Moxalak Baigiren ortze gorian
I. Silvio
«Me escarba la ansiedad acá en lo blando
como para que se hunda más
el día feliz que está llegando»
Zikinkeriz betetako horma haiei begira nengoen, distraidoki, trena ailegatu zenean eta nere bi lagunek irten ziren bizkor ni atzean utziz. Bizkortu nituen txikitandik ditudan pauso lasai hauek eta lagunen ondoan jarri nintzen trena zihoan zentzuan, kontrakoan mareatzen bait naiz.
Zenbait bidai egitera edo gustoko zerbait ikustera zoazenean izaten den ilusioa nabari zen hiruron artean. Bizkor joan zen denbora ilusioaren azpian zehar eta hiri ezezagun bat ikusten duzuneko kuriositatearekin ia lurrean eserita geunden, fila 0-an, rezitala hasteko bost minutu falta zirelarik.
Metro gutxitara genuen eszenario zabalari so, aurreko egunean eszenario batetan aktuatzeko izan nuen esperientzi handi hartaz pentsatzen nuen, bota diot trago bat txanpainari eta boteila bihurtzerakoan lagunen aurpegi deseosoak nabaritu ditut, eta horrelako batetan igo da Silvio atzean esparadrapoa duen gitarra zaharska batekin, eszitazio animikoa, ipurdia ondo asentatu dugu Silviok sentiaraziko dizkigun sentimientoen olatuei eulsteko, begientzat punto bat besterik ez dago une hartan; Silvio.
Entzun dira lehen akordeak, egia da. Diskoetako robot kantaria han dago bizirik, txalo, txistuak, eztul akomodoak, eta kriston ixiltasunak inbaditu gaitu lehen hitzak abesten hasi denean se está arrimando un día feliz, un día de abril eta orduan eskuinetik kariñoz beterik datorren gorputz hura sentitu dut gainean, besarkadak eta zure aurpegi beroa sentitu nuen intesoki sentidoen deskubrimendu hartan, nere bihotzaren salto haietan zure eskuak, irria deskubritu nituen eta hitzak amaitu ziren arte ez zuten elkar agurtu gure esku jolastiek eta berriro Silvion abestien sentimiento guztia zuen aurpegi hartatik edan nuen disimuloz, nire gogoa ez igartzeko. Denbora bat egon ondoren norma den bezala agurtu gintuzun, nahi ez zenuen aioa esan zenuen eta berriro ito nintzen zure aupergiaren beroan eta bihotza irtenik ene ondoan eseri zen rezitala entzutera, badaezpada eskuin aldean berriro etortzen bazina.
Itsasoaren antzera pasatu zen rezitala, makina bat kanta tantak irentsiz. Romantizismoaren goxotasun eta desorbitasun horretan murgildurik, han topatu genuen lagun baten kotxean bueltatu ginen gauaz bidaiaren amaieran hartutako kafesne batekin agurtu ondoren apirileko egun zoriontsu hura, zure aurpegiaren beroa bihotzean sekuestratua neukan honra ezkutu batekin. Abril amor mil.
II. Sonata
Lehen beldurtzen ninduten kandela haien keinu dardartiak zoragarriak iruditu zitzaizkidan gau hartan eleiza intenporal hartan ordu eskas batzuetan pasatu zen mende haren zehar. Afal ostean sartu ginen eleiza magiko edo indeseable hartara eta inponenteki inbaditu zintuzten organo dragonesko haren gainean kabalgatzen zihoan organistaren figurak eta bat ziruditen biek, zaila zen organo hura organistarik gabe imajinatzea eta organista hura bere zaldirik gabe, perfektoa zen, piezatik piezara edaten zuen txanpan tragoxka ere biologikoa zen han eta bapatean, organista milenarioaren auspoak gogor eragin zuenean organo dragonesko haren bihotzera, bukatu zen denbora, gelditu edo desagertu zen, ohartu zineten, sentitu zenuten aidean dantzatzerakoan bota zenuten pauso huts bakoitzean, lurrik aurkitzen ez zuten pauso haietan eta han galdu nintzen desrealitatearen hibaian, ninfaz inguraturiko erribera subersibo hartan, eta lotzen ninduen hodei bakarra organista kijotesko hura besarkatzeko zure gogo ezin geldituriko hura zen eta sentitu nuen zure gogoaren besarkada eskuak teklen gainean dantzatzen zutela teklen rebelio pasiboari eutsi nahiean eta tubo bakoitzaren txistuak bihotzaren hitzak ziren eta bete zen denbora geldi hura gutaz, zuetaz eta lurra txapain boteillaz. Gero apaizak aurkituko zituen boteila huts haiek eta kleroarekin izan nuen lehen enfrentamendu hartan sentitu nuen zerbait egin nuela regla establezituen aurka eta zure aurpegiaren beroa gorde nueneko honra ezkutu harekin joan nintzen paseatzera.
Barruan sarturik ditugun responsabilitate eta formaltasun hoiek, boteila hutsekin batera erabaki zuten bidaiaren bukaera baina kanpora zihoan ate ondoan ez genuen azken pausoa eman eta ixiltasun handi haren oihuen bila abiatu ginen eleizaren sakonenaraino, kandela gorrixka haien sabeleraino eta aurreko egunean Silviok se está arrimando un día feliz, un día de abril se va a arrimar kantatu zueneko ixiltasun sentikorrean gelditu ginen; banku batetan eseri zen eta ni atzean eta ixiltasunaren ahotik esan nizun entzun zenuen gustatuko litzaidakeela zure aurpegiaren beroa sentitzea atzo bezala eta lotsa hartan ezkutatzen zen kariñoari erantzuteko bueltatu zen eta eskutik heldurik gerturatu zinen aurpegiak elkar ikutu eta ezagutu arte eta enkantoz beteriko lehen musu haren atzetik asko erori ziren udazkeneko ostroen antzera, ixiltasuna estaliz eta zure gorputzaren realitatea sentitu nuen neurearen eszitazioan, intenporalitate hartan bakarrik izan zen posible gure prejuizioen apurketa, gure adinen diferentzia moztea, bakoitzak dugun imajin eta paperetik irtetea, zirkunztantzi personal konkretu horiek ahaztea maitasuna sortzeko eleiza barreneko kandela gorrixka haien ondoan musukatuz zeuden irrifarre haien artean eta gero kanpora irten ginenean lurpetik atera berriak diren zizaren moduan ixten genituen begiak herri baketsu hartako farolen argi horixken dirdirak itsuturik, realitatearen klaritate inkuestionableak zigorturik.
