Sarrera

 

1. Kavafis greziar olerkariak, «azken alexandriarra» norbaitek deitu zion bezala [1], ez dauka honez gero aurkezpen beharrik; beraren obra eta bizitzea nahikoa ezagunak dira mundu osoan. Hain segur, Grezia berriak sorturiko olerkarietan irakurrien eta ikertuena bera dela esan baitaiteke. XX. gizaldiko literatura neohelenikoaren loratze poetiko handian bera dugu, zer esanik ez, lehena, beste guti batzuk baino ez aipatzeko ondokoek ere osatzen dutena, Kasantzakis, Sikelianós, Karyotakis, Seferis, Elitis eta Ritsos, guztiak eragin unibertsalekoak eta tartean Nobel-saridun bi ere badaudelarik.

        Beraren garaian, haatik, ez zen Kavafis greziar poeta haundienetakotzat joa izan, Solomós, Palamás edo Sikelianós izan ziren bezala. Kavafisen poesiak ez zituen sendimendu aberkoiak goraipatzen, ez zuen greziartasunaren soka sendikorra ukitzen uneon ulertzen zen bezala, eta «Ideia Haundia»ren ametsa ez da beraren obran isladatzen [2]. Kavafis ez da garaiko greziar historiarekin axolatzen, ez ditu belaunaldi horretako arazo sozial eta politikoak erabiltzen; eta ez du orduko idazleak batzuk besteen aitzi jartzen zituen hizkuntzari buruzko burruka latzetan ere parte hartzen [3]. Bestalde, beraren poesia ez zen kanon poetikoekin egokitzen, ez edukinean, ez forman ez eta hizkuntzan ere. Guzti horregatik beraz, luze hartu zuen beraren garaikideen onarpena lortu arte.

        Bere lehenengo lan poetikoak 1886. urtearen inguruan hasi zituen, baina oso gutitan argitaratu liburu edo aldizkarietan. Garaiko greziar gehienen aurrean 1909an hasi zen bakarrik izen famatua bihurtzen, urte hartan Xenopulos izeneko literatur kritikalariak, oraindinoko aski gazte eta guztiz ezezagun zen Alexandriako poetaren hamabost olerki argitara eman baitzituen aldizkari batean [4].

        Hasieran axolagabetasunarekin egin zuen topo, eta lantzean behin baita kritika gogorrekin ere [5], dela beraren originaltasun poetikoa ez ulertzeagatik, [6] edo dela bere olerkaritzan isladatzen dituen ezkortasun eta eroritasunagatik, zenbaiten eritziz arras zoritxarreko zirenak garaiko gazteentzat, bestela ere aski zigortuak hondamendi politikoekin [7].

        «Hogeitamarretako belaunaldiko» olerkariek, adibidez, gostata bakarrik senditu zuten Kavafisenganako erakarpena. Seferis-ek berak hagitz berandu hurbildu zela Kavafisen poesiara aitortzen du, eta hurrun senditzen zela olerkari «eruditu»arengatik, halatan ezen beraren obra osoa argitaratu arte ez bide zuela oso ikuspegi zatikakoa baizik eduki. [8]

        Hala eta guztiz ere, beraren eragina apurka tinkatuz joan zen, azkenean belaunaldi berrien idolo eta eredu bihurtu arte; eta beraren heriotzearen ostean, ez da inoiz bera argitara eta itzultzeko bultzada gelditu, ez eta ikuspegi desberdinez hainbat lanetan ikertua izateko joera, hainbeste non greziar olerkarl unibertsala bilakatu dela baiezta baitaiteke.

 

2. Kavafis Alexandrian bizi izan zen, arras iragan aberatseko oroimenen jabe den hirian, eta orobat tradizio handien jaraunsle. Grezia helenistikoak sortu zuen kultura loratsuaren lekuko, Alexandria krisialdian zegoen handitasunezko mundu zahar haren jakilea ere badugu. Izan, hori izan zen benetan Kavafisen gogo eta arreta erakarri zituena: ez Greziaren loriazko garaia, ezpada beheititzekoa, nahasmendu politiko eta moraleko tenorea, hots, mundu eta erfjio biren arteko topo eta talka izan zen unea, mundu zaharra alde batetik, antzinakoa, eta mundu kristau-bizanziarra bestetik.

        Bestalde, amaren aldetik, Kavafisen sustraiak Konstantinoplan daude, inperio bizanziarraren aspaldiko hiriburu bizian. Antza, aitona izan zen mundu hartarantz erakarri zuena, eta beraren olerkietan isurtzen den mirespena sorterazi ziona.

