LEHEN HARMAILA

        (1899)

 

Teokritos-i kexatzen zitzaion

egun baten Eumenes olerkari gaztea:

«Urte bi dira honez gero idazten dudanetik

eta idilio bat egin dut bakarrik.

Neure lan bukatu bakarra da.

Ai, luzeak dira, badakusat,

hagitz luzeak dira Poesiaren eskilarak;

eta orain nagoen lehen harmailatik,

ez naiz inoiz igonen, gaixoa ni».

«Berba hauek», Teokritos-ek erran zuen,

«desegokiak dira eta laidoak.

Eta zu lehen harmailean baldin bazaude, egon behar duzu

harro eta zoriontsu.

Honaino etortzea ez da guti;

egin duzuna, loria handia da.

Lehen harmaila hau ere

hagitz baitago jende arruntarengandik urrun.

Zure oina lehen harmaila honetan jartzeko

zuzenez izan behar duzu

ideien hiriko hiritarra.

Eta hiri horretan zaila da

eta desohizkoa bertakotua izatea.

Beraren plazan Legegileak aurkituko dituzu

inongo menturazalek engaina ezin ditzakeena.

Honaino etortzea ez da guti;

egin duzuna, loria handia da.»

 

        * Poeman kondatzen den pasadizua zein Eumenes olerkari gaztea irrealak dira seguru asko. Teokrito, ostera, Grezia helenistikoaren poeta bat izan zen, III. K.a.koa, Sirakusan jaioa eta bete bizitzearen parte bat Alexandrian eman zuena. Bera izan zen idilio izeneko artzantza-gaiez aritzen diren poema laburren sortzailea.

 

 

© K.P. Kavafis
© itzulpenarena: Andolin Eguzkitza / Olga Omatos

 


www.susa-literatura.eus