Etxerako bidean gure maitasuna noraino ailegatuko zen pentsatzen hasi zinen eta hori izan da beti atzetik joan zaizun itzala.
Musu bat entzun zen probintzia osoan goizeko ordubietan eta herri txiki hartan bi pertsona elkarrekin pentsatuz joan ziren lotara.
III. Udaberri hesiano bat
«Le debo una canción
a la sonrisa de manantial,
ésa que salta»
Lehen musu haien ondoren bi aste igaro ziren hitzegin genuen arte. Aste hoien zehar romantizismoa eta depresioaren erdian ibili nintzen, maitasunaren gerturatze brusko hori sentituz. Beldurra genuen gau hartan egon zen atrakzio, naturalitate eta espontaneitate hura realitatean, bakoitzaren mundu konkretoan, zirkunstantzietan gertatuko zen ala ez. Beldurra genion gure adinei, beldur ginen gau hura rekuerdo polit bat besterik izango ote zen gero bakoitzak bere martxan jarraitzen zuenean, beldur ginen gure erlazioa irri pikaro batetan besterik geldituko ote zen.
Aste haietan estrofa batzu burutuz joan nintzen lehen musu hoien haizeak eraginez eta bigarren asteko ostiralean bukatu nuen azkena eta zoriontsu joan nintzen ohera baina gure erlazioan inportantea izango zen amets bat izan nuen gau hartan. Kale batetan zehar nihoan eta jende multzo baten parean igarotzerakoan bera ikusi nuen eta nahiz nire begirada intensoa eta deseosoa, ez zidan kasorik egin. Goizean tristura ikaragarri batekin esnatu nintzen eta ez zitzaidan egun batzuetan joan.
Ametsetan izaten diren premonizio haietaz beldurraz nenbilen. Baina iluntze batetan tabernan nengoela sartu zen kuadrilan eta nahiz ikustean poztu, beldur handi batek menperatu ninduen, koneju txiki bat sentitzen nintzen bere begi marroi handi haien azpian, begi bueltako aureola ozeaniko hartan bakarrik. Txanpan kopa batzuk edanez geunden eta nire aurrean eseri zen. Begiradekin jolasean hasi ginen, eskuetako behatz puntekin ezpainetara begiratzen nion eta ezpain haiek ezagutzen nituelako honratxo bat sentitzen nuen besteen gainetik.
Kanpora irten ginen eta zubiko petril gainean esertzeko eskatu nion istorio bat kondatu behar nion aitzakeriarekin. Ametsa kontatu nion, nere tristurak, beldurrak...
Rekuerdo polit batean gelditu behar du, momentu polit batzuek eta bale, agur ondo bizi?
Ni baita triste egon naiz eta asko gogoratzen nintzen zutaz esan zuen euskaldun berrien desazento horrekin. Zurekin hitzegitea nahi nuen.
Banekien kaso egingo zenidala eta geldituko zinela hitzegiten eta konprenituko ninduzula baina ez dut indarrik eduki. Pentsatu dut hortaz eta zerbait sentitu dut barruan. Jarraitu behar dugu. Zerbait espontaneoa dela ikusten dut, ez dakit, lore silbestre bat bezala, irten da eta bale, polita da, eta gainera bihotzak esaten dit jarraitu behar dudala, gainera, animaliek elkar maitatzerakoan ez dute galdetzen adina...
Eskuak arrimatuz joan ziren ia heldu arte eta ez ziren separatu gau guztian.
Ni ondo egoten naiz zurekin eta nahiko da jarraitu zuen. Gainera pentsatzen dut hori, lore silbestre bat bezala dela, eta ez dut ebakiko. Utziko diot irteten baina ere ez diot ximaurrik botako eta ez diot lagunduko bizitza luzatzen. Irten da eta nahi duenean joango da eta bale.
Orain artio ezkutaturik egon zen ilargiak atera zuen burua laino artetik eta kaleetako trankiltasunaz jansten gindoazen. Gero paseotxo bat eman genuen, hamaika aldiz errepikatuko genuen paseoa, ilargiaren presentzia dastatuz eta elkarri beroa emanez udaberriko gau fresko haietan, eta dantza piska bat eginez joan ginen bakoitza bere etxerantz, farrez, eduki genuen reenkuentro huragatik, gustora bihotzak askatu genituelako eta kaso egin genielako, buruko pentsamendu ilunen gainetik.
Hurrengo egunak azkar joan ziren. Maitasunaren bizkarrean kabalgatzen sentitzen ginen eta gauero paseatzen genuen bidexka zahar batetan aurrera, izarrak redeskubrituz, sensibilitatez beteak eta haserako musu torpeak komunikazio handia izaten joan ziren eta timidoki gorputzeko parteak ikutzen genituen eta bizitza zoragarria zen.
Elkarrekin lo egin genuen lehen aldia ere munduko gauzarik normalena izan zen. Gau batetan, ordu askotan paseiatu ondoren, beraien etxera joan ginen eta kafesne bat hartzen geunden mahaian, nekeagatik mahai gainera etzan nintzenean ia lo gelditurik. Orduan, intranszendenteki esan zidan:
Patxi, gelditu hemen lo egiten.
Nik nahi nuen baina esan nion:
Geldituko nintzateke baina etxean beldurtuko dira ez banaiz joaten.
Nahi duzuna esan zuen baina begiradaz gelditzeko eskatzen zidan...
Bueno, bestela geldituko naiz, ze ostra, egingo dute nahi dutena, gainera, niretzako inportanteagoa da hemen gelditzea etxera joatea baino.
Literara igotzerakoan etorri ziren kezkak, frakak kendu ala ez, kaltzeten izerdi usaina usainduko du eta ez zaio gustatuko, biluzik jarriko naiz edo, nolako titiak ote ditu... eta lehenengo aldiko indesizio horrekin elkarri laztan batzu egin ondoren konturatzerako lo geunden gorputzak elkar jotzen zutelarik. Honela apurtu nuen neska batekin lo egiteak duen misteriozko aureola hori eta hurrengo goizeko esnatzea ene bizitzako politena izan zen, Adanen esnatzea bezela, buelta eman, egunon maitia, musu biguin bat, besoa tripa gainean, beste gorputzaren beroa, larruaren fintasuna, zer moduz egin duzu lo, oso ondo, fenomeno, zoragarria da eta hankak atera nituen kanpora, bero egiten bait zuen, eta zuk arrazgeroz gehiago garbitzen dituzu maindirak.
