoen ordurako, leher eginda hainbeste denboran itxoiteaz.
Horren ondoren, eguzki-galdatan zegoen zelai handi batera eraman gintuzten, ez zen inguru hartan ageri zuhaitzik edo itzalik eta futbol zelai bat bezain soil zegoen; hiritik hurbil aurkitzen zen. Orduan zelaiaren erdian bi hobi edo zulo egin zituzten bata bestearen ondoan, nahiko sakonak pertsonari matraileraino ailegatzeko. Horren ondoren ni batean sartu ninduten eta nire emaztea bestean eta kendutako lurra lehengo tokian jarri zuten, ederki zanpatuz guri ia arnasa galerazteraino. Gero janaria jarri ziguten ahoaren ondoan, baina ezinezkoa zitzaigun hura ukitzea edo jatea; bazekiten gose handia geneukala mementu hartan. Eta horren ondoren, denek zigor-makilak moztu eta gure buruari egurka hasi ziren, baina guk eskurik ez geneukan burua babesteko. Azkenean arrano bat ekarri ziguten aurrera mokoaz gure begiak atera zitzan, baina arranoak begiratu besterik ez zigun egin, inolako okerrik egin gabe. Orduan jende hori etxeratu egin zen arranoa bertan utzita, gurekin. Baina nik nire hirian halako txori bat hezia nuen handik joan baino lehen eta honako honek ez zigun beraz inolako okerrik egin, zulo horietan gelditu ginen arratsaldeko hiruretatik goizaldera arte eta goiz hartako 9ak aldean eguzkia atera eta bete-betean ematen hasi zitzaigun; 10ak zirenean, jende hori itzuli eta gure inguruan su handi bat egin eta joka aritu zitzaizkigun minutu batzuetan, gero joan egin ziren. Sua itzaltzeko zorian zegoela, umeak etorri ziren zigor eta harriekin, eta orduan burua zigortzen eta harrika hasi zitzaizkigun; gero horretaz aspertu eta, gure burura igota, salto egiten zuten batetik bestera; horren ondoren, txistua botatzen hasi zitzaizkigun, ixuria eta libramendua egiten gure buru gainera; baina arrano hark ikusi zuenean iltzeak sartu nahi zizkigutela buruan, uxatu egin zituen denak zelaitik bere mokoarekin. Jende hura ordea (jende nagusia), azken bisita noiz egingo zigun erabakita joan zen handik, hain zuzen ere guk zulo haietan igaroko genuen bigarren eguneko arratsaldeko 5etan. Baina Jainkoa ona da, ze arratsaldeko 3etan euria hasi baitzuen latz, ez zuen atertu gauean berandu arte eta horrek animorik gabe utzi zituen guri azken bisita egitera etortzeko.
Euria latz egin zuenez, gaueko ordu batean lurra beratu egin zen, eta arranoak zuloetatik atera nahirik ikusi gintuenean, gerturatu eta aztarrika hasi zen nire zulo inguruan, baina zuloak oso sakonak zirenez, ezin zuen aztarrikatu nahi bezain azkar. Baina nik, gorputzari ezker-eskuin eraginez, ateratzea lortu nuen eta arineketan emazteagana joan eta bera ere bere zulotik ateratzea lortu nuen. Gero korrika eta presaka zelai hura utzi eta hiriko ate nagusira joan ginen, baina zoritxarrez itxita aurkitu genuen eta hiri osoa murru trinko eta altu batez inguratuta zegoen, orduan murru ondoko arbolatxo baten azpian ezkutatu ginen, inausi gabe baitzegoen aspalditik. Argia urratzean jendea zelaira etorri eta ez zuen han ezer aurkitu; horren ondoren gure bila hasi ziren, eta gordeta geunden arbolatxora ailegatutakoan gainetik pasa ziren gu ere zanpatuz, baina gure aztarrenik aurkitu ez zutenez hiritik joanak ginela pentsatu zuten.
Hiri hartako eguzkia oso beroa zenez, dena segituan ihartzen zen; gauerdiko ordu biak aldera, jende guzti hura lotan zegoenean, zuhurki hirira sartu eta su pixka bat hartu genuen artean itzali gabe zeukaten sutatik. Hiriko etxe guztiak belarrez estaliak ziren eta urtaro lehorrean geunden, gainera etxeek elkar ukitzen zuten, orduan su eman genien etxe batzuei; segituan hartu zuten su, eta jendeak esnatzerik izan baino lehen etxe guztiak goitik beheraino erreta zeuden, gutxi gorabehera jendearen ehuneko laurogeita hamarra etxeekin batera erre zen eta ume bakar bat ez zen salbatu. Beren burua salbatu zutenek, alde egin egin zuten isil-isilik gauaren erdian.
Goiz-txintan, hirira joan eta ez genuen bertan inor aurkitu, orduan haien ardi bat hartu eta hil egin genuen, gero erre eta ahal genuen guztia jan eta bestea gorde egin genuen, eta haien aizkoretako bat hartu eta hiria inor gabe utzi genuen; murru trinkora ailegatutakoan, leiho baten tamainako puska kendu eta handik barrena atera ginen.
Horra, bada, nola salbatu ginen Itzulirik-Gabeko-HiriZerutiarreko izaki misteriotsuengandik. Hiri hau oso atzean utzi ondoren, izaki misteriotsuengandik libro ginela iruditu zitzaigunean, gelditu eta aldi baterako etxetxo bat altxa genuen une hartan zeharkatzen genuen basoan, aurreneko pisu baten araberakoa eta belarrez estalia, gero inguru guztia makilekin hesitu nuen animalia eta abarrengandik babesteko. Orduan, hantxe bertan, nire emaztea zaintzen hasi nintzen. Egunez sastrakatik ibiltzen nintzen, sastrakako animaliak hiltzen nituen, horrez gain jateko moduko fruituak ere biltzen nituen eta horiexek ziren gure jakiak. Hiru hilabeteko tratamendualdia bete ondoren toki hartan, nire emaztea oso ederki zegoen, baina sastraka hartatik nenbilela animalien bila, aihotz zahar bat aurkitu nuen egurrezko girtena erabat zomorroek janda zeukana, hartu eta palmadi zuntzez bildu nuen, gero zoru gogorrean zorroztu nuen, harririk ez baitzegoen, eta makila gogor eta zimel bat moztu eta arku forman okertu nuen, eta makiltxo asko ere zorroztu nituen gezi bezala erabiltzeko, hala gure burua babestearren. Bost hilabete eta egun batzuk gehiago pasa ondoren etxe hartan, pentsatu genuen nire emaztearen aitaren hirira itzultzea arriskutsua zela hainbat zailtasun zirela-eta, gainera ezinezkoa zitzaigun hara itzultzeko bide zuzena aurkitzea. Atzera jotzea zaila zen eta aurrera jotzea are zailagoa, hortaz azkenean aurrera jotzea erabaki genuen. Behartuz gero ere, hartu egin nituen arkua eta geziak aihotzarekin batera, baina beste trasterik ez genuen, kendu egin baitzizkiguten denak Itzulirik-Gabeko-Hiri-Zerutiarrean, eta noski, gero guk erre egin genituen gure trasteak haien etxeekin batera. Oso goizean goizetik eman genion bideari, baina oso egun goibela zen, ematen zuen euria egingo zuela latz. Geure etxe izandako hartatik zazpi bat milia urrundu ondoren, gelditu eta geurekin generaman haragi errearen hainbesteko bat jan genuen. Horren ondoren abiatu egin ginen ostera, baina sastraka hartatik milia bateko bidea egin baino lehen pasaia ixten zigun ibai handi batekin egin genuen topo; ez geneukan han sartzerik oso sakona zelako eta konturatu ginen ez zegoela ez kanoarik ez beste ezer hura zeharkatzeko. Minutu batzuk pasa ondoren han geldituta, gure eskuinera jo genuen ibai ertzetik beharbada bukatzen zen tokira ailegatuko ginelakoan, baina lau milia baino gehiago ibili genituen ibaiaren bukaera inolaz ere ikusi gabe. Orduan buelta eman eta ezkerretara jo genuen berriro. Beste sei bat milia ibili ondoren bukaera ikusi gabe, gelditu egin ginen ibaia nola zeharkatu ote genezakeen pentsatzeko. Orduan pentsatu genuen ibai ertzetik jarraituz gero beharbada ailegatuko ginela bukaerara edo gauean deskantsatu eta lo egiteko toki seguru batera. Bagindoazen, bada, aurrera, eta erreka ertzetik milia heren bat egin baino lehen, hot non ikusten dugun zuhaitz handi bat, mila eta berrogeita hamar oin izango zituen luzeran eta diametroari dagokionez berrehun oin urruti ez. Zuhaitza txuri-txuria zen ia goitik beheraino, hosto eta adar guztiak egunero txuriz pintatuko balizkiote bezala. Zuhaitz hartatik berrogei bat yardara geundela, antzeman genuen norbait zelatan geneukala haren barrutik eta enfokatu egiten gintuela fotografo batek bezala. Orduan, nola enfokatzen gintuen ikusi orduko, korrika hasi ginen geure ezker aldera, baina bera ere harantz jiratu zen, eskuin aldera jo genuen orduan, eta berak ere bai, betiere tankera hartan enfokatuz, eta guk ez genuen ikusten nork enfokatzen gintuen, bakarrik guk nora jo zuhaitzak ere hara jotzen zuela. Enfokatzen gintuen zuhaitz ikaragarri hura ikusirik, haren peskizan ez jarraitzea erabaki eta ihesari eman genion bizia salbatzearren. Baina zuhaitz honi ihes egiten hasi orduko, ahots ikaragarri bat aditu genuen bat-batean, ematen zuen jende mordo bat at, zela hizketan deposito handi baten barrutik, orduan atzera begiratu eta hor non ikusten ditugun bi atzapar handi zuhaitzetik ateratzen eta STOP seinalea egiten, baina hark esaten ziguna ikusita gu ez ginen inolaz ere gelditu. Horren ondoren, esan zuen berriro: GELDITU-HOR ETA ETORRI-HONA, baina orduan ere ez ginen harengana joan esaten zigun bezala. Berriro ere gelditzeko esan zigun beste ahots bitxiago eta lodiago batekin, baina aldi hartan gelditu eta gure atzera begiratu genuen.
Atzera begiratzean, atzapar handi haietaz ohartu ginen beldurtuta, eta hurbiltzeko keinua egin zigutenean, emaztea eta biok elkar saldu genuen, ze atzaparrek bioi hurbiltzeko esandakoan nik emaztea seinalatu nien atzaparrei eta emazteak berriz ni seinalatu ninduen; horren ondoren, emazteak bultza egin zidan aurretik joan nendin eta nik ere bultza egin nion berari. Horrela ari ginela, atzaparrek berriro esan ziguten gure zain zeudela zuhaitz barruan, eta pentsaturik zuhaitz atzapardun edo mintzodunik sekula ez genuela ikusi ez geure bizitza osoan eta ez sastrakatik bidaiatzen genuenetik, orduan ihesari eman genion lehen bezala, baina ederki harritu ginen, ze atzaparrek ikusi zutenean berriro ere ospa egiten genuela, zuhaitzetik mugagabeki luzatu eta goratu egin gintuzten lurretik iheska gindoazen unean. Horren ondoren atzeraka eraman gintuzten zuhaitzaren barruraino, eta zuhaitza ukitzera gindoazen mementuan ate handi bat zabaldu zen eta atzaparrek ate hartatik zuhaitz barrura sartu gintuzten.
Aurrena, zuhaitz txurira sartu baino lehen, atean zegoen bati «geure heriotza saldu genion» £70: 18: eta 6 penikeko prezioan, eta atean zegoen beste bati «geure beldurra alokatu genion» hileko £3: 10: eta 0 penikeko interesarekin, beraz heriotzaz ez ginen kezkatzen eta beldurrik ere ez genuen sentitzen. Zuhaitz txuriaren barrura sartu ginenean, hiri handi eta eder baten erdian kokatutako etxe handi batean aurkitu ginen, orduan atzaparrek andre zahar baten aurreraino eraman gintuzten eta ezkutatu egin ziren gero. Andre zaharra besaulki batean eserita aurkitu genuen gauza dotorez apaindutako saloi handi batean, bere aurrean esertzeko esan zigun, eta halaxe eseri ginen. Orduan galdetu zigun ea bere izena ezagutzen genuen; ezetz esan genion; orduan esan zuen bere izena AMA-LEIALA zela, eta esan zuen estuasunean edo zigorraren menpean zeudenei bakarrik laguntzen ziela, baina ez norbait hil zutenei.
Horren ondoren, bere aurreraino ekarri gintuzten atzapar handien izena ba al genekien galdetu zigun; ezetz esan genion. Orduan esan zigun atzapar handien izena ATZAPAR-LEIAL zela, esan zuen Atzapar-Leialek zeregin bakarra zuela, beren sastraka hartan norbait estuasunean etc. ba ote zebilen zaindu eta halakorik ikusiz gero bere aurrera ekartzea.
AMA-LEIALAREN LANA ZUHAITZ TXURIAN
Bere istorioa kontatu ondoren, bere zerbitzari bati esan zion ekartzeko jana eta edana guretzat eta zerbitzariak segituan jana eta edana zerbitzatu zizkigun, eta bapo egin arte jan eta edan ondoren, Ama-Leialak bere atzetik joateko esan zigun, eta halaxe joan ginen. Etxearen erdian zegoen dantza-saloi izugarri handi bateraino eraman gintuen, eta bertan 300 lagundik gora ikusi genituen denak elkarrekin dantzan. Saloi hura apaintzeko milioi bat librako (£) gastua egina zuten gutxi gorabehera eta erretratu asko zeuden saloiaren erdian, tartean gureak ere bai. Han ikusi genituen geure erretratuek ikaragarrizko antza zuten gurekin eta haiek ere kolore txurikoak ziren, baina gu oso harrituta geunden geure erretratuak han topatzeaz, beharbada zerak egindakoak ziren, fotografo batek bezala enfokatzen gintuen izaki harexek, atzaparrek zuhaitz txuriaren barrura arrastatu baino lehen; baina ziur esateko ez genekien. Orduan galdetu genion Ama-Leialari ea zertarako zituen erretratu guzti haiek. Erantzun zigun neke eta estuasunetik ateratzen laguntzen zuen jendea gogoratzeko eta ezagutzeko zirela. Saloi eder hau mota guztietako janari eta edariz beteta zegoen, hogei eszenatokitik gora zeuden saloi hartan, konta-ezin-ahala orkesta, musiko eta dantzarirekin, claqué dantzariak ere bai tartean. Orkestek gelditu gabe jotzen zuten. Zazpi-zortzi urteko umeak etc. dantzan ari ziren beti, eszenatoki gainean zapatekoka kanta melodiatsuekin, kantatu ere egiten zuten doinu goxoekin eta dantza ez zen goizaldera arte eteten. Ikusi genuen saloi honetako argi guztiak teknikolorekoak zirela eta bost minutuero aldatzen zirela kolorez. Horren ondoren Ama-Leialak jangelara eraman gintuen eta gero sukaldera, eta han hirurehun eta berrogei bat sukaldari topatu genituen beti erleak bezain lanpetuta zebiltzanak, eta etxe honetako gela guztiak ilara batean zeuden. Orduan bere ospitaleraino eraman gintuen eta bertan eri asko aurkitu genituen ospitale-ohetan, eta Ama-Leialak erizain haietako baten eskuetan utzi gintuen gure buru ilerik gabeak senda zitzan, ze Itzulirik-GabekoHiri-Zerutiarreko biztanleek ile guztiak kendu baitzizkiguten indarrean, botila puskekin.