        Mundu hauetan aurkitzen da beraz Kavafisen poema gehienen iradokimen-iturburua, benetako lilura senditzen baitu Grezia zaharraren eta Bizanzioaren historiarekiko, eta lurralde horietan baitago egon greziartasunaren harrotasuna poetarentzat:

 

                «Ene adimena gure arrazaren loria handietarantz da

                bihurtzen, gure bizanziar tradizio bitorerantz.» (Elizan)

 

edo Antiokoren hilartitza, Komageneko errege izenekoan:

 

                «Orotan den onena izan zen, heleniarra,

                ez dauka gizateriak hori baino bertute ohorezkoagorik.»

 

        «Ni heleniarra naiz, ez greziarra», gogoratzen zuen beraren kritikalari batek, Stratis Tsirras-ek, esaten ohi zuela Kavafisek, horretaz, nonbait, Grezia zaharra eta Grezia bizanziarrarekiko hurbiltasuna kulturgune bezala azpimarratu gura zuela.

        Tradizio helenistiko eta erromatarrean alde batetik, eta bestetik garai bizanziarrean koka ditzakegu orduan Kavafisen sorkuntzaren iturriak: Herodotok, Polibiok eta oroz lehen Plutarkok idatzi historietan, eskultura eta pintura zaharretan, epigrafian edo numismatikan, horrelakoetan idorotzen baititu zeingura egoerari edo pertsonaia historikori buruzko aierupen bat egiteko paradak, gero gogoeta filosofiko, etiko edo moralen egiteko erabiliko dituenak.

        Olerkietan erabiltzen dituen pertsonaia historikoak ez dira handiesten eta laudatzen diren gizaurenak: beren moteldura, flakia eta herbaltasuna onartzen dituzten gizakiak dira, lantzean behin banoak eta handigurak ere direnak, zinikoak edo irrigarriak. Artista jaitsaldian dagoen gizakiarekin ere interesatzen da, ez loriaz aberats denarekin bakarrik, eta sarri askotan oso guti ezagutzen diren historiako pertsonaiak erabiltzen ditu, hala nola Zesar eta Kleopatra-ren semea zen Zesarion gaztea, poema batetan aipatzen duena (ikus Errege alexandriarrak).

        Iradokimenaren agertokiak inguru kaletarretakoak izaten dira beti (greziar literaturaren lehen poeta kaletarra eritzi zaio). Kavafisek oso bakanka begiratzen du natura. Poema kanonikoetan Goizaldeko itsasoa izeneko olerkian bakarrik; eta berak arbuiaturiko piezetan, Loreen elegia delakoan; argitaratugabekoetan, berriz, Etxea lorategiarekin deritzonean. Horietan soilik jartzen ditu begiak itsasoan edo landaminetan. Alexandria edo Antiokia bezalako hiri zaharren jauregiak dira darabiltzan agertorki horiek, edo osterantzean bere kaleinguru bera, edo bere pertsonaiak kokatzen dituen etxeak, arras sona badaezpadakoak.

        Azken batean, Kavafisen idarokimen-iturria gizakia da eta orobat bere bizitzea bera. Dela direlako olerki historikoetan, zein poema erotiko edo filosofikoetan, Kavafis bere golkorantz bihurtzen da beti. Darabiltzan pertsonaien maskaren atzean bizitzearen aurrean daukan jarrera ostentzen da, ezkortasun eta etsipenez begiratzen duen bizitzea, ironiaz, sarkasmoz, halako hurruntasun eta axolagabetasunez, inoiz edo behin asalduraz, baina beti ere begiak lepoan malenkoniaz eta kadentasunez ikuskatzen duena. Baina barruan gordetzen duen tragedia eta guztiz ere, lar espanturik gabe ordea. «Kavafis —dio Parásk hou-k— barrutik urratzen da, baina lasaitasun-maskara bat daroa gizon duinen ataraxiaz, sufrimendua jasaten badakitenak sufrimendu horren erakusketarik egin gabe.»

        Oso adierazkorra da garaikidea zeukan Nikos Kasantzakisek alexandriar olerkariaz utzi duen zirriborroa, Alexandriara egin zuen bidaia bat zela eta:

 

        «Kavafis kultura baten azken loreetariko bat da; beheititze eta gainbeheraren gizon apartekoaren ezaugarriak oro dauzka: jakintsu, hedonista, edertasun eta plazerraren maitale, gomutez betea. Florentzian jaio behar izan zukeen XV. gizaldian, aitasainduaren kardinal edo kontseilari segeretu, edo eta Venetziako duxen jauregian, kanaleetan edanez, amodio eginez, idatziz.