Udaberri erdian geunden eta intensoki dastatzen genuen. Ez zitzaigun segundo bat ere aldegiten zoriontasunez betetako bere fruitua hartu gabe, eta lo gutxi egiteagatik flakatzen ari banintz ere, bihotza aski potoltzen eta zabaltzen ari zitzaidan maitasun hartaz. Maiatzeko azken egun haiek gure maitasunaren konfirmazioa izan ziren eta eleizako kanpantorrera igo ginen arrratsalde batetan eman nizkion orri zaharxka batzutan nituen estrofa haiek, eta lau aste igaro aurretik galduak zituen bere despiste eternoaren poderioz. «Zure ametsaren ortzadarrean nota bat utzi nahi dut...
I
Zure ametsaren ortzadarrean
nota bat utzi nahi dut.
Gure musuaren petaloetatik
edan ondoren
beharrezkoa zait.
Argi gorrixkaz laztandutako
orainik ezpaziorik gerorik ez
zegoen ilunpean
hondartza baten udaberria mihastu
ondoren
bihotzaren neguaren gaineko garaipena
kantatzea beharrezkoa zait.
II
Gogoratzen zara
bi arrano haiek
horizonte gainean eginiko
balletaz...
Gure musuan
ur tantoen balletaren
dantzari izanagatik
gure hatsarekin lainoak
betetzea
beharrezkoa zaigu
zuhaitzetako begi guztiak
freskatzeko.
III
Eta
ene ilusioen dorrea
eroritzen denean
zuk loratu duzun iturriari
so egongo naiz
hildako edo heldutako ilusioen
atzetik berriak
edateko.
Zu iturri izanik
egarria beharrezkoa zait.
IV
Zure aurpegiaren beroak
geldituriko erloju baten
sorpresen kutxako leihoak
ireki zituen
basoa ikusten den
kristal blastiatuaren ostro zaharrak
garbituz.
Hori denagatik
ba dakit
inoiz ez duela euriak
zure aurpegiaren beroa ohostuko
eta nik gordeko dut
laztan batek ireki zuen infinitoaren
kaiolan bukaerarik gabeko akorde artean.
V
Zure aurpegi beroaren iturriak
melodiak jotzen dituen bitartean
ez da geldituko
arranoen balleta.
Eta arranoek balletean
dantzatzen duten maitasuna
gure ametsaren ortzadarra
bihurtzen den bitartean
lehenengo aldiz zelai bat
ikusten duen umea izango naiz.
VI
Zure ametsaren ortzadarrean
nota bat utzi dut.
Gure musuaren sinfonia
entzun ondoren
beharrezkoa zait
nota bat harrapatzea
petalo bat edatea
bihotzaren neguaren gaineko
garaipen txikia kantatzea.
Udaberri Hesiano hartatik gelditzen zaidan azken senzazio gogorra itsasoaren kresala eta saborea da. Vespan joatean jotzen zuen haietaz babesteko hutsunerik utzi gabe arrimatzen zinen arratsalde haietaz ari naiz maiteño, paisajerik gabeko nere bizkar hartan murgiltzen zenuenean aurpegia. Hondartza ertzeko haitz-zulo haien ondoan zegoen arrokatxo hartan eseririk geundela, traje de bainoa flojo antzera zenuen eta begiak piska bat okerturik han ikusi nion lehen aldiz titia, gero hain sabore gozoa deskubrituko nion ditti efimeroa.
Hainbeste senzazio ziren lehen aldiz dastatzen ari ginenak, ze egun guztian zehar izaten genuen lehen aldiko enkantu berezi hori bueltaka.
Indio zahar batek keaz egin litzazkeen seinaleak bezala etorri zen arratsaldearen amaieran kaio mordoska bat gure buruen ingurura; altxatu genituen kalaberak eta orduan eskua ipini nuen zure hanka artean eta estutu zenidan iztarrekin zure baimena emanaz eta gure ilusioen piztearekin justu harrapatu geneuen eguzkia azken dirdiraz agurtzen. Gero bainu fresko bat eta adatsa nahastuan eraman nuen itsasoaren kresala eta zure eskuen leuntasuna eta gauero koltxoian etzaterakoan kresala, itsasoaren sabore hori sentitzen nuen eta Silvio hasten zenean vamos a andar en verso y vida tintos dena perfektoa zen.
Denbora motelki dastatzeko nahi genuen denbora geneukan, bai, denboraren jabe, eta ez zigun bi ordu ezer egin gabe pasatzeak beldurrik ematen. Arratsaldea gauarekin besarkatzen deneko momentu horrek duen edertasun guztia ongi saboreatzen genuen orduak eta orduak itsasoari so egotean ondar busti gainean ipurdia pegatuta, ortzeko lainorik txikienaren mugimentu eskasenaz konturatzera arte, haizearen palpitazio minimorik ere galdu gabe, orduak, lainoak, kandelak, sagarrak eta ohean saio bat egin ondoreneko ur tragoa.
Ohi duen bezala joan zen udaberria udako hamaka epel barean dindilikatzera zenbait kilkerren laguntzaz eta goiz batetan uda zen. Hala ere, ez ziren gure lorearen petaloak ximeldu, eta lehen baino koloretsuagoak ziruditen. Gure artean zegoenak maitasuna zirudien.
