LA GRANDE-BRIERE

 

Paul Hervieu-ri

 

        Bide estu-mehar batzu igan behar ukan genituen. Lokatzez beterikako orga-arrastoek hildakatzen zuten bide guzia eta trastaka saltatzen zen gure karrikotxea haietatik pasatzean. Zaldiek betbetan hankak goratzen zituzten eta kotxezainak orduan juramentuka hasita, alimaleko kolpeak ematen zizkion haizeak astintzen zion kapelu tzar handiari, hau guztia pipa motz bat erretzen segitzen zuen bitartean. Harri uherrez erainikako lur-eremu elkor batzu zabaldu ziren gure begien aurrean hondarrik. Haratxago, malda leun batetik beheratzen lurra eta hidoi eta zingirak ageri ziren. Hidoi handiak baziren bide baztarretan eta buruz eta gorputza zabaldurik murgiltzen ziren haietan igel iguingarriak.

        Etxalde bat agertu zitzaigun han, agotz lizunduaz estalia; bi estalpe apal artean zegoen zimaur urtsu batez blai egindako lasto xehez tapizatua.

        Mandarra bildurik zeukan emazteki bat agertu zitzaigun atera. Mesfidantzaz so egin zigun eta, barrura ezkero, gaizki esaka hasi zen hortz artean. Lur zanpatukoa zen etxeko zolua. Ogi borobil eta urre kolorekoak zeuden eskegita sabaia zeharkatzen zuten gapirio beltzetatik. Lerroka zintzilik zeuden odolostekoak eta ganga ttipi batetan metatzen ziren urdai puskak. Leiho ondoan jezarririk, bi emakume ari ziren anezka iharrausten mekanismoaren taupada bakotxarekin hariak gurutzatu eta desgurutzatu zebiltzan ehundegi baten gainean. Zimur handi bat zuen kopetan haietako batek eta bekain gogor batzuen azpian zeuden sarturik bere begi beltzak; bere bularrak ttiki baino sendoak igartzen ziren kordoinezko gerrontzean, eta mehetasun xarmant bat bazuen bere gorputz guziak.

        Aurpegi idorrarekin atera zuen gantzagia etxeko andereak, azpira baten gainean ipinita zegoen mahaiaren estalkia altxatu zuen, ogi-zopak egin eta lur horizko azpil batean kaskatu zituen arraultzeak. «Zingirarat» joateko erran genuenean, guztiz haserretua begiratu zigun eta bere gizonari hots egin zion. Ate gibelean, idi ikuiluan zegoen hau. Pantaloia hari zintzilikatuez beterik, eskalapoi perratutakoen ingurura erortzen zitzaion, eta petxo erdian bi tiraki zabalek eusten zioten gerriko uhalari. Mehats eta urduri zeukan aurpegia, begiak gauza guzien gainetik zerabilzkien etengabe eta beldurrez ferekatzen zituen bere txima zuriak.

        — Zingirarat nahi ote duzue Joan? —itaundu zuen—. Zer egiteko? Oso behera daude urak eta plisti-plastaka ibiltzeko... Bi lazafrin behar lirazke gainera; ezin dut nik bakarrik, noski.

        — Eroazu Marianne zeurekin —erran zion andreak—. Kozkortua da berriz —eta sudurra altxatu zuen jostunetako batek, kopetako zimurra zuenak alegia.

        — Zuek ez zarete beti ahateen gibeletik joaten —erran zuen berriz ere gizonak—. Barka, barka nazazu berriz ere. Ez baitago ahaterik oraindio, betire talderen bat topa genezake ihitzean nonbait hori. Eta zu —erran zion jostunari—, ez al dituzu bart gauean «quechemarinak» ikusi? Nahi al duzu «Pornichet-eko Damiseletarat» etorri?