        Kavafis antsikabe eta adoretsu bizi da. Jezarleku guri batetan jarririk, leihotik begiratzen du, eta erdaldunen etorreraren zain geratzen da. Eskuetan pergamuak gordetzen ditu titulu arduratsuki idatziekin, zeremoniajantzi guztiz ondo apainduak dauzka eta igurikatu egiten du. Baina erdaldunak ez dira heltzen eta funtzean lasai egiten du hasperen, ironiaz irripar eta segitzen du itxaroten.» [9]

 

3. Kavafisen olerkaritza poesia dramatikotzat jo da. Telos Agras-ek, esate baterako, honela dio, «dramatikoa da, beraren edukinagatik batez ere; pertsonaien ikerketa historiko-psikologiko bat egiten delako, dela pertsonaia horien bakarrizketen bidez, edo dela poetak berak egiten dituen azterketen bidez. Eta dramatikoa da gainera olerkariaren beraren barnedrama ere adierazten den neurrian, sarritan aipatzen diren pertsonaien drama bera izaten dena, gizauren, filosofo, edo bizinahiak izan.»

        Gaien arauera poesia hedonistaz, historikoaz, filosofikoaz eta abarrez hitz egiten ohi da Kavafisen obra aitatzean. Olerkariak berak lanak argitaratzeko orduan, antza, hiru taldetan sailkatu zituen poemok: historikoak, filosofikoak eta erotikoak. Gure ustez, baina, oso gaitza da horrelako sailkapen tinkorik egitea. Kavafisen hainbeste olerkitan ez da erraz funtsezkoen den elementua mugatzea, alegia, oinarrizko gai hori historikoa ote den argi uztea, erotiko nahi filosofikoa, edo eta Papanotitsos-ek dioen bezala, edukin didaktikoa den, Kavafisen poesia gehienaren ezaugarri didaktikoa agerian uzten lukeena. Kavafisen olerkaritza aztertzen badugu, baina, zerarekin konturatzen gara, aurkitzen dena bizitzeari buruz zeukan filosofiaren alde desberdinen isladak direla.

        Hala, bada, erotismo gogor eta alatua idorotzen dugu, lantzean behin era neurrigabeaz beraren homosexualtasunari iratxeki zaiona. Egon badago, amodiozko plazerraren gorespen argia:

 

                «Haragiaren plazerra

                erdi zabalduriko jantzien artean;»

                        (Irautearren).

 

gazteriaren eta edertasunaren idolatria. Haatik, usu, oroimenen artean bildua heltzen zaigun heinean, begitazinoen artean edo ametsez inguratua, poemen erostismo hori apaldu egiten da; gogora ditzagun, etsenpluz, Gogora ezak gorputza, edo Etxearen azpian deritzen olerkiak. Inoiz edo behin halaber debekatu eta eragotziarekiko, ahalkegarriarekiko erruduntasun-konplexua isurtzen dela ematen du, inguruak berak ere halako giro bakana sortzen laguntzen duelarik: gela ilunak [10], urrutiko auzune eta tabernak, ertz eta txoko begirada indiskretuei ezkutatuak eta horrelako. Eta damugura aurkitzen uste dugu. Hain zuzen, bere birsortzea erdiesteko gauza ez denaren eroritasunarekin bukatzen dena:

 

                Bakarka ateratzen dira, ezkutuka etxetik; eta pitin

                bat artega ibiltzen diren bitartean kaletik, susmotan

                ematen dute berarengan zerbaitek salatzen duela

                zelako ohantzean etzan diren apur bat lehenago.

                        (Beren hastapena)

 

                Noizean behin zin egiten du bizitze hobea hasiko duela.

                Baina gaua heltzen denean bere diren...

                        (Zin egiten du)

 

        Beste batzutan, ostera, erreberia eta amorru amiñi bat ere aurkitzen da, eta era berean plazer debekatuarekiko ausardia eta bere burua askatzeko desira:

 

                ...

                joan egin nintzen gau argitsuan.

                Eta ardo boteretsuetarik edan nuen

                plazerrezko adoratsuek edaten dutenak.

                         (Joan egin nintzen)

 

        Beharbada, gainera, gauza zenean, gozatu gabe plazerrari ihes egiten uzteagatiko damutasuna ere, 'zentzu onaren' aginduak onartuagatik:

 

                Eta pentsatu egiten du zelan Zuhurtziak iruzur egiten zion;

                eta zelan berarengan fedea zeukan beti —hori erokeria!—

                gezurtiarengan, erraten ziona beti: «Bihar. Badaukazu astirik»

                        (Gizon zaharra)

 

        Azken batean, aldez edo moldez, Kavafisen poesiarik gehienak isladatzen duena arazo esistentzial bat da, bizitzearen sendimendu tragikoa. Beraren lehenengo olerkietako batean, oraino ere lehen lanetako tankera sinbolikoagaz, Murruak, halako bakartade eta isolamendu iraunkorraren zentzazio tragikoa ematen du aditzera. Poetak, nonbait, gizarteak kondenatua ematen du, eta berarengandik kanpo ezarria:

 

                ...

                handi eta garai eraiki zituzten murruak ene inguru.

                Erraparatu gabe gorde ninduten mundutik kanpo.

