LOAK HARTURIKAKO HIRIA
Leon Daudet-i
«Zurezko azaletako liburu luzanga batetan ediren ziren paia hauk; zurian zeuden paiarik gehienak. Bi femur, burhezur batez koroatuak eta itsuski grabatuak ageri ziren lehenbiziko paian; anarterakoan ikertu gabe zegoen basamortu batetako hareetarik ilkitzen zen liburua».
* * *
Gora eta goibel ageri zen itsasertza hazkorriaren argi urdinberatzaren pean. Lehorreratzeko manua eman zuen pabiloi beltzeko kapitainak. Itsasorratzak nola hautsi ziren azkeneko ekaitzaldian, ez ginakien non ginauden ez eta zein zen gure begien aurrean zabaltzen zen lurraldea ere. Hain berdea zen itsasoa non eta sinetsi ere sinets genezakeen enkantamendu baten poderioz agertu berria zatekeela uraren erditik. Baina kezkatu egiten gintuen itsaserroitze ilun haren biziak; gauaz tarota bota zutenak eta euren sorterriko landarearekin horditu zirenak, untzian emakumerik ez zegoelako mutu zirenak, filibusteroen plantxa leizearen gainetik iragaitean lotsaz erotuak, gure untzikide guziak, beltz zein hori, zuri zein gorri, denak ginauden beha leihor berriari karel planuetan pausatuak eta daldaraz zebiltzan begiekin.
Herrialde guzietakoak ziren, kolore guzietakoak, mintzaira guzietakoak; antzerako jesturik ere ez zuten egiten, eta grina igoaltsu batek eta denen artean eginikako aunitz erailtzek baizik ez ziren elkartuak. Makina bat itsasuntzi zituzten itsas-hondora igorriak, aunitz karel gorriztatu euren haizkoretako aho odolduagaz, sotoak leherrarazi euren balankekin, isilean itoarazi euren hamaketan etzinikako gizonak, galeoiak asaltatu alarau itzel batekin eta ekintzarako elkartuak ziren; uharte ttiki eta flotante batean bizi den pizti gaizto eta kontrastetako kolonia bat iduri zuten, batak bertzeekin ohituak, kontzientzi-izpirik gabekoak, pertsona bakar baten begiak gidaturikako instinto jeneral batekin.
Ekin egiten zuten beti eta sekula ere ez pentsatu. Euren jendeketa propioaren barruan bizi ziren gau eta egun. Isiltasunik batere ez zen untzian, baina etengabeko eta harrigarrizko harrabots bat. Zalantza izpirik gabe, ezin eta txarragoa izango zitzaien isiltasuna. Aro txarra egiten zuenean uhainen aurkako borroka bazuten; itsaso ezti zelarik, mozkorraldi ozenak eta kantu nahasiak; eta gudukaren azantza untzi batekin gurutzatzen ziren guztietan.
Bazekien hau guzia pabiloi beltzeko kapitainak eta berak bakarrik konprenitzen zuen; bera ere ezin bizi zitekeen harrabots hori gabe, eta hain lotsa haundia zion isiltasunari eze, gaueko minutu bare-trankiletan ere, bere hamakakidearen tunika luzeari heltzen baitzion giza-boz baten soinu artikulatuaren entzun ahal izateko.
Zurbiltzen hasiak ziren bertze hemisferioaren konstelazioak. Eguzki gori-gori batek zilatu zuen zeruaren eremu gaitza urdin bete beteaz ageri baitzen orai. Aingura bota zuten itsasoko burkideek eta erroitzean idekitako kala baten alderat bultzatu zituzten txalupak.
Iraganbide harkaitsu bat zabaltzen zen han. Hain mazela zutgorak zituen eze aidean juntatzen zirela iduri baitzuten, baina halako lurpeko freskotasun bat senditu beharrean, bero aparta batek zapalduak aurkitu ziren kapitaina ete bere lagunak; hain fite idortzen ziren hareatik sartzen ziren itsas-uraren errekastoak eze, hondartza guzia ari baitzen zartaka iraganbideko zolua halaxe.