        Betondoa jarri eta arropak estutu zituen Marianne-k. Nekazariak gure alderat bihurtu eta honelaxe jarraitu zion bere erranari: «Desgrazia bat da. Oso neska ona da, baina burutik jota edo dago, erran ginaike. Handik dagoen etxe batean egiten du lana, Pariseko andere batzuekin. Burukoa gauerdi aldera etortzen zaio; bularrean izaten duen pisu edo zama bat da. Itzulka-mitzulka hasten da eta alferrikakoa da dena. Ardatzari hasten zaio ferekuka ohe barruan, musuak ematen dizkio, bueltaka erabiltzen du hatzamarren artean, laztantxoak ere egiten dizkio pertsona bat bailitzen eta bihitegirat joaten da ogi ale batzuren xerka mokoa gozaraztekoz ardatzari; are txarragoa, eleketan ere hasten zaio, penagarria egitan. Deusik ere ez du aditzen eta begiak hitsita egoten da, hauxen baita txarrena... Biharamon arte lokartzen da gero. Badu senargaia ihaztik, baina ez du jadanik jasaten ahal. Nigarrez hasten da batzutan eta berarekin ezkondu nahi lukeela erraten du, baina ez dela posible harrezkero. Odola iraultzen digu honek guziak.

        Neskak ez bide zion ezer aditzen eta gure zain zegoen etxeko atalarrian txalupako trasteekin. Zola planuko txalupa zen eta miztilutu berria. Zingira zabalerat eramaten zuen ubide mehar bihurri aldera bultzatu gintuen gizonak. Beltza zen ura zingirako hondarra zela kausa: turbategi ilun bat ildo atormentatuez betea. Nenufareen artetik aitzina gindoazela, ezker eskuin zabaltzen zen ordeka, ote horiskaz eta ihitza berdez estalia urrunerat; haizeak osteka makurrarazten zituen zuztar gora zauliak. Erdizka lurperatua den larre basa bat iduri, hodeiertzeko mugaraino hedatzen zen «La Grande Briere» bere belar gora daldarakorrekin. Noizetik noizera txalupa turbarekin igurtzen zen eta ihitzak erortzen ziren aldapa ttiki belartsu batekin oztopatzen ginen; buelta erraten genion eta hantxe irristatzen ginen atzera ere nenufareetako zuztar lehonatuak eta ur gezako belar gorrien artetik. Zeru zurbil hauskara batek argi mazatua botatzen zuen La Briere gainerat eta xoriak hegaldaka ilkitzen ziren zuhamuxken artetik txio erlatsak urtikiaz.

        Zenbait tokitan ispilu zuri eta hutsak ipintzen zituzten belar zuztarren oinetan eguzkiaren lurrunezko errainuek; turba-zokilen gainean gurutzatzen ziren zuhamuxkak, eta urgainera azaltzen ziren erro zuriak tristeziak hildako aingira zuhailak iduriak ziren.

        — Ez dugu lertxoinik alerik ere ikusiko —erran zuen baserritarrak. Bihurtu zen bere alaba orduan eta animalia-alde bat erakutsi zigun eskuin aldera. Prestik ginauzkan fusilak, baina astiro eta aidean espiral bat eginaz jausi zen txori bat, ez zigun bertzerik eskuratu gure su-aldiak. Ur hotza ikututa salto ttikiak ematen hasi zen, hegoekin iharrausiz ur-azala eta argi aldera txorrotxioka. Hankak larru gorrian, haren harrapatzerat joan zen gizona eta hautsitako hankaz hartu zuen. «Pornichet-eko Damiselak» gris perlazkoa zuen gorputza, burua beltz eta mokoa zurigorri eta luze sudur leihatila zorrotzekin. Txilioak entzunda, txorrotxioka eta beheratik bueltaka hasi ziren bere ahizpak, brastadakoan altxatu ziren ondoren eta handik alde egin zuten beren hegoen indai guziaz harrik eta zeruko errauts gorrian puntu beltz batzu bezak agertu ziren arte; pitinka-pitinka handitu ziren gero eta laster pasatu ziren gure gainetik hegoak hedaturik, mokoa zabalik mehatxukor eta zoro eginda.

        Lertxoina turban puztutako lazafrin baten muturrean kulunka. to zen hanka batez estekatua zegoen eta hego-ondoa ari zer iharrausten etsipenezko deialdiak boteaz mokoa zabalik: puntu bai nabarmendu zen goiko aldetik eta muturreko txoriak bere eginahala egin zuen ahizpa eroria askatzeko. Tiro egin genuer orduan eta jausi ziren lertxoinak zirkulu handiak eginez urear murgiltzeko azkenean, buru beltza eta moko gorria hilhurranak astintzen zizkiela. Prisionerra nigarrez ari zen lehertu beharrearr bertzeen hegazko katea zigizagaka zebilen bitartean gure buruer gainetik:

