ERDALDUNEN ESPEROAN

        (1904)

 

— Zeri igurikatzen diogu plazan batuta?

 

          Erdaldunak egun heltzeko direla.

 

— Zergatik Senaduan horrelako geldotasuna?

Zergatik jezarrita daude senadoreak eta ez dute legerik ematen?

 

          Erdaldunak egun helduko direlako.

          Zeintzu legeak emanen dituzte bada senadoreek?

          Erdaldunak heltzen direnean emanen dituzte.

 

— Zergatik gure enperadorea hain goiz jaiki da,

eta jezarrita dago hiriaren aterik handienean,

tronoaren gainean, arranditsu, koroa jantzita?

 

          Erdaldunak egun helduko direlako.

          Eta enperadoreak itxaroten du buruzagia

          atosteko. Izan ere, berari emateko

          pergamu bat prestatu du. Berorretan

          titulu eta izen asko idatzi dio.

 

— Zergatik gure kontsul biek eta pretoreek irten dute

egun beren toga gorri, bordatuekin?

Zergatik amatistekin josiriko beso uztaiakjantzi dituzte,

eta eraztunak esmeralda distiratsu eta argitsuekin?

Zergatik hartzen dituzte egun makila baliotsuak

urreaz eta zilarrez bikainkiro xartatuak?

 

          Erdaldunak egun helduko direlako,

          eta horrelakoek baitituzte erdaldunak liluratzen.

 

— Zergatik etorri oneko hizlariak ez datoz beti bezala

beren mintzaldiak egitera, berenak erratera?

 

          Erdaldunak egun helduko direlako;

          eta aspertu egiten dira bokantza eta hitzaldiekin.

 

— Zergatik hasten da bapatean artegatasun

eta ezinegon hau? (Aurpegiak zein beltzuri bihurtu diren).

Zergatik hustutzen dira bizkor kale eta plazak,

eta denak itzultzen dira beren etxeetara oso pentsati?

 

          Ilundu delako eta erdaldunak ez baitira etorri

          eta batzuk mugetatik heldu dira,

          eta esan dute erdaldunik jadanik ez dagoela.

 

Eta orain zer gertatuko zaigu erdaldunik gabe?

Jende hauek zelanbaiteko konponbidea ziren.

 

        * Pasadizua, seguru asko, irreala da, eta Erromaren jautsapenaren garaian kokatua. Olerki honi hainbat interpretazio eman zaio, baina, antza, Kavafis-en bizitzako egoera konkretu batez ari da. Izan ere, Alexandriako egipziar eta grekoek uste izan zuten 1882-1895ean Sudaneko erreboltak (barbaro berrien ostetzat jo baitzituen ingeles prentsak errebelatu sudaniarrak), lagun zezakeela Egiptoren beregaintasuna britaniar inbasioaren aurrean. Milaka sudaniar hil zeneko erreboltak ez zuen, alabaina, inongo eraginik ukan Egipton.

 

 

© K.P. Kavafis
© itzulpenarena: Andolin Eguzkitza / Olga Omatos

 


www.susa-literatura.eus