IV. Pagodaren errainua
«Como el filtro de luz
que entra por la mañana
entre las sábanas alumbrando
un cuerpo que sabe a tela»
Ene behatzak zure sabelpeko ile artean zebiltzen ezpain more batzu topatu nituenean. Leunki iriki ditut behatz puntarekin Chinako pagoda misterioso baten atea irekiko nukeen inpazientzi eta ezezagunarekiko beldur horrekin eta goitik behera daramat behatza eta esaten nizun nere behatza batzuetan teleskopio baten antzera agertzen da zure ile beltzezko itsasotik eta prit sartzen da ikusi orduko azpira eta zuk monjatan ibilitako neska lotsatiaren begiradarekin jaten ninduzun. Bapatean barrurantz darraion zulo txiki bat sentitu dut eta eskema guztiak martxan jarri zaizkit ikusi ezin dudana imajinatzeko. Geografia biluzi hartan behera jeitsi nintzen ene behatzak oraintxe ibili ziren txokoraino eramanez burua; sentituko zenituen ileak jolasean zure sabeleko txuloan eta eskuarekin ausartzen ez nintzanez eta mingainarekin gutxiago, sudurrarekin argiratu nituen pagodaren kortina moreak eta gora ta behera hasi nintzen masturbazio bat izan nahi zuen mogimenduan; hori pelikulen influentzia nuen. Sudurra busti zitzaidan bareek botatzen duten moduko lika batez baina atsegin nuen horrela, goratu nintzenean sudurrarekin zure sabelean eta titi artean zabaldu nuen lika. Gehiago ezagutzen zaitut ezagutu behar dugu elkar parte intimoetan eta honekin nireetara abiatzea nahi nuen, desiratzen nuen zure behatzak sentitzea ene pitilenean dantzan eta zuk, bizkarrean kilimatuz, hanka ipini zenidan gainean eta erlazio sexual intimo batzuetan sartzeko zure erresistentzi inkonszientea intuitu nuen. Amets baten realitatearekin ohean nengoen zurekin. Goizeko seirak aldera gure inguroan dena esnatzen hasi zenean eta zelaiak laino artean Baztanekoak ziruditenean jaso genituen maindirak gure gorputz biluziak estaliz lo samurrean sartzeko, enbuto baten zehar boteak ametsetara, baina irekiak utzi zenituen persiana artetik sartzen zen eguzkiak ez zigun treguarik eman eta handik ordu gutxiatara gela guztia betetzen zuen argiagatik esnatu ginenean oraindik begiak ezin zabaldurik, bizirik irauten zuen zure tripa-txuloan gelditu zen esperma zuriak, eta maindiretan gelditu zena ia deskoloretua zen.
V. Uda larru mudaren guda
«Y hablaré de las leyes
que convierten nuestro cuerpo
en tan grosera mentira»
Udaren etorrerarekin sartu ginen zenbait zienaga fantasmagorikoetan, etorkizunaren tranpa eternoan eta permeabilizatuz zihoan orain arteko gure maitasun inpermeable hori baina ez zuen haserako espiritualitate izpirik gelditu. Gelditu zen vespa eta berorik handiena egiten zuen egunetan eta kilkerren kantuaren monotonia inoiz baino zorrotzago entzuten zenean joan ziren taldeko ia denak euskera ikasten urtea pasatu ondoren. Azkeneko egunetan eguraldi aldakorra egin zuen eta udaberritik gelan ahaztuak nituen kantzontziloak berreskuratu nituen eta han gorderik neuzkan panfletoentzako beste txokoren baten bila hasi nintzen. Baina banuen hori baino kezka handiagorik bihotzaren xamurrenean. Azken gauean afari bat egin genuen eta gure maitasunaz hitzegiten aritu ginen bukaera baten antzera baina biotako inork ez zuen nahi eskuen separatzea. Etxeko terrazan geunden, Chelsea Hotel hasi zenean Leonard Cohenen ahotik eta gogor jo zuen kanta hark gure ezin eutsiriko malkoen pantano betean eta aitona hil zenetik irten gabe neuzkan malkoek saltatu zuten terrazako baldosetara bion potzuak elkar jo arte, zelako mina eman zigun maitasunak, hankak mogitu beharrak ia konkistaturiko desparadiso hartatik! Chelsea Hotelen azken akordeetan joan ginen gelara. Hurrengo goizean joan zen habitik betirako egaz doan arranoxkaren antzera eta dena betetzen zuen bakardade gogor batez estaliriko egun batzuen ondoren ikasi nuen bi ginela nahiz eta lo ohe berdinean egin edo bihotzak putzu berberan murgildu, klaustro eder bati eusten dioten posteak bata bestetik aparte dauden modura, baina oraindik ez zait aldendu herritik irten zirenean inguratu ninduen bakardade aromaxka hori.
Tarteka marteka ikusiz igaro zitzaizkigun hilabete makal haiek, independentziaren antzeko hura ez galtzeko eguneroko borroka etenean, etena zeren batzuetan ezin nuelako enamoramientoaren begirik gabeko latigoa aguantatu, eta nostalgian eroritzen nintzen barruko negar ixilean edo romantizismo mantekilloso batetan patinatuz.
Separazio horretan ikusten genuen inkonszienteki gure lore silbestrearen usteltzea, loreak usteltzeko sortuko balira bezala, baina alderantziz, urrutiratze fisiko harek gure maitasuna aurrera bultzatu zuen bihotzak elkartzeraino. Bakardadean igartzen da noren ausentzia sentitzen dugun gogorrago eta txinaurriak jan bila ari zirenean, amaiera hura lore simaurra gertatu zen eta gure arteko distantzia ez zen adar bateko ostroen artean dagoena baino luzeagoa.
Horrela, udaren amaiera aldera festibal batetan ikusi genuen elkar.
En la caricia falta
un viaje de humedad...
Gogor jo zuen abesti puska horrek nire belarrian. Aurrez entzuna nuen askotan misteriozko koltxoi hartan ilunpean lehenengo gorputz biluzia deskubritzeko izaten den ezinegon eta momentu hori orduan ez ailegatzeko senzazio horrekin, ilunpean gauzak, gorputzaren formak notatzeko nire begiak ilunpean sostena askatu, besoetatik atera eta plist leunki lurrera boteaz zerbait tenblorosoa nabaritzen zenean. Creo que la luna ya es muy alta y en la caricia falta un viaje a la humedad... Batzuetan gertatzen dira gauza batzu, detalle, momentu txiki batzu, bere moztasunagatik inkonszienteki garrantzi eta atentzio guztiz biluzten ditugun instanteak, ikutu labur bat baino denbora gehiago bizi ez diren kariziak, gure barruko remolinoaren aritik tiratuz kostraz despojatzen gaituztenak, egia deitzen diogun senzazio deskubridore hori askatuz.
Aurrean zabalduta zegoen toalla batek ikusmira guztia kentzen zuen, gogoratu behar ez zen pasadu nostalgiko bat tapatuko balu bezala, lurrak sutilki sustrai guztiak estaltzen dituen moduan. Parabrisen gainetik zegoen. Asientoa atzeratuta, lurreraino zintzilik zeuden gona beltzak lore txurien adornoarekin musika jartzen zuten izterren bibolinen babespean. Ezkerreko leiho irekitik gauaren relaxa sartzen da behatz puntako karizietan exzitazio bihurtuz eta pufa deseoso batekin dardarak agintzen zuen eran nire besoak bere bizkar gainera amiltzen ziren piano batekin erabili ohi den delikadeziarekin.
