CRUCHETTE
W. -G-C-. Byvanck-i
Ba al duk ur pixko bat zuloan oraindio, laguntxu? Hiltzen ari nauk... erran zuen Jambe-de-lainek (artilezko hanka, euskaraz).
Tanto bat ere ez erantzun zuen Silok; Cruchette jinen duk baina.
Eguzki goriak odoletan jartzen zituen begiak, hainbertze eze gorri ziruditen hango legar eta harri kozkorrek. Eihartua zegoen txilardia eta belar kiskaliaren gainean erortzen ziren txilinbelar urdinak. Zumeldi bat ageri zen landaren hondarrean eta freskotasuna barreatzen bide zuen handik txorien txorrotxioak. Harrizko montoien artean, beroak leher eginda, harriak lazoki zartatzen ari ziren Silo eta Jambe-de-laine beren berunezko mazuekin.
Bo, Petite-jambe erran zuen Silok, «Le joyeux» izan bahintz zerraldo utziko hindudan bidean edo zulo baten barruan. Kemena!, Tropa erreplegatzera zihoak; esnea iduri ditek hire besoek, gaizo gizonttoa. Kaso emak montoi hortan jo behar diat eta.
Gaizki niagok erran zuen Jambe-de-lainek poxi bat altxatuz bere aurpegi zurbila.
Soldado ihardetsi zion Silok, hil behar al haiz harriz betetako landa batetan? Hortxe duk Cruchette; ez duk desertorerik eta garbi ziagok dena urrea bezala; edaten ahalko diagu azkenekotz!
Neska beltxaran baten aurpegi beldurtia agertu zen legar eta harri kozkorren montoien atzetik; inguruari behatu, masailak garbitu eta kantaro bat eraman zuen Silok eta Jambe-de-lainek lanean ziharduten montoiaren itzalpera.
Cruchette, Cruchette erran zuen Silok, eri duzu ene laguna. Emaiozu tragu bat ur freskoa; mutiko ona da eta triste dago. Uzten zaituztet nik; sarjentoa jinez gero ezpondan gorde zaitezte; mazuaren giderra konpontzera noa ni.
Herabe joan zen Cruchette harrien arteraino. Naharoki edan zuen Jambe-de-lainek brusa kantaro gainean ezarririk; begietan begiratu zion gero neskatilari: «Horixe duzu dena?», erran zuen.
Nahi duzuna erantzun zuen Cruchettek.
Ez zituzten asko begiratzen. Ordu batetik bertzera azaltzen ziren sarjentoek baitzekiten harria xehatzeko lana nahiago zutela gaztigu-pelotoina baino gartzelarekin gaztigatutako gizonek. Goizeko deialditik arratsekoa artainokoan erabiltzen zuten berunezko mazua txapela begietaraino sartuta, eta gauaz itzultzen ziren presondegira. Afrikan lana egina zen Silo eta beti errebolberraren mehatxu pean egoten zaren Ian-taldeak ezagutzen zituen. Aurpegia hezurtsu eta beltzatua zuen, beso eta zango luzeak eta begi basa-beldurgarriak. Inork ere ez zekien nondik zetorren Jambe-de-laine. Indarge, nagi eta kobardea zen. Baina irripar xamurra zuen, xarmaz betea begirakunea eta ajolakabe ibiltzea.
Bi anaia bezala adiskide min egin ziren Silo eta Jambe-de-laine. Zaharrak, eguzkiaren herrialdean zuloak egiten izerdi eginda bait zegoen, ardura handi bat erakusten zuen gaztearenganako. Lana bi aldiz handiagoa egiten zuen komunzki Jambe-de-laineren harriak xehatuz. Cruchette zeritzana agertzen zelarik, eguerdi aldera, «kuskuilurik ez zuen anaia ttipiaganaino» laguntzen zion Silok.
Hementxe duk Cruchette erraten zuen, eta albotik ttu egiten jarraitzen zuen. Hamen daukak edatekoa, txo. Ez egon kopetilun, ia!
Nondik etorria ote zen Cruchette? Sugar baten inguruka hegan egiten duen tximeleta baten antzo ibiltzen zen harat-hunat presoen artean kantaroko neska [1]. Edatekoa eta ahoa eskaintzen zizkien; hitz guti-guti egiten zuen eta nigarrez hasten zen gazteenekin. Gisatsak izaten zituen batzutan ileen artean, baita eskuak lurraz zikinduak eta bularrak belarrez lurrinduak. Bere masailak gorri nabaritzen baldin bazituen kantaroko sabel ilunean pausatzen ohi zituen xuritzeko. Bere sorterria eta bere landa harrizuak bide zituen zinez maite.