Landa lau eta elkor batetan, hodeiertzean kiribilkatua, bururatzen zen beste harkaitsu hura. Geruza batzu landare grisetakoak hazten ziren labarreko mazelan; animalia ttiki-ttikiak baziren, ilunak, borobil edo luzangak, gasa gardenezko hegal finak edo hanka gora artikulatuekin, hosto ilezuen inguruka ibili edo-ta lurra ikararazten zutenak zenbait puntutan.
Itsasoaren bizi higigarria eta harearen daldara galduak zituen bizirik gabeko naturalezak; itsas-erroitzearen hesiarekin egiten zuen topo itsas-haizeak; arrokei itsasita aurkitzen bide ziren landareak eta animalia ilunak narrazkariak zein hegaldunak, banda estu batetan, ez baitzen mugimendurik batera handik kanpo, egoten ziren.
Pabiloi beltzeko kapitainak sinetsi ez balu, non zeuden ez jakinagatik, eze itsasorratzaren azken seinaleek untzia Urrezko Herrialderat zeramatela, hantxe nahi baitzuten Itsasoko Kamaradek lehorreratzea, ez zukeen urrunagorat eramoko abenturea eta izitu eta handik uxatuko zuen lurralde haietako isiltasunak.
Baina itsasertz hura Urrezko Herrialdeko itsas-hegia zela pentsatu zuen eta bihotzean desir desberdinak iratzarri zizkieten ele hunkigarriak erran zituen untzikideei. Burua apal, hango baretasunagatik sofritzen ari ibili ginen, leheneko bizi nahasiaren izigarrikeriak agertzen baitzaizkigun begien aurrera.
Urrezko harea dirdiragarrizko murraila bat ediren genuen ordokiaren hondarrean. Oihu bat ilki zen Itsasoko Kamaraden ezpain idortuetarik, bat-bateko oihu gogor bat berehala hil zena aidean itoa bezala, zeren-eta isiltasuna are handiago egiten zela zirudien, herrialde hartan inongo oihartzunik ez zelakotz.
Nola kapitainak pentsatu baitzuen urredun lurralde hau aberatsagoa izanen zela hareazko pentokez bertzaldean, lan eta neke haundirekin igan zituzten itsas-kideok; iheska zebilen lurzolua gure pausoen azpitik.
Harrialdura berezi bat hartu genuen bertzaldera arribatuta; hiri baten harresiaren gogorgarria zen hareazko murraila hori; eskailera erraldoi batzu, errondako bideraino jausten zirenak, ageri ziren kanpo aldetik.
Inolako bizi-zantzurik ez zen ilkitzen hiri haren bihotzetik. Marmolezko baldosen gainetik gindabiltzala, gure pausoek soinu egin eta berehalaxen itzaltzen zen beraien hotsa. Ez zegoen hilik hiria, beteak baitziren bere karrikak orgaz, gizonez eta aberez: okin zurbilak ogi biribilak zeramatzatela, buru gainean idi saihetsalde gorriak zeuzkaten harakinak, buztinginak adreilu dixtirant lerroak elkarrekin gurutzatuak ageri ziren orgen gainerat makurtuak, arrain-saltzaileak beren otarreekin, okel gazituak saltzen zituztenak beren tuniken hegalak tolestuta eta buru gainean paraturiko lastozko kapeluekin, esklabo soinkariak metalezko loredun ehunez jauntzitako literen azpian belaunikaturik, mandatu-mutilak alfer, begiak estaltzen zizkien eriaz tolesturea apartatzen zebiltzan emakume belatuak, zaldi asaldatuak edo ilunkiro tiratzen ari zirenak kate astunekin aparailu batetik eta zakurrak musturrak gorantz edo hortzak paretaren kontra. Baina higigabe zeuden figura guziak ezkozko iduriak egiten dituen eskultore baten galerian bezala; bet-betan gelditutako biziaren jestu sakona zen beraien mugimendua; higiezintasuna eta koloreagatik baizik bereizten ziren bizietatik.
