MARTXOKO IDUS-AK

        (1911)

 

Handitasunen beldur izan zaitez, oi arima.

Eta zeure handigurak garaitu

ezin badituzu, arretaz eta kontuz

euts iezaiezu. Eta zenbat eta aurrerago zoazen,

are arakakorrago, are arretatsuago izan zaitez.

Eta gailurrera heltzen zarenean, Zesar jadanik,

gizon hain ospetsuren itxura erdiesten duzunean,

orduan batez ere kontuz ibil kalera ateratzean,

nagusi ahaltsu, zure gorteiuarekin nabaria,

baldin eta ezustean hurbilduko bazaizu jendetzatik

Artemidorus-en bat, gutun bat daroana

era harrapataka dioena, «irakur itzazu hauek oraintxe bertan,

arazo garrantzitsuak dira, zure ardurakoak,»

ez egiozu uko gelditzeari, ez egiozu uko atzeratzeari

zeingura elkarrizketa edo betebehar, ez egiozu uko baztertzeari

agurtzen zaituzten eta zure aurrean makurtzen direnak

(geroago ikusiko dituzu); eta itxaron beza

Senaduak berak ere, eta behingoan jabe zaitez

Artemidorus-en izkribu garrantzitsuekin.

 

        * Honako Kasuan, Kavafisek iradokimena Plutarkok idatziriko Zesarren bizitzearen pasarte batetan hartzen du. Etorkizuneko seinaleek ohartarazi bezala, Zesarrek kontu handiz ibili behar zukeen Martxoaren idus-etan (Martxoaren l5ean). Kristoren aurreko 44. urteko egun horrexetan, baina, alferrik saiatu zitzaion Artemidorus, Brutus eta Casiok gertatu konspirazioaren berri ohar idatzi baten bidez ematen, Senadura koroatua izatera joan ez zedin. Zesarrek txalotzen zuen jendetzaren eta laguntzen zuen gorteiuaren erdian ezin ukan zuen mezua irakurri, eta zin-hartuek hil egin zuten. Istorioa oso ezaguna da, Shakespearek gai berberaz izkiriatu zuen tragediaz egindako filmearen bidez.

 

 

© K.P. Kavafis
© itzulpenarena: Andolin Eguzkitza / Olga Omatos

 


www.susa-literatura.eus