Erropak aprisionatzen dute gure gorputzen sensibilitatea baina halere pufa! Mogimendu brusko bat egin dut besoa bizkar azpitik ateratzeko kaseta bukatu zenean. Deziziorik gabe kaset mordoxka bat nebilkien bueltaka «eman buelta berorri» entzuterakoan seguru sentitu nintzanean. Leihotik begiratu nuen gure inguruan kotxe mordoxka bat ikusiz ezkerreko kanpina zabalirik barneko hankak gira biretan zebiltzala ipini berria zen musikaren aidean. Jende multzo txikiak pasatzen ziren noiz edo noiz kotxe artetik urrutirago zeuden kanpinetarantz. Pena bat izan da festibala suspenditzea... euri tanta batzugatik... hamar ordukoa... buenas noches... ha sobrado melón al mediodía eta gona beltzak gau zati bat zirudien ezeren antza ez zuten iztar bete ederrak estalirik eta nire eskua iztarren zehar irristatuz gaueko iluntasunera sartzen zen. Eskua biajero kuriosoa gertatzen da larru baten gainean eta «zurekin amore egitea asko gustatuko litzaidake, Patxi. Polita izango zen. Beharbada traumatizatuta geratuko naiz baina...» esan zenuen exzitazioaren inkonszientzira sartzera erresistitu nahiean «nik bost aldiz joko nuke saio bat bestaldera bueltatu lo esnatu beste saio bat sagar bat jan esnea edan lo esnatu beste saio bat eta gero hamar ordu lo egin» entzun zuen esku dantzaria tximeletaren fintasunarekin bi titien artean nuelarik ez nekiela nora jo. Irri pikaro batez lagunduz titi punta batera eraman nituen behatz mugikorrak eta punttaren ingururan dantzatzen hasi nituen mila ritmo eginez eta berreginez, behatzen ritmo jarioarekin bere sabelpean ritmo zahar eta primitibo hori berpizutuz eta konpasean murgilduz instintiboki esku osoak titi guztia estaliz gora-behera etengabean, suspiro ulerkaitzak irteten ziren erdi irekitako aho deseoso hartatik. Molestoa zitzaigun niki aldandora eta jertsearen presioa baina halere pufa!
Ate metalikoaren tartetik hotz hileratxo bat sartzen zen eta hots lehor batez itxi dut begietara sudurrera ahora eroritzen zaizkidan ileak atzeratuz. Begirada batez aluaren silueta nabaritzen dut gona azpian, lehen basoa deitzen nionaren kontornoak. «Ni ere aski exzitatzen naiz zure titiekin jolasterakoan».
Creo que me va a quitar el sueño un dedo aquí, un labio allá eta atzeratuta dauden bi asientoen arteko distantzia gainditu dut eta bere ila beltzak nireekin nahastuz aurpegiak elkarren kontra ipini genituen, eskuak topatu ziren eta bere aurpegiaren beroa sentitzen nuen. Gure matrailak kontaktoa hartu zuten kaixo, zer moduzko besarkada hartatik aurrerantz beti sentitu dut bere aurpegiaren beroa, zure aurpegiaren lamara. Baina han ere beti bezala, haserako pufa deseoso horrek laister jo zuen lurra eta zure exzitazioa, bi aldiz kenduta beste denetan bezala, desenkantoa bihurtu zen eta ni ere gelditu nintzen, maitasunean birek hartzen bait dute parte. Ez ninduen intuizioak engainatu eta igerri nuen zure exzitazioaren falta repentinoa.
Zurekin ez dago disimulatzerik.
Nola disimulatuko duzu? Zerbaitetako dugu sinzeritate famatu hori ez da?
Nik ditudan roiloak dira eta ez zaitut kezkatu nahi. Dena estropeatzen dut beti.
Baina ez da hori kontua. Ondo gaudenean oso ondo. Eta zerbait pasatzen denean ba hitzegin, komunikatu eta bale. Bestela alai gaudenean bakarrik ikusiko ginateke. Maitasunak geu osoki inplikatzen gaitu maiteño, eta sinzeritatearen atzaparretatik ez dago ihes egiterik.
Betiko roiloa da. Eszitatzen naiz asko hasieran eta gero, horrela, bapatean, pamba! joaten zait. Da exzitazioari neurri bat ipiniko banio bezala, honeraino bakarrik exzitatuko naiz eta hona ailegatutakoan bale, alto. Roilo asko daukat buruan eta influitzen dit.
Musikarekiko atentzioa joan zitzaigun zein abesti ari zen ahazteraino eta parabrisako toallaren dibujoei begira geunden.
Maitasuna sinplea da maiteño esan nion. Orain gu hemen eszitaturik bagaude, ba hori da guretzat inportanteena, bizitzen ari garen momentu hau, eta horra entregatu behar ditugu bihotzak eta ez egon beste roiloetaz pentsatzen, eta noraino ailegatuko garen planteatu gabe, hori segun zer irteten duen izango da, eleizan gure musuak irten ziren bezala, ez dakit, buru gogorra zara.
Bai, de acuerdo nago, noski, badakizu baietz, baina etortzen zait nahi gabe, eta ez dakizu ze gaizki, buru hau eta buruari kolpeak ematen zizkion. Oso konplikatua naiz. Oraindik ez daukat bihotz gogorra, asko influitzen didate buruko roiloak, badakizu, kanpatorreko beleta bat bezala naiz
Baina eleizakoa garaipen handia izan zen esan nion eskua estutuz arrimatu nahiean. Zer da inportateagoa zuretzat, maitasuna, gure idealak, lore silbestre hau haztea eta loratzea edo buruko roiloak, que si gaztea naizela edo gero lana aurkitzen duzunean zer gertatuko den gurekin?
Badakizu niri gehiago aportatzen didala gure maitasunak, zuk eta bizitza honek, baisa gure maitasun puro eta argi honen erdian itzala bezala ikusten dut, ez dut nahi baina hor dago.
Bai, hori badakit, haseratik izan duzu afizio hori, elizakoa gertatu eta hurrengo egunean kriston burruka eduki zenuen burua eta bihotzaren artean. Baina bizitza reala hau da, futuroa fantasma bat da, maitasun gehienak usteltzen dituen pipia.
Konturatu gabe kasetaren argi gorria dardarka zegoen, bukatu zela abisatuz. Kendu nuen eta ez nuen ezer ipini.
Jobar jarraitu zuen. Orain konturatzen naiz nola influitzen duten edukazioak, eskolak, soziedadearen roiloak, dena bonbardeo bat bezala da, familia, monjakin, lana aurkiztea, sexoa ere, umeak edukitzeko bakarrik dela, horrek denak kriston influentzia dauka eh! Orain konturatzen naiz zenbat kapa ditudan buruan.