        — Lertxoinek elkarri laguntzen diote beti —erran zuen gizonak—. Errexago hiltzen dituzu hola. —Berba egiten zuen bitartean txalupa berde bat agertu zen gure aurreko ubidearer atzekaldetik; ihitzetan jaio eta La Briere-n bizi zedin animalia baten iduriko agertu zen. Gizon bat ikusten zen zutunik brankar eta gibelaldean emakume bat izan behar zuen mantxatxo beltz eta gorri bat. «Hot doa zure andrea —erran zion baserritarrak bere alabari—; La Brierera heldu da Parisera ezkontzera joan baino lehen. Ez litzateke exenplu txarra zuretako gizon bat hartzea».

        Moztuak izan ziren hitzok Mariannen ezpainetatik jalgi zen oihu basak. Bere begi beltzek sugarrak urtikitzen zituztela eta kopetako zimurra sakonki nabarmenduta, arraunean pausatua zegoen Marianne. «Ai! joaki da! —oihu egin zuen—. Ai! Bere amorosoa dakar La Brierera! Norat joanen ote naiz ni? Ez ditaike holakorik egin! Senargaia banuen nik eta ez dut jadeneko Argal, hezurretan txarragoa baita, nago orai; burua zoratua dut eta hark du erru guzia. Ez dago «quechemarinik»; parisina da; ez dago ardatzik; parisina da; begizkoa bota dit; ezin bizi izanen naiz hura gabe eta ezin dut. Baina ez du hemendik alde egingo, ez eta hurrik eman ere. Neronek geldiaraziko dut.

        Jarlekuan kikildua, planta haundiak eginaz eta aurpegia gonan gordeta ari zen nigarrez; urduriago bihurtu zen baserritarraren aldartea eta gu ixilean begiratzen ginen zer pentsa jakin gabe. Gizonak arraun-kolpez zeraman txalupa ihitzatik bultzaka, eta bet-betan, ahate-alde bat irten zen astunki ihitzatik. Eskopetak eskuratu genituenerako bortz puntu baizik ez ziren ageri zeruertzean. Binaka zoatzin ihesi aitzingibelka «Pornichet-eko Damiselak» ahateek erakarriak.

        Guganat hurbiltzen ari zen oral txalupa berdea. Neskak, gibelaldean jarririk, soineko gris argi bat hegal handitako iduneko gorri batekin eta mosketero-kapelu beltz bat jauntzitzen zituen; kuskuilaka erortzen zitzaizkion bere urrezko biloak. Nigar egiteaz atertu zen pitinka-pitinka Marianne, ezpainak horzkatu zituen ixtant batez eta hauxe erran zuen bet-betan:

        — Nerau ere entseatuko naiz «Pornichet-eko Damisela» bat hiltzen.

        Besoa hedatu, eskopetari heldu, destatu eta su egin zuen. Ekintza basa eta gordina izan zen. Intziri zorrotz bat auhen daldarazuez jarraikitua bota zuen txalupako neskak eta txori bat bezala burua toles erori zen gorputzaren ikarek iduneko gorria altxatzen zioten bitartean. Berantegi heldu genion Mariannen besoari. Ezti eta maltzur ageri zen bere aurpegia eta kopeta garbi eta batere zimurrik gabe zuen. Hodeiertzetik jausten ari zen eguzkiak ortzeko hausterrea odoltzen zuen eta islada xurrigorriez mozten ihitza muskerra. Tontorrean urreztatzen ari zen hodeiezko kupula eta behelainozko zirkulu batek bere besoetan hartzen ari zuen belagi biribila. Dantzaka zebiltzan egunaren azken errainuak La Grande Briere-n. Begien aurretik osotara galdu arte, iheska zihoan turbategi urperatuan kiribilkatzen ziren belarretako mugagabetasun isil hura. «Pornicheteko Damiselak» itzulika zebiltzan etsi-etsian, hildako neskaren inguruan txorrotxioka eta soinekotik tira egiten ziotela beren moko gorriekin. Barrez hasi zen orduan Marianne eta erran zuen: «Elkar laguntzen omen dute lertxoinek. Erailk erraxagoak dira hola. Tira, su egizue!»

 

 

 

 

"Marcel Schwob / Urrezko maskaradun erregea" orrialde nagusia