                        (Murruak)

 

        Antzeko bakartasun-zentzazioa Leihoak izeneko olerkian edireten dugu, poeta gela batzuetan, loturik dagoela, leihoak aurkitu ezinda:

 

                ...Eta agian hobe aurkitzen ez badira. Agian argia tirania berria izanen da.

                        (Leihoak)

 

        Etsipen eta esperantzarik eza berberak, zenbaitek lurjoaren eroritasunari iratxekiak, Hiria poeman ostera ere agertzen zaizkigu:

 

                Beti hiri honetara helduko zara. Beste lekurik ez ezazu igurika. Ez dago itsasuntzirik zuretzat, ez dago biderik.

                        (Hiria)

 

        Erdaldunik ez dagoela dakitenentzat galtzen den azken itxaropenori bera (ikus Erdaldunen esperoan).

        Gizakiak sarritan porrotera kondenatua ematen du eta as~ turuak menderatua:

 

                «Uste izaten dugu ezen ausardiaz eta erabakimenaz aldatuko dugula patuaren gibelmina.

                Haatik, gure jautsapena segurua da.»

                        (Troiarrak)

 

        Jainkoak abandonatua senditzen da. Ama Birjinak isiltasun tragikoari eusten dio, itsasoaren ondoan semearen itzulerarako otoitz egiten duen amaren aurrean Erregua deritzon olerkian. Jainkoak iruzurgileak dira eta desleial, Apolo bera Troiara jaitsi zen Akhiles hiltzen laguntzera, nahiz eta Tetis-1 era guztietako zorionak aginduta zeuzkakion beraren askaziarentzat (Desleialtasuna).

        Kavafisen olerkaritzan gainera badago osagai bat bizitzeari buruzko sendimendu tragiko hori areagotzera datorrena: denboraren iragate urrikigabekoa adierazteko darabilen dramatismoa, izan ere malenkonia eta mineri itzelezkoak sortzen dizkion dramatismoa. Erromantikotasunez betetako Argizariak izeneko poeman, adibidez, argi eta garbi ikus daiteke, edo Bederatzietatik delakoan.

        Obsesioa da denbora joanekiko nostalgia hori. Kavaffsek ez du aurretantz begiratzen; biz1a zerbait bukatutzat ikusten du beti. Karrika baten edo begi batzuen begitazinoak, edo zenbait koloreren ikuskerak atzerantz begiratzeko oldarra ematen dio, eta gomutei aieru egiteko parada eskaintzen. Eta denboraren iragatearen obsesio horrekin batera, zahartzaroarekiko kezka ere beti dabil inguruan, dauzkan olerkirik onenetako batzuetan agertzen dena. Zahartzaroa -eta zahartasuna- Kavafisentzat gaztaroaren eta amodioaren amaiera da, berarekin batera plazer eta edertasunaren galera dakarren gainbehera fisikoa. Badirudi Kavafisi are zirraragarriago zaiola zahartasuna heriotzea bera baino. Maitatuz hiltzen den Eurion gazte ederra, familia oneko seme, filosofo eta erudito, eta zahartzeaz galtzen dena, honela aipatzen du:

 

                Galdu genuen, ordea, preziatuena - beraren edertasuna, begitazino apoliniar bat bezala izan zena.

                        (Eurionen hilobia)

 

        Etsipen tragikoaren aurrean, Kavafisen jarrera bizitzearen erantzukizuna hartzea da, baina beti ere etikaz eta duintasunez; porrokaldia onartzen jakitea liluramendu faltsurik gabe, ez larregikeriaz edo espantuz Demetrio Erregea olerkian bezala. Jainkoak abandonatzen duAntonius delakoan, berriz, bere halabeharra onartzen dakien eta bere azkena duintasunez itxaroteko prest dagoen gizakiarekiko mirespena adierazten du. Horiek dira Kavafisen gizaurenak, gizakiaren balio etikorik goienak beti ere erakusten eta defendatzen dituztenak. Garaitua izanen dela dakiena, baina betebeharra onartzen duena Thermopylak izeneko olerkian bezala. Une erabakiorrean ezetz dioena eta beraren ihardespena egoki eta zuzena izan zela sinestsita segitzen duena (Che fece... ilgran refiuto). Horrelako balioeskala batez zuzentzen du hainbeste poema: pobre eta errumes dezaketen ekintzetan bizitzea ez irioteko eta alferrik galtzeko kezka, Ahal duzun gehien; munduko bonbaziekiko mespretxu eta erdeinua, `historiko' eritzi zaien olerki horietako batzuetan agertzen dena, hala nola Martxoaren Idus-ak deritzonean; gizanaturaren makalaldiekiko ulertzapena, Errege alexandriarrak delakoan; edo eta zinismo eta sarkasmoaren defentsa, Osroeneko hiri batetan izenekoan. Kavafisen olerkaritzan azterka daitekeen beste elementu bat ere arte poetikoaren balioztapen handia eta berarekiko sendimendu sakona dugu. Eumenes olerkari gaztea, esate baterako, Teokritos-ekin zinkurinatzen da bi urtetan idilio bakar bat idatzi duelako, eta poeta handiak honela erantzuten dio:

 

                Eta zu lehen harmailean baldin bazaude, egon behar duzu harro eta zoriontsu.