Astebetez tratamenduan egon ginen ospitale hartan gure ileak bere luzera normala hartu arte, gero Ama-Leialagana itzuli ginen eta berak gela bat eman zigun.
GEURE BIZITZA AMA-LEIALAREKIN ZUHAITZ TXURIAN
Orain Ama-Leialarekin bizi ginen eta berak bere leialtasunaz zaintzen gintuen, eta astebete pasa orduko ama honekin bizitzen, gure iraganeko oinaze guztiak ahaztuta geneuzkan. Gogoak ematen zigunero saloira joateko esan zigun. Hala bada, goizean goiz saloira joan eta jaten eta edaten hasten ginen, nahi genuen guztia hartu baikenezakeen erosi beharrik gabe, eta beraz, nire hiria utzi baino lehen artista izan nintzenez palma-ardoa edaten, bazta-bazta edaten hasi nintzen edari guztietatik. Eta hilabete baino lehen emaztea eta biok dantzari finak bihurtu ginen. Behin gauza zelebrea gertatu zen. Gau batez, gauerdiko ordu biak aldean, urri samar genbiltzan edariz, orduan kamarero nagusiak jakinarazi zion Ama-Leialari urri samar genbiltzala edariz eta erreserban ere ez zela batere geratzen, orduan hark botilatxo bat eman zion kamarero nagusiari injekzio-botilatxo baten tamainakoa eta ardo kantitate txiki bat baizik hartzen ez zuena. Kamarero nagusiak saloira ekarri zuen eta handik edaten hasi ginen, baina hiru egun eta hiru gauetan ezin izan genuen edan denon artean ezta botilako ardoaren bosgarren partea ere. Hala bada, zuhaitz txuri honetara sartu eta handik hiru bat hilabetera, etxean bezalaxe geunden eta nahi genuen guztia jaten genuen ezer ordaindu gabe. Etxe honetan gela berezi bat zegoen jokurako eta ni jokalarien taldean sartu nintzen, baina ez nintzen behar bezain iaioa, eta gure «heriotzaren» salmentarekin hartutako diru guztiak jokalari adituen eskuetara joan ziren. Ahaztuta neukan egunen batean toki hura utzi beharrean gertatuko ginela eta dirua beharko genuela gastatzeko. Gure «beldurra» mailegatu zuenak zintzo ordaintzen zigun hilero, noski. Baina kontua zen ez genuela jarraitu nahi gure bidaia zuhaitz txurira sartu aurretik joateko asmoa genuen hirirantz, egia esan ez genuen behin ere handik joan nahi.
Baina urtebete eta bi aste gehiago pasa ondoren Ama-Leialarekin, gau batez emazteari eta bioi hots egin eta hala esan zigun, handik joateko garaia bagenuela, lehengo moduan gure bidaiarekin jarraitzeko. Hori aditzean, arren eta arren eskatu genion behin ere ez uzteko handik joaten, orduan berak erantzun zuen ez zuela eskubiderik inor toki hartan atxikitzeko urtebete eta egun batzuk baino luzeago, gainera esan zuen hori bere esku egon balitz, gustura bete izango zuela gure eskaera. Horren ondoren, gure traste guztiak biltzera joateko esan zigun, eta jartzeko prest hurrengo goizean handik abiatzeko. Orduan gu gure gelara itzuli eta gure nekeak berriro hastear zeudela pentsatu genuen. Gau hartan ez ginen saloira joan eta ez genuen lorik egin argia urratu arte, eta goizean goiz geure golkoan pentsatu genuen gure jomugaraino laguntzeko eskatu behar geniola Ama-Leialari. Joan ginen beragana eta abiatzeko prest geundela esan genion, eta berak gure jomugaraino laguntzea nahi genuela sastrakako izaki beldurgarriengatik. Baina berak esan zigun ezin zuela eskaera hura bete, beren mugaz aurrera pasatzerik ez zeukalako. Orduan eskupeta bat eta munizioak eta aihotz bat eman zizkidan, nire emazteari jantzi garesti ugari etc. eman zizkion opari bezala eta haragi erre pila bat ere eman zigun edari eta zigarriloekin batera. Horren ondoren gurekin etorri zen, baina gehien harritu gintuena izan zen zuhaitza ate handi bat bezala ireki zela eta, besterik gabe, sastrakan aurkitu ginela ustekabean. Atea segituan itxi zen eta zuhaitzak zuhaitz arrunt bat ematen zuen, tankera hartan ireki ezin zena. Baina sastrakan aurkitu ginenarekin batera, zuhaitz txuri honen oinetan, biok (emaztea eta biok) esan genuen bat-batean: «Horra ba, berriro sastrakan gara». Gogorra baitzen hura, pertsona bat bere gelan lokartu eta esnatzerakoan sastraka handi batean aurkituko balitz bezala.
Orduan gure «beldurra» errekuperatu mailegariagandik eta berak azken interesak ordaindu zizkigun. Gero gure «heriotza» erosi ziguna aurkitu eta gurea zena emateko esan genion, baina berak esan zuen ezin zigula itzuli, erosi egin zigulako eta ordainduta zeukalako. Hortaz gure «heriotza» erostunarentzat utzi eta gure «beldurra» bakarrik errekuperatu genuen. Ama-Leiala gidari genuela, zuhaitz txuriaren barrura sartu aurretik zeharkatu ezin genuen ibairaino joan ginen, eta bertan gelditu eta berari begira jarri ginen. Handik pixka batera, poxpolua bezalakoxe txotx bat lurretik jaso eta ibai haren gainera bota zuen, eta instante berean hori non ikusten dugun zubi estu bat ibaiaren beste ertzeraino zihoana. Orduan esan zigun pasatzeko beste ertzera, (alegia bigarren alderdira), baina bera toki berean geratu zen, eta gu beste ertzeko muturrera ailegatu ginenean, berak eskua luzatu eta zubia ukitu zuen, baina orain ez zen zubia, baizik eta lehenxeago bere eskuan ikusi genuen txotx huraxe. Horren ondoren kantatzen eta eskuari gure aldera eragiten hasi zen eta guk ere gauza bera egin genion berari, gero ezkutatu egin zen kolpetik. Horra, bada, nola utzi genuen zuhaitz txuriko Ama-Leiala, izaki guztiekin hain Leiala zena.
Hortaz, gure «beldurra» errekuperatu eta bideari eman genion betiko moduan, baina Ama-Leiala utzi genuenetik ordubete pasa baino lehen, euria hasi zuen latz, eta euria jo eta jo aritu zitzaigun bi ordu osoz harik eta atertu arte, sastraka hartan ez baitzegoen ez babesik eta ez ezer euriarentzat. Nire emaztea ezin zen ibili nik nahi bezain bizkor, beraz gelditu eta Ama-Leialak emandako haragi errea jan genuen, eta bi ordu egon ginen bertan deskantsu hartzen, gero berriro gure bidaiari ekin genion. Sastraka hartatik gindoazela, dama gazte bat aurkitu genuen gure aldera zetorrena; ikusi genuenean, beste norabide bat hartu genuen, baina berak ere norabide bera hartu zuen, orduan gelditu egin ginen gugana etor zedin eta nahi zuena egin zezan, ze «heriotza» salduta geunden eta ezin ginen berriro hil, baina hala ere damaren beldur ginen gure «beldurra» ez genuelako saldu. Dama hau gerturatu zitzaigunean, soineko luze, dotore bat zeramala antzeman genuen, urrezko koilare ugari zeuzkan lepo inguruan eta aluminio koloreko oinetako takoi-luzeak zeramatzan, hamar oinbeteko arba bat bezain luzea zen, azala gorri iluna zuen. Gugana gerturatuta, gelditu eta nora gindoazen galdetu zigun. Guk erantzun genion Hildakoen-Hirira gindoazela, eta berak berriro nondik gentozen galdetu zigun. Guk erantzun genion zuhaitz txurian bizi zen Ama-Leialaren etxetik gentozela. Hori esan genionean, berak esan zigun joateko bere atzetik, baina hura aditzean beldurra hartu genion eta nire emazteak esan zuen: «Ez da gizakia eta ez da izpiritua, baina zer da hortaz?» Orduan bere atzetik abiatu ginen esan zigun bezala. Berarekin 6 bat miliako bidea egin ondoren sastraka honetatik, Sastraka-Gorri batean barruratu ginen eta sastraka hura gorri iluna zen bertako zuhaitz, zoru eta izaki guztiak bezala. Sastraka-Gorri hartara sartu eta segituan nire emaztea eta biok gorri ilun bihurtu ginen sastraka bera bezalaxe, baina Sastraka-Gorrira sartu orduko hitz horiek atera ziren nire emaztearen ahotik: «Bihotzarentzat beldurra da hau, bai; baina ez da bihotzarentzat arriskutsua».
GU ETA GORRIAK HIRI-GORRIAN
12 bat milia ibili ondoren Dama Gorriarekin Sastraka-Gorri honetatik, Hiri-Gorri batean sartu eta ikusi genuen bertako jendea eta etxeko abereak kolore gorri ilunekoak zirela. Etxe batean sartu ginen orduan, auzo hartako handienean, eta hara ailegatzerako gosetuta geundenez, jana eta ura emateko eskatu genion damari. Handik pixka batera bi gauzak ekarri zizkigun, baina ederki harritu ginen, ze jana eta ura pintura gorria bezain gorriak baitziren, baina janari eta ur korrientearen gustua zutenez, janaria jan eta ura ere edan egin genuen. Janaria ekarri zigunean, gu bertan utzi eta joan egin zen dama, baina han eserita geundela, Gorri horiek gugana etorri eta harriduraz begiratzen ziguten. Handik minutu batzuetara dama itzuli eta bere atzetik joateko esan zigun, eta halaxe joan ginen. Hiritik barrena eraman gintuen gauza guztiak erakutsiz, eta horren ondoren odola bezain gorria zen beren erregearen aurrera eraman gintuen. Erregeak jator agurtu eta bere aurrean esertzeko esan zigun. Gero galdetu zigun ea nondik gentozen? Guk erantzun genion zuhaitz txuriaren kargu zegoen Ama-Leialaren etxetik gentozela. Hori aditu zigunean, Ama-Leiala arreba zuela esan zuen. Orduan hark nola lagundu zigun kontatu genion, estuasunean etc. geundenean. Horren ondoren gure hiriaren izena zein zen galdetu zigun. Izena esan genion. Gero galdetu zigun ea hara ailegatzerakoan bizirik geunden ala hilda. Guk esan genion bizirik geundela eta ez ginela hildakoak.
Horren ondoren, bere aurreraino ekarri gintuen DamaGorriari esan zion gela bat eman behar zigula bere jauregian; baina gela oso urruti zegoen beste geletatik eta inor ez zen bizi haren ondoan. Beraz gelara sartu eta zera pentsatu genuen, zer asmo ote zuen Hiri-Gorriko Jende-Gorriaren Errege-Gorri hark; hori zen gure buruari egiten genion galdera, eta galdera hori zela-eta ezin izan genuen lorik egin goizaldera arte.
Goizean goiz, Errege-Gorriagana joan eta bere aurrean eseri ginen ea zer esaten zigun. Zortziak inguru zirenean, Errege-Gorriagana ekarri gintuen Dama-Gorria etorri eta gure atzean eseri zen. Handik pixka batera Errege-Gorria bere istorioa kontatzen hasi zen Hiri-Gorri, Jende-Gorri eta Sastraka-Gorriaz. Honela hitz egin zuen: «Hiri-Gorri honetan bizi garen guztiok gizakiak izan ginen antzina. Lehenagoko denbora haietan, gizakiek belaunetan zeuzkaten begiak, zeruaren astuntasunak makurtzera behartzen gintuen eta atzeraka ibiltzen ginen, ez aurreraka gaurko egunean bezala.» Esan zuen baita ere: «Egun batez, artean gizakien arteko nintzela, tranpa bat ezarri nuen edozein ibaitatik oso urrun zegoen sastraka batean, aintzirarik ere ez zegoen inguru hartan; gero arrantza-sare bat bota nuen edozein sastrakatatik oso urrun zegoen ibai batera, lur mutur bat ere ez zegoen inguru hartan. Hurrengo goizean, arrainentzako arrantza-sarea utzitako ibaira joan nintzen aurrena, eta ederki harritu nintzen, arrainaren ordez txori gorri bat baitzegoen sarean harrapatuta eta txori gorria bizi-bizirik zegoen ibaian bertan bizi balitz bezalaxe. Orduan sarea hartu txori gorriarekin eta ibaiaren ertzean utzi nuen. Hurrena sastrakara joan nintzen, sastrakako animalientzako tranpa ezarri nuen tokira, eta han berriz arrain gorri handi bat zegoen tranpan harrapatuta eta bizirik jarraitzen zuen. Gero nire hirira eraman nituen sarea eta tranpa txori gorri eta arrain gorriarekin. Baina nire gurasoek tranpak harrapatutako arrain gorria ikusi zutenean sastrakako animaliaren ordez, eta gainera arrantzako-sareak txori gorri bat harrapatu zuela arrain baten ordez, esan zidaten uzteko biak hartutako tokian, eta orduan biak hartutako tokian uztera itzuli nintzen.
»Baina harantz nindoala, bide-erdian gelditu, zuhaitz baten gerizpean, eta sua egin nuen. Gero bi izaki gorri horiek sutan jarri nituen. Nire asmoa zen biak bertan kixkali eta nire herrira itzultzea. Baina gehien harritu ninduena zera izan zen, izaki gorri horiek sutan jartzera nindoan unean hizketan hasi zirela gizakiak bezalaxe, esanez ez nituela sutan jarri behar, izaki gorriek ez dutelako inolaz ere sutara inguratu behar. Hori aditu nienean, izugarri ikaratu nintzen. Ez nien kasurik egin, noski, biak saretik eta tranpatik libratzea besterik ez nuen egin sutan jartzeko, baina saretik eta tranpatik libratzen nituen bitartean fanfarroikeriatan segitzen zuten, esanez ezingo nituela inolaz ere su haren gainean jarri. Hori aditu menean, amorrazio handia hartu nuen eta su gainean jarri nituen derrigorrean. Su gainean zeudela, izaki gorri horiek esaten zidaten kendu egin behar nituela sutatik segituan, baina nik esaten nien hori erabat ezinezkoa zela. Handik pixka batera gorputzaren erdia erreta zeukaten, baina hizketan segitzen zuten hala ere. Orduan txotx lehor gehiago bildu eta suari gehitu nizkion, baina garrak harrotu zirenean, suak botatako keak estali egin ninduen bat-batean eta ia ezin nuen arnasarik hartu. Ke hartatik ateratzeko bidea aurkitu nuenerako gorri bihurtuta nengoen, eta gorri bihurtu nintzen, baina kea atzetik nuen eta nirekin batera sartu zen etxera. Nire gurasoek, gorri bihurtu nintzela ikusirik, garbitu egin nahi ninduten, beharbada gorritasun hura joango zelakoan, baina kea nirekin batera sartu orduko jende guztia ere gorri bihurtu zen, orduan bere tronuan zegoen erregearen aurrera joan ginen gertatu zena erakustera, baina keak ez zion erregeari ezer esaten utzi, ordurako hiri guztira zabalduta baitzegoen eta kea zabaltzeaz batera jende guztia, etxeko abere, hiri, ibai, sastraka eta denak gorri bihurtu ziren.