Ezen-eta aurpegia gorria izan zutenak osotara gorri ageri ziren orai, haragia odolez beterik; zurbilak izandakoak ubel bihurtuak ziren odola bihotzera alde egina baitzen; ezin aldatuko ebanozko aurpegi bat ageri zuten orai behiala aurpegi iluneko izanak zirenek eta larrua eguzkiak hartua izan zutenak horiak bihurtuak ziren betbetan eta zitroin koloreko ageri ziren euren masailak; beraz, gizon gorri, zuri, beltz eta hori haien guzien erdian jende hilaren bilkura batean dauden izaki bizi eta mugikorrak bezala ageri ziren Itsasoko Kamaradak.
Arin ibiltzera, besoen astintzera, ele ilunen erratera, irri eta nigar egitera eta burua zoroen antzera higitzera bultzatzen gintuen hiri hontako baretasun izigarriak; haragizkoak izanak ziren gizon haietarik batek edo bertzek beharbada erantzunen zigula uste genuen; fiktiziozko higidureak gure gogoeta beldurgarriak geldiaraziko zituela uste genuen; isiltasunaren madarikaziotik libratzen ginela uste genuen horrela. Baina borta handi abandonatuak zabaltzen ziren gure bidean; begi hertsien idurikoak ziren leihoak eta zerurantz goratzen ziren nagikiro sabaietako zaingoko dorreak. Pisuzkoa zirudien aideak zerbait gorpuzdun bailitzen edo; kristalezko bloke batetan harrapatutako animalia nabarrak ematen zuten karrikak gaindi, hormen ertzetik eta zutoinen artean hegaldatzen ziren xoriek eta higigabe, aidetik zintzilik bezala, ageri ziren euliak.
Loak harturiko hiri haren geldotasunak lazotasun sakon bat sorrarazi zuen gure baitan. Isiltasunaren lotsak harrapatu gintuen. Geu, biziaren etengabeko eginbeharretan geure krimenen ahanztea bilatzen genuenok, geu, Leteoko ura, pozoin hordigarriek eta odolak tindatua, edaten genuenok, geu, itsaso oldartuaren gainetik beti berria zen bizi bat uhainez uhain arrastatzen ari ginenok, ezin laxatuzko lokarrietan izan ginen luze gabe kateatuak.
Zoratu zituen Itsasoko Kamaradak gutaz nagusitzen ari zen isiltasunak. Sendokiro, higigabe begiratzen ari zitzaizkigun lau koloretako jendakien artetik, bakotxak bere sorterriko oroitzapen urruna hautatu zuen bere ihes izituarendako; Asiakoak gizon horiei besarkatu eta beraien ezko nahasiaren kolore azafranatua hartu zuten; gizon beltzei heldu zieten Afrikakoek eta ilunak ebanoa bezala bihurtu ziren; Atlantikoaz haraindiko herrialdekoek mun egin zuten gizon gorrieri eta kaobazko estatua bilakatu ziren; eta Europakoek gizon zurien inguruan jarri zituzten beuren besoak eta ezko birjinaren kolorea hartu zuten beuren aurpegiek.
Baina nihaurk, pabiloi beltzeko kapitainak, gogoetaz nabilano isiltasuna jasan araz liezadaketen sorterririk ez oroitzapenik ez dudan honek, iziturik ihes egin nuen Itsasoko Burkideengandik urrun, loak harturikako hiritik kanporat; eta beren menpean harturik naukaten logalea eta itzalezko unadurarengatik ere, berriz entseatu behar dut aurkitzen, urrezko hareen uhainetan gaindi, amaigabeki iraulka dabilen eta aparra iharrausten duen itsaso berdea.