MAXINA HIZTUNA

 

Jules Renard-i

 

        Aurpegi-ezaugarriak higikorrak eta begirakunea aldaezina zituen, eskuan egunkari bat zuela, sartu zen gizonak. Oroit naiz zurbil eta zimurtua zegoela, sekula ere ez niola irribarrerik ikusi eta misterioz betea zela bere behatza ezpainetan paratzeko moldea. Baina bere bozaren soinu motz eta arina zen niretako harrigarriena. Bere hitzak motel eta apalak zirenean, bat-bateko isilune bibrakorrekin batean aditzen ziren boz haren doinu larriak, denak batean daldaraka hasten diren urrutiko armoniak bailire bezala. Dena den, gehienetan, bere ezpainetan metatzen ziren hitzak elkar gainka eta gorrik, erdi-moztuak eta desakortean jalgitzen ziren arrakalatzekotan dagoen zerbaiten hotsen antzera. Ematen zuen etengabe hausten ari ziren kordak bazirela bere hartan. Entonazio guziak desagertuak ziren jadeneko bozetik eta ez zen nabardurarik gehiago nabari, izigarri zahar, erabili eta zakartua bailitzen.

        Baina nik sekula ikusi gabeko bisitantea niganat etorri zen hauxe zioela: «Zerorrek izkiriatu dituzu lerro hauk, ezta?».

        Eta irakurri zuen: «Pentsamenduaren aidezko seinalea da boza eta beraz, erakusten, predikatzen, aholkatzen, erregutzen, goresten eta maitatzen duen arima, huraxe zeinaren bitartez izana agertzen baita bizian, kasik ukiorra itsuendako, deskribatu-ezina bada sobera aldakor eta ugaria, sobera bizia eta soinu-era gehiegitan gauzatua baita, Theophile Gautier-ek hitzez agertu nahi izan ez zuen boza, ez baita ezti, ez idor, ez bero, ez hotz, ez koloregabeko, ez koloreko, baina guztionelako zerbait bertze maila batetakoa, ezin ukitua den boza, ezin ikusia dena, inmaterialena lur hontako gauza guzien artean, izpiritu baten idurikoena; eta pasatzean estilete batean sartzen du giza-jakintzak, itzulka ari den zilindro baten zulo ttikietan sartzeko».

        Bere hitz harramantsuak, hire beharrietarat soinu opako bat baizik ekarri ez zutenak, bururatuak zituelarik, danba egin zuen gizonak zango baten gainean, bertzean gero eta, ahoa ideki barik, karraska bat bezalako irri-karkara idor bat bota zuen.

        — Giza-jakintza —erran zuen— boza... Hauxe izkiriatu duzu aurreraxago: «Hitza ez dela galtzen ahal erakutsia du poeta haundi batek, mugimendua baita, ahaltsu eta sorkaria baita eta zeren-eta, agian, bere bibrazioek, munduaren azken muga-eremuetan, bertze unibertso batzu, izar urezko edo bolkanikoak, eguzki berriak erretzen ari, sorrarazten baitituzkete.» Eta badakigu biok, ezta? Eze, Poek baino askoz lehenago, Platonek iragarri zuela hitzaren ahal haundia:

                ????????????????????????? =======

                ovx a?7TAws 7rAnrn aenrn aLyo .orcd I rwjf

        «Boza ez da aidean emanikako ukaldi soil bat ezen-eta eriak ere, astintzen denean, aidea jo baitezake, baina sekula ere ez du bozik sortzen ahalko». Badakigu, jakin ere, 1890-ko abendoaren egun batean, Robert Browningen heriotzearen urtehurrean, EdisonHouse-n entzun zela zelan irtetzen zen fonografo baten ataudetik poetaren boz bizia, eta betikotz berpiz daitezkeela aidearen uhain ozenak.

        «Jakintsun eta poetak zarete zuek, badakizue imajinatzen, kontserbatzen eta baita berpizten ere, baina ez dakizue zer den sortze-lana».

        Lastimaz behatu nion gizonari. Zimur sakon batek zeharkatzen zion bekokia ileen puntatik sudurraren erroraino. Eromenak biloak laztu eta begiak argitu egiten bide zizkion. Garaitiarra zen bere aurpegiaren aldartea burua enperadore, aita saindu edo Jainkotzat daukaten eta beraien haunditasuna ezagutzen ez dutenak mespretxatzen dituztenen antzera.

        — Bai —jarraitu zuen gizonak; eta bere boza hiltzen zihoan ozenagoa izaten entseatzen zen bezanbatean—, bertzeek dakiten guzia eta amets egin ditzaketen gauzarik gehienak izkiriatuak dituzu zuk. Baina haundiagoa naiz ni. Arrazoi zuen Poek, bai, arimarik ez duen ekai baten soinuarekin errotaziozko munduak eta esfera izeki eta zaratatsuak egiten ahal ditut nik; Luzifer bera gainditua dut, birao erran arazten baitiet gauza inorganikoeri.

        Neure borondatearen egitez, gau eta egun, bizigabeko hitzak erraten dituzte bizirik egon diren larruek eta beharbada orainik bizirik ez duketen metaleek ere. Eta egia bada bozak espazioan unibertsoak sortzen dituela, bizi aitzin hildako munduak dituzue neronek sorrarazten ditudanak. Badatza ni re etxean Behemoth bat hauxe dioena neure eskuaren keinu batekin: MAXINA HIZTUN BAT ASMATU DUT NIK.

        Aterantz joan zen gizona eta segitu nion nik. Karrika jendetsu eta karrika zaratatsuetatik pasatu ginen; hiribarrenetara iritsi ginen azkenekotz gasazko argiontziak gure atzetik bata bertzearen ondotik pizten ari ziren tenorean. Horma baltzitu baten gibelate makurraren aitzinean gelditu zen gizona eta morroilo bat pasatu zuen. Baila isil eta goibel batera sartu ginen eta estuasunez bete zitzaidan bihotza zeren-eta zinkurinak, oihu hirrinkariak eta moztutako zintzur baten marraskak iduriak ziren hitz silabizatuak entzuten bainituen han. Ene biderakuslearen bozak bezala, inongo nabardurarik ez zuten hitz horiek, eta gisa hontan deus gizakorik ez nuen atzematerik ukan ahozko soinuen gehiegizko haunditze hartan.

        Sala batera sarrarazi ninduen gizonak, baina hain beldurgarri iduritu zitzaidan bertan altxatzen zen monstruoarengatik, eze ezin ikusi izan nuen nolakoa zen. Bada, erdian, sabairaino luze, eztarri jigantesko, patxaratsu eta horizta bat bazegoen, larru beltzezko tolestura batzu bazituen zintzilik eta puztutzen ari, lurpeko ekaitzaldi baten ufada senditzen zen eta itzelezko bi ezpain ageri ziren goian daldaraka. Txirringa-kirrinkak eta burdinharikarraxien artean, daldara bizian ageri ziren larruzko meta haiek eta ezpain jiganteskoak dudakor antxean ziren zabaltzen eta histen. Zabalik geratzen zen amildegiaren zola gorrian haragizko lobulo haundi-haundi bat iharrausten zen, altxatu egiten zen, saiheska mugitzen zen eta goiti-beheiti eta ezker-eskuinka hedatzen zen. Bolada bat haize lehorrekoa lehertzen zen maxina barruan eta hitz artikulatuak, gizagaindiko boz batek erranak jalgitzen ziren. Izigarriak ziren kontsonanteen eztandak, P eta B-a, V-aren antzerakoak, zuzen-zuzen eskapatzen baitziren puzruta eta belzturik zeuden ezpain ertzetatik. Geure begien aurrean jaiotzen bide ziren. D eta T-a goitiko larruzko masa beltziskaren azpitik, honek atzera egien zuenean, urtikitzen ziren, eta R-a, astiro-astiro preparatup, beldurgarriro arrastatzen zen. Bokaleak, brastadaka aldaraziak, tronpa-hotsen antzera jausten ziren zintzur idekitik barrena. S eta TX-en toteldura gorputzaren ezin-erranezko edozein mozketa baino askoz lotsagarriagoa zen oraino.

        — Hauxe da —erran zuen gizonak eskua emakumeno mehe, konkortu eta urduri baten bizkar gainean paratzen zuelamaxinaren tekladoa higi arazten duen arima. Giza-hitzaren zatiak jotzen ditu berak nire pianoan. Neure borondatearen mirespenean hezia dut; toteldurak dira bere notak, eskolako BA BE BI BO BU-a dira bere gamak eta ariketak, neuk konposatzen ditudan alegiak bere ikasketak, neure pieza liriko eta neure poesiak bere ihesak, eta neure filosofia blasfemoa bere sinfoniak. Begira ditzazu gizapentsamenduaren zeinu miserable guziak hiru lerro paralelotan bere; alfabeto silabikoan daramatzaten teklak. Infernuak eskurik sartzeke, gizona eta bere jainkoaren egien tesi eta antitesia sortzen ditut berdenboran.

        Maxinaren gibelean, tekladoan paratu zuen emakumenoa. «Adi zazu» erran zuen bere boz motzarekin.

        Higitzen hasi ziren hauspoak pedaleen azpitik, eztarritik zintzilikako tolesturak puztu egin ziren, ezpain monstruosoak ikaratu eta ideki ziren, lanean hasi zen mihia eta eztanda egin zuen hitz artikulatuaren hotsak:

        HI-tZA ZEN HATS-a-rRI-aN uhuka egin zuen maxinak.

        — Gezurra da hori —erran zuen gizonak—. Sakratuak deitzen dituzten liburuen gezurra da. Urteak eta urteak estudiatu dut, eztarriak ideki ditut disekzio-saletan, bozak, oihuak, nigarrak, zinkurinak eta predikuak aditu ditut, metodikoki neurtu ditut, neureganik eta bertzeen baitatik jaulki arazi ditut, neure boza bera ere hautsia dut eginahaletan eta hainbertze bizi izana naiz ene maxinarekin, eze ñabardurarik gabe, bera bezala mintzo bainaiz, arimari baitagokio nabardura eta arima galdu dut nik. Hauxe da egia eta hitz berria —oihu egin zuen bere bozaren indar guziaz, baina zurrumurru erlats bat bezala aditu zen bere errana—. Maxinak berritz erasan zuen:

        NEUK EGIN DUT HITZA

        Eta higitzen hasi ziren hausporak pedaleen azpitik; puztu egin ziren eztarritik zintzilik zeuden tolesturak; ikaratu eta ideki egin ziren ezpain monstruosoak; lanean hasi zen mihia eta hitzak ikaragarrizko toteldura batetan egin zuen eztanda:

        HITZA HITZA HITZA

        Urraketa izigarri bat, txirringa-karraska bat, eztarriaren beherapen bat, larruen erabateko higadura bat eta tekla silabikoak zeharo txikituta eraman zituen haize-zapartada haundi bat izan zen orduan; eta ez nuen nik jakiterik ukan eia maxinak blasfematzeari uko egin ote zion ala hitzen joileak zerbait sartuko ote zuenez mekanismoaren barruan beraren leher arazteko, bada emakumeno konkortua handik aienatua baitzen eta gizona, zeinaren zimurrek bere aurpegia guztiz tinkatua zeharkatzen baitzuten, behatzak iharrausten ari zen haserre gorrian boza bere aho mutuaren aurrean behin eta betikotz galdua baitzuen.

 

 

 

 

"Marcel Schwob / Urrezko maskaradun erregea" orrialde nagusia