aurkibidera joan
   




 

eta gu postalik bidali gabe

 

Lotsagarri ere ari ginen gelditzen Zeruko Argiakoek asmatu diguten txantaje berriarekin, argitasun piska eta puska bat zor diogu behintzat irakurleari (eta ez dugu humorerik Zeruko Argiaren irakurle kopuruari buruzko txiste betegarriak egiteko).

        Aurrena, gu ez garela ez diboak ez dibozaleak, arrunkeria eta pipermina aspaldi gaitzetsi genuen arren. Esan nahi baita ez dela batere gure gustokoa orrialde oso bat eskain diezaguten (diezazueten) bakantzetan, oporretan edo greban gaudela jakin erazteko. Ez behin, hirutan baizik, eta azkenekoan tururú badatozela eta guzti. Etorri egin beharko, Bretxan barrena edo Okendotik zehar: zerbaitetan burgesak baldin bagara, edukazio kontutan.

        Ondoren edo bigarrenez, egia dela guk ez ditugula zergatik besteek baino opor luzeagoak egin behar, ez dugu uste merezi ditugunik behintzat. Gureak ez dira beraz oporrak izan, heldu den urterako utzi behar izan dugu munduaren jira. Nekea da gurea. Eta ezintasuna.

        Hasieran konbikzio falta, geroago asperdura eta azkenerako Claudia Cardinalez eta gure herri faboritoko festez egindako artikulu behin eta berriz zigutenez alai, gustagarri eta katxondoren lotsa. Hala da, nekatu egin gara igande arratsaldetan egindako kronika txistosoekin eta noizbehinkako «zein serio ari zareten jartzen»ekin. Eta lotsatu egin behar.

        Ezintasuna aipatu dugu. Ezintasuna edo inposibilitatea, gauzak dauden bezala eta egunean egunekoa bizi dugula, hitz joko graziosoak egiten iharduteko. Artikulu errazak eskatzen omen ditu euskaldungoak, bestalde. Eta humoredunak. Gu ez gara aklaratzen.

 

 

arlo honetan ere precox

 

«Ez, ez, ez, penetraziorik ez» oihuka ikusi genituenean, gu, sekula ere oso penetratzaileak izan ez garenok eta penetratu duguna erregu umilagarriaren instanzia bete ondoren penetratutakook, eta noizbait sexora apuntatzen zigun emakumeren baten begirada defraudatuarekin batera urrikaltasunaren irrifarra ere sentitu izan dugunok, gure gauzatxoari begira ezin entenditu genuen nola identifika zitekeen, arma batekin ezik instrumento batekin ere.

        Baina eskubide osoa dute pitoa interpretatzeko, eta are gehiago penetrazioa nahi ez izateko, inporta ez zaigula ezin esan badezakegu ere. Gustatu ez zaiguna donutsa-ren metodoa gomenda diezagutela izan da, alde batetik erabiltzerik ez dagoelako, nundik heldua ez, eta azukrez galdua geratzen zaigulako, baina batez ere, Monique Wittig-en «Les guerrilleres» irakurria dugulako besterik ez bada ere «bere betazaletan hertsirik legokeen begi bat bezala, irekitzen duena, dizdiratzen duena, hezitzen dena. Aho bat bezala bere ezpain, mihin, Sapai arrosa kolorekoekin» gonbaraketa benetan gusto eskasekoa iruditzen zaigulako.

        Agian, egia da ez dakigu nungo mitoak —greziarra izango noski— diona eta jainkoilo gaizto harek erdibitu zigun partearen bila gabiltzan izaki inkonpletoak besterik ez gara, eta falta zaigun partea, jakina, gehibaloratzeko arriskua dugu. Hala ere larunbata honetako El Paisek dakarren notizia batek esperantza berriak dakarzkigu ezpenetrazioarekin markatu diguten sexu impasse honetan.

        Ageri danez —hala dio Max Plank zientzia erakundeak— espermak egun ezagutzen diren antibiotiko gogorrenak baino propietate gehiago eta hobeagoak ditu bakterien kontra. Semiplasmin izeneko ajentea, esperma osatzen dutenetako bat, bakteriaz alimentatzen da hain zuzen ere, eta hil egiten ditu noski.

        Oraingoan bai, antibiotikoak duten prezioarekin, harro ez bada ere dinatasun gehiago sentitu dugu gauzatxoaren jabegoaz; aurrerantzerako urak egiteko gauza erosoago bat izateaz gainera, emakumearen tresneriarekin gonparatuz noski, elementu terapeutikoa bihurtu baitzaigu.

        Eta emakumearen sexoak infekzioetarako duen aurredisposizioa kontutan hartuz, pentsa daiteke behingoz behintzat, gureak apiikazio noble bat izango duela azkenean.

        Ez gara gu izango «eros dezatela penizilina» oihukatuz kaleratuko garenak.

 

 

ez omen ditu urak hartzen

 

Norbaitek esan du, hor nunbait, Euskalerria ez dela iraultzailea konfliktiboa den arauan. Munduko konfliktiboena, baina ez iraultzaileena.

        Again egia da. Dudarik gabe egia dena zera da, bi konzeptu desberdin direla, ez direla hitz sinonimoak alegia. Herri bat izan daiteke konfliktiboa eta ez iraultzailea eta alderantziz.

        Dakizuenez, soziologoek beti indikadore bila etorkizun soziala igerri nahiean, metereologoek bezala azken finean, baina gizarte haizeak aldakorragoak izaki.

        Iraultzaren indikadore erdifidagarririk ere apenas dagoen, konfliktoak berriz errazago dira neurtzen eta asmatzen.

        Hemen kristorena etor daitekeela seinalatzen dutenak mila izango dira noski, baina berri bat aurkitu dugu eta oso bitxia: La Vozen irakurri dugunez txaleko antibalak eskeintzen dira salgai Donostiako apartadu batetan.

        Ez dakigu zer pasatzen den hemen, eta ez dakigu nora eramango duen, baina gauza bat da zihurra, komerzianteek saltzeko dutenean erosi beharra izango dugula. Edo beharra dago edo sortuko dute.

        Guk gureak erosiak ditugu, arinak eta modu onean.

        Zuek ikusi, datorrena datorrela, badator, horrela, sakez behintzat, txaleko antibala eskatzen du.

 

ramon saizarbitoria

koldo izagirre

Zeruko Argia
844. zenbakia
1979-09-23