HIRIA

        (1910)

 

Erran zenuen: «Beste herri batetara joanen naiz, beste itsaso batetara joanen naiz.

Beste hiri bat aurkituko da han baino hobea.

Ene ahalegin bakoitza kondena idatzi bat da;

eta ene bihotza —hil bat bezala— lurperatua dago.

Ene adimena noiz arte nahaspila honetan da biziko?

Edonon begiak jartzen ditudala, edonora begiraturik

neure bizitzearen hondar beltzak ikusten ditut berton,

bizitzea hainbat urtez egin dudan tokion, apurtu eta alferrikaldu».

 

Leku berririk ez duzu edirenen, ez duzu eridenen beste itsasorik.

Hiriak jarraituko dizu. Kale berberetatik zara

ibiliko. Eta auzune berberetan zara zahartuko;

eta etxe berberetan urdinduko.

Beti hiri honetara helduko zara. Beste lekurik ez ezazu igurika—

Ez dago itsasuntzirik zuretzat, ez dago biderik.

Berton zeure bizitzea hondatu duzun bezala,

zoko txiki honetan, mundu osoan galdu duzu.

 

 

© K.P. Kavafis
© itzulpenarena: Andolin Eguzkitza / Olga Omatos

 


www.susa-literatura.eus