GOGORA EZAK GORPUTZA

        (1918)

 

Oi gorputza, gogora ezak ez bakarrik zenbat maitatu hauten,

ez bakarrik zein ohantzetan etzan haizen,

ezpada higanako desira haiek ere

begietan dirdira egiten zutenak argiro,

eta dardara egiten ahotsean —eta zeingura

ustekabeko oztopok hutsal bihurtu zituenak.

Orain den oro dagoela jadanik iraganean,

bazirudik ia desira

haiei amore eman hiela —zelan dirdiratzen zuten,

gogora, so egiten ziaten begietan;

zelan dardara egiten ahotsean, higanantz, gogora ezak, gorputza.

 

 

© K.P. Kavafis
© itzulpenarena: Andolin Eguzkitza / Olga Omatos

 


www.susa-literatura.eus