                Honaino etortzea ez da guti; egin duzuna, loria handia da.

                        (Lehen harmaila)

 

        Poesiak bizitzea nobletzen du eta lazeria zein porrokalditik jareiten dio:

 

                Eta hala ere etxean sartzen denean ezkutatzera bere murrizte eta zahartasuna, gogoeta du egiten eraginaz, oraino ere daukana gazteriaren gainean.

                Mutil gazteek orain beraren lerroak berak errentatzen dituzte.

                        (Oso bakanka)

 

                Zahartzaroan eta gaisotasunean kontsolamendu bakarra da: Zugana egiten dut laster, Poesiaren Artea, badakizuna zeredozer sendagaiez; minaren loeragiteko saioak Fantasian eta Mintzoan.

                        (Jason Kleandrorenaren malenkonia, Komageneko poeta; A. D. 595)

 

                Jezarrita nago eta amets egiten dut.

                Desira eta zentzaioak ekarri dizkiot Arteari - Eman diezaiodan berari neure burua.

                        (Ekarri dizkiot Arteari)

 

        Artea bizitzearen baliorik goiena da ekintza eta balentria guzien gainetik:

 

                Ene gaztaroaren urteak, ene plazerbizitzea Zeintzu garbai hutsalak, zein alfer...

                Ene gaztaroaren bizitze nabarmenean

                eratu egiten ziren ene olerkigintzaren asmoak, zirriborratu ene artearen hesparruak.

                        (Ulertzapena)

 

4. Kavafisen forma poetikoa, denez bezainbatean, ezin defini daiteke liriko bezala, alexandriarraren poesiaren ezaugarriak aski urrun baitaude olerkigintza lirikotik. Izan ere, gorespen lirikotik ez da izan Kavafisen ezaugarrietako bat. Honela dio poetak berak: «oso bakanak dira egiten ditudan enfasiaren erabilkerak; aurkitzen direnean zentzu berezi bat bilatzen dudalako da, ez gorespen liriko baten adierazgarri.

        Hain zuzen, adjketiboak oso urriak dira; metaforak, beraren sorkuntzaren azken garaian batez ere, oso bakan, oso irudi poetiko guti darabil; eta ohartzekoa da orobat, zenbat eta zenbat aditz eta aditzondo agertzen diren. Joskera, ostera, nahikoa konplexua da, eskema erretoriko nahasiekin: perifrasiak, parentesiak, prolepsiak, errepikaketa pleonasmikoak, galderak eta erantzunak.

        Alexandriarraren poesiaren zatirik handiena narratzaile eta dramatikoa da, pasadizu edo gertakari historiko baten kondaera, lantzean behin ekitaldi teatralaren zinbeltasuna hartzen duena. Narrazio hauek oso aberastasun deskribatzaile handikoak dira: pertsonaien eta inguruaren deskribaketa zehatzak. Gazteen deskribaketak kasu batez zertzelada guztiez egiten dira: euren ilea, begirada, hazpegiak, adina (ohizkoena 24-25 urte dira). Baina oroz lehen pertsonaiak kokatzen ditueneko inguru denboral eta espazialaren deskr1baketa da deigarria. Eta antzerki-ekitaldi antzeko hauetan, partehartzaileen bakarrizketek, eta noizean behin baita elkarrizketek ere, benetako pieza dramatikoak bihurtzen dituzte poemok. Kasurik nabariena Erdaldunen esperoan deritzon lana dugu, horretan elkarrizketa, olerkariaren barnebakarrizketa bezala, gertaera historikoaren antzespenarekin lotzen baita. Kavafis horrelako olerkietan, muina lerro bar edo bitan harrapatzen saiatzen da, gakoa den hitz edo perpausa, alegia, piezari zentzua ematen dion gorapiloa sendo lotzen. Lantzean behin, hasieran gertatzen da, geroago aitzineramendua eta azalpena datozela. Hori da Martxoaren idusak poemaren kasua. Beste batzutan azkeneraino igurikatu behar da arrazoia edo ondorioa aurkitzeko. Adibidez, hori da Sarrerako miraila deritzonean gertatzen dena, mutilaren edertasunaren gorespena delarik arrazoi hori. Neroren epea delakoan, berriz, ironia tragikoaz egiten du jolas egileak, bertan ere azken lerroa delarik poema osoa ulertzeko nahi eta nahiezko elementua.

