GATZ KONTRABANDISTAK

 

Charles Maurras-i

 

        Ez dezaket erran zelan iritsi nintzen erregeren galeretan arraun egitera ahalkegarriegia bailiteke. Baina hauta urean hamabortz oinetako hegatsekin izkiriatzen duten bortz jendemoetaren artean, turkoak, protestanteak, kontrabandistak, desertoreak eta ohoinak eta bakotxak txarrena har beza; huraxe izan nintzen apika. Marsellako galerak ezagun ditut; hogeita lau ditu Eguzki Erregek eta urosak dira galeoteak beraietan. Bero handia egiten du itsasoan, badira izerdiak, miseriak, kateak astunak dira arrastatzeko eta izurria kuntsatzen du ugaztegiko hatsak. Baina, itsas-portuan, sindikoa eta turkoari bina lauzuriko pagatuaz eta bertze bortz hara eroaten dituen alabardadun soldadoari, hirira joan daitezke, euren emazteak ikus eta baita garanotegi bat jarri ere kaian. Sei galera badira itsas-handian eta haietatik pasatzeko makurra ukana dut. Sofritu egiten genuen han behelainoarekin euriarekin, bortz-artean oratzen genuen arrauna eskuetatik laxatu arazten ziguten uhain handieki eta gure opila urez blai eginda uzten zuten itsas-enbatekin; gosea ematen zigun hotzak; hamarretako zopa, «errantxua», ur beroa koipe apurtxo bat eta babarrun txikiekin, eta pitxer ttiki bat ardo urzua, jendailari eman ohi eta berotzeko balio ez ziguna, izaten genuen soil-soila.

        Laua da galerako zubia; tosta handi bat dago brankatik gibelalderaino eta zigorrarekin zafratzen gaituzten hiru «komitre» ibiltzen dira bertan; hiruna gizon hartzen du gure gainera erortzen den aldioro. Sei ganbara dauzkagu zubi pean munizionea eta jan-edatekoak gordetzeko; Gabiala, Eskandabara, Kanpoa, Jergoina, Taberna, eta Aitzineko Ganbara izenak ematen dizkiegu hurrenez hurren. Bada bertze ganbara bat ere, estu eta beltz, bi oin koadroko leihatil bakar batez idekia; bina oholtza dira bi muturretan, «txatadelak»; hiru oineko goiti-beheitia bada txatadeletatik zubira eta balde bat erdian. Galerako ospitalea da. Txatadeletan etziten dira eriak beren kateekin eta sukarra dutenean burua eta beso-hankekin jotzen dute zubian. Hiltzear daudenen artetik behar da igan eta aurpegia baldetik bertzalderat atxiki.

        Gatz kontrabandistak izaten ziren gure kamaradak itsas-handi berdean, gatza karioa baita Bretainiako itsas-hegian, kasik bi ezkutu balio duelakotz pinta batek, aise merkeago erosten ahal delarik Borgonan. Hala bada, zerga-iheslariak dira beren horniketak Bretainiara bertze probintzia batetatik eramaten dituztenak. Erregek atzeman eta markatu arazten ditu, eta gurekin igortzen. Ez zegoen desertorerik; errex ezagutzen dira, sekula ere ez dira sendatzen-eta eguzkitara euren aurpegietako zauri handiak; sudurra mozten dute zerbitzuari itzur egiteko eta parasitoek begiak marraskatzen dizkiete. Baina baginauzkan zenbait lagun alegera ere geure lanpidean, esperantza sekula galtzen ez dutenetakoak. Kopeta edo sorbaldan eramaten dute Marka, lis-lore pollit bat, eta batzutan urkamendiko sokaren iduneko gorria ere.

        Guk baino hobeto jasatzen zuten hango bizia gatz kontrabandistek, zeru arreari eta itsaso hori eta berdeari eginak baitziren, baina inoiz ere ez zuten irririk egiten, oldartzeko gertu egoten baitziren beti. Honela bada, Marsellan gurekin egondakoak behin ere ez ziren joaten hirira alabardadun soldadoekin galeoteendako emakumeak egoten diren portuko etxe zurietara, eta fidel egoten omen ziren denbora guzian haiekin gatzagetan bizi izanak ziren neska zakarrei.

