JAINKOAK ABANDONATZEN DU ANTONIUS

        (1911)

 

Ustekabean, gauerdiarekin entzun dadinean

gorteiu ikustezin bat igarotzen

doinu miresgarriekin, garrasiekin —

zure zoria badoana, zure ekintzak

huts egin dutenak, zure bizitzeko asmoak

liluramendu hutsak gertatu direnak, ez alferriz deitora.

Aspalditik gertu bazeunde bezala, adoreaz,

egiozu agur, badoan Alexandria honi.

Oroz lehen ez ezazu zeure burua engaina, ez ezazu erran

ametsa zela, belarriak iruzur egin zizula;

horrelako itxaropen hutsalik ez ezazu onar.

Aspalditik gertu bazeunde bezala, adoreaz,

zuri dagokizun bezala, hiri hau merezi izan duzunori,

hurbil zaitez sendo leiho-hegirantz,

era zirraraz entzun itzazu, baina ez

koldarren erregu eta auhenez,

azken poza bezala,

gorteiu mistikoaren oihartzunak, joilki miresgarriak,

era egiozu agur, galduz zoazen Alexandriari.

 

        * Berriro ere, Kavafisen iturburua Plutarkok idatzitako Antonius-en bizitzea da. Pasarteak haren azken gaua kondatzen du. Antonius, Actium-en Octavius-ek garaitua, Alexandrian setiatzen dute azkenez. Pasartea orduan gertatu mirakulu batez mintzatzen da: hiriko isiltasunaren erdian gorteiu bakhiar bat entzunten da irteerako aterantz zuzentzen dena, Alexandria uzteko. Pasadizu han Dionisiok (erromatarren Bakho jainkoak) Antonius —bere zaindari eta kide bezala zeukan jainkoa hain zuzen— abandonaturik uzten zuelakoan hartu zen. Antonius-ek orduan den dena amaiturik zegoela ulertu zuen.

 

 

© K.P. Kavafis
© itzulpenarena: Andolin Eguzkitza / Olga Omatos

 


www.susa-literatura.eus