        Hizkuntza ere azpimarkatzekoa da Kavafisengan (garaikideen esanetan grekoa ingeles azentuaz erabiltzen zuen, beste edozein hizkuntza baino lehenago ikasi ei zuzea eta ikasketak egiteko erabili). Bere lehen lerroak kazarevusaz [ikus 3. oh.] idatzi zituen. Baina geroagoko olerkirik gehienak, beraren obrarik ezagunena hain zuzen, ez zuen garbizaleen hizkuntzaz idatzi, ezta ordea, XX. gizaldiko olerkari haundiek erabili duenn hizkuntza herritarraz ere (demotiki delakoa), ezpada oinarriz demotikoa den hizkera batez, baina ezaugarri arkaiko askorekin (guztiz logikoa poetarengan, Kavafisen miresleen arauera). Nahasketa hori, antza, poeta erudituaren inguru zebilen jende landuaren hizkera zen, eta formarik arkaikoenak eta egitura sintaktikorik berezienak mundu zaharra, mundu helenistikoa edo bizanziarra aipatuko dituenean agertuko dira.

        Forma metrikoari dagokionez lan handia eskatuko luke orain zeredozer fumsezko esateak. Horratik, alde honetan ere arras dela beregaina aipatu behar da, eta aurreko eskema poetikoekin hausten duela. Ez ditu bertsogintza tradizionalagoaren forma finkoak maite, hala nola ahapaldi-motak, errima edo eta lerro-kopurua. Delako lerro libreen erabiltzaile porrokatua da, eta poema bakar baten barruan ahapaldiak osatzeko moldeak guzuz bereziak dira. Horrek guztiorrek, lehenago aitatu parentesi eta egitura bereziekin batera halako itxura ematen dio Kavafisen poesiari, ezen aski erraz egiten zaigula garaikide zenbaiten destaina eta mesfidantza ulertzea orduko aurreritziekin hurbiltzen zirenean alexandriarrarengana.

 

5. Kavafisen corpusa, poema kanonikoak direlakoak, 153 olerkik osatzen dute, han da, poeta bizi zen bitartean berak aukeratu eta ordenatu bezala argitaratu zirenak. Horrek dira, izan, Savidisek, Kavafisen obraren gordelariak, argitaratutakoak. lkaros argitaletxeak atera zituen 1963an liburuki bitan. Lehenengoan 1896 eta 1918 bitartean idatzitako olerkiak biltzen dira, eta bigarrenean 1919tik eta hil arte idatzitakoak. Horrez gain, badago 75 poemez osaturiko beste multzo bat argitaratugabe geratu zena, eta Savidis-ek berak ere eman zuena argitara 1968an. Azkenez Kavafisek arbuiaturiko poemez osatua dagoen hirugarren multzo bat ere badago, izen horren bidez ezagunak, alegia, olerki arbuiatuak.

        Antologia honetan agertzen diren poemarik gehienak, 33 hain zuzen ere, 1896-1918 lehen tarte horretakoak dira, hots, poeta bezala, Kavafisen hazkuntzaren garairik garrantzitsuenekoak. Erabili dugun erizpidea, berriz, estetiko hutsaz gain jakina, alexandriar olerkariaren pentsamendu poetikoaren ahal den ikuspenik zabalen eta fidelena ematea izan da, horretarako poema-mota desberdinak erabili ditugula.

        Kavafisek horrelako gaiez idatzi zituenak kontutan hartuta, tradizionalki historikotzat jo diren poemen kopurua oso da murritza antologia honetan, 10 guztira; eta beharbada, bat baino gehiago harri liteke. Horrelako askoren ulertzapenak ordea, poema horietan erabiltzen diren pertsonaien historiaren ezagutza nahikoa zehatz eta berezia eskatzen lukeela uste izan dugu, eta horregatik kanpoan uztea erabaki, Greziako historiaren hainbeste pertsonaia ilunen ezagumendu hori gabe erabat ulertezinak bailirateke. Egia da, bestalde, arazoa oinohar gehiago jarrita konpon litekeena, baina luzeegiak eritzi diegu beharrezko fratekeen azalpenei, Kavafisen ezagutzarako emanen liguketen laguntzaren parean. Beraz, aukeratu ditugunak halako gertakari historiko edo tradizio ezagunagoak erabiltzen dituztenak dira, eta horregatik ulergarriago egiten dutenak Kavafisen helburu poetikoa.

        Beste poemez denez bezainbatean, olerki erotiko eta filosofikoen artean, erizpide berberari eutsiz, ezagunen eta poetarenetan karakteristikoenak hautatu ditugu, alegia, olerkariaren eroritasunaren ikuspegitik adierazgarrienak direnak batetik, eta bestetik hain bere zeukan denboraren iragatearen sendimendu dramatikoa hoberen erakusten dutenak, edertasun eta gaztetasunarekiko zeukan mirespena erabiltzen dutenak ahantzi gabe.