        1.704garren urteko ihauteri-asteartean, Bretainiako itsasbazterretan zebilen gure galera, LA SUPERBE. Gure hiru komitreak gomitatu zituzten kapitainak, Antigny-ko jaunak, eta ofizialeek, eta zubian gustora etzinda ginauden gu, zoriontsu hatz egin genezakeelakotz kasaka gorriak eta lonazko alkondararen azpitik eta boneteak kendu-ta karelen kontra igurtzen ahal baigenituen geure buru pelatuak. Hazkurea higitu gabe jasan behar izaten zenuen gehienetan gauaz; kate-hotsak ofizialeak iratzartzen zituen eta gure lankide gaisoen gainera erortzen zen zigorra.

        Lau gatz kontrabandista zeuden etzinda txatadeletako ganbaran, krudelki estekatuak eta gorputza odoletan; korapilodun sokarekin izanak ziren gaztigatuak egun hartan, biluzik lotuak gure brontzezko kanoinari, «Coursier» delakoari alegia; euren zinkurinak aditzen genituen zubi pean.

        Lokartzen hasia nintzen, lehen arraunak, hari kateatua bainindagoen, bizkar gainean jo ninduenean. Turko bati lotua dago guretako bakotxa; «Lehen Arrauna» erraten diogu arraunaren muturrari heltzen baitiote eta gu baino trebeagoak dira, erregek galeretarako erosten dituen arraunlari-maisuak diren bezanbatean. «Begira —erran zidan Lehen Arraunak—; «su-untziak» badira itsasoan». «Su-untzi» hauek errekaiez kargaturikako untziak dira eta etsaien unzien kontra urtikitzen ziren suak har zitzan.

        Lainoa mehea zen, baina ez zen kostalderik ageri. Apar argitsu lerrokada bat bertzerik ez zen ikusten eta, tartekamarteka, halako su zuri batzu, borborka, horitu eta berdetzen ari zirela ematen zutenak.

        Ohitua nintzen su-untzi hauekin Mediterraneo itsasoan gerla zela bide. Villafranca, Saint-hospitio eta Oneglia-tik irten-eta gure kontra borrokatzen zuten, Saboya-ko Dukearen bergantinek jitoan botatzen zituzten gauaren erdian, eta Coursier-ekin, hogeita hamasei liberatako balak urtikitzen dituena, hondaraztengenituen guk.

        Baina ezer ere ez nekien hemen itsaso-handi hontan. Nik ezagutzen nituen su-untziak gorriak ziren eta mugitu egiten ziren, hemen ginakuskienak higigabe zeuden, argi zuria zuten, eta batbateko dirdirapen horiak ematen zituzten ordea; uhain bare . handiak egiten zituen itsasoak; brankako itsas-argitik hurbil zegoen pilotuak begira eta olio-lanpara bakar bat ageri zen zintzilik kulunkan bi mastaren arteko zubialdea estaltzen zuen dendaren erditik. Ezti zegoen dena, hainbertzetarainokoan, ze hondamen handi bat baizik ez zitezkeen sugar horiek izan.

        Lehen Arraunaren aldamenetik arrastatu nintzen eta katea jaso genuen esku banarekin. Beharriak zorroztuta, kanoek gilarekin topo egitea iduritu zitzaigun. Istribor aldera segitu genuen arrastaka; kostalderat zegon alde hau; burua karel gainetik altxata txalupa ikusi genuen galeratik irtetzen ari; astiro-astiro zihoan oraindik kanoa luze hau eta makurtuta zeuden eta alkondara zuria eta maskara gorriak jauntzitzen zituzten gizonez bete-betea zen. Arraun luze batekin ari zen haietarik bat kaikea untzitik bultzatzen polliki-polliki. «Oi —pentsatu nuen—, ihesi doatzi gatz kontrabandistak zaingorik ez dagoen gau hontan!» Baina ababor alderat arrastatu ninduen Lehen Arraunak. Astiro ibili ginen lokartutako gorputzen artean, behatzekin estutuaz geure katea. Ababorean zegoen kanoa ttikia.

