BEDERATZIETATIK

        (1918)

 

Hamabi t'erdiak. Bizkor iragan dira orduak

bederatzietatik, kriseilua biztu dudanean

eta bertan jezarri naizenetik. Irakurri gabe nengoen eseririk

eta berba egin gabe. Norekin mintzatuko nintzateke,

bakar bakarrik etxe honetan?

 

Nire gorputz gaztearen irudia,

bederatzietatik, kriseilua biztu dudanean,

etorri da eta aurkitu nau eta gogora-erazi

gela hertsi lurrindatuak,

eta plazer iragana —zein plazer ausarta!

Eta halaber ekarri dizkit begien bistara

kaleak, orain ezezagun bilakatu direnak,

mugimenduz beteriko tokiak, amaitu direnak

eta antzokiak eta kafetxeak behin izan zirenak.

 

Nire gorputz gaztearen irudia

etorri da eta ekarri dizkit gauza tristeak ere:

famili-minak, banapenak,

neure hurkoen sendimenduak, sendimendu

hil direnenak, hain guti estimatuak.

 

Hamabi t'erdiak. Zelan iragan diren orduak.

Hamabi t'erdiak. Zelan iragan diren urteak.

 

 

© K.P. Kavafis
© itzulpenarena: Andolin Eguzkitza / Olga Omatos

 


www.susa-literatura.eus