 

6. Poemok, grekotik zuzenean itzuliak, lehenago aipatu Savidis-en argitaralpenetik jaso ditugu, horretarako 1985ko argitaraldia erabili dugularik. Argitaralpen horretan agertzen den ordena kronologlkoaz eman ditugu, han da, lehendabizikoz argitara eman ziren daten arauera.

        Itzulpena, antologiaren prestaketa osoa bezala, hitzaurre honen izenpetzalleen ahalegin amankomuna izan da, eskuartean duzun eta borobil baten antzera borobila izan gura lukeen lan han osatzekotan, lotu baino lehenago, mutur bi dauzkan soka bat bezala begira litekeena. Mutur batetan, greziar muturrean, Olga Omatos agertzen da, beta delarik greko moderno eta literatura neohelehenikoaren ezagutzaile eta irakaslea. Beste muturrean, ostera, euskararenean, Andolin Eguzkitza dugu. Bien saloz eta eginahalez heldu gara honaino.

        Itzulpena lan milimetriko baten ekoizpena da, bitarteko gaztelania erabili dugula, baina Vladimir Nabokov-ek proposatu bezala, eta askok egindakoaren arauera, esate baterako Kavafisekin katalanez Carles Riba-k eta Alexis Solá-k (sejuru asko hizkuntza erromanikoetan egin den poeta greziarraren itzulpenik onenetariko bat, onena ez bada), ahal den literalen eta hitzez hitzezkoen egiten salatu gara, euskararen eta grekoaren joskerak elkarren kontrako gertatu ez diren neurrian (adibidez, adjektiboaren egongunearekin legez, grekoz izenaren aurretikjartzen den bitartean, ezagun denez, izenaren atzean agertzen delako euskaraz). Hori, noski, poemaren nortasuna euskaraz arriskutan jarri gabe. Lexikoarekin berdin kontuz ibili 16. zkus «On Adaptation» (Vladimir Nabokov. 1973. Strong Opinions. New York: McGraw-Hill Book Company. 280-3) izeneko artikulutxoa. Hor erabat ikaragarri, edertasuna dela bide, gertatzen da injelesez Nabokov-ek egiten duen Mandelshtam olerkari errusiarraren itzultpena.

        Beharbada ez dukegu beti aparatu, baina zehatz izateko nahia eta borondatea eduki dugu beti ere gente lanaren lagun. Itzulpena egiteko orduan, literatura egiten ari ginela kontutan hartuta, eta beraz literatur-hizkuntza erabiltzen geniharduela, ez diogu inongo mugarik ipini geure buruoi, alegia, euskara erabili dugu, dakigun apurra baina hesi denboral, geografiko edo pedagogikorik bat ere onartu gabe. jakina, irakurlea ohartuko denez, batua erabili dugu, baina oraingoan, euskaldunon literatur-hizkuntzatzat jotzen dugun batua, ez gehiago, baina ezta gutiago ere; alegia, inoiz edo behin euskaldun guztion kulturondare amankomuna espero dugun hizkuntza. Geure aurrekoek orain 500 urte hasi zituzten ahaleginen segidan puntutxo bat izatea lortuko bagenu, ze1n baino pozago geundeke. Izan ere, Kavafisen poesiarekiko bezala, hala euskararekiko maltasunez egin dugun lanau izugarrizko ikasbidea gertatu zaigu, ez baitago itzulpen bat egiteko orduan ihi edo aharik egiten ibiltzea, ezpada jatorrlzko hizkuntzan erraten dena geurean ere, eta berdin zehatz -eta ahal den poetikoenematea baizik.

        Hiru dira gutienez lan honetan argi eta garbi ikusi eta ikasi ditugunak. joskera dela eta, aspaldian gure klasikoek aurkitu zutena: Europan bizi garelarik ia ezinezkoa dela inguratzen gaituzten hizkuntzan joskerari muzln egitea. Sarri askotan, periodo luzeetan batez ere, eta harritzekoa bada ere ez dira guti Kavafisen olerkaritzan aurki daltezkeenak, euskarak perpaus laburretan darabilen joskera `egokitu' behar dela. Ate gehiago, egokitzapen horrek ez duela esan gura euskalduntasuna galtzen denik edo eta galdu behar denik, ezpada lan luze eta sakona egin behar dela. Itzulpen honetan nahikorik egin ote dugun juzkatzea irakurlearen esku dago orain.