        Une ttiki batez egon ginen bere hartan. Ez zen kliki-klakik ez txipli-txaplik izan. Herri isil batetarik etorria zen Lehen Arrauna. Gibelaldeari itzulia ematen eta itsas-argiari ihes eginaz, gure kanoa eztiki kulunkarazten zuen txaluparen kaikearen lorratz gainean joan ginen.

        Dardaraka gindoazen itzalpeetan arraun-ukaldi edo argikolperen baten beldur. Baina gero eta garbiago ikusten genuen kostaldea, hala nola itsasoa aparretan apurtzen zen plaia beltza ere. Su zuriak ikusten genituen ere, nahiz eta ez zen hori beren kolorea, baina beraien aurrean zeuden masa zurbiletakoa. Argi-kolpe horiak botatzen zituztenean suaren garren pindarka arraroa aditzen genuen ere.

        Euren kasakekin eginak ziren kaikeko gizonen maskara gorriak; zulatu era beraietan bildua zuten burua. Kostaldetik kable batera [1] ginaudela, masa zurbil haiek gatzagak zirela ikusi genuen, baita atzekalderat hedatzen zirela eta bi metroko aldearekin bata bertzearen artetik; su bana zegoen piztuta haietako bakotxaren aitzinean eta erregeren gatza beraietan botatzen ari ziren emakumeak hauteman genituen su bakotxaren ondoan.

        Txalupak lurra hartu zuenean, itsas-erresakaren erdian ginauden gu oraindio. Gatz kontrabandistak, gorriz maskaratuak, plaiara jauzi egin eta nork bere neska zintzoa ezagutu eta berehala joan zen harengana; segundu batez ostendu ziren denak itzalen artean.

        Belduri-ikarak hartuta senditu ginen hango itsasbazter ezezagun eta desolatuak, gatz-pila ubelak eta pindarka ari ziren suak ikusitakoan; «Allah» oihu egin zuen Lehen Arrauna-k eta kanoaren zolara urtiki zen lehorrera nahi izan gabe.

        Duda-mudatan aurkitzen ginen bitartean, sugar bat jalgi zen burrundara batekin batean; Coursier-a zen alarma ematen ari. Zinkurina kantatu luze bat aditu zen galeran: «malurra-ri» nigarrez zebilzkion gure lankideak, goi-mailako ofizialeek bigarren tenorean bisita egiten zigutenean bezalaxe.

        Arraunak bildu eta itsaso barrenerat abiatu genuen gure kanoaren branka guztiz nahastuta.

        Kanoak ura ebakitzen zuen daldarazi egin gintuen untziko kaskoarekin jotzeak; zabalik zegoen ateska batetik sartu ginen barrenerat. Zubian galeote guzien oin-hotsak aditu ziren eta geure kamaraden artean galdu ginen burua makur gineramala. Txatadeletako ganbarako leihatilatik lau gatz kontrabandisten aurpegi zurbilduak ageri ziren, hantxe zeuden euren kamaradek atzendu zituztelako etsipenez iraulka geldi ezinik, kateatuta eta odoletan.

        Untziko kapitainak, kordokan bezala, lemazainaren itsasargia erlaitz borobilaren gainean goratzen ari zuen, hau baitzen leku gora bat, non eta koperanak guretako meza eman eta hostia altxatzen zuen. Bizkitartean, gure katelagunei handik pasa arazten ari zitzaien ihes eginak zein ziren jakiteko.

 

                [1] 120 gizabete dituen itsas neurria.

 

 

 

 

"Marcel Schwob / Urrezko maskaradun erregea" orrialde nagusia