ERREGE ALEXANDRIARRAK

        (1912)

 

Pilatuta zeuden alexandriarrak

Kleopatraren semeak ikusteko,

Zesarion, eta beraren anaia gazteagoak,

Alexander eta Ptolomeo, lehen

aldikoz ateratzen zituztenak kanpora Gimnasiora,

bertan errege bezala aldarrikatzeko,

soldadu-erakuste distiratsu baten erdian.

 

Alexander — errege izendatu zuten

Armeniako, Midiako eta partiarrena;

Ptolomeo — errege izendatu zuten

Ziziliako, Syria eta Feniziako.

Zesarion aurrerago zegoen zutik

zeta arrosaz jantzia,

bularrean hiazinto-aroa,

gerrikoa, zafiro eta amatistezko lerro bi,

loturik beraren sandaliak lokarri zuri

harri arrosantzekoez xartatuez.

Bera, gazteagoak baino gehiago izendatu zuten,

bera, erregeen errege izendatu zuten.

 

Alexandriarrek ulertzen zuten hain segur

haiek guztiak teatro eta berbak zirela.

 

Baina eguna bero zen eta poetikoa,

zerua urdin argiko,

Alexandriako Gimnasioa

arte-maisulan arrakastatsua,

gortesauen luxua itzelezko,

Zesarion graziaz eta edertasunez betea

(Kleopatraren semea, Lagiden odolekoa);

eta alexandriarrak lehiatzen ziren ospakizunera,

eta sutzen, eta txalotzen zuten

grekoz, egipzieraz eta batzuk hebraieraz,

ikuskari ederraz sorginduak,

ororen buru bazekitela haiek guztiek zeukaten balioa,

zein hitz hutsak ziren erreinu haiek.

 

        * Beste batzutan bezala, oraingoan ere Plutarko da Kavafisek darabilen iturria. Eta honako honetan Antonius-en bizitzearen pasarte bat dakar, 34. urtean (K.a.) gertatu pasadizu bat kondatzen duena. Zesarion pertsonaia nagusia, Zesarren eta Ptolomeotar dinastiaren azkenengo faraonen, Kleopatraren, semea da, geroago Antonius-ek berak hilen duena. Kleopatraren heriotzearekin orduan, Egipto erromatarren pean geratuko da inperioaren banaketararte.

 

 

© K.P. Kavafis
© itzulpenarena: Andolin Eguzkitza / Olga Omatos

 


www.susa-literatura.eus