«Gorritasun hura garbitzen saiatu ginen denok, baina alferrik, eta orduan, gorri bihurtu ondorengo 7garren egunean, hil egin ginen denok gure etxeko abereekin batera, eta hiri hura utzi eta hemen finkatu ginen, baina orduan ere hil aurretik bezain gorri izaten jarraitzen genuen eta gainera hemen topatutako abere, ibai, hiri, sastraka eta beste gauza guztiak ere gorri bihurtu ziren; horregatik garai harrezkero Gorriak esaten digute, gure hiriari Hiri-Gorria esaten diote etc. Baina gu hemen finkatu eta denbora gutxira, arrain gorria eta txori gorria hiri honetatik oso hurbil dagoen leize handi batera etorri ziren bizitzera. Izaki gorri horiek hona etorri zirenez gero, urtean behin leizetik ateratzen dira giza sakrifizio baten eske eta guk urtero gutako bat sakrifikatzen dugu besteok salbatzearren. Hori dela-eta, oso pozgarria izan da guretzat zuek biok Hiri-Gorrira etortzea hain justu orain, hiru egun bakarrik falta baitira bi izaki horiek aurtengo sakrifizioaren eske ateratzeko eta asko poztuko nintzateke zuetako batek bere bizia eskainiko balie bi izaki horiei.»
Istorio hau kontatu ondoren, Errege-Gorriak bukatu zuen esanez gutako batek bizia eskaini behar ziela izaki horiei nahitanahiez, eta nik galdetu nion nire emazteari zer egin ote genezakeen une hartan? Ze nik ez nuen bera utzi nahi eta berak ere ez ninduen ni hemen bakarrik utzi nahi, eta Gorri haien artetik inork ez zien bizia eskaini nahi izaki horiei eta bestalde erregeak gure erantzuna nahi zuen lehenbailehen.
Orduan nire emazteak hitz horiek esan zituen: «Andrea gutxirako aldenduko litzateke, baina are eta gutxiagorako gizona maitaleagandik». Baina ez nuen ulertu bere hitzen esanahia, ze parabolen bitartez edota profeta batek bezala hitz egiten baitzuen. Handik pixka batera Errege-Gorriagana joan eta hala esan nion, prest nengoela bi izaki gorriei nire bizia eskaintzeko. Errege-Gorriak eta Gorriek hori aditu zidatenean pozez zoratzen jarri ziren. Neure bizia eskaintzeko arrazoia hau izan zen: gure «heriotza» norbaiti saldu geniola gogoratzean, bi izaki horiek ezingo nindutela hil konprenitu nuen. Ez nekien Gorri horiek, bi izakiak beren leizetik ateratzeko bezperan, ohizko zeremoniak burutu nahi izango zituztela nirekin edo bere bizia eskaintzen zuen beste edozeinekin.
Gorriek burua batere ilerik gabe utzi eta erdia halako pintura gorri batez pintatu zidaten eta beste erdia berriz bertako pintura txuri batez, horren ondoren, denak elkartu eta buru egiten nuela jarri ninduten beren danbor-jole eta kantarien aurretik. Dantzatzeko esan zidaten, danbor-joleek hiritik barrena danborra jotzen zuten bitartean. Nire emaztea ere gure atzetik zetorren, baina ez zitzaion batere nabari laster galduko ninduela. Goizeko 5ak zirenean, bi izaki gorriek azaldu behar zuten egunean, nire eskupeta, munizio eta aihotza hartu nituen, Ama-Leialak bere etxea utzi baino lehen eman zizkidanak; gero eskupeta kargatu muniziorik boteretsuenekin eta sorbaldan jarri nuen, eta aihotza zorroztu eta eskuineko eskuan hartu nuen irmoki. Goiz hartako 7ak zirenean, Errege-Gorriak eta Gorri guztiek leizea zegoen tokiraino eraman eta bertan utzi ninduten izaki gorrientzat, gero denak hirira itzuli ziren. Toki hartatik hirira ez zegoen milia erdi baino gehiago.
Ni han bakarrik utzi eta hirira itzuli ziren antxintxika, ze bi izaki gorriek ikusi izan balute pertsona bat baino gehiago eskaintzen zizkietela sakrifizio gisara, hil egingo baitzituzten haiek ere. Baina nire emaztea ez zen hirira itzuli beste guztiekin, ezkutatu egin zen ni nengoen tokitik hurbil, baina nik ez nekien hori inolaz ere. Orduerdi neramanean leize aurrean, sentitu nuen leize hartan mila pertsona baleude bezalakoxe hotsa ateratzen zuela zerbaitek, denak dar-dar egiten zuen; nik une hartan eskupeta sorbaldatik hartu eta tinko heltzea besterik ez nuen egin, gero leizerantz apuntatu nuen. Bi izaki gorri horiek leizetik atera zirenean, ez ziren mugitzen elkarren ondoan baizik eta bata bestearen jarraian, eta aurrekoa azaldu eta nigana abiatu zenean, arrain gorri baten forma zuen. Egia esan, arrain gorri hau ikusita izugarri ikaratu nintzen eta txorabiatzeko ere hutsa faltatu zitzaidan, baina orduan gogoratu nuen gure «heriotza» saldu egin genuela eta ezin nintzela berriro hil, beraz handik aurrera ez nintzen gehiago kezkatu, baina beldur handia neukan, gure «beldurra» ez baikenuen saldu. Arrain gorria azaldu zen unean, bere burua dortokarena bezalakoa zen baina elefantearena bezain handia, 30 adarretik gora zeuzkan eta begi handi-handiak buruaren inguru guztian. Adar guzti horiek zabalduta zeuden goardasolak bezala. Ez zen oinez ibiltzen, baizik eta sugea bezala arrastaka eta bere gorputza saguzarrarena bezalakoa zen eta soka moduko ile gorri luzez estalia. Hegaldi motzak bakarrik egin zitzakeen, eta garrasi eginez gero handik lau miliara ere aise adituko zioten. Bere burua inguratzen zuten begi guztiak itxi-ta-ireki egiten ziren denak batera, norbait interruptore batekin piztu-ta-itzali balebil bezala.
Arrain gorri honek leize aurrean ikusi ninduenarekin batera, nigana abiatu zen gizaki batek bezala farre eginez, eta nik neure golkoan pentsatu nuen benetako gizakia zela hura. Nigana zetorrela farre egiteari utzi gabe, prest jarri nintzen, eta nengoen tokira ailegatzeko hogei bat oin falta zitzaizkionean tiroa bota nion buru erdira, eta eskupetaren kea barreiatzerako berriro kargatu eta beste tiro bat bota nion, beraz hantxe bertan hil zen. Nire emazteak bere gordelekutik arrain gorria leizetik ateratzen ikusi zuenean, hirira itzuli zen antxintxika. Arrain gorria leizetik ateratzen ari zela, nik banekien hil egin behar nuela, baina ez zitzaidan jujurik geratzen, denak boterea galduta zeuden hainbeste erabili ondoren.
Gero eskupeta kargatu nuen bigarren izaki gorriarentzat (txori gorriarentzat) eta handik bost minutura hantxe azaldu zen berriro, orduan prest jarri nintzen. Txori gorri bat zela ikusi nuen, baina bere buruak tona bat edo gehiago pisatuko zuen eta sei hortz luze zeuzkan lodi-lodiak, oin erdi bat inguruko luzerakoak eta mokotik azaltzen zitzaizkionak. Mota guztietako zomorroek estaltzen zuten bere burua eta beraz ezingo nuke hemen xeheki deskribatu. Txori honek ikusi ninduenarekin batera, ahoa zabaldu eta bazetorren ni irenstera, baina ni prest nengoen. Ia niganaino ailegatu zenean, gelditu eta nik hildako arrain gorria irentsi zuen aurrena. Horren ondoren, zuzenean nigana zetorren eta tiroa bota nion, gero bigarren aldiz eskupeta kargatu eta hil egin nuen beste tiro bat botata.
Bi izaki gorri horiek hil egin nituela ikusirik, zera etorri zitzaidan gogora, nire emazteak esan zuena Errege-Gorriagana eraman gintuen Dama-Gorriarekin topatu eta segituan. Esan zuen nire emazteak: «Bihotzak 'beldurra' izango du, bai, baina ez da arriskutsua izango bihotzarentzat».
Orduan Hiri-Gorriko Errege-Gorriagana joan eta bi izaki gorriak hil egin nituela esan nion, eta hori aditu zidanarekin batera, bere eserlekutik altxa eta nire atzetik etorri zen nik bi izaki gorriak hildako tokiraino. Baina Errege-Gorriak bi izaki gorriak hilda ikusi zituenean, esan zuen: «Hona hemen beste izaki beldurgarri eta kaltegarri bat, etorkizunean nire hiria honda lezakeena». (Nigatik esaten zuen izaki beldurgarri eta kaltegarria.) Hitz horiek esanda, ni bertan utzi eta hirira itzuli zen, gero bere hiriko jende guztia elkartu eta ikusi zuena kontatu zien. Gorri horiek gogoak emandako itxura har zezaketenez, ni hirira itzultzerako su handi baten itxura hartuta zeuden denak, eta su hark etxe eta ondasun guztiak erretzen zituen. Etxeak erretzen ziren bitartean nik ez neukan hirira sartzerik suak botatzen zuen ke trinkoagatik, baina handik pixka batera sua eta kea ezkutatu egin ziren eta nik pentsatu nuen haiek denak, nire emaztea barne, goitik beheraino erre zirela. Baina toki batetik hiri hutsari begira nengoela, bi zuhaitz gorri ikusi nituen hiriaren erdialdean azaltzen. Zuhaitzetako bat bestea baino motzagoa eta lerdenagoa zen eta handiagoaren aurrean aurkitzen zen. Atzean zegoen handiago honek hosto eta adar asko zituen. Bi zuhaitz gorri horiek hiriaren erdialdean azaltzen ikusirik, haiengana abiatu nintzen, baina haiek hiriaren mendebalderantz jo zuten nik beraiekin elkartzerik izan baino lehen, eta mugitzerakoan zuhaitz horien hostoek gizakiek bezala kantatzen zuten, eta handik bost minutura bistatik galduak nituen; bitarte guzti hartan, nik ez nekien hura Gorri-jendea zela, bi zuhaitz gorri haien itxura hartuta. Nire emaztea ere ezkutatu egin zenez Gorriekin batera, haren bila hasi nintzen gau eta egun, eta egun batez zera aditu nuen, Hiri-Gorria utzi aurretik bi zuhaitz gorriren itxura hartutako Gorrien artean zegoela bera ere. Orduan, haien paraderoaz informatuta, finkatu airen tokirantz abiatu nintzen; sortu berri zuten hiri hau laurogei bat miliara zegoen suntsituta utzi zuten Hiri-Gorri
Bi egunez bidaiatu ondoren, hara ailegatu nintzen, baina toki hura utzia zuten ni etortzekoa nintzela jakinda, eta ez nekien Gorri horiek nigandik ihes egiterakoan zera pentsatzen zutela, hil egingo nituela beraiek ere bi izaki gorriak hil nituen bezalaxe. Utzi egin zuten beraz toki hura ere eta leku egokiaren bila hasi ziren bertan finkatzeko, baina nik lehenago aurkitu nituen; pertsonen forman aurkituko nituela uste nuen, baina bi zuhaitz gorriak ziren.
Erdi-bidean aurkitu nituen, emazteak ikusi egin ninduen eta hoska ari zitzaidan, baina nik ez nuen bera inolaz ere ikusten eta beste astebetez bi zuhaitz gorri horien atzetik jarraitu nuen toki egokiaren bila zebiltzan bitartean bertan finkatzeko. Gero toki egoki bat aurkitu eta gelditu egin ziren, baina ni une hartan oso urruti nengoen handik. Berriz haiekin elkartu nintzenerako, bazter guztiak bete-bete eginda aurkitu nituen etxez, jendez, etxeko aberez etc., goitik beheraino erre zuten hiri hartan zeudenean bezalaxe. Hiri berrira sartu nintzenean, zuzenean hiri berri honetako Errege-Gorriagana jo (lehengo errege bera) eta nire emaztea nahi nuela esan nion, orduan berak segituan hots egin zion, eta ni ikusi orduko lehen esandako hitzak errepikatu zituen nire emazteak: «Andrea gutxirako aldenduko litzateke, baina are eta gutxiagorako gizona maitaleagandik», eta esan zuen hura zela hain zuzen hitz horien esanahia. Orduan sinistu egin nion. Baina hiri berri hartan finkatutako Gorriak, ez ziren orain gorriak, nik hil egin bainituen halako itxura eman zieten bi izaki gorriak.
Topatu genuen beste emakume hura zela-eta, nire emazteak hitz horiek esanak zituen: «Ez da gizakia eta ez da izpiritua, baina zer da hortaz?» Zuhaitz-Gorri txikia zen, Zuhaitz-Gorri handiaren aurrean zegoena, eta Zuhaitz-Gorri handia Hiri-Gorriko Jende-Gorriaren Errege-Gorria zen, eta Sastraka-Gorria eta Zuhaitz-Gorri handiko Hosto-Gorriak Sastraka-Gorrian zegoen Hiri-Gorriko Jende-Gorria ziren.
Orduan emaztea eta biok jende honen adiskide egin eta hiri berri horretan geratu ginen beraiekin bizitzen. Handik egun batzuetara, lehengo hiriraino (Hiri-Gorriraino) eraman gintuen damak etxe handi bat eman zigun bertan ederki bizi gintezen. «Ez zen gizakia eta ez zen izpiritua, baina zer zen hortaz?» Dantza ere bazen (Hiri-Gorriraino eraman gintuen dama) eta gogoan izango dituzue beste batean ere aipatu nituen hiru kide haiek, hots: DANBORRA, KANTA ETA DANTZA. Hala bada, dama honek (Dantzak) ikusi zuenean laguntza handia eman niela eta toki ederrean zeudela eta orain ez zirela gorriak, beste bi kideak (Danbor eta Kanta) hiri berri hartara etorrarazi zituen ospakizun berezi baterako. Baina nola pareka gintezkeen gu hiru kide horiekin? Ze mundu honetan inork ez baitzuen danborra jotzen Danborrek berak bezala, inork ez baitzuen kantatzen Kantak berak bezala eta inork ez baitzuen dantza egiten Dantzak berak bezala. Nork bota behar zien desafioa? Inortxok ere ez. Eta ospakizun berezi honetarako jarritako eguna heldu zenean, hantxe azaldu ziren kide horiek, eta Danbor bere burua jotzen hasi zenean, ehundaka urtetan hilda egondako guztiak altxa eta Danborrek nola jotzen zuen ikustera etorri ziren; eta Kanta kantari hasi zenean, hiri berri hartako etxeabere guztiak eta sastrakako animaliak, sugeak eta abar ere tartean zirela, atera egin ziren Kanta aurrez-aurre ikusi nahiz; baina Dantza (dama hura) dantzan hasi zenean sastraka osoko izaki, izpiritu, menditar eta baita ibaitar guztiak ere hirira etorri ziren dantzan ari zena nor ote zen ikustera. Hiru kide horiek bat egin zutenean, hiri berriko jende guztia, hilobitik altxatako guztiak, animalia, suge, izpiritu eta beste izaki izengabeak ere dantzan hasi ziren hiru kide horiekin, eta nik egun hartan ikasi nuen sugeak dantzari politagoak direla gizaki edo bestelako izakiak baino. Hiri hartako guztiak eta sastrakako izaki guztiak elkarrekin dantzan hasi eta bi egunez ezin izan ziren gelditu. Danbor bere burua jo eta jo aritu zen azkenean zeruratu arte mundua atzean utzia zuela jakin gabe, eta egun harrezkero ez dauka mundura itzultzerik. Kanta berriz kantatu eta kantatu aritu zen nahigabean ibai handi batera sartu arte eta geroztik ez dugu ikusi, eta Dantza ere dantza eta dantza ibili zen mendi bihurtu arte eta inork ezin izan du begiz jo egun harrezkero; orduan, hilobitik altxatako hildako guztiak hilobira itzuli ziren eta egun harrezkero ez dute berriz altxatzerik izan, gero beste izaki guztiak ere sastrakara etc. itzuli ziren, eta egun harrezkero ez dute hirira etortzerik izan gizakiekin edo beste edozeinekin dantzatzera.