Bai bai, joe, la hostia da, despreziablea da nola umetan eta gaztetan, puroenak garen urtetan, nola aprobetxatzen duten beraien roiloak ongi sartzeko gure barruan ia bizi guztirako, praile puta seme hoiek, eta monjak, arrazoiarekin lagun batek kukaratxak deitzen zien, eta familia ere, soziedade txiki bat da, aita nagusia, besteak ala, azpian, soziedadea multiplikatzeko balio du.
Puf! terriblea da eh! Zer amorru ematen didaten monjak, familiak, gustatuko litzaidake maitasuna zer polita den esatea...
Ia alferrik da moztu nion, hain pareta lodiak dituzte buru bueltan. Denak hiltzea da soluzio bakarra. Ez dira konturatzen zer faltsoa den haien mundua.
Guk demostratuko diogu zer den maitasuna eta benetako bizitza.
Baina kristona da esan zuen zerbait deskubritu duenaren begiekin. Ez nintzen konturatu orain arte, zer despreziableak dira, zer deretxo daukate guri roilo hoiek denak sartzeko?
Beraiei konbeni zaielako, hijo puta hoiei.
Desatre bat da, nola sartzen dituzten roiloak. Denak fusilatuko nituzke sententziatu nuen apaizak, monjak, gurasoak, sangijuela hoiek. Orain, noski, hori ere ez da soluzioa. Azkenean, soziedadearen pieza batzu besterik ez dira, soziedadea bera da problema, baina behintzat desahotaguko nuke nere biolentzia eta gorrotoa, organoan pazifikoki desahogatu beharrean!
Izarrak ari ziren bere dizdira galtzen ia gerturatzen ari zen egunsentiaren mesedean eta gure begiak ere ari ziren ixten elkarrizketaren kaltean.
Baina gure maitasuna horren gainetik egon behar da.
Bai hori, gure maitasuna puroa da, polita sinplea eta espontaneoa.
Gogorrak izan behar gara, bizitzak badu eta zentzua.
Sartuko gara kanpinera!
Bai goazen esan zidan musu bat emanez.
Irten ginen kotxetik gorputza gogorturik hainbeste denborako egonaldi bategatik, bota genion azken begirada egunsentia pitzatzen ari zen gauari, eta bultza nion kanpinera eta gainera saltatuz besarkada handi batetan lo gelditu ginen. Erdi lotan estali ginen manta batez eta geroarte.
Pasatu ziren egun beroak eta goiz batez uda estalirik agertu zen udazkeneko zuhaitz lumaz.
VI. Oleo de mujer sin sombrero
«Zure gorputzaren figura,
zure doinua jotzen ez dakiten hitzez egina»
Adatseko ile bakoitzaren bibolinek hasi ziren kontrapuntoan melodiaren sustraia pintatzen haizearen konpasean begi bueltako aureolaren saxo melankolikoaren tristeziarekin nahastuz eta hatzamar lirainen eskuineko fagotak eta ezkerreko oboeak jarri zuten zubi gainean mileniozko lehen laztan hori eta hotzikara sentitu nuen zure eskuak hain intensoki ikutzean, gero tresnen zuloetatik irteniko nota indefinituek jolasa bihurtuko zuten ikutua. Musikeroak eseritzen ari dira oraindik zure gorputzaren teatroan. Nire hotzikarak desafinatuko tresnak afinatzen. Orduan jo zuten bibolinek barroko garaiko energiarekin kaleko argiak itzali arte eta hasi zen oraindik amaitu gabeko kontzertua. Teloia dardarez dago baina musikaren olatuak ireki du brutalki hamar zatitan geldituz neska baten blusa bezala. Musikero biboteroak eta nekatu gabeak goian dauzkate instrumento koloretsuak eta biolinen sarrera inpetuoso deskabritado horren ondoren hasi dira hatzamarretako fagotak eta oboeak frakak kentzeko lotsatan dagoen haurra atraitzen eta beraiek jotakoa dantzatzen. Udaberria da. Ohea erdi irekia dago, eta behingoz bota ditugu erropak lurrera. Hanketako tinbalak hots lehorra egiten zuten eszitazioaren mugimenduan jotzerakoan, platilloak zilarrezko kolpetan eta orduan hasi zen inor baino sakonago sabeleko biolontxelo pausatua ditietako klarinete jolastiekin nahastuz eta ezpainetako flauta trabeserak ireki zenituen piztu zen aluan duzun organo inponentea, handiegia bere indarrari eusteko, zuhaitz dragonesko baten antzera, klitoris kijotesko baten eskupean, baporezko barkuek zuten erruedaren baibenarekin eta bapatean kolpe batetan ixildu zen gorputz guztia, erori ziren paisaje liluragarriak, ostroen hotsak, euriaren taupadak eta eraso zion lasaiki sabelpeko organoak hots grabeenekin eta gure arnasa etenak bakarrik betetzen zuen ixiltasun motz batetan gitarra batean soka sartu nuen aluan euri zuri batetan eta organoaren azken nota agudoei txelo harmoniotsuak jarraitu zien melodia bare batetan, Scherezaderen maitasunaren melodia liraina, Baztaneko gauen enkantoarekin, eta bi gorputzen arteko hutsune txiki horretan sartu zen orkesta guztia, nire mingaina hasi zen farrez zure ortzetako pianoa jotzen, notak zuhaitzetan zintzilikaturiko kaskabelen soinua bezalakoak ziren, eta ortzadar batetan kabituko ez liratekeen aina nota irten ziren gure gorputzen orkestatik, bondardino saxo baxua eta tronpeta dirdiratsuaz inguraturik, gauza denak zure gorputza dira, Tajoko ninfen edertasuna urak eraman du. Gau osoa bete zuen xirrikisturik gabe, ilunaren grieta guztiak itxi arte. Zure titi punten eztia eraman zuen erlea nintzen eta hautsi ziren zure gorputzean jo zuten tresna guztiak piano baten fintasunarekin eta konejuak bezala, hankak gurutzatuta, loaren sonataren enkantupean lo gelditu ginen eta horrela ere entzun genituen organuaren azken notak, gero gau askotan imajinatuko zenituenak, eta orkesta zaratatsu hori dirigitu zuen bihotzaren batuta ederra zegoen goizeko kafesnearekin.