Cruchette erran zion Jambe-de-lainek ezpondan etzinda eta esku bat buru pean zuela, hau ez da bizia. Berrogei egun geratzen zaizkit oraindio. Hemendik alde egin daigun nahi al duzu?
Begiak zabal-zabalik so egin zion Cruchettek.
Bai jarraitu zuen Jambe-de-lainek, Silogaz berba eginda nago dagoeneko hontaz. Gertu dugu itsasoa eta badaki berak hara joaten. Kala bat bada hortik hurbil. Txalupa bat laxatuko dugu. Ingalaterrarat joanen gara. Aurkituko dugu han non eta zertan lana egin, kaietan. Lanpidea ikasiko dut. Indietaraino, non-eta gizonak kobre kolorekoak baitira, joaten ahalko gara gero. Xantza baldin badugu urregorriz beteta dauden hango mendietarat joanen gara eta nahi dugun guzia eginen dugu.
Burua higitu zuen Cruchettek. Bi ttantta garden jausi jakozan masailetatik barrena. Ilea laztandu zion Jambe-de-lainek. «Utz nazazu nigar egiten erran zuen neskatilak, lagunduko dit eta horrek. Zelan gura ote duzu joan nadin? Oinutsik nago. Itsasuntzi guzietatik botako naute. Nik ez dakit Indiak zer diren; ene lore horiak eta harritan lan egiten duen eta edaten ematen diedan gizonak maite ditut hemen. Baina, zuk joan behar ete duzu, ene laguntxua?».
Bizkarra jaso zuen Jambe-de-lainek.
Joaten ari zen bero gehienaren tenorea. Sarjentoa zetorrela iragartzeko txistu egin zuen Silok eztiki. Kokoriko jarririk, mazua altxatu eta erortzen utzi zuten biek harri harrabots handirekin. Luzatu ziren gero itzalak. Bozak aditu ziren. Gizonak beren brusa handiekin altxatu ziren manu-tokian eta lerroka joan ziren beren berunezko mazuak eskoadroiaren buruzagiaren oinetan uztera. Launako kolumnan formatu ziren gero koartelera itzultzeko. Ez zen listarik pasatu soldadoak presondegian, non-eta katiluak beteta aulkitxoetan paratuta baitzeuden, sartu aurrenetik. Baina arratsean, sala baldosatuetan kapitaina linterna eskuan presoak kontatzen hasi zenean, bi gizon falta zituen: Jambe-de-laine eta Silo.
Harrian azpian gorde zituzten brusa eta txapelak. Buruhas eta alkondara zabalik, itsasorat eramaten duen bidearen ertzetik zihoazten aurrerat. Gaueko haize leuna zebilen. Astiroago zihoan Jambe-de-laine.
Goazemak erran zuen Silok, ez hago gero gartzelan, mutikoa; lumak dizkiat hanketan, gauaz began egiten duten hontzuriak bezala.
Kresal haizea zen. Ez zuten hitz gehiagorik egin beren bortzegiek lur idorra karraskarazten zuten bitartean. Haien gibeletik iluntzen ziren hesiak, lanbroaz zurituak. Hegalak, artean apur bat gorrituak eguzkiaz, itzulika zituzten haizerrota ilunak ageri ziren hodeiertzean.
Eta Cruchette? erran zuen Silok bet-betan. Tira! Indietan aurkituko dizkiagu begi eztitako Cruchetteak, zernahi. Baina motel, ez hago gero desgrazian jadeneko eta biendako izan beharko ditek.
Ez zuen arraposturik eman Jambe-de-lainek. Unatua zatekeen. Grisa jausten zen landa itsaso alderat; uhainak hausten ari aditzen ziren. Errondako bidetik eraman zuen Silok bere laguna kala ttikiraino non-eta txalupa bat zegoen arraunak barruan eta harean sartuta. Hara hurbildu zirelarik, emakume boz bat jalgi zen txalupa barrutik:
Zuekin noa erran zien nigar artean irri eginaz. Cruchette! erran zuen Jambe-de-lainek. Gurekin zetorrek!
Cruchette etorri duk!
Enetakoa duk, motel erran zuen Silok boz sakonarekin. Enetakoa duk, agure oihu egin zuen Jambe-de-lainek. Adi zak hi, hemen ez gaituk harri artean.
Nahi duana egiten duk hemen eta hik baino gehiago behar diat nik.
Cruchette erran zuen Silok.
Cruchette erran zuen Jambe-de-lainek.
Bien artean jarri nahi izan zuen neskak lasterka; bada bi gizonek, elkarren aurrean, txalupa eta ilkitzen ari zen hilargiaren argitara daldar zebiltzan uhainetatik hurbil, euren labaina zuriak erkin baitzituzten.
[1] Hitz jokoa da hau: frantsesez CRUCHE (kantaro)
hitzaren diminutiboa da Cruchette (I.O.).