Hiru kide horiek (Danbor, Kanta eta Dantza) ezkutatu zirenean, hiri berrikoak beren etxeetara itzuli ziren. Egun harrezkero inork ez ditu hiru kideak aurrez aurre ikusi; haien izenak aditzen ditugu mundu zabalean, hori bai, baina gaurko egunean inork ezingo luke berdindu haiek egiten zutena. Hiri berri honetan urtebete pasa ondoren nire emaztearekin, aberastu egin nintzen. Orduan langile mordoxka bat kontratatu nuen sastraka garbi zezaten niretzat, eta langile horiek hiru milia karratuko terrenoa garbitu zuten; gero haziak eta bihiak erein nituen, Uharte-Espektroan animalia batek (hala deitzen zioten) eman zizkidanak, ze nik haren lurretan erein bainuen nire uzta berak bere hazi eta bihiak eman baino lehen, ereindako egunean bertan erne zirenak. Haziak eta bihiak ereindako egunean bertan ematen zutenez fruitua, hiri hartako beste guztiak baino aberatsagoa egin nintzen.
MORROI-IKUSTEZINA
Gau batez, hamarrak aldean, gizon bat ikusi nuen nire etxera etortzen. Esan zidan POBRE hitza aditzea besterik ez zuela egiten, baina ez zekiela zer esan nahi zuen eta jakin egin nahi zuela. Esan zuen hainbesteko bat mailegatu nahi zuela, eta horren ordainetan niretzat lan egingo zuela «morroi» bezala edota kontratu iraunkorreko langile bezala.
Hori esan zuenean, nik galdetu nion ea zenbat mailegatu nahi zuen? Berak esan zuen bi mila kauri mailegatu nahi zituela, alegia sei penike (6d) diru britaniarrean. Orduan gizon hari kopuru hura utzi behar ote nion galdetu nion nire emazteari, baina nire emazteak esan zuen gizon hura «LANGILE AMORRATUA IZANGO ZELA, BAINA GERORA LAPUR AMORRATUA IZANGO ZELA». Ez nuen, noski, ulertu emazteak horrekin esan nahi zuena, baina nolanahi ere eskatutako sei penikeak eman nizkion gizonari. Joatekotan zegoenean, izena galdetu nion, orduan berak esan zidan bere izena zela EMAN-ETA-HARTU, gero non bizi zen galdetu nion, eta berak erantzun zidan inork aurkitu ezin zuen sastraka batean bizi zela. Hori esan zidanean, beste langileek sorora zihoazenean nola abisatu behar zioten galdetu nion, orduan berak erantzun zuen beste langileek, goizean goizetik sorora zihoazenean, bere izena oihukatu behar zutela sororako bidean zegoen bidegurutze batera ailegatutakoan. Gero joan egin zen. Baina nire langileak goizean goizetik sorora zihoazela, bidegurutzera ailegatzerakoan bere izena oihukatu zuten berak esan bezala (argi eta garbi) eta berak kantari erantzun zuen. Horren ondoren, egun hartan zer-nolako lana egingo zuten galdetu zien. Haiek esan zioten lurra lantzea besterik ez zutela egingo, eta orduan berak esan zien joateko beren sailak lantzera, berak gauean landuko zituela-eta bereak, ume txikiek ez zutelako ikusi behar eta nagusiek galerazia zeukatelako berari begiratzea. Orduan beste langileak sorora joan eta beren partea landu zuten. Biharamunean, goizean goiz, beste langileak betiko moduan sorora joan eta zera ikusi zuten, Morroi-Ikustezin honek soro guztiak eta inguruko sastraka guztiak jorratu zituela milia batetik berrogeita hamarrerainoko distantzia batean, eta nire auzoenak ziren soro guztiak ere jorratu zituela. Hurrengo egunean, beste langileak goizean goizetik sorora abiatzekotan zeudenean betiko moduan, esan nien zera esan behar ziotela Morroi-Ikustezinari, egun hartako lana sutarako egurra moztea izango zela nire etxera ekartzeko. Beste langileak hara ailegatu zirenean, hots egin zioten eta egun hartako lana sutarako egurra moztea izango zela esan zioten, etxera ekartzeko. Orduan berak esan zien joateko beren partea moztera, berak moztuko zuela-eta berea gauean, eta etxeraino eraman ere bai. Beste langileek bidegurutzetik hots egiten ziotenean, bera zeharo ikustezina zen haientzako. Baina harrigarriena etxeetatik ateratzerik, zergatik eta gizon honek (Morroi-Ikustezinak) sutarako egur eta enborrekin batera palmondo eta bestelako zuhaitz osoak ekarri zituelako hirira, eta egur honek ia hiri guztia estaltzen zuen, beraz ezinezkoa zen hiritik ibiltzea eta ez genekien noiz ekarri zituen. Orduan hiriko jende guztia egurrak kentzen hasi zen aizkorekin etc. baina astebete pasa zen hiritik egur guztia erretiratu genuenerako. Nik ikusi egin nahi nuenez (Morroi-Ikustezina edo Eman-eta-Hartu) nola lan egiten zuen jakiteko, beste langileei esan nien zera esan behar ziotela Eman-eta-Harturi, egun hartako lana nire umeei ilea moztea zela nire etxean, baina berak esan zien bere lankideei segitzeko beren umeei ilea moztera, berak bereei moztuko ziela-eta gauean. Beraz beste langileak joan egin ziren. Gaua heldutakoan, beste langileei esan nien zaindu egin behar zutela nire umeei ilea nola mozten zien ikusteko, baina ederki harritu nintzen, ze gaueko 8etarako mundu guztia lo baitzegoen hiri hartan, etxeko abererik ere ez zegoen esna. Hartan, Morroi-Ikustezina etorri eta ilea moztu zion hiri hartako jende guztiari, bai jende nagusi bai emakume eta bai etxeko abereei ere, denak kanpora atera zituen buruak afeitatzen hasi baino lehen, gero txuriz pintatu zituen buruak, horren ondoren bere sastrakara itzuli zen eta inor ez zen esnatu langintza gaizto hura bukatu zuen arte. Biharamunean, goizean goizetik, denok kanpoan aurkitu ginen, eta burua ukitutakoan afeitatuta eta txuriz pintatuta geneukan. Hiri berri honetako jendea esnatu zenarekin batera, ikusirik etxeko abereei ere ile guztia moztu zietela, alarmatu egin ziren berriro ere beste izaki ikarragarri baten atzaparretan erori zirelakoan. Baina nik geldiarazi eta dena nola gertatu zen azaldu nien, beraz une hartan ni beren hiritik joatea nahi zuten, baina nik pentsatu nuen zerbait egin behar nuela jende hura gustura uzteko, hartara hiritik bota ez nintzaten. Egun batez, langileak sorora abiatzekotan zeudela, esan nien zera esan behar ziotela Morroi-Ikustezinari, egun hartako lana sastrakako animaliak hiltzea eta nire etxera ekartzea zela. Hori aditu zuenean, berak betiko moduan erantzun zuen. Eta argia urratzean hiria sastrakako animaliaz beteta zegoen, hortaz hiriko jende guztia gustura geratu zen eta ez zuten nahi ni handik joaterik.
Horren ondoren, egun batez eserita jarri eta zera pentsatu nuen, nola ote zitekeen gizon honek tankera honetan lan egitea janik eskatu gabe etc., eta beraz, garia heldu zen garaian, langileei esan nien esateko hari sorora joanez gero ñameak, garia etc. hartzeko modua izango zuela. Hala jakinarazi zioten ohizko bidegurutzera ailegatu zirenean.
Nik ez nekien Morroi-Ikustezin edo Eman-eta-Hartu hau Sastrakako izaki guztien buru zela eta Sastrakako izakien munduan bera zela boteretsuena; Sastrakako izaki guzti horiek haren menpe zeuden eta harentzat lan egiten zuten gauero. Hala, gau hartan nire soroko lanak bukatu zituenean bere jarraitzaileen laguntzarekin, denen artean nire soroko ñame guztia, gari guztia etc. hartu zuten eta nire auzoen ñame guztia, gari guztia etc. ere hartu egin zuten. Ez nekien berarentzat lan egiten zuten jarraitzaileak zituenik, eta bera bakarrik joan beharrean ñame batzuk eta gari pixka bat hartzera, denak joango zirela eta harrapatutako guztia eramango zutela gauean.
Orduan emazteak aurrez esandakoa gogoratu zitzaidan: «Gizon hau langile amorratua izango zela, baina gerora lapur amorratua izango zela». Hala, biharamunean denak beren soroetara joan ziren, baina zoritxarrez ez zuten beren soroetan aurkitu ereindako uztaren aztarrenik, ze sastrakako izaki horiek soro guztiak garbitu baitzituzten futbol zelai bat bezain soil uzteraino.
Baina nekazari guztiek (alegia nire auzoek) Eman-eta-Hartuk egindakoa ikusi zutenean, amorrarazi egin ziren nirekin, urte hartan beste uztarik erein ezin zutelako eta bai beraiek bai beren umeak jateko ezer ez zutela gelditu zirelako. Nire uzta guztia ere eramana zuten, baina ez neukan nire auzoei hori esaterik. Jende honek ikusi zuenean zer egin zuen Morroi-Ikustezin edo Eman-eta-Hartuk bere jarraitzaileen laguntzarekin, denak ados jarri ziren armada bat altxatzeko nire kontra, alde batera hiritik joan nendin eta baita ere mendekatzeko Eman-eta-Hartuk nire bitartez ekarri zien galera handiagatik. Hala, jende honek bat hartu eta armada handi bat osatu zuen. Orduan nik emazteari galdetu nion nola bukatuko ote genuen hiri honetan? Nire emazteak esan zuen bertakoentzat bizia galtzea izango zela baina bertako ez ziren biak salbatu egingo zirela. Une hartan, emaztea eta biok gordeta geunden hirian, bertako jende guztia gure bila baitzebilen gora eta behera. Ez zuten, noski, hiri barruan tiroka hasi nahi umeak eta andreak zirela-eta, eta horrexegatik ez ginen gu (emaztea eta biok) hiritik joan, ezin zirelako beren armekin tiroka hasi hiri barruan. Baina orduan, jende honi nola alde egingo ote genion pentsatzen ari nintzela, nire emazteak Morroi-Ikustezinagana jo nezakeela gogorarazi zidan (Eman-eta-Harturengana), beharbada hark lagunduko zigula-eta. Emazteak kontseilu hori eman zidanean, nire langile bat Morroi-Ikustezinagana bidali nuen zera esan ziezaion, hiri berriko jendeak Armada bat altxako zuela nire kontra handik bi egunetara, beraz arren eta arren eskatzen niola etortzeko laguntzera egun hartan goizean goizetik.
MORROI-IKUSTEZINA FRONTEAN
Morroi-Ikustezinak egunez ezer egin ezin zuenez, gauerdiko ordu biak aldean etorri zen hiri honetara bere jarraitzaile edo laguntzaileekin, orduan talde guztia bertako jendearekin borrokan hasi zen eta hil egin zituzten denak, emaztea eta biok bakarrik utzi gintuzten bizirik. Nire emazteak aurrez esan bezala, bertako guztiek bizia galdu zuten eta bertako ez zirenak salbatu egin ziren. Horren ondoren Morroi-Ikustezina eta bere jarraitzaileak beren sastrakara itzuli ziren goiz-txinta baino lehen. Baina ikusi nuenean ezin ginela (emaztea eta biok) hiri hartan bakarrik bizi, orduan gure trasteak bildu eta nire eskupeta eta aihotza hartuta hiritik joan ginen bertako guztiek bizia galdu eta segituan.
Horra, bada, nola bizi izan ginen Hiri-Gorrian Jende-Gorriarekin eta Errege-Gorriarekin, eta horra nola ikusi genuen haien azkena haien hiri berrian.
Orduan Hildakoen-Hiri misteriotsurantz abiatu ginen, nire hirian aspaldi hildako nire ardo-mutila zegoen tokira. Sasirik sasi gindoazen lehen bezalaxe, baina orain zeharkatzen genuen sastrakaren partea ez zen hain zarbatsua eta ez zen hain beldurgarria ere. Baina, bidean, nire emazteak esan zidan ez genuela gelditu behar bi egun eta bi gauetan, harik eta Hiri-Gorriraino eraman gintuen Dama-Gorriarekin topatu ginen tokira ailegatu arte, eta toki hartara ailegatzeko berrogeita hamabost bat miliako bidea bageneukan. Bi egunez joan eta joan ibili ondoren gau eta egun, haraino ailegatu, gelditu eta atseden hartu genuen bi egunez. Gero hiri misteriotsura abiatu ginen zuzenean, eta laurogeita hamar milia egin ondoren norabide hartan, gizon bat ikusi genuen, eserita zegoena eta bere aurrean leporaino betetako zaku bat zeukana. Hildakoen-Hiria non zegoen galdetu genion, eta berak esan zigun bazekiela, eta haraxe zihoala bera ere orduantxe. Hori esan zigunean, guk esan genion bere atzetik joango ginela hiriraino, baina hori aditu zigunean, berak eskatu zigun laguntzeko aurrean zeukan pardela garraiatzen. Noski, guk ez genekien zer zegoen zaku barruan, baina zakua beteta zegoen eta esan zigun zakua buruan eraman behar genuela batere lurrera jaitsi gabe esandako hirira ailegatu arte. Gainera ez zigun utzi probatzen zenbateko karga zuen, eraman genezakeena baino astunagoa ote zen ikusteko. Orduan nire emazteak galdetu zion ondo al zegoen pertsonak txerria ilunbetan erostea? Baina gizonak erantzun zuen karga probatu beharrik ez zegoela, esan zuen behin geure buru gainean jarriz gero, akaso baietz, astunegia izango zela guretzat, eta akaso ezetz, baina kasu batean zein bestean hiriraino eramango genuela. Halaxe geunden, bada, gizon haren eta bere pardelaren aurrean. Baina orduan pentsatu nuen pardela buruan hartu eta garraiatu ezin banuen, lurrean utziko nuela berehala, eta gizon horrek ez bazidan hori egiten uzten, hantxe neuzkala eskupeta eta aihotza, tiroz hilko nuela segituan.
Orduan, gizonari esan nion jartzeko hura nire buru gainean, baina berak esan zuen pardel hura ez zutela bi pertsonak ukitu behar. Hori esan zuenean, nik galdetu nion ea zernolako pardela zen hura? Berak erantzun zuen bi pertsona ezin zitezkeela pardel barrukoaren jakitun izan. Orduan, eskupetan jarrita esperantza, eta aihotzaz Jainkoaz bezala fidatuz, emazteari esan nion jartzeko pardela nire buru gainean, eta halaxe jarri zidan. Buruan hartu nuenean gizon baten gorputz hila bezalakoxea zen, karga handia zuen, baina erraz eraman nezakeen. Hala bada, gizona aurretik abiatu zen eta gu atzetik joan gintzaizkion.
36 bat milia ibili ondoren, hiri batera sartu ginen. Ez genekien gizona gezurretan ari zela Hildakoen-Hirira zihoala esan zuenean, eta ez genekien pardela sartu berri ginen hiri hartako printzearen gorputz hila zela. Gizon hark, hutsegite batez, hil egin zuen printzea mendian, eta printzearen hilketa beste norbaiti leporatu nahian zebilen.