VII. Udazkena
Scherezaderen haserrearena
«Ojalá que las hojas te toquen
el cuerpo cuando caigan»
Urtaro bakoitzak naturara zerbait berria ekartzen duen bezala udazken gazi hark ere bota zuen zenbait ostro gure loretxoaren gainera. Udazkeneko mantoaren lehen ostro gorrixkak lurra mihasten hasiak zeudenean gure bizitzak ondo aldatuak zeuden eta bakoitzaren zirkunstantzi konkretoak hartzen ari ziren pisua ostroekin batera hasten ari zen. Baina lehen olatu amorratu haien bitsa gainditzen jakin genuen. 30 kilometroz aldenduta zeuden bi herritara joan ginen bera klaseak ematera ikastola batetan eta neu estudiatzen hasi nintzen. Lehen aldia nuen hiri estraino batetan bizitzen jartzen nintzela eta egun haietan maiz sentitu nuen bizitzaren zentzu falta, beti rekuerdoren batek itotzen zuen sentimentu absurdoa. Jendea ezagutuz nihoan neurrian gauza bat deskubritu nuen: bizitza heroismoz beterik dagoela edozein lekutan eta inguratzen gaituzten bakardade pareta hoiek fantasma baten baino realitate gehiago ez daukatela. Maiteñoak idealak eta lurrak txoke egiten duteneko balantza hoiek sentitu zituen klaseak ematen hasi zen lehen egun haietan eta sarritan egiten genuen elkar gure animoen iturri etena. Baina askotan etsitzen genuen konkretoaren aurkako zaplastada hoietan. Astean bi aldiz bera ikustera joaten nintzen iluntze aidera eta behin ez zeuden etxean. Nere besarkatzeko gogoak gorde nituen poltsikoan eta musika piska bat entzuten nengoela bapatean atea ireki eta etorri ziren hirurak eta nik posesiboki besarkatu nahi nuena mozkorturik zetorren. Balantzaka, pare bat kuadro bota zituen sofan etzan aurretik eta mila abestiren zati minimoenak nahasten zituelarik, oso biolentoa sentitu nintzen. Eraman zuten komunera txalarena egitera eta ni, kasorik egin barik, sukaldera bihurtu nintzen. Ez nuen onartzen estadu horretan; eta ene posesibitatetik hanka egiten zuelako zela uste dut. Baina barruko gudalosteak guda horretan nenbilzkielarik hor etorri zen niregana ezer gertatu ez zaion pertsonaren normalitatearekin. Mueka despreziable bat egin zidan.
Begirada triste batekin galdetu zidan:
Patxi, zergatik ez didazu lagundu horrela nengoela ikusita?
Baina hain azkar pasatu zaizu? galdetu nion harriturik.
Ez nengoen mozkortuta, tontoa, teatro egin dut eta defraudatu nauzu.
Zer? esan nion haserreturik teatro egin duzula? Baina zergatik egin duzu?
Zure reakzioa ikusteko eta benetan, pena hartu dut.
Oso konfusoa nengoen realitatearen aldaketa horregatik eta jarraitu zuen juez bat bezala.
Zure aktitudea oso negatiboa izan da. Zure retxazoa eta desprezioa sentitu dut. Konportamiento normal bat edukitzen badut oso ondo baina konportamiento marjinal bat izaten dudanean zer? Eta benetan gertatu balitz? Ez didazu batere lagundu.
Gorrotoa nabaritzen nuen bere ezpain inplakabeetan eta ene nahastetik irten gabe esan nion
Baina zer nahi zenuen egitea? Besoetan hartzea eta ume bat bezala zaintzea eta zure ondoan egotea gau osoa?
Ez erantzun zidan baina zure aktitudea izan da. Ez nauzu lagundu. Eta maitale izan aurretik lagunak gara ez, zuk ez badidazu laguntzen momentu txarretan nork lagunduko dit? Ahaztu duzu gure adiskidetasuna. Denak behar dugu momentu batetan laguntza, eta ez bagara laguntzen zer? Bakarrik musuak eta ohean egon eta bale?
Gogor jo zidaten hitz haiek belarri makurtuetan eta burua mila bueltetan hasi zitzaidan. Gertaera horrek orain arte justuan eultzi genion harmonia bota zuen leihotik kalera eta asko deprimitu nintzen gau hartan. Munduko pertsonarik rastreroena, bilena eta baxuena sentitu nintzen eta ene inmortalitate sinestua luperatu zen betirako. Ohean ez ziren ia gure eskuak ikutu eta hurrengo goizean jeiki orduko poema bat idatzi ondoren neure herriratz abiatu nintzen sekulako triztezia batekin. Gure maitasunaren pureza apurtua zegoela konturatu nintzen eta oso degeneratua azaltzen zen.
Zer gertatu zitzaigun geu konturatu gabe? Gure askatasun apurra posesibitate bihurtu zitzaigun eta elkar ikusteko gogoak berriz obligazioa bihurtu ziren, eta lehen berez zihoan txalupa orain bultzatzen ari ginen espontaneitatearen kaltean. Bizitza aldaketak eragin zuen hori gure maitasunean baina gertaera honen poderioz hobetoago ezagutu genuen elkar eta gertatzen ari zena ulertzeko argitasuna eman zigun askotan bezala oraindik ere pribilegiatu batzu kontsideratzen gara bizitzaren aurrean. Geneukan gauzarik ederrena deskuidatu genuen baina horrek gehiago elkartzeko balio izan zigun.
Tximista baten azkartasunarekin igarotzen ari zen udazken arraro hura, eta zuhaitzek kantatu zituzten ostroak potzu izoztuen azpian kristalezko ortzadarrak zirenean, negua zen.
VIII. Amets
Zure lo mantsoaren pake libertinoa aprobetxatuz amets bat egin dut, maiteño. Zure gorputzaren zehar nindoala borda polit bat ikusi dut titi artean eta norbaitek leku segurutzat joko zuela pentsatuz ireki dut nekez ate zaharra eta bordan bizitzen jarri naiz bi albotara ditudan menditxoak terremoto batez bidali arte eta hantxe barruan loak arturik gelditu naiz ametsetan.
