ITHAKA

        (1911)

 

Ithakara itzultzeko bidaian abiatzen zarenean,

egizu otoitz bidea luze izan dadin,

menturez betea, ezagutzez betea.

Lestrygonei eta Zyklopeei,

eta Poseidon hiratuari ez iezaiezu beldur izan,

horrelakorik ez duzu zeure bidean inoiz aurkituko,

zure pentsamenduak gora badirau, baldin eta zirrara

fin batek zure izpiritua eta zure gorputza ukitzen baditu.

Lestrygonak, Zyklopeak,

Poseidon hiratua ez dituzu aurpegiratuko,

zeure ariman ez badiezu abaro ematen,

zure arimak ez baditu jartzen zure aurrean.

 

Egizu otoitz bidea luze izan dadin.

Anitz udagoiz izan dadin,

zeinetan zein plazerrez, zein zoriontasunez

helduko baitzara aldez aurretik amesturiko portuetara;

geldi zaitez merkatu feniziarretan,

eta merkarntzia ederretarik egizu pilakera,

perlak eta koralak, anbare eta ebanoak,

eta lurrin laketgarri era guztietakoak,

ahal duzun gehiena lurrin laketgarrietarik;

hiri egipziar askotara joan zaitez,

ikasteko eta ikasteko dakitenengandik.

 

Zeure adimenduan ukan ezazu Ithaka beti.

Horrainoko etorrera da zure jomuga.

Baina ez ezazu presaka zeure bidaia bat ere.

Hobe da anitz urte eder dirauela;

era behin zaharturik ja irlara heltzea,

bidean irabazitako guztiarekin aberats,

espero gabe Ithakak aberastasunik ematea.

Ithakak bidaia eder bat eman zizun.

Bera gabe ez zinatekeen abiatu.

Baina ez dauka deus besterik zuri emateko.

Era pobrea edireten baduzu, Ithakak ez zintuen engainatu.

Bilakatu zaren jakintsua, hainbeste esperientziarekin

ulertu dukezu Ithakak zer erran nahi duten.

 

        * Nahikoa ezaguna da Ithaka mitikoa, Ulyses-en sorterria, eta halaber Homeroren poema, Odisea, Ulyses-en itzulera kondatzen duena Troiako gerratearen ostean, eta Poseidon-en amorruagatik jasan zituen gora beherak Ithaka helmuga eta ipar zeukan pasadizuz beteriko bidaia burutu baino lehen. Kavafisen olerki han, beraz, bidaia haren alegoria da, eta era berean Ulyses-ek aurkitu zituen arazo batzuena, hala nola Lestrygonen eta Zyklopeen gertakariena. Bidaia bizitzea da Kavafisentzat.

 

 

© K.P. Kavafis
© itzulpenarena: Andolin Eguzkitza / Olga Omatos

 


www.susa-literatura.eus