GU ETA ERREGE ZUHURRA
OKERREKO HIRIAN PRINTZEAREN HILTZAILEAREKIN
Hark (Printzearen hiltzaileak) bazekien erregeak bere semearen hiltzailea nor zen jakinez gero, berak (erregeak) hil egingo zuela gizon hori, horregatik gizon honek ez zuen printzearen hiltzaile bezala azaldu nahi. Hala, berarekin batera hirira ailegatu ginenean (ez Hildakoen-Hirira) guri izkina batean itxoiteko esan eta, erregeagana joanda, zera jakinarazi zion, norbaitek hil egin zuela bere semea (erregearena) sastrakan eta berak hirira ekarri zituela hiltzaileak. Orduan erregeak bere hogeita hamar bat guardia gugana bidali zituen printzea hil zuen gizonarekin, bere aurrera eraman gintzaten pardel eta guzti. Jauregira ailegatu ginenean, zakua ireki eta erregearen semearen (printzearen) gorputz hila zela ikusi zuten, eta erregeak bere semea zela ikusi zuenean, bere guardiei esan zien gela ilun batean sartu behar gintuztela.
Goizean goiz, erregeak esan zien guardiei garbitzeko eta jazteko emaztea eta biok arropa dotoreenekin, eta gero zaldi gainean jarri eta hiritik paseatu behar gintuztela zazpi egunez gure mundualdiko azken 7 egunak ederki pasa genitzan; horren ondoren berak (erregeak) hil egingo gintuen guk bere semea hil genuen bezalaxe.
Baina guardia horiek eta printzearen benetako hiltzaileak ez zekiten inolaz ere erregeak zer asmo zuen. Goizean goiz, guardiek garbitu eta arropa garestiekin jantzi gintuzten eta zaldia ere apaindu egin zuten. Gero zaldi gainera igo ginen. Horren ondoren, atzetik ibili genituen hiri guztian barrena, danborrak jotzen, dantzan eta dolu-abesti bat kantatzen aritu ziren sei egunez, baina 7garren egunean (hil behar gintuzten egunean), goizeko lehen orduan guardiek azken paseoa ematen zigutenean, hiriaren erdialdera ailegatu eta printzearen benetako hiltzailea aurkitu genuen, hura (printzea) hiri hartaraino ekartzeko esan ziguna. Gu jaitsiarazi eta bera igo zen zaldi gainera eta guardiei esan zien bera zela benetan erregearen semea hil zuena sastrakan, esan zuen zera uste izan zuela, erregeak hil egingo zuela mendeku bezala, eta horregatik esan ziola erregeari guk hil genuela printzea sastrakan. Gizon honek orain uste zuen erregea pozik zegoela norbaitek bere semea hil zuelako sastrakan eta horregatik esan ziela guardiei janzteko gu biok eta eramateko zaldi gainean hiritik paseatzera; gero esan zien guardiei eramateko erregeagana haren aurrean hitz berberak errepika zitzan.
Beraz erregeagana eraman zuten eta haren aurrean errepikatu zuen bera zela benetan haren semea hil zuena sastrakan. Erregeak hori aditu orduko, guardiei esan zien janzteko gizon hura gu jantzi gintuzten bezala, orduan gizona zaldi gainera igo eta halaxe ibili zen hiritik barrena gu lehenago bezala, eta zaldi gainean zihoala bozkariozko jauzi eta algarak egiten zituen. Arratsaldeko 5ak zirenean, halakoetarako erabiltzen zuten sastrakara eraman eta hil egin zuten hantxe bertan, eta haren gorputz hila beren jainkoei eskaini zieten sastraka berezi hartan bertan.
15 egun pasa ondoren hiri hartan, erregeari esan genion geure bidaia jarraitu nahi genuela Hildakoen-Hirirantz, eta berak opariak eman eta hara joateko biderik motzena erakutsi zigun. Leporaino betetako zaku batek zazpi egunetako dantza ekarriko zuen; baina ERREGE-ZUHUR bat egongo zen hirira, nire emazteak iragarri bezala. Holaxe bukatu zen sastrakatik Okerreko-Hiriraino garraiatu nuen zakuaren istorioa.
Orduan Hildakoen-Hirirantz abiatu ginen betiko moduan, eta 10 egunez ibili ondoren, Hildakoen-Hiria ikusi genuen handik 40 bat miliara eta hortik aurrera ezerk ez zuen gure martxa atzeratu. Baina hiri hartara begiratuz urruti batetik, pentsatu genuen aise ailegatuko ginela haraino egun hartan bertan, baina bai zera, beste 6 egun egin genituen joan eta joan, ze a-a ailegatu ginen mementuan berriro ere oso urruna ematen baitzuen, gugandik ihesi ari balitz bezala. Ez genekien hila ez zenak ez zeukala hiri hartara sartzerik egunez, baina nire emazteak sekretua jakin zuenean, orduan esan zidan gelditu egin behar genuela eta gau arte atseden hartu. Gaua heldu zenean, orduan esan zidan altxa eta gure bideari ekin behar geniola berriro. Baina abiatu eta laster, antzeman genuen ordubete baino gehiagoko biderik ez geneukala haraino. Ez ginen, noski, goiz-txinta baino lehen hiri hartara sartu, guretzat ezezaguna zelako.
NI ETA NIRE ARDO-MUTILA HILDAKOEN-HIRIAN
Goizeko 8ak zirenean, hirira sartu eta nire hirian hil zenetik bilatzen nuen ardo-mutilaz egin nuen galde. Hildakoek haren izena galdetu zuten eta nik esan nien hil aurretik BAITY zuela izena, baina ezin nuela haren oraingo izena ziur jakin hilda zegoenez.
Izena esan nienean, eta nire hirian hil zela, haiek ez zuten ezer esan, begira geratu zitzaizkigun besterik gabe. Bost bat minutu pasa ondoren guri tankera hartan begiratzen, batek galdetu zigun ea nondik gentozen? Erantzun nuen nire hiritik gentozela, orduan berak esan zuen ea non zegoen? Esan nion oso urrun zegoela hiri honetatik eta berak orduan galdetu zuen ea hiri hartako biztanleak bizidunak ala hildakoak ziren? Erantzun nuen hiri hartako guztiok hil gabe geundela. Hori aditu zidanean, esan zigun itzultzeko bizidunak baizik bizi ez ziren hiri hartara, esan zuen bizidunek galerazia zeukatela Hildakoen-Hirira etortzea.
Gizon-hilak geure hirira itzultzeko esan zigularik, arren eta arren eskatu nion uzteko nire ardo-mutila ikusten. Berak ameto eman eta etxe bat erakutsi zigun geunden tokitik hain urruti ez zegoena, esan zigun joateko hara eta galdetzeko harengatik, baina erakutsi zigun etxera joateko bizkarra eman genionez (gizon-hilari), bertan zeuden guztiak amorrarazi egin ziren gu aurreraka ibiltzen ikusita, aurpegiz aurrera alegia, haiek ez baitziren inolaz ere aurreraka ibiltzen, baina hori guk ez genekien.
Guri galdezka aritutako gizon-hilak tankera hartan mugitzen ikusi gintuenean, korrika etorri zitzaigun esanez lehen ere abisatu zigula nire hirira itzultzeko, bizidunek ez zeukatela-eta Hildakoen-Hirira etortzerik hildakoak bisitatzera, beraz atzeraka ibiltzeko esan zigun, alegia bizkarrez, eta halaxe has ginen ibiltzen. Baina atzeraka genbiltzala bertakoak bezala, estropozo egin nuen bat-batean, eta han ondoko zulo
handi batera ez erortzeko ahaleginetan ari nintzela, hark erakutsitako etxe aldera jiratu nuen nahigabean aurpegia. Berriro ere hala ikusi ninduenean, lehen bezala etorri eta esan zigun ez zigula utziko etxe hartara joaten, hiri hartan jendea ez zela aurreraka ibiltzen-eta. Orduan arren eta arren esan nion oso urrutiko hiri batetik etorri ginela hura ikusteagatik (alegia ardo-mutila). Baina zulo hartan harri txorrotx bat jo nuenez, ebakia egin nuen eta odola neukan, orduan gelditu egin ginen odola garbitzeko, asko zihoakidan-eta. Gelditu egin ginela ikusirik, gizon-hil honek gugana hurbildu eta zerk geldiarazi gintuen galdetu zigun, orduan nik odoletan neukan gorputzaren partea erakutsi mon behatzaz, baina odola ikusi zuenean zeharo amorrarazi zen eta indarrean hartuta hiritik kanpora arrastatu gintuen. Hiritik kanpora arrastatzen gintuen bitartean, erregutu egin nahi genion, baina berak esan zuen: beste aitzakiarik ez! Guk ez genekien hildakoei ez zaiela inolaz ere gustatzen odola ikustea, egun hartan jakin nuen. Arrastaka hiritik kanpora eraman eta hantxe gelditzeko esan zigun, eta esandakoa egin genuen. Orduan bera nire ardo-mutilaren etxera itzuli eta bi bizidun zain zeuzkala esan zion. Handik minutu batzuetara, hantxe genuen nire ardo-mutila, eta ikusi gintuenean zera pentsatu zuen, hil egin nintzela hona etorri baino lehen, beraz hildakoen seinalea egin zigun. Guk ezin genion erantzun hilda ez geundelako, eta gurekin elkartu orduko ondo konprenitu zuen ezingo ginela hiri hartan beraiekin bizi bere seinaleari erantzuterik ez geneukanez, eta hortaz, gure elkarrizketari hasiera eman baino lehen, etxetxo bat altxa zuen guretzat hantxe bertan. Horren ondoren gure trasteak etxe barruan utzi genituen, baina ederki harritu nintzen, ze nire ardo-mutil hau ere atzeraka ibiltzen baitzen eta nire hirian hil baino lehen ez zen horrela ibiltzen. Etxea altxa eta gero, hirira itzuli eta jana ekarri zigun, eta hamar kupeltxo ere bai palma-ardoz beteta. Hara ailegatzerako oso gosetuta geundenez, sobera jan genuen, eta palma-ardoa probatu nuenean, ezinezkoa izan zitzaidan ezpainetatik apartatzea harik eta hamar kupeltxoak hustu arte. Horren ondoren elkarrizketa hasi genuen, honela: Nik esan nion bera hil ondorenean hil nahia izan nuela bere atzetik joateko Hildakoen-Hiriraino niretzat prestatzen zuen palma-ardoagatik eta inork ez zidalako berak bezala prestatzen, baina ezin izan nintzela hil. Orduan egun batez, nire bi adiskideri deitu eta palmadira joan ginen, eta ardoa geure kasa prestatzen hasi ginen, baina berak hil baino lehen prestatzen zidan ardoaren gusturik ez zuen. Nire adiskide guztiek, nire etxera etorriz gero haientzako palma-ardorik ez zegoela ikusirik, utzi egin ninduten denek banan-banan, baten bat kanpoan ikusi eta hots egiten banion, etorriko zela esan bai, baina ez zuen ageririk ematen.
Lehen jendez beteta egoten zen nire aitaren etxera ez zen orain inor etortzen. Beraz egun batez, zer egin ote nezakeen pentsatu eta neure golkoan erabaki nuen aurkitu egin behar nuela zegoen tokian zegoela (ardo-mutila) eta nirekin nire aitaren etxera etortzeko esan behar niola, palma-ardoa prestatzera betiko moduan. Hala bada, goizean goiz aterata nire bidaiari ekin nion, eta herri edo hiri batera ailegatzen nintzenero hura ikusi ote zuten edo bere paraderoa ba ote zekiten galdetzen nuen, baina erantzuten zidaten honetan edo hartan laguntzen ez banien ez zidatela esango. Orduan ardo-mutilari nire emaztea erakutsi eta zera kontatu nion, behin batez hiri batera ailegatu eta nire emaztearen aitak, hiri hartako buruzagi zenak, ostatu eman zidala bere etxean. Nire emaztea urrutiko baso batera eramanda zeukan izaki bitxi batek, gero Kaskezur huts bilakatu zen gizaseme batek, eta nik haraino joan eta alaba bere aitaren aurrera ekartzea lortu nuen. Orduan aitak, berarentzat egin nuen lan miresgarria ikusirik, alaba emaztetzarako eman zidan, eta urte t'erdi edo gehiago pasa ondoren hirian beraiekin, emaztea nirekin hartu eta haren (ardo-mutilaren) bila abiatu nintzen berriro. Gero kontatu nion ardo-mutilari hara ailegatu baino lehen oztopo handiak aurkitu genituela sastrakan, errepiderik ez zegoelako Hildakoen-Hiri honetara etortzeko, eta gau eta egun sasirik sasi ibiltzen ginela, eta sarritan baita zuhaitzetatik adarrez adar ere egun askotan lurrik ukitu gabe, eta hamar urte bazirela nire hiria utzi nuenetik. Orain ikaragarrizko poza hartzen nuen berriro topatu nuelarik eta nire aldetik eskerrona besterik ez zuen izango nirekin batera nire hirira itzultzen bazen.
Nik nire istorioaren gorabeherak kontatu ondoren, berak ez zuen hitzik esan, baina hirira itzuli eta handik pixka batera hogei bat kupeltxo ekarri zizkidan palma-ardoz beteta, orduan ni edaten hasi nintzen. Horren ondoren bere gorabeherak kontatzeari ekin zion: Esan zuen nire hirian hil ondoren, hil berri guztiek aurrena joan behar izaten duten tokira joan zela, hil berria zen pertsonak ez zeukalako hona (Hildakoen-Hirira) zuzenean etortzerik. Esan zuen behin hara ailegatu eta gero bi urte pasa zituela trebatzen, eta hildako osoari dagokion kualifikazioa lortu ondoren Hildakoen-Hiri honetara etorri zela eta hildakoekin bizi zela harrezkero. Gero esan zuen ez zekiela zer gertatu zitzaion nire hirian hil aurretik. Nik kontatu nion igande arratsalde batez erori egin zela palmondo batetik palma-ardoa ateratzen ari zela eta palmadi harexen oinetan eman geniola lurra.
Orduan berak esan zuen hori horrela bazen, gehiegitxo edanda egongo zela egun hartan.
Horren ondoren esan zuen palmadian hil zen eguneko gau hartan bertan nire etxera etorri eta begira egon zitzaigula denoi, baina ez genuela ikusten, eta hizketan aritu zitzaigula, baina ez genuela erantzuten, orduan joan egin zela. Esan zigun hildako guztiak, txuriak ala beltzak izan, Hildakoen-Hirian bizi zirela, han ez zegoela bizidun bakar bat ere. Han egiten zuten guztia oker egina iruditzen baitzitzaien bizidunei eta bizidunek egindako guztia ere okerra iruditzen zitzaien hildakoei.
