aurkibidera joan
   




 

aita leandrok sinesten ez badu ere
gu euskaltzaindiarekin

 

Nahi dena esango da, baina PSOEk eta Maturanak portaera dotorea izan zuten beren kultur kontseilaritzaren zuzendaritzan partidutik, beren partidutik kanpoko gizon bat, Juan San Martin jarri zutenean. Atzerapen apur batekin

bere agintea bukatu duelarik bihoakio gure zorionik beroena Axularren Gero enkuadernatu batekin batera Zorongoko gauetan andereño bakartiren baten bihotza unkitzeko zetazko bigoteaz aparte beste harmarik eduki dezan.

        Juan San Martini buruz zer esango dugu. Pare bat aldiz edo aipatu dugu gure lanetan bere, nolabait esateko, intelektualismo ortodoxoa dela eta, gauza ez oso grabea edo ez mortala behintzat, eta ESEI izenarekin ezaguna den institutoko klaustro horretan sartuak daudenek ageri ohi duten tik aspergarria. San Martin ESEIkoa baita, klaseko lehenez osaturikako intelligentzia berri horretakoa, errege godoen zerrenda, Ji kuadratuaren konputazioa edo aditz griegoaren estruktura jakitearekin gure herriko errealitate polltikoan inziditu nahi lukeen taldekoa.

        Egunkariek zabaldu dutenez San Martin ez dago jadanik kultur kontseilaritzan: Peneubek nahi beste zuzendari orokor jarri eta kendu dezake noski, ez diogu guk, gusto hori kenduko, baina San Martin kentzea hori ez da kenketa xinple bat izan, eta hau esanez hurrengo batetan gutaz apostutxo batetarako akordatzeko genituen posibilitateak ez zaizkigula gehitzen onartu behar.

        Hor zehar esaten denez, honetaz asko dakien jendeak dioenez, presio asko izan dira peneuberen barnean, batez ere Bizkaiko partetik, Aresti eta horrelako jendilajearekin harremanak izandako pertsonaia desitxurakoa desfenestratzeko, eta euskararen batasunaren alde eginikako lanen faktura pasatzeko, San Martinen kasuan bai lanak eta bai pertsonaiak heterodoxo zenbaitekin izandako harremanak zientifikotasun garbi eta ortodoxoenaren izenean eginak eta izanak badira ere. San Martin gorriak eta beltzak onartzeko bezain liberal eta sekretario konsekuentea besterik izan ez bada ere, Bizkaia aldeko jaun izkutu hoiek Euskaltzaindia jorratu nahi izan dute, sinbolikoki bederen, San Martin deszuzendarizatuz.

        Baina ez dakite zer egin duten horrelako gauzekin, Euskaltzaindia indartzea besterik ez baitute lortzen, euskaldunok familian gaixoren bat dagoenean egiten baikara etxeko, eta gutxi edo gehiago instituzionalizazioaren lau hanketan eseria ikusten genuenean gure Akademia hori kritikagarri iruditzen bazitzaigun ere, defendagarri irudituko zaigu orain hoiek eta hoiek bezalako besteren batek jipoitzeari ekiten badiote.

        Hau guztia anekdotikoa irudituko litzaiguke hain zuzen ere makina aurrean gaudelarik Estatutoari buruzko estabaideetan uzedek eta gure peneubek Euskaltzaindia euskarari dagozkionetan erakunde normagile ofiziala izango zela zion testoa errespetatu beharrean, erakundeetako bat, edo ez bakarra behintzat, adierazi nahi lukeen beste texto batekin aldatu dutela enteratu ez bagina.

        Honek guztiak, jinebraz eta droga eta irakurketa txarrez pitzaturik dugun gure kasko hauentzat, peneubek nahiago dituela Euskalerri pekataria bere erakundeaz jabetzeko egin ahalean, herriak aski propioak eta bereak sentitzen dituen erakundeak baino frankismoak utzitako hondarrekin eraikitakoak, edo ez dagoela prest behintzat gau ilun eta luzean —ez gara ohitzen gu askatasunean izkribatzera— egin den lan baliosa eta langile triste baina gureak eta bakarrak eta baliozkoak eskertzeko.