Goizean ezkerreko titi puntara igoko naiz eguzkia ateratzen ikusteko, horrela, bihotza printsez beterik bost kilotako patata saku batetan sarturik bordaraino irristatuko naiz titien terziopelo alilatuan. Esnatu zara. Ikusi nauzu, borda jo dut aldapagatik. Arratsaldearen amaieran eskuineko titi puntara igoko naiz lehen irteten ikusi dudan eguzkia agurtzeko ene pozaz eta zure titiko gozoaz. Esnatu zara eta ikusten nauzu ilunpean sako barruan irristatuz titi behera bidea ezin asmaturik eta berriz borda jo dut. Eskerrak lehen joan naizen beheroxeago dagoen pagotegi beltzera eta zure menstruo gorri-iluna bildu dudan, gaur afaltzeko soparentzat eta arraultzentzat nahikoa zait eta igual biharko ere, egunean egunekoa bezalakorik ez dago baina hori ez da posible menstruoarekin, azken finean, mestruoa ez da txanpinoia. Eszitatzen naizenean zure titi punten kontra masturbatuko naiz; ez zaitut besteetan adina bustiko maiteño, eta berriro sakoan bordara, eta ez dut jo oraingoan baina esnatu zara eta haserrez hankatik altxatu nauzu, enanito gizajoa ni, eta oihukatzen nizun Amets bat besterik ez zen! baina zuk, errukirik gabeko haserrearen irriarekin aho aurrerantz naramatzazu, enanito baten antzera besoak mogitzen ditudalarik eta baleak Jonas irentsi zuen bezala sartu nauzu ahoan, cheiw bat naiz, eta hau erreala da pentsatzen nuen, amets soil bategatik irentsi naute, egiaz, baina gaztetan gaiztokeri bat egin ondoren aldegiteko nuen habilitateaz katiatu naiz aho txirrinetik eta heup! saltoz igo naiz belarrira eta argia sartzen zen txulokote batetik irten naiz kanpora eta ekilibrioa galdurik, banoa, eroritzen naiz, eta bai, erori naiz, alferrik da, hor zoaz ameslari, buruz barrankora, ilunera, ezerezera, amezteko ahalmenak ere ez hau salbatzen, amets bat bakarrik huen eta begira nora heldu haizan, borda, titi eta menstruo desbirgatua, eta halere berriz itzuliko haiz bordara, titi puntetara menstruoa hartuko duk sopan eta zurituko dituk mendiak eta zuk maiteño, farrez begiratzen zenidan, sakoan sarturik borda jotzen nuenean, txikia ikusiko ninduzun, ondo irristatzen zen titietan behera, gozoak dituzu.
Zure aurpegian irri bat azaldu da, eta zuk maiteño, begiak itxirik, imajinatu duzu, sinestu, ikusi duzu fantasia atake batetan kontatu dizudan istorioa, ni enanoa, bordatik titi gainera eta behera, eta zure loaren pake libertinoa ausnartu dudanean, ametsetan egitera etzan naiz zure titi arteko bordako txokorik beroenean, ihazko ostro eroriak dauden katiluan.
IX. Negu
«Bareak dira
eguzkiaren etsairik nagusienak»
Apoc 12
Neguaren izotzarekin bajo zeroko goiz goibel hoietan oheko maindiren inbitazio artean gure lehen orgasmoa etorri zen, neguko lehen egunetan hasi eta udaberrirako bi goiz falta zirela amaitu zen orgasmoa. Negu osoa igaro genuen orgasmoaren dardar artean, kontrakzio eta esne piska bat edateko etetzen genuen baibenean lehoi usaineko isaratan eta Freuderen poderioz insatisfacción sexual bezala interpretatzen genituen ametsen barrenean urtzen, koltxoia enbarazatu zen arte, udaberrirako bi egun falta zirela. Orduan ulertu genuen momentu politak eternizatzeko dugun ohitura oker horretan erori ginela eta bakoitzak plazerra hartu genuela komunikatu ondoren bukatzea erabaki genuen, negu guztia irauten ari zen orgasmo haren inmortalitatean hil nahi ez genuelako.
Gure begiradak topatu ziren une hartantxe hasi zen jotzen el lago de los cisnes 33 buelta ordez 38 ematen zituen plato hura neguko lehen egun hotz haietan gelako esentzia usainak eta laranjazko kandela baten argi erlaxatuak kariñoz betetzen zuen gelan eta momentu guztiak une hartan bilduta behatzen ikuitu bakoitzean orain arte saporeatutako maitasunaz inguraturik elkarren biluzte makal eta ansioso horretan hasi ginen eta elkarren izenak esatea besterik ez genuen asmatzen, hor bilduko balitz bezala adierazteko genuen maitasun oroa. Beti izan genuen erlazio sexual baten helburua orgasmoa zelako pentsamendu hori baina ez genuen susmatu gau hartan egiaz lortuko genuenik, eta gutxiago hiru hilabete iraungo zuenik eta orgasmoaren efimerotasuna dastatu genuen, hiru hilabeteko orgasmoa baino motzagoarekin ezin dela bere enkantu guztia goxatu ulertuz eta tartamudeo baten antzekoak ziren besarkada haien ondoren lortu genuen gure gorputzen arteko konpenetrazioa, tripa artean hutsunerik permititzen ez zuen konzentrazioa eta gure deseoari erantzunez orgasmoan sartu ginen, hiru hilabeteko orgasmoan.
Como sábanas blancas despues del amor gelditu ginen eta herri txikietan txakurrentzako benenoa ipintzen ibiltzen diren maniako absurdisten moduan ibili ginen maiz mantak gure humedadearengandik salbatu nahiean, azkenerako txit zaila gertatu zitzaigun lana eta koltxoiaren enbarazo ustegabeak eten zuen nahia gure lotsa sekretua betirako baztertuz ate atzeko bafle zulora.
Salda beroz betetako jende asko pasatu zen orgasmo haren ondotik, postariak, fontaneroak, bilera konbokatzaileak, biotako norbaiten ama pijamako matxak gehiagotuak ziren ikustera, kotxean nahi ez zuten parejak, midikua doktor Bilbao etorri zen arte begirada responsablez koltxoiaren enbarazo segurua anuntziatuz. Momentu politak bukatzeko pena apur horrekin altxatu ginen eta ia lizundua zen jaboia hartuz dutxa eder bat eman genion gure gorputz atolondratuei. Gauza guztiak oheratu ginenean bezalaxe zeuden eta erlojua oraindik martxan zihoan eta handik aurrerantz ez gara sekulan kezkatu orgasmorik gabeko erlazio sexualegatik, ilunari beldurra badiozu gau osoa mendian bakarrik pasatu behar duzula esaten duen esaera horri jarraituz.
Zuhaitzetan bi egun falta zirela udaberria etortzeko, begi zabalik gelditu nintzen poltsikoko zulotik pitilina ikutuz negu guztian lehenengo aldiz eman nuen paseo hartan, naturak izan zuen aldaketa nabarmendu zenean eta zigor handirik jasan ez