Esan zuen ea ez al nuen ikusi hiri honetan bai hildako pertsonak eta bai etxeko abereak atzeraka ibiltzen zirela? Nik erantzun nuen baietz. Orduan esan zidan ezin zela nirekin nire hirira itzuli, hildako gizon batek ez zeukalako bizidunekin bizitzerik eta batzuen eta besteen ezaugarriak ez zirelako berdinak, eta esan zidan gustu nuen guztia emango zidala Hildakoen-Hiritik. Hori aditu nionean, sastrakan pasatako guztiak etorri zitzaizkidan gogora, pena handia hartu nuen emazteagatik eta neuregatik eta ezinezkoa egin zitzaidan une hartan eskaintzen zidan palma-ardoa edatea. Nik ere ondo asko nekien hildakoak ezin zirela bizidunekin batera bizi, ikusia bainuen haien jarduera, eta zetorren bat inolaz ere gurearekin. Arratsaldeko bostak zirenean, bere etxera joan eta jana ekarri zigun berriro, eta handik hiru ordura etxeratu zen. Goizean goiz itzuli zenean, beste 50 kupeltxo ekarri zituen palma-ardoarekin, eta haiek edatea izan zen nire aurreneko lana egun hartan. Baina pentsatuz ez zela gurekin etorriko nire hirira, eta emaztea ekinean an zitzaidanez handik lehenbailehen joan gintezen, etorri zenean hala esan nion, hurrengo goizean joan egingo ginela, orduan berak ARRAUTZ bat eman zidan. Urrezkoa balitz bezalaxe gordetzeko esan zidan, eta etxera itzultzen banintzen, kutxa batean gorde behar nuela, eta arrautza haren bitartez nahi nuen guztia lortuko nuela mundu honetan; erabili nahi izanez gero, urez betetako katilu handi batean sartu eta lortu nahi nuen gauzaren izena esan behar nuen. Berak arrautza eman eta gero joan egin ginen hara ailegatu ondorengo hirugarren egunean. Gainera beste bide motzago bat erakutsi zigun, benetako errepidea zena, ez sastraka hutsa lehengoa bezala.
Orduan, Hildakoen-Hiri honetatik, hainbat eta hainbat urte lehenago utzitako nire jaioterrira abiatu ginen zuzenean. Errepidetik gindoazela, milatik gora hildako topatu genituen Hildakoen-Hiri hartaraxe zihoazenak. Errepidetik hurbiltzen ikusten gintuztenean, sastrakara jotzen zuten eta ez ziren atzera errepidera itzultzen gu pasa arte. Ikusten gintuztenero, hots itsusiak egiten zituzten, gorrotoa adierazten zigutenak, eta gainera zeharo amorrazita zeudela bizidunak ikusteaz. Hildako horiek ez zuten elkarren artean inolaz ere hitz egiten, gainera ez zuten garbi hitz egiten baizik eta murmurioka. Beti ematen zuen lanturuka zeudela hileta batean, beren begiak oso betizu eta goibelak ziren eta denek soineko txuriak zeramatzaten mantxa bakar bat gabeak.
HILDAKOAK SEKULA EZ GAZTEEGIAK ERASOARI EKITEKO.
HAURTXO HILAK ERREPIDETIK DESFILEAN HILDAKOEN-HIRIRANTZ.
Gauerdiko ordu biak aldera, 400 bat haurtxo hil aurkitu genituen errepide hartan, dolu-abesti bat kantatzen ari zirenak eta Hildakoen-Hirirantz zihoazenak soldaduak bezala pausoa markatuz, eta haurtxo hil horiek ez zuten sastrakara jotzen gurekin topatutako nagusi-jende hilak bezala, eta denek makilak zeuzkaten eskuetan. Ikusi genuenean haurtxo hil horiek ez zutela gugatik desbideratzeko asmorik, orduan bide bazterrean gelditu ginen bake-bakean pasatzen uzteko, baina horren ordez, joka hasi zitzaizkigun eskuan zeramatzaten makilekin, eta orduan gu sastrakatik korrika hasi ginen haurtxo horiei ihes egiteko, ze gauean sastraka hartan aurki genitzakeen arriskuengatik ez baitzitzaigun batere axola, guretzat haurtxo hil haiek izan zitezkeen izakirik beldurgarrienak zirelako. Baina sasirik sasi korrika gindoazela errepidea oso atzean utzita, haiek hala ere gure atzetik segitzen arte. Berebiziko zakua zeraman bizkarrean, eta ikusi gintuenarekin batera bere zakuan harrapatu gintuen (emaztea eta biok) arrantzale batek arrainak harrapatzen dituen bezala sarean. Gizonak bere zakuan harrapatu gintuenean, orduan haurtxo hil guztiak errepidera itzuli eta joan egin ziren. Zaku hartan harrapatuta geundela, beste izaki asko aurkitu genituen barru hartan, oraingoz deskribatu ezin ditudanak, eta gizonak oso urrutira eraman gintuen sastraka hartatik. Eginahal guztiak egin genituen zakutik ateratzeko, baina ezin izan genuen soka sendo eta lodiekin ehundakoa zelako, bere diametroak 150 bat oin izango zituen eta 45 bat pertsonentzako tokia bazuen. Ibiltzerakoan, bizkarrean zeraman zakua eta guk ez genekien gau hartan nora eraman nahi gintuen, eta gainera ez genekien nor zen garraiatzen gintuena, gizaki ote zen ala izpiritu eta gu hiltzeko asmorik bazuen ala ez; une hartan ezer ez genekien.
ZAKUKO IZAKI LATZAK UKITZEKO BELDURREZ
Zaku haren barruan topatutako beste izakiak ukitzeko beldurrez geunden, haien gorputz-atal guztiak jela bezain hotzak eta paper-lixa bezain iletsu eta lakarrak zirelako. Haien sudur eta ahoko hatsa lurruna bezain beroa zen. Zakuaren barruan ez zuen inork hitz egiten. Gizon honek sastrakatik garraiatzen gintuen bitartean zakua bizkarrean hartuta, zakuak etengabe zuhaitzak eta lurra jotzen zituen, baina hari ez zuen hitz egiten. Sastraka hartan oso urrutira ailegatuta, bere gisako izaki bat topatu zuen, orduan gelditu eta biak bat hartuta zakua batera eta bestera botatzen hasi ziren, lurretik jaso eta bota egiten zuten berriro. Handik pixka batera hori egitetik gelditu eta gizonak lehengo martxa hartu zuen berriro, argia urratzerako gutxienez 30 miliara zegoen lehengo errepide hartatik.
JOMUGARA HELDUTA,
ZAILA ELKAR AGURTZEA,
ARE ZAILAGOA ELKAR DESKRIBATZEA
ETA DENETAN ZAILENA
ELKARRI BEGIRATZEA
Geure jomugara helduta, zaila zen elkar agurtzea, are zailagoa elkar deskribatzea eta denetan zailena elkarri begiratzea. Goizeko 8ak zirenean, izaki erraldoi hau gelditu egin zen bere jomugara heltzean, zakua irauli eta barruan geunden guztiak goitik behera erori ginen ustekabean. Orduan ikusi genuen gizonak gu harrapatzerako 9 izaki latz zeudela zaku hartan. Une hartan, goitik behera erortzerakoan, elkar ikusi genuen, baina bederatzi izaki latz haiei begiratzea munduko lanik zailena zen guretzat. Gero gau osoan sastrakatik ibili gintuen izaki erraldoia ikusi genuen, digante bat bezalakoxea zen, ikaragarri handi eta luzea, bere buruak eltze handi bat ematen zuen hamar oin inguruko diametroduna, kopetan bi begi handi zeuzkan, bolak bezain handiak eta bihurritu egiten zirenak norbaiti begiratzen zionero. Hiru bat miliako distantziatik ere aise ikusiko zuen orratz bat. Bere bi zangoak etxe baten habeak bezain luze eta sendoak ziren, baina mundu honetan ez zen haren hankentzat egindako zapatarik. Zakuko 9 izaki latzen deskribaketa honako hau da: 9 izaki latz horiek txikiak ziren (luzean 3 bat oin), beren larrua paper-lixa bezain lakarra zen eta adartxo motzekin esku-barrenetan, sudur eta ahotik lurrun bero-beroa botatzen zuten arnasa hartzeaz batera, beren gorputza jela bezain hotza zen eta beren hizkuntza berriz ezin genuen ulertu eliz-kanpaiek bezalako hotsa zuelako. Beren eskuak lodiak ziren (5 bat hazbete) eta oso motzak, behazdunak, eta beren hankak berriz blokeak bezalakoxeak. Ez zuten inolako antzik gizakiekin edo guk iraganean topatutako beste sastrakako-izakiekin, esponja moduko ilaje batek estaltzen zien burua. Ibilera dotorea bazuten ere, beren hankek, bai zoru gogorrean bai bigunean, estalitako zulo sakon bat pasatzen edo kolpatzen ari balira bezalakoxe hotsa ateratzen zuten. Baina emaztea eta biok izaki latz hauek ikusi genituenean denok zakutik erori eta gero, begiak itxi genituen haien itxura ikaragarri eta beldurgarriagatik. Handik pixka batera, izaki erraldoiak beste toki batera eraman gintuen, toki hartako muino aldapatsu bat ireki eta hara sartzeko esan zigun denoi, gero gure atzetik etorri eta itxi egin zuen atzera leizea, eta guk ez genekien ez gintuela hilko baizik eta esklabu izateko harrapatu gintuela. Leizera sartutakoan, beste izaki beldurgarriago batzuk aurkitu genituen, hemen deskribatu ezingo nituzkeenak. Goizean goiz, leizetik aterarazi eta bere soroak erakutsi zizkigun, guk jorratu beharko genituenak hartantxe ari ziren leizeko izaki beldurgarriago haiek bezala. Egun batez, bederatzi izaki horiekin soroan ari nintzela, haietako bat irainka hasi zitzaidan ulertu ezin nuen beren hizkuntza hartan, orduan borrokan hasi ginen biok, baina besteek ikusi zutenean hil egin nahi nuela, orduan denak nirekin borrokan hasi ziren banan-banan. Aurre egin zidan lehenengoa hil egin nuen, gero bigarrena etorri eta hil egin nuen hura ere, denak hil nituen banan-banan bat bakarra geratu zen arte, taldeko txapelduna. Ekin nionean, bera nire gorputza arraskatzen hasi zen bere paper-lixazko gorputzarekin eta bere esku-barrenetako adartxoekin, beraz gorputz guztia odoletan neukan. Eginahal guztiak egin nituen lurrera botatzeko baina ez nuen lortu, ezin bainion sendo heldu nire eskuekin, beraz azkenean berak bota ninduen eta kordea galdu nuen. Noski, ezin nintzen hil gure heriotza saldua genuelako. Ez nekien nire emaztea soro inguruko zuhaitz handi baten atzean gordeta zegoela eta begira geneukala borrokan ari ginen bitartean.
Bederatzi izaki beldurgarrietatik txapelduna bakarrik geratu zenean, kordea galdu nuela ikusirik, landare jakin baten ondora joan eta 8 hosto moztu zizkion. Baina nire emaztea hari begira zegoen une hartan. Gero txapelduna beretarrengana itzuli zen. Horren ondoren, hostoak zukua ateratzeraino estutu bi eskuen artean eta zuku hura beretarren begietara ixurtzen hasi zen banan-banan, orduan denak segituan esnatu eta talde guztia gure nagusiagana joan zen (toki hartaraino ekarri gintuen izaki erraldoiagana) soroan gertatutakoaren berri emateko. Baina haiek sorotik joan orduko, nire emaztea landare hura zegoen tokiraino joan, hosto bat moztu eta txapeldunak beretarrekin egindako gauza bera egin zuen, hosto haren zukua nire begietara ixuri zuen, orduan ni esnatu egin nintzen segituan. Nire emazteak leizetik atera eta guri sororaino segitu aurretik gure trasteak hartzeko modua izan zuenez, ihes egin genuen soro hartatik, eta bederatzi izaki latzak gure nagusiaren leizera ailegatzerako handik urruti ginen. Horra, bada, nola salbatu ginen bere zakuan harrapatu gintuen izaki erraldoiaren menpetik.
Ihes egin ondoren, gelditu gabe ibili ginen gau eta egun izaki erraldoiak ostera bir-harrapa ez gintzan. Bi egun t'erdiz bidaiatu ondoren, haurtxo hilek uxatuta utzi genuen Hildakoen errepidera ailegatu ginen, eta hara ailegatu ginenean, ez genuen izan handik jarraitzerik oraindik bertan zeuden haurtxo hil beldurgarriengatik etc.
SASIRIK SASI IBILTZEA OSO ARRISKUTSUA ZEN
BAINA HILDAKOEN ERREPIDETIK JOATEA ARE ARRISKUTSUAGOA
Orduan sastrakatik barrena hasi ginen ibiltzen, baina errepidetik urrutiratu gabe, berriro sastrakan ez galtzearren.
Bi astez ibili ondoren, nire jujuen prestaketarako hosto egokiak ikusten has nintzen, orduan gelditu eta lau motatako jujuak prestatu genituen, noiznahi edo nonahi izaki arriskutsuren bat topatuz gero estuasunetik aterako gintuztenak.
Juju horiek prestatu ondoren, beldurra galdu genien sastrakako arriskuei eta gau eta egun ibili eta ibili jarraitu genuen gogoak eman bezalaxe. Hala, gau batez izaki-gosetu bat topatu genuen, garrasi eta garrasi ari zena: «Gosea! Gosea!», eta ikusi gintuenarekin batera gugana jo zuen zuzenean. Gugandik host bat oinera zegoela, gelditu eta begiratu egin genion, ordurako juju bat eskuan prest neukalako eta gainera zera gogoratu zitzaidalako, saldu egin genuela gure heriotza Ama-Leialaren zuhaitz txurira sartu baino lehen; harengana hurbiltzeak ez zidan beraz beldurrik ematen. Baina gugana zetorrela, berarentzako janaririk ba ote geneukan galdetzen zigun behin eta berriz eta guk une hartan platano batzuk besterik ez geneuzkan, artean heldu gabeak. Eman egin genizkion, baina berak denak batera irentsi eta berriro ere jateko beste zerbaiten eske hasi zen garrasi egiteari utzi gabe: «Gosea! Gosea! Gosea!». Orduan, bere garrasiak eramanezinak egin zitzaizkigunean, geure pardelak ireki genituen harentzako beste janariren bat aurkitzeko esperantzarekin, baina ahaztutako baba-ale bat besterik ez genuen aurkitu eta guk eman baino lehen berak eskutik kendu eta irentsi egin zuen inolako zalantzarik gabe eta garrasi egiteari ekin zion betiko moduan: «Gosea! Gosea! Gosea!». Ez genekien ez zela munduan Gosetu hau aseko zuen janaririk, mundu honetako janari guztia janda ere urtebetez ezer probatu ez balu bezalakoxe gosea izango zuela. Baina gure pardelak miatzen ari nintzela harentzako beste zerbait aurkitzeko esperantzarekin, Hildakoen-Hirian nire ardo-mutilak emandako arrautza erori zitzaion emazteari eskutik. Gosetuak ikusi egin zuen, eta hartu eta irentsi egin nahi izan zuen, baina nire emaztea bizkorragoa izan zen eta aurreratu egin zitzaion.
Aurreratu egin zitzaiola ikusirik, orduan borrokan hasi zen nire emaztearekin esanez irentsi egingo zuela. Nire emaztearekin borrokan ari zela, Gosetu honek ez zituen bere garrasiak isiltzen: «Gosea! Gosea!» Baina nik neure golkoan pentsatu nuen min egingo zigula beharbada, eta nire juju batetaz baliatuz emaztea eta gure trasteak egurrezko-panpina bihurtu eta poltsikoan sartu nituen. Baina Gosetuak nire emaztea bistatik galdu zuenean, esan zidan ateratzeko panpina identifikatu ahal izateko. Atera egin nuen beraz, eta berak galdetu zidan, zalantzaz beteta, ea ez al zen hura nire emaztea eta gure trasteak? Nik erantzun nuen hura ez zela nire emaztea etc., haren antzekoa izatea besterik ez zuela, eta itzuli egin zidan beraz egurrezko-panpina, orduan nik poltsikoan gorde lehen bezala eta aurrera egin nuen. Baina bera atzetik zetorkidan garrasi egiteari utzi gabe: «Gosea!». Ez nion kasurik egiten, noski. Milia erdi inguruko bidea egin ondoren nire atzetik, berriz eskatu zidan ateratzeko egurrezko-panpina hobeto identifikatzeko. Atera nion, bada, eta hamar minututik gora pasa ondoren han begira lehengo galdera bera egin zidan, ea ez al zen hura nire emaztea? Erantzun nion ez zela nire emaztea etc., haren antzekoa izatea besterik ez zuela, itzuli egin zidan orduan eta nik aurrera egin nuen lehen bezala, baina hark nire atzetik segitzen zuen bere betiko garrasiekin: «Gosea! Gosea!» Beste bi milia inguruko bidea egin ondoren nire atzetik, Gosetuak hirugarren aldiz panpina eskatu eta eman egin nion nik, eskuan hartu eta hari hegira egon zen ordubete eta gehiagoan, gero hura nire emaztea zela esan eta irentsi egin zuen ustekabean. Egurrezko-panpina irensteak esan nahi zuen nire emazte, eskupeta, aihotz, arrautza eta trasteak irentsi zituela eta ezer ez zitzaidala geratzen, bakarrik nire jujua.
