TROIARRAK

        (1905)

 

Izan ere gure afanak, malerusenak dira;

gure afanak troiarrenak bezalakoak dira.

Ñimiño bat erdiesten dugu; ñimiño bat

geure buruaren jabe egiten; eta hasten gara

kuraia edukitzen eta esperantza ederrak.

 

Baina beti jalgitzen da zerbait eta geldierazten gaitu.

Akhiles, luebanean gure aurrean,

jalgitzen da eta ahots goraz gaitu ikaratzen.—

 

Izan ere gure afanak troiarrenak bezalakoak dira.

Uste izaten dugu ezen ausardiaz eta erabakimenaz

aldatuko dugula patuaren gibelmina,

eta kanpoan geratzen gara gudukatzeko prest.

 

Baina ataka hertsia heltzen denean,

erabakimena eta ausardia aienatzen dira;

larritu egiten da gure arima, eta elbarritzen;

eta harresien inguru egiten dugu laster

geure buruok salbatzekotan ihesean.

 

Haatik, gure jautsapena segurua da. Goian,

rnurruetan, eresia hasita dago ja.

Gure egunen oroitzapen eta sendimenduek nigar egiten dihardute.

Garratz ari dira Priamo eta Hekuba gugatik nigar egiten.

 

        * Poema honen oinarria Iliadaren 22. kantuan dago, Hektor eta Akhiles, troiar eta greziar gizaurenen arteko burrukan. Hektorrek, beraren gurasoen erreguei amore eman gabe, erabaki du Akhilesekin burruka egitea, eta beraren begira dago zutunik Troiako harresien aurrean. Baina hurreratzen dakusanean, ihes egin egiten du ikararen ikaraz greziarrak jazarria. Akhilesek orduan erasotzen dio, hiltzen du eta ankerkeriaz jokatzen beraren gorpuagaz. Hektorren gurasoek, Priamo erregeak eta beraren emazteak Hekuba, harresien gainetik ikusten dute dena, eta desesperoz nigar egiten dute semearen amaiera tragikoagatik.

 

 

© K.P. Kavafis
© itzulpenarena: Andolin Eguzkitza / Olga Omatos

 


www.susa-literatura.eus