        Badakigu guk jelkide asko euskararen batasunaren alde, Euskaltzaindiaren alde eta San Martinen alde dagoela, eta badakigu gertatutakoa ez zaiela gustatu, baina ez dira aski kolpetxoak sorbaldan eta sentipen hitz konplizeak, eta azken finean justifikazioa eta problema personalak konpondu nahia. Ez da aski eta ekintza esangarriagoak behar ditugu, sektore erreakzionarioenak uste baino indar gehiago duela, kultura politikoen sukualdeetan gozagarri bat gehiago dela, peneuberen administratzeko estiloak Madrileko modak kopiatzen dituela guk eta beste askok ondorio bezala atera ez dezagun.

 

ramon saizarbitoria

koldo izagirre

 


 

—gonbidatua—

juan martin alegria

 

eskailera elektriko eta
betaurreko gorrien inkontrua

 

Jonek, egunero bezala, betaurrekoak ipini zituen. Orlegiak hartzekotan egon zen, baina gorriak hautatu zituen, argi gutiko eguna zelakotz. Berriro pentsatu zuen okulistagana joan behar zuela.

        Etxeko eskailerak banan bana jaitsi azkeneko biak ezik eta emerjentziazko lurreratze bat eginez kaleko zaratarekin aurkitu zen. Bigarren etxabizitzako katua ez zen ageri. Mari Lurdesen bizikleta gainean. Zarata beti zarata da. Hala ere egun hartako zarata beste gauza bat zen. Txinta txinta egin beharrean, izugarrizko marruak botatzen zituen hauzoaren txoriak. Katu gaixoa. San Ignacio de Loyola hartu ordez Arzallus kalera abiatu zen. Gero konturatzeko biak Generalísimo plazara iristen zirela.

        Hantxe zegoen Supermerkado edo Kristonmerkatua. Astean behin txorraditak edo lerdakeria ttipiak erostera joaten zen Jone, Supermerkado berezia zen. Larrandia holdingekoa. Xehetasun guztietan nabaritzen zen berria zela. Demokraziaren hastapenetan egina. Sarreran bi eskailera, automatikoa bata, betiko modukoa bestea. Automatismoa hautatu zuen Jonek. Metalezko plakan ipini zituen oinak eta emeki goruntz. Eskaileraren burrunbada oso atsegina zen. Urrunean logure hodei bat-zetorren. Jonek eskuarekin deitu, bere burua kontra ipini eta Bakusen besoetan erori zen. Prantzian esaten duten bezala: «Votre permis conduire ne supporte plus l'alcool». Jarrera txarra zen, baina joera naturalek irabazi zuten. Esnatu zenean automatismoa ez zen gelditua. Eskailera goruntz. Noizean behin zurrunkada batzuk baina beti goruntz. Jonen atzetik gizon gizon ttipi nahiko lodi bat zetorren. Bere begietan hestutasun bizia zekarren. Jonek, beldurtuta, gizona alde batera bota bortizki eta beheruntz korrika. Hain suerte edo txanza txarrarekin, oin bat, ezkerrekoa, metalezko bi maila tartean sartu zuela. Bistan dena, oinen atzetik gorputza zetorren. Hasieran, ikusten zenez, sabelak ez zuen sartu nahi. Denek dakiten bezala, konserbazio instinto oso bilakatua dute sabelek. Nahiz eta munduko intelektualek eta bereziki Sahel edo Sabelekoek (Afrikan) esan burua dela hobekien konserbatzen dena. Baina gure asmoa ez da polemika hüntan sartzea. Nork berak pentsa dezala nahi moduan. Hori bai, behin betikoz, gauza berdina pentsa dezagun.

        Eskaileraren burrunbadarekin ez ziren Jonen karraxiak entzuten. Hestutasun biziko gizonak ikusi ata usaindu zuen Jonek marrubiak jan zituela. Marrubiek bazuten ondorio edo efekto polita betaurreko gorriekin. Bi gorri desberdinak zirelakotz. Bata Iraultz gorria, betaurrekoena, bestea Bordeleko gorria. Sozialismoa eta ardoa. Bal irakurle, üntsa irakurri düzü. Ardoa eta Sozialismoa. Azkenean! Goretsia izan dadila Jainkoa! Euskal Herriaren (edo behinik behin nire lagunen eta serbidore baten) bi helburu handienetakoak ahal izan ditugu batera eraman. Sozialismoa ideologia bezala, Ardoa metodologia bezala: Eta vice versa.

        Posdata. Marrubiak eta betaurrekoak Larrandia kristonmerkatuan erosiak ziren. Mila esker anitz Larrandia Jaunari eta bere holdingari beserkada bero bat. Oh Euzkadik ez du ahantziko.

Zeruko Argia
838. zenbakia
1979-07-15