Egurrezko-panpina irentsi orduko nire ondotik alde egiten hasi zen garrasi egiteari utzi gabe: «Gosea!» Orain galdua nuen emaztea, eta nola berreskuratu behar nuen Gosetuaren estomagutik? Arrautza bat salbatzeagatik Gosetuaren estomaguan aurkitzen zen emaztea. Hantxe geratu nintzen Gosetuari begira nire ondotik urruntzen zen bitartean, urrundu eta urrundu ari zen eta azkenerako ia ezin nuen ikusi ere egin, orduan pentsatu nuen nire emazteak, sastrakatik HildakoenHiriraino lagundu zidanak, ez zuela atzera egin inolako sufrimenduren aurrean, beraz hala esan nion neure buruari, berak ez ninduela tankera hartan utzi izango eta nik ere ez nuela ametituko Gosetuak bera tankera hartan eraman zezan. Beraz atzetik abiatu nintzaion, eta bere parera heldutakoan esan nion botatzeko irentsi zuen egurrezko-panpina, baina berak ezezko borobila eman zion horri.
EMAZTEA ETA SENARRA GOSETUAREN ESTOMAGUAN
Hala esan nion neure buruari, nire emaztea haren eskuetan uztea baino nahiago nuela Gosetuarekin hiltzea, beraz ekin egin nion, baina gizakia ez zenez irentsi egin ninduen ni ere, eta garrasika segitzen zuen: «Gosea! Gosea!» bere barruan garraiatzen gintuela. Bere estomaguan nengoela, agindu bat eman nion nire jujuari eta egurrezko-panpina zena nire emazte, eskupeta, arrautza, aihotz eta pardel bihurtu zen segituan. Orduan eskupeta kargatu eta tiroa bota nion estomaguan, baina erori baino lehen beste yarda batzuk egin zituen, eta nik bigarren aldiz eskupeta kargatu eta tiroa bota nion berriz. Horren ondoren bere estomagua ebakitzen hasi nintzen aihotzarekin, gero atera egin ginen bere estomagutik trasteak etc. gurekin genituela. Horra, bada, nola libratu ginen Gosetuaz, baina ezingo nuke hemen izaki haren deskribaketa osoa egin, goizaldeko 4ak aldea zelako eta ordu horretan oso ilun zegoelako. Hala bada, bizirik eta onik alde egin genion eta eskerrak eman genizkion Jainkoari.
Gosetua utzi ondoren nire jaioterrirantz abiatu ginen ostera, baina sastrakaren barru-barruraino eraman gintuenez, ezin genuen Hildakoen errepiderainoko bidea aurkitu eta sastrakaren erdi-erditik gindoazen. 9 egunez ibili ondoren, jende nahastuko hiri batera iritsi ginen, eta Hiri-Nahastura ailegatzerako nire emaztea oso gaixo zegoenez, gizaki itxurako gizon baten etxera jo genuen eta berak ostatu eman zigun bere etxean, orduan ni emaztea zaintzen hasi nintzen hantxe bertan. Hiri-Nahastu honek bazuen bere tribunala eta ni beti batzarretara joaten nintzen auziak entzuteko. Baina halako batean ederki harritu nintzen, kasu bat epaitzeko eskatu baitzidaten, adiskide bati libra bat (£) utzi zion gizon batek auzia ipini zuela-eta.
Hona hemen istorioa: Bi adiskide ziren, bata mailegaria zen, jendeari dirua eskatzea beste zereginik ez zuen eta mailegatutako diruari esker bizi zen. Behin batez £1 hartu zion zorrean bere adiskideari. Handik urtebetera dirua utzi zion adiskideak £1 hura itzultzeko eskatu zion, baina mailegariak esan zuen ez zuela diru hura ordainduko eta gainera jaio zenez gero sekula ez zuela sosik ordaindu mailegatutako dirutik. Hori aditu zuenean, £1 utzi zion adiskideak ez zuen ezer esan, bere etxera itzuli zen bake-bakean. Egun batez, informazio bat heldu zitzaion mailegu-emaileari, kobratzaile bat bazela edozeini zorrak ordainarazteko sobera kemen bazuena. Orduan joan zen (mailegu-emailea) kobratzaileagana eta esan zion norbaitek £1 zor ziola urtebete lehenagotik, baina ez ziola itzuli nahi; hori aditu zuenean, kobratzailea mailegariaren etxera joan zen adiskidearekin. Kobratzaileari mailegariaren etxea erakutsi ondoren, bere etxera itzuli zen adiskidea.
Urtebete lehenago adiskide hari mailegatutako dirua eskatu zion kobratzaileak (mailegariari), eta zordunak (mailegariak) erantzun zuen berak ez zituela sekula bere zorrak ordaindu jaio zenez gero, orduan kobratzaileak esan zuen lan hartan hasi zenez gero sekula ez zela geratu zordun bati bere zorra ordainarazi gabe. Kobratzaileak esan zuen gainera zorrak ordainaraztea bere ogibidea zela eta horretatik bizi zela. Baina zordunak lion aditu zuenean, berak ere esan zuen zorrak zorretan uztea bere ogibidea zela eta horretatik bizi zela. Azkenean borrokan hasi ziren biak, baina su eta gar ari zirela, une hartantxe handik pasatzen zen gizon batek ikusi eta hurbildu egin zen; haien atzean geratu zen, handik begiratzeko, eta ez zituen apartatu borroka honetan interes bizia zuelako. Bi haiek ordubete osoa zeramatenean su eta gar borrokan, £1 ordaindu behar zuen zordunak poltsikotik labana bat atera eta sabelean sartu zuen, beraz erori eta hil egin zen hantxe bertan. Kobratzaileak zorduna hilda ikusi zuenean, bere golkoan pentsatu zuen sekula ez zela geratu zordun bati bere zorrak ordainarazi gabe lan hartan hasi zenez gero, eta orduan esan zuen (kobratzaileak) diru hura mundu honetan kobratu ezin bazion (zordunari), hortaz zeruan kobratuko ziola. Hala, berak ere (kobratzaileak) labana bat atera poltsikotik eta bere buruari sartu zion, eta erori eta hil egin zen hantxe bertan.
Albotik begiratzen zien gizonak oso interes bizia zeukanez borroka hartan, esan zuen borrokaren azkena ikusi nahi zuela, beraz gora salto egin, toki berera erori eta hil egin zen bera ere hartara zeruan borrokaren azkena ikusi ahal izateko. Hala bada, tribunalaren aurrean hemen aipatutako txostena aurkeztu zutenean, erruduna nor zen erabakitzeko eskatu zidaten, kobratzailea, zorduna, borrokaren lekuko izan zen gizona ala mailegu-emailea?
Hasieran ia-ia esan nion tribunalari lekukoa zela erruduna, zer arazo zuten galdetu eta apartatu egin behar zituelako, baina gogoratuz zorduna eta kobratzailea ogibidea zuten lanean ari zirela, ezinezkoa egin zitzaidan begira egon zen gizona errudun jotzea, eta kobratzailea ere ezin nuen errudun jo bere lanean ari zelako, eta zorduna ere ez bere ogibidearen alde borrokatzen zuelako. Baina tribunalekoek erruduna nor zen erabakitzeko esaten zidaten behin eta berriro. Auzia bi orduz hausnartu ondoren, nik, noski, urtebete eskatu nuen nire erabakia hartzeko, eta tribunalak bukatutzat eman zuen saioa egun hari zegokionez.
Urtebete eskatu ondoren nire erabakia hartzeko, etxera itzuli eta emaztea zaintzen hasi nintzen lehen bezala, baina epaitu gabe utzitako auziak lau hilabete zeramatzanean bere hartan, berriro tribunal aurrera hots egin zidaten beste auzi bat epai nezan, honako hau hain zuzen ere:
Gizon batek hiru emazte zituen, hiru emazte horiek maitasun handia zioten senarrari eta noranahi joaten zela atzetik segitzen zioten; senarrak ere asko maite zituen bere hiru emazteak. Egun batez gizon hau (senarra) oso urrutiko beste hiri batera abiatu zen, eta hiru emazteak atzetik joan zitzaizkion. Baina sasirik sasi zihoazela, gizon honek (senarrak) estropozo egin, ustekabean erori eta hil egin zen segituan. Hiru emazte horiek oso maitea zutenez, lehen emazteak esan zuen senarrarekin hil behar zuela, hortaz berarekin hil zen. Orain lehenengoaren ondotik zetorren emaztea eta azkena (hirugarrena) geratzen ziren. Orduan lehenengoaren ondotik, alegia senarrarekin hil zenaren ondotik zetorrenak hala esan zuen, ezagutzen zuela berak Azti bat inguru hartan bizi zena eta hildakoak piztera dedikatzen zena, esan zuen haren bila joango zela beren senarra eta lehen emaztea piztu zitzan eskatzeko. Orduan hirugarren emazteak esan zuen bera bi gorpuak zaintzen geratuko zela Aztia etorri baino lehen piztiek jan ez zitzaten. Hala, bi gorpuak zaintzen geratu zen bigarren emaztea Aztiarekin etorri artean. Ordubete baino lehen, bigarren emaztea han zen Aztiarekin, eta Aztiak senarra eta senarrarekin hildako lehen emaztea piztu zituen. Behin piztu eta gero, senarrak Aztiari eskerrik beroenak eman eta egin zuen lan miresgarriagatik zenbat nahi zuen galdetu zion, baina Aztiak esan zuen ez zuela dirurik nahi, baina asko estimatuko zuela hiru emazte haietatik bat ematen bazion. Senarrak hori aditu zuenean, berarekin hil zen lehen emaztea aukeratu zuen Aztiarentzat, baina hark (lehen emazteak) ezezko borobila eman zuen; horren ondoren bigarren emaztea (senarra eta lehen emaztea piztu zituen Aztiaren bila joan zena) eskaini zion Aztiari, baina honek ere ezetz esan zuen; orduan hirugarren emaztea aukeratu zuen, senarraren eta lehen emaztearen gorpuak zaintzen geratu zena, eta honek ere ezetz esan zuen. Ikusirik bere emazteek ez zutela Aztiarekin joan nahi, senarrak esan zion Aztiari hartzeko denak, baina senarrari hori aditu ziotenean hiru emazteak borrokan hasi ziren elkarren artean; zoritxarrez, une hartantxe polizia bat pasa zen handixek, denak atxilotu eta tribunalaren aurrera eraman zituen. Eta tribunaleko jende guztiak zera nahi zuen, nik aukeratzea Aztiarekin joan behar zuen emaztea. Baina nik ezin nuen emazte haien artetik bat aukeratu, bakoitzak senarrarekiko bere maitasuna erakutsi zuelako, lehenengoak senarrarekin hiltzea erabakiz, bigarrenak senarra eta lehen emaztea piztu zituen Aztiaren bila joanaz eta hirugarrenak berriz gorpuak piztiengandik babestuz hank eta bigarren emazteak Aztia ekarri arte. Beraz auzi hura epaitzeko ere urtebeteko epea eskatu nuen. Baina bi auzi horiek epaitzeko eguna heldu zenerako nire emaztea oso ederki zegoen eta Joan egin ginen hiri hartatik (Hiri-Nahastutik) eta nire jaioterrira heltzerako lau gutun baino gehiago neuzkan Hiri-Nahastuko jendeak bidalita, etxean aurkitu nituen gutun haiek, joateko bi auziak epaitzera, biak zintzilik edo nire zain segitzen zutela-eta.
Beraz asko estimatuko nuke liburu honen irakurleren batek auzi bat edo biak epaitu eta erabakia ahal bezain azkar bidaliko balit, Hiri-Nahastuko biztanle guztiak lehenbailehen bi auziak epaitzera joateko eskatzen ari baitzaizkit.
Hiri-Nahastua utzi ondoren, 15 egunetik gora pasa genituen ibili eta ibili eta gero mendi bat ikusi genuen, orduan gailurrera igo eta miliotik gora Menditar (nolabait esatearren) topatu genituen bertan.
GU ETA MENDITARRAK MENDI MISTERIOTSUAN
Mendi honen gailurrera ailegatzean, konta-ezin-ahala Menditar aurkitu genituen, gizaki itxurakoak baina gizaki ez zirenak, Mendi-Misteriotsu honen gailurra futbol zelai bat bezain laua zen eta kolore askotako argiek argitzen zuten eta saloi baten antzera apainduta zegoen, gainera Menditar horiek zirkulutan dantzatzen ari ziren topatu genituenean. Baina haien erdira ailegatu ginenean, utzi egin zioten dantza egiteari eta gu haien erdian geratu ginen handik oso urruti zegoen sastrakara begira. Menditar horiei beti dantzan ibiltzea gustatzen zitzaienez, beraiekin elkartzeko esan zioten nire emazteari, eta halaxe egin zuen berak.
MENDITARRAK IKUSTEA
EZ ZEN ARRISKUTSUA
BAINA HAIEKIN DANTZA EGITEA
ARRISKURIK LATZENA ZEN
Oso gustura zeuden nire emaztea beraiekin dantzan ari zelako, baina nire emaztea nekatuta sentitu zenean, izaki horiek ez zeuden nekatuta. Nire emaztea gelditu egin zen, baina haiek hori ikusi zutenean, zeharo amorrarazi eta beraiekin dantzan segitzera behartu zuten. Orduan bera dantzan hasi zen berriro, baina besteak baino lehen nekatu eta gelditu egin zen lehen bezala, orduan besteak etorri eta hala esan zioten, dantzan segitu behar zuela harik eta beraiek libre utzi urte. Emaztea dantzan hasi zen berriro, baina ikusi nuenean leher eginda zegoela eta izaki horiek ez zirela inolaz ere gelditzen, orduan beragana joan eta esan nion: «Goazen», baina nire atzetik zetorrela, izaki horiek amorrarazi egin ziren nirekin. Dantzara eraman nahi zuten derrigorrez. Orduan berriro ere nire jujuaz baliatu eta nire emaztea egurrezko panpina bihurtu zen lehengo moduan, poltsikoan sartu nuen eta haiek ez zuten gehiago ikusi.
Baina haien aurretik ezkutatu zenean esan zidaten aurkitu egin behar nuela segituan eta amorrarazi egin ziren, orduan ni korrika hasi nintzen bizia salbatzearren, haiei aurre egitea ezinezkoa baitzitzaidan erabat. Ihesi nindoala, 300 yarda egin baino lehen harrapatu eta inguratu egin ninduen talde osoak; baina nik, noski, haiek nire pertsonari ezer egiterik izan baino lehen, harri txapal baten itxura hartu eta neure burua aurreraka botatzen hasi nintzen nire jaioterrirako bidetik.
Baina harri-txapal nintzela ere Menditar horiek nire atzetik segitzen zuten ni harrapatzeko eginahal guztian; hala eta guzti, posible izan nuen nire hirirako errepidea mozten zuen errekaraino ailegatzea haiek harrapatu gabean, eta erreka hura nire hiritik hurbil zegoen. Baina errekara ailegatzerako, leher eginda nengoen eta ia bi puskatan hautsita, harri gogorragoak jotzeagatik neure burua botatzerakoan, eta errekara ailegatu nintzenean juxtu-juxtu ez ninduten harrapatu. Baina inolako berriketarik gabe, errekaren bestaldera bota nuen neure burua, eta lurreratzerako gizon baten itxura hartuta nengoen, eta nire emazte, eskupeta, arrautza, aihotz eta trasteek ere lehengo itxura hartua zuten. Lurreratu orduko agur esan genien Menditarrei eta nola urruntzen ginen begira geratu zitzaizkigun, ez zutelako inolaz ere erreka zeharkatu behar. Horra, bada, nola libratu ginen Menditar haietaz. Erreka hartatik nire jaioterriraino minutu batzuk besterik ez zeuden. Orduan nire aitaren hirian sartu ginen, eta handik aurrera ez genuen beste okerrik edo izaki gaiztorik ezagutu.
Goizean goizeko 7ak zirenean, nire hirira ailegatu eta nire etxera sartu ginen, baina etxean nintzela jakin orduko, hiriko guztiak agurtzera etorri zitzaizkigun arrapaladan. Hala bada, bizirik eta onik ailegatu ginen biok nire hirira eta nire gurasoak ere bizirik eta onik aurkitu nituen, eta ondo zeuden nire aspaldiko adiskide guztiak ere, nire etxera etorri ohi zirenak nirekin palma-ardoa edatera nik hiria utzi baino lehen.
Horren ondoren, palma-ardoz betetako 200 kupeltxo ekarrarazi eta nire aspaldiko adiskideekin edan nituen hiritik joan baino lehen bezala. Nire etxera ailegatu eta segituan, nire gelara sartu, nire kutxa ireki eta bertan gorde nuen nire ardo-mutilak Hildakoen-Hirian eman zidan arrautza. Eta hala, pasa genituen froga eta neke guztiek eta hainbat eta hainbat urtetako bidaiak arrautza bat besterik ez zuten ekarri, hau da, arrautza soil bat izan zuten emaitza.
Etxera itzuli ondorengo hirugarren egunean, emaztea eta biok bere aitaren hirira joan ginen eta egoera onean aurkitu genituen haiek ere, gero itzuli egin ginen han hiru egun pasa ondoren. Horra, bada, palma-ardoa edanda mozkortzen zen gizonaren eta bere ardo-mutil zenaren istorioa.
Nire jaioterrira ailegatzerakoan, gosete handia zegoen (GOSETEA), milioika zahar eta konta-ezin-ahala nagusi eta ume hil zituena, guraso asko beren umeak hiltzera ere iristen ziren haiek janda beren burua salbatzearren, etxeko abereak, muskerrak etc. jan ostean. Landare eta zuhaitz eta erreka guztiak lehortuta zeuden euri ezagatik, eta jendea jateko ezer ez zuela zegoen.
ZERGATIK GOSETEA?
Lehenagoko denboretan, Lurra eta Zerua adiskide minak ziren, gizakiak ere antzina adiskide izan ziren bezala. Egun batez, Zeru jaitsi zen zerutik bere adiskide Lurrengana eta hala esan zion, sastrakara joan behar zutela sastrakako animaliak harrapatzera; Lur konforme etorri zen Zeruk esandakoarekin. Eta hala sastrakara joan ziren beren arku eta geziekin. Behin sastrakara ailegatu eta gero, ehizean ibili ziren goizean goizetik eguerdira arte, baina ezer ez zuten hil sastraka hartan, orduan sastraka hura utzi eta, zelai handi batera joanda, ehizean segitu zuten arratsaldeko 5ak arte, baina han ere ez zuten ezer hil. Orduan toki hura ere utzi eta baso batera joan ziren, 7ak baziren sagu bat aurkitu zutenerako eta beste baten bila hasi ziren bana izateagatik, hil zutena txikiegia baitzen erdibanatzeko, baina ez zuten beste ezer hiltzerik izan. Horren ondoren hil zutenarekin toki jakin batera itzuli eta nola erdibanatuko ote zuten pentsatzen hasi ziren. Baina sagu hau bitan banatzeko txikiegia zenez eta bi adiskide horiek jale handiak zirenez, Lurrek esan zuen berak hartuko zuela eta Zeruk esan zuen berak hartuko zuela.
NORENTZAT IZANGO DA SAGUA?
Baina norentzat izango zen sagua? Lurrek ez zuen inolaz ere nahi Zeruk har zezan eta Zeruk ez zuen inolaz ere nahi Lurrek eraman zezan, eta Lurrek esan zuen bera zaharragoa zela Zeru baino eta Zeruk ere gauza bera esan zuen, eta hala, orduak eta orduak pasa ondoren eztabaidan, biak haserretu eta joan egin ziren sagua bertan utzita. Zeru zerura itzuli zen, bere etxera, eta Lur ere bere etxera itzuli zen, alegia lurrera.
Baina zerura ailegatu zenean, Zeruk galerazi egin zion euriari lur gainera erortzea, ihintzik ere ez zuen gehiago lurrera bidali, lurrean ihartu egin zen dena eta munduko jendea jateko ezer ez zuela geratu zen, beraz izaki bizidunak eta bizigabeak hiltzen hasi ziren.
ARRAUTZA BATEK MUNDU OSOA ELIKATU ZUEN
Nire hirira heldu nintzenean gosete handia zegoenez, nire gelara joan, katilu batean ura jarri eta arrautza barruan sartu nuen, gero arrautzari agindu nion sortzeko zer jana eta zer edana nire emazte, nire guraso eta neuretzat, eta segundo bat baino lehen mota guztietako jaki eta edariz beteta ikusi nuen gela, beraz bapo egin arte jan eta edan genuen. Horren ondoren, nire aspaldiko adiskide guztiak ekarrarazi eta sobratutako jakiak eta edariak eman nizkien, horren ondoren dantzan ibili ginen denok eta haiek gehiagoren eske hasi zirenean, nik arrautzari berriro agindua eman eta berak kupeltxo asko sortu zituen, eta edan egin genituen; horren ondoren nire adiskideek galdetu zidaten ea nola konpontzen nintzen gauza horiek lortzeko. Esan zuten 6 urtez ez zutela batere urik edo palma-ardorik probatu, orduan nik esan nien palma-ardoa etc. Hildakoen-Hiritik ekarri nituela.
Gau aurreratua zen etxeratu zirenerako. Baina ni ederki harrituz, goizean ohetik jaiki gabe nengoela han nituen berriro eta esnatu egin ninduten, bezperan baino gehiago ziren %60 batean, eta beraz, tankera hartan ikusi nituenean, nire arrautza gordetzen nuen gelara sartu eta kutxa ireki nuen, urarekin katiluan jarri eta betiko agindua eman nion, orduan berak zer jana eta zer edana sortu zuen denentzat (adiskideentzat) etc. eta denak saloian utzi eta alde egin egin nuen, ez baitziren behar zen orduan etorri. Arrautza miresgarriaren berria hiriz hiri eta herriz herri zabaltzen ari zen orain. Goiz batez ohetik jaiki nintzenean kosta egin zitzaidan nire etxeko atea irekitzea, ze herri eta hiri askotako jendea hantxe baitzegoen jan bila etorrita, gehiegi ziren kontatuak izateko ere eta 9etarako nire hirian ez zegoen tokirik kanpotar gehiagorentzat. Beraz, hamarrak zirenean eta jende guzti hau bake-bakean eserita zegoela, ohizko agindua eman nion arrautzari eta berak segituan zer jana eta zer edana sortu zuen jende guzti honentzat, eta hala urtebetean jan gabe egondako guztiek bapo egin arte jateko eta edateko aukera izan zuten, gero gainerako jakiak etc. beren hiri edo etxeetara eraman zituzten. Baina denak joan zirenean aldi baterako, arrautzari agindu nion sortzeko diru pila bat eta segituan sortu zuen, orduan gorde egin nuen nire gelako toki batean. Jende guzti honek bazekienez nire etxera etorriz gero nahi zuten guztia jango eta edango zutela, artean gauerdiko ordu biak ez zirela berebiziko jendeak hasi ziren ailegatzen nire etxera herri eta hiri askotatik eta umeak eta zaharrak ere beraiekin zekartzaten. Errege guztiak eta beren guardiak ere etorri ziren. Lo egitea ezinezkoa egin zitzaidanean ateratzen zuten hotsagatik, ohetik jaiki eta atea irekitzekoa egin nuen, baina haiek indarrean barrura sartu eta atea hondatu zuten. Eginahalak egin nituen kanporantz bultzatzeko, baina alferrik; orduan esan nien ez zela ezer zerbitzatuko non eta kanpora ateratzen ez ziren, eta hori aditu ondoren kanpora atera eta etxe aurrean itxoin zuten. Gero ni neu ere kanpora atera nintzen, eta arrautzari agindu nion eskaintzeko jende hari zer jana eta zer edana. Ordurako gero eta gehiago ziren hiri edo toki ezezagun askotatik etorritakoak, baina okerrena zen behin etorriz gero ez zirela beren hirietara itzultzen, hortaz nik ez neukan lo egiteko edo atseden hartzeko aukerarik, arrautzari aginduak ematen aritu beharra neukan gau eta egun, baina ikusi nuenean arrautza nire gelan edukitzeak lan handia ematen zidala, orduan katiluarekin batera kanpoan jarri nuen, jende guzti honen erdian.
BIZIMODU PATXADATSUA ETXEAN
Nire hiriko gizonik handiena bihurtuta nengoen eta arrautzari aginduak ematea beste lanik ez nuen egiten, zer jana eta zer edana sor zitzan. Egun batez, jende honi munduko jan eta edaririk onenak eskaintzeko agindu nion arrautzari, bai berak segituan eskaini ere, baina jan-edanaz bapo egin ondoren, jende guzti hau jostaketan eta elkarren artean borrokan hasi zen, azkenean, nahi gabe, arrautza puskatu arte, arrautza eta katilua, bi puska eginda geratu zen arrautza. Orduan nik erantsi egin nuen kola emanda. Jendeak hala ere bertan segitzen zuen, baina orain jostaketak etc. utziak zituzten, penatuta zeuden puskatutako arrautzagatik, eta, noski, berriro gosetu zirenean, jana etc. eskatzen hasi ziren betiko moduan. Orduan nik arrautza atera eta betiko agindua eman nion, baina oraingoan ezin izan zuen ezer sortu, hiru aldiz eman nion agindua jendearen aurrean baina ezer ez zuen sortu. Jende honek lau egun pasa zituen itxoiten ezer jan edo edan gabe, ondoren beren etxeetara etc. itzultzen hasi ziren banan-banan, baina abiatzerakoan iraindu egiten ninduten.
ORDAINDU ZOR DIDAZUNA ETA BOTA JAN DUZUNA
Jende hau jatorrizko tokira itzuli ondoren, inor ez zen lehen bezala nire etxera etortzen, eta nire adiskideek ere utzi egin zioten etortzeari, gainera, kanpoan ikusi eta agurtzen nituenean, ez zidaten erantzun ere egiten. Baina niri ez zitzaidan horregatik axola nire gelan diru pila bat neukalako. Baina arrautza puskatu zenean zakarretara bota ez nuenez, egun batez nire gelara joan eta erantsi egin nuen berriro oso kontuz, gero agindua eman nion, beharbada lehen bezala jana sortuko zuelakoan. Eta ni ederki harrituz, larruzko latigoak sortu zituen milioika, baina sortzen zuena ikusi nuenarekin batera beste agindu bat eman nion atzera latigo guztiak har zitzan, eta segituan hartu zituen. Handik egun batzuetara, erregeagana joan eta zera esan nion, kanpai-joleei esateko kanpaiak jo behar zituztela hiri eta herri guztietan denek jakin zezaten etor zitezkeela lehen bezala nire etxera jatera etc., nire ardo-mutilak, aurreneko arrautza miresgarria eman zidanak, beste arrautza bat bidali zidalako Hildakoen-Hiritik, puskatutakoa baino boteretsuagoa zena.
Hori aditu zutenean, etorri egin ziren denak, eta ikusi nuenean inor ez zela atzean geratu, arrautza jendearen erdian jarri nuen, horren ondoren esan nion nire adiskide bati emateko agindua ahal zuen guztia sor zezan beraientzat, orduan nire etxean sartu nintzen eta leiho eta ate guztiak itxi nituen. Ahal zuen guztia sortzeko agindu ziotenean, arrautzak milioika latigo sortzea besterik ez zuen egin, segituan jende guztiari joka hasi zirenak, beraz beren ume eta zaharrekin etorri zirenak ez ziren gogoratu haiek hartzeaz ihes egiterakoan. Erregearen guardia guztiei jipoi latza eman zieten latigo horiek, eta errege guztiei ere bai. Asko eta asko sastrakan barruratu ziren korrika eta beste asko eta asko hantxe bertan hil ziren, batez ere zaharrak eta umeak, eta nire adiskide asko ere hil egin ziren, eta beste gainerakoei nekeza egin zitzaien etxerako bidea aurkitzea, eta handik ordubetera inor ez zen ageri nire etxe aurrean.
Latigo horiek ikusi zutenean jende guztia joan egin zela, orduan denak (latigoak) toki batean elkartu eta arrautza bat osatu zuten lehen bezala, eta ni ederki harrituz, ezkutatu egin zen segituan. Baina artean gosete handia arazo larria zen hiriko auzo guztietan, eta hala, ikusirik jende zahar asko hiltzen zela egunero, geratzen ziren zaharrei hots egin eta gosetea nola geldiarazi genezakeen esan nien. Horrela geldiarazi genuen gosetea: Sakrifizio bat egin genuen bi hegazti, 6 kola-intxaur, botila bat palma-olio eta 6 kola-intxaur garratzekin. Hegaztiak hil eta lapiko hautsi batean sartu genituen, horren ondoren kola-intxaurrak gehitu eta olioa bota genuen lapikora. Sakrifizio hau Zeruri eraman behar zioten zerura.
BAINA NORK ERAMAN ZERURI SAKRIFIZIOA ZERURA?
Aurrena erregearen guardia bat aukeratu genuen, baina honek esan zuen ez zela joango, orduan hiriko gizonik txiroenetako bat aukeratu genuen eta berak ere ezetz esan zuen, azkenean erregearen esklabu bat aukeratu genuen, eta berak eraman zuen sakrifizioa zerura Lur baino lehenagokoa zen Zerurentzat, eta Zeruk pozik hartu zuen sakrifizioa. Sakrifizioak esan nahi zuen Lurrek amore ematen zuela, Zeru baino gazteagoa zela. Baina sakrifizioa eman ondoren Zeruri, eta lurrera itzultzeko bidearen erdia egin baino lehen (esklabuak), euria hasi zuen latz eta euri latz honek jo egiten zuen esklabua, eta hirira ailegatu zenean ihes egin nahi zion euriari, baina inork ez zion inolaz ere bere etxean sartzen uzten. Zera pentsatzen baitzuen jendeak, hark (esklabuak) Zerurengana eramango zituela lehen sakrifizioa eraman zuen bezala, eta horren beldur ziren.
Baina hiru hilabetez euria neurrian egin zuenez, ez zen gehiago goseterik izan.
© Amos Tutuola
© itzulpenarena: Maria Garikano