        Bigarrenez, eta euskararen historian garbizaletasun eta garbizalekeriak oro gota behera -hainbeste arduratzen gaituen arazoan geu ere lehenengoen aldran ezarriak izatea gustatuko litzaigukela-, latin eta grekotiko hitzak, lantzean behin baita hizkuntza erromanikoetatikoak ere, behat den formaz eta eraz emanez gero, ez bakarrik beharrezkoak direnik -hori argi dago-, ezpada arras adierazkortasun aberatsekoak izan daitezkeela konturatu garela, eta arazoa, azken batean, argi edukitzea dela noiz eta non esan behar dugun adiskide hurkoa eta noiz eta non lagun protsimoa, biak direla berdin euskara kontutan hartuta.

        Eta hirugarrenez, honez gero euskaldun guztiok, behingoz gure herri honen gutiengotasun-konplexuz beterikako historia gaindituz, gauza bat argi eduki beharko genukeela, literaturhizkuntzaren sorrera eta lorpena manipulazio linguistiko baten historia dela. Baina hori ez euskaren kasuan bakarrik, baizik eta munduko hizkuntza guztiena. Edo zer ziren, bada, gaztelan iazko Urrezko Mendean, idazleen lagungarri, saltzen ziren epitetario direlakoak? Bada gaur egungo gaztelaniaz erabat arrunt egiten zaizkigun adjektibo ezezagunen zerrendak, latinetik eta beste hizkuntzetatik (italiera batez ere) sorturikoak.

        Espero dezagun, edozelan ere, gehiegikerietan ez jautsi izana.

Paratzaileak

 

        [1] Alde desberdin bi kontutan hartu gura dituen definizioa: beraren jatorria batetik, eta bestetik garai alexandriar edo helenistikoarekiko hurbiltasuna.

Kostandinos P. Kavafis Alexandrian jaio zen 1863an, eta hiri horrexetan bertan hil zen 1933an. Garai hartan Alexandriak zeukan merkatari-kolonia handiagatik oso hiri kosmopolita zen, erkidego eta kultura desberdinak elkartzen zituena. 1882an, eraso eta konkistatu ondoren, ingeles inperioa berarekiñ nagusitu zen.

        [2] XIX. mendean beregaintasuna ostera ere lortu eta gero, greziarrek, 1453an Konstantinoplaren jautsapenarekin turkiarrek desegin zuten inperio bizanziarraren berreraikintzaren ametsa denbora luzez gorde zuten. Amets horri deritzo, hain zuen ere, 'Ideia Haundia' literatura neohelenikoan.

        [3] 'Arazolinguistikoa' deritzon problema ez zaiguke euskaldunoi oso ezezaguna, ez baita hizkuntza idatziaren, hau da, garai helenistikoetan erabiltzen zen koine izeneko 'greko batu'tik oso gertu zegoen hizkuntza, eta bere aldetik bilakaturiko ahozko tradizioaren hizkuntzaren arteko diglosia baizik.

        Kazarevusa (literatur tradiziozko hizkuntza) eta Dimotiki (tradizio mintzatuaren hizkuntza) direlakoen defentsarien arteko gatazka gizaldi honen hasieran heldu zen gailurrera, hain zuzen ere.

        [4] IlavaOrlvaía izeneko aldizkarian,1933an in Néá EaTIa berriro ere argitaratua.

        [5] Kostandinidis-ek, adibidez, zera zioen Alexandrian 1912an argitaratu zuen libelu batetan, Roberto Caba ezizenaren pean: «edo eta ez da poeta (seguruena), edo bide okerra aukeratu du».

        [6] Adibidez, Palamás-ek, gizaldiaren hasierako greziar olerkaririk famatuenak, Kavafisen hizkuntza, lerroak, forma zein edukina ez direla edo ezin daitezkeela poesia izenda zioen. In Néa 'Ecufa 1943.eko Gabonetan.

        [7] 1922an Asia Txikian gertaturiko hondamendi izugarriaz ari zioen, turkiarrek eragindako Esmirnaren sutearekin hasi zena. Anatoliaren mendebaldeko itsasaldean zeuden hiri greziarren hondamendiak sarraski ikaragarriak ekarri zituen berarekin eta halaber milioi bat herbesteratu Grezian hartu behar izan zutenak aterpe. Horrez gainera, kolpe moral handia gertatu zen `Ideia Haundia'-ren ametsarako, hain handia non beraren amaiera eragin baitzuen.

        [8] Garaikideen onarpen geldoaz, ikus Mario Vitti-ten H ysvta urov tiptavia 1987. Athenas: Ermís.

        [9] Azkenengo paragrafoa, noski, «Erdaldunen esperoan» izeneko olerkiaren tokialdaketa argia da (ikus 9. poema). 1927.eko Apirilaren 15ean.

        [10] Ezaguna da Kavafisen bitxikeria, hil arte petroliozko kriseilu batez argituriko gelan bizi izan zena.

 

 

© Andolin Eguzkitza / Olga Omatos

 


www.susa-literatura.eus