HITZAURREA

 

        Amos Tutuola Abeokutan jaio zen, Nigerian, 1920garren urtean. Yoruba zen, guraso nekazarien semea. Eskola oso gazterik utzi eta errementari lanetan hasi zen. Geroago ordenantza izan zen Ejerzito Britaniarrean eta almazen-zaindari Ibadango Irrati nigeriarrean. Bere aurreneko obra The Wild Hunter in the Bush of the Ghosts izan zen. Liburu hori bukatu zuenean Ingalaterrako argitaletxe batera bidali omen zuen ohar bitxi batekin gainera: egilea bere obra hartan azaltzen ziren fantasma guztien fotografiak bidaltzera eskaintzen zen. Noski, argitaletxekoek ez zuten eskaintza hura bertan behera utzi. Baina, zoritxarrez, Nigeriatik heldu zitzaien hurrengo eskutitzaren barruan agindutakoaren ordez fantasmen marrazkien fotografiak aurkitu zituzten. Argitaletxekoek, dezepzioagatik beharbada, ez zuten liburua argitaratu.

        1948an gertatu zen hori. Baina Tutuolak idazten jarraitu zuen. Plazaratu zen bere lehen obra The Palm-Wine Drinkard izan zen (1952), euskal itzulpenean Mozkor bat Sasirik-Sasi. Faber and Faber argitaletxeak atera zuen Ingalaterran, eta berebiziko arrakasta izan zuen, batik bat Dylan Thomas poetak The Observer egunkarian egindako erreseina laudoriotsuari esker. Estatu Batuetako edizioak ere oso harrera ona izan zuen. Raymond Queneauk frantsesera itzuli zuen, eta luze gabe Europako hizkuntza gehienetan argitaratu zen.

        Azken bi edo hiru hamarkadetan dexente izan dira bere herriko mugak gainditu dituzten idazle afrikarrak. Tutuola, ordea, aitzindari izan zen, zeren bere Mozkor bat Sasirik-Sasi honi esker eman baitzen ezagutzera aurreneko aldiz literatur afrikarra nazioartean.

 

 

        Itzultzailearen oharra:

        Amos Tutuolak ez zuen bere ama-hizkuntzan idatzi, baizik eta ingelesez, ondo menderatzen ez zuen hizkuntza batean. Bere kontaketan ugari dira inkongruentziak, konkordantzia arazoak, erredundantziak eta abar. Zuzentzeko tentazioari amore eman gabe, jatorrizko testuari lotzen saiatu naiz ahal nuen neurrian.

 

 

© Maria Garikano

 


www.susa-literatura.eus