NEROREN EPEA

        (1918)

 

Ez zen larritu Nero entzun zuenean

Orakulu Delfikoaren erantzuna.

«Hirurogeita hamahiru urteen izan dadila beldur.»

Denbora zeukan oraino gozatzeko.

Hogeita hamar urte dauzka. Nahikoa da

epea jainkoak ematen diona

etorkizuneko arriskuez kontu egin dezan.

 

Orain Erromara itzuliko da apur bat nekaturik,

baina eztitsukiro nekatua bidaia honetatik,

oso osorik plazerregunez betea izan dena —

antzokietan, lorategietan, gimnasioetan...

Akhaia-ko hirien arratsak...

Oi gorputz biluzien plazerra gauza guztien

gainetik.. .

 

Gauza hauek Nerok. Eta Hispanian Galvak

ezkutuan du biltzen eta prestatzen bere armada,

hirurogeita hamahiru urteko gizon zaharrak.

 

        * Oraingoan Suetoniusek idatzitako Neroren bizitzetik hartzen du pasartea Kavafisek. Idazleak darabilen ironia tragikoak Galva zaharra Hispanian 68. urtean (K.a.) armada erreboltatuak enperadore izendatu zuen gertakarian dauka azalpena.

 

 

© K.P. Kavafis
© itzulpenarena: Andolin Eguzkitza / Olga Omatos

 


www.susa-literatura.eus