Et vous dy que ces ymages estoien richement
acesmees et adornees d'or et d'argent...
(Le Roman de Berinus)
Aize puxantak firrindan darontsa harmadaren gainean, Gillaume de Bartras Auch hiritik aitzina baikoz, Henry IV, haren jauna, Foix-en altian baita peril handian, katolikek setitu eta harako herri eta parrapioak oro, xoil debastaturik utzi dituztelarik.
Hugonoteen buru den Bartras-ko jauna da doluros, Nafarroako errege bere jaunari aiuta ematera doalarik, tristezia pisu bat bere baitara zaio pausatu; erien antzo, zamari fardatuaren gainean doa, higaturik, etsaiek egin deboiladurak oro baititu begien aitzinean. Baina are da dolurosago eta kandela akabatuak bezain dute argitzen haren begiek, ezen amoros denak zinez penatzen du presuna maitatuaren faltaz eta penatzenago ere nork galdu baitu amodioa eta presuna maitatua, bai malur handia haren iraungitzeko!
Zamari gainean da oroitzen bada, bere printsesaz, zein bezain da maitatua nola betikoz galdua, haren sofrierazler, barneak iraultzen dizkion desparazioneaz.
Anitz desolaturik, deliberatzen du ezen, erromano zaharren antzo, manatuko zuela estatua bat egin zezaten, bere baitan zuen amodio handi haren ber bisaia eta haren manera berekoa, iagoiti, berekin parte orotara eramanen zuela, gisa hortan, haragizko presunaren faltan, harbizizkoa, marmorezkoa izanen zuela, halaber maitatuko zuela, ezin ahantzizko zitzaion emazteki haren adoratzekoz.
Manatu bezain bertan zen konplitu haren desira hura, Foix-en altian kausitu egile on, dohatsu baten obra.
Goguan zuen arabera, bada, emazteki hura, ohoratzera eta serbitzatzera zen gutiziatu, harriz ezarritako emazteki hura, zein, bizi zelarik, propi eta konplitua izanagatik, ez baitzen berria baino plazentago.
Oraino gehiago dena, manatu zuen ere, estatua hura agertzen hasten zen bezain fite, soldadoek, orakle balitz bezala adora zezaten, nola serbitza ere, beren jinkoa balute bezala. Gisa hontan, soldadoeriak, ez zuen solamente segitzen baina bai Jinkoxunxa hura maitatu eta adoratu Jinko jaunesa bera bezain ongi.
Hain zen perfeita eskultoreak egin trabailua, non Guillaume de Bartras-ek ez baitzuen bertze lankeia lekat eta, barneko boztairua arra berriturik, adula gaiztoak uztez, estatua hartarat juntatze eta doratzea.
Denbora aitzina arau, bere amodioari plantaturik, zenbatenaz eta mirestenago, hanbatenaz eta lotuago ere zen haren ikusterat, balazkatzerat eta presuna bizia bailitzen, elestatzerat ere.
Tai gabe atxekirik baitzen, neskaren amorekatik, bihotz gabe zen irudi eder hari, fantasia bat hasi zitzaion baitara pausatzen: erreus zela haren biziaren galtzeaz eta beharrunetan zela, bizia arra ematera, baldin egin balitez, azti edo belagile batez, hainbat belagilekeria nola egiten baitziren iragan denboretan.
Hala ziren arindu bada, Gillaume de Bartras-en dolu eta destorbiak, eta zeihartu ere pena doloreak, ahal oroz lotuko zela, eta konplitu behar zuen fantasia hura, zela kausa.
Lehen zein hertsi eta uzkur baitzen, orain hain esperantzaz beterik, surik ttipienak ere haize handiak lagunturik arra pizten baita eta oihana ere iraungirik du bere menera.
Bere nahi eginetan, bakoitxa da bere buru eta nihori deus erran gabe ekin zitzaion lanari, non ote den behar zuen belagilea. Gutizia hala delarik, nola pentsa liro bestetan? Astakuruz eta hobenez utzi zuen harmada arren, eta albidat zen plantatu bideari, estatua berekin eramanik, ihur ezin jarraikian, aipu zuen Marcel Schwob deitu belagilearen xerka.
Peril handiz egin zuen bidaia, Frantzian barna abiaturik, bere xeheria jarraikitzen zitzaiola, Hugonote eta Katoliken arteko gudukek higaturik zuten lur eremuetan barna, Jinkoz xoil ahantzirik zen eremuetan barna.
Han eta hemen galtatuz, menekoak idekitzen ziren haren manuen konplitzeko eta egun batez haietarik batek ekarri zion berria, Normandian, Cavourg deitu herrian zela belagilea bizi.
Harat Guillaume de Bartras, eta karrika aspre heze ilun batetan du kausitu Marcel Schwob-en etxea, zuzkei, huntzorriz beterik zuela aitzinea, hosto ferde haietatik euri tantak lerratzen baitziren azala balazkatuz, argi laru distirant haren pean lanhu artean bere begi bustiek ikusi bezala.
Gizon mehe, zaharkitua zen belagilea, larrua urte anitzek arraildua, pergamino baliosa, jakitate eta maleziaz ornaturik.
«Guillaume de Bartras» erran zion belagileak, Tziauri, heure etxadian haiz, buruan dituan xedeak aisa goga hitirioke, eta eskura hik nahi duan amodioa bainan ohart zite, ezen, zinez duala perilos, behin heure manura arra eskura heure emaztekia. Jaun handi hiz, Guillaume, bainan ttipi ene aitzinean eta heure galgarria dukek nahi duan belagilekeria.
Ez zen Guillaume de Bartras hartara etorri, eta bere bertan jarraikirik, Marcel Schwob, belagilea, hala mintzo zitzaion: «Edeik heure estatua eta elkhi. Bihar dukek emaztekia heureki».
Hartu zuen bada, belagileak estatua eta miraz zen haren edertasun eta fineziaz; Erhian eraztun arraro bat ezarri zion ontsatto, eta zenbait errezit eman ere, otoiz gisan bainan menturaz, ez Jinko gorari.
Su piztu, eta heiagorak zituen eraiki halako moldez eman ere, non gaizturik eta furiaz harturik bezala etxadia orotan zen entzun, deabria furfuriatuak hartan nagusitu izan bailiren.
Estatua, uhuria gora zelarik, bitan zen arraildu eta barnetik zen emaztekia elkhi, puxant, fresk, nola bedatsian baitira lili pausatu berriak, larrua oso zuelarik, garden, mugeta lili zurbila, bere erhian belagileak estatuari ezarri eraztuna berekin zuelarik.
Guillaume de Bartras-ek ikusi zuenean, barnea zitzaion irauli eta alegera, ezinago kontent zuen besarkatu ilunetatik etorri berria zen emazteki hura, haren amodio amiragarria, hala mintzo zitzaiolarik bihotsa erdiaturik:
«Zeren buruan sartu baitzitzaidan fantasia bat, konplitu behar nuen fantasia hura; gogora baitzitzaidan gutizia bat, iragan behar nuen gutizia hura; zurekin behar nuen, fereka behar zintudan, elkar maitea eta geure lokharriak tinkirik, nehoiz ideki gabe, hala izan gintezen, eta hargatik egin dut harmada utzi eta desohoretarat etorri. Bainan orain hemen zaitut eta alegrantziaz zait bihotza betetzen». Zure amodiotara nauzu gutizios eta leihatua eta besterik ez nezake galta, ez desira, nola zure besartean, ohantze plazent, ene kabia egin betikoz.
Adula atsegingarrira loturik ziren egunak eta ilargiak aintzina, ohaide haien amodioa baitzen zinez konplitua, xoil goria, bietatik bat baizik ez zela egin gorputz desiragarri haiez, hain ziren juntatu eta elkarretatu Guillaume de Bartras eta bere emazteki hura.
Bainan amodioa, amatsutsa bezain da, axurizituan, axurien aroan, zuri da, urzapal da, hots, hatzarrian luma zuriz da fardatzen, oro baita zilarra amoranteen baitan, distirant eta klarki da amodioak egin arazi bere menekoei jarin argi errainua. Bildots zituan aldiz, amatsutsa gori da, hala baita halaber amodioa, zenbait denboraren buruan: ohaidea, nekezago da bere amodioari so, kexua du aisago, hasi da disputa eta konbat ttipia, ez du zilarrezko argiz behatzen iada bere konpainia, akitu da apur bat bederen, amini bat, zerbait da hautsi haren baitan; ardizituan, amatsutsa bezain, da beltz amodioa, iada ez da amodio, urrent da einendu da, akabo da. Hainbatetan dute elkar maitatu ohaideek, non iturria agor baita, lehor baita lehen hain fresk ekiaren argia isladatzen zuen lilia, elkarrenganako bideak poxelu du, ezin iraganezko hesia du erdian, pattarra da haren erdiesteko. Ber gauza, alta, Guillaume de Bartras-en baitara zen baratu, haragiak baitu bere zedarria non ematzen baita lehen egunetako pasionea.
Guillaume de Bartras-ek, eraztunaz erreparatu zuen, amoranteek elkarri egiten dioten erregalia manerakoa baitzen, eta hartzaz egiten zion galtho emaztekiari, behin eta beti eia zein suertez zuen eskura amodiozko prenda hura, berak, Guillaume-k, erregalatu ezik nola zuen erhian atxikirik hain manera bortxatiz eta muthiriz, ezen ez baitzen elkhitzea ahal Emaztekia ez zen hartzaz oroitzen, ez baitzekien zentuz gero, gure mundu huntatik herio beltzak eraman zuen ondoan zer deus agitu zitzaion, lekat eta plazent izan zela, salbu eta kalme eta pausatu, ohantze amatiarra izan zitzaiola beste munduan egin ostatu.
Hain zen eder emaztekiak deskiribatu bestetako bizia, non Guillaume-ri, gogora piztu baitzitzaion arrabia bat, bekaiztartzun bat, beldur zela hain argitsu eta plazenki deskiribatu zion gurendako ilun eta beltz den mundu hartan, beste amoranterekin izan zedin.
Idor den eremuko zuhaiska aisa da suaz atakaturik, itsu den urtzapala aisa da aztoreaz bentzuturik; halaber, Guillaume de Bartras-en baitan zen buztutu tenpesta akabagarria halaz, hil hurran zen haren amodioa, nola haririk gabe hil hurran den kandelaren argia eta errainu pottingoa, haizerik ttipienak akabatzen baitu akabatu zen haren baitan, odoletan ere defendatu zukeen bere amodioaren azken izpia, leku eginik errabia izugarri bati, gorroto eta aierkunde gori bati.
Segur zen, arren, Guillaume de Bartras, emaztekia txostatua zela beste bizian, eraztuna erregalia egin zion zeren suerte aingeru edo deabriarekin eta traizionearen segurantzak, emaztekiaren akabatzera pusatu eta eraman zuen bere arimak.
Ekiak karrua eta martxoko hormak iraungi bezala du aierkundeak gizona iraungitzen, areago ere, aierkundea handitzen eta bazkatzen balin bada, aier izan presunarekin egun oroz izaki.
Gizon gerlari zen Guillaume de Bartras, eta gerlak ekarri abrekeria nola feita salbaietara kostumatua izanagatik ere, bitan etorri zitzaion bihotza, estatua bitan arraildu zen bezala, bere espataz bi zati egin zuenean hain adoratua izan zuen gorputz haren alderat. Nihon den ama etorkor izan gogo zuen emazteki zentu haren alderat. Nihon den ama baten semerik, Guillaume de Bartras-ek egin iustizia ikusirik, negarra baizik ez zatekeen han ixuri, nola mantsoki, emaztekiari ezpalka zerion odol inta geldo hura.
Nahigabe guttiago izateko bideak ziratekeen haren baitan, ez balio gero, eraztuna zuen erhia moztu, opalo harri gorri odoleztatu hartzaz iabetu ez balitz, zeren, han, harri gorri hartan mirail batetan bezala, ikusi baitzuen bere burua, emaztekia izan zen estatua balazkatuz, ferekaz eta amodioari loturik.
Nola zeruko ihintzak eragiten baititu uztak edo errekoltak, hala, Guillaume de Bartrasen baitan erokeria zuen eragin haren ikusteak; burua zinez iraulirik, begi bistan zuen odolezko mirail hartan, bere burua, iragan eta zoriontsuagoak ziren aduletan ikusirik, etxadi hartatik zen abiatu, iritik at, oihan, pattar jauztegien barrena, eraztunaren begiratzeko baizik ez zela atsegin ero, erokeria haren nahiaren indarrez betikoz galdu izateko...
Marcel Schwob, belagilea bere egoitzan, Cavourg herri heze ilun hartan, zenbait plametan akabera ematera ari zen Guillaume de Bartrasen biziari, akabera konplitu hullan zuen berak eragin Guillaume de Bartras-en heriotza krudel eta hain destorbu handia izkiriatzen ari zen, irrino bat ahoan, pergamino baliosa zen haren bisaiaren erdian somatzen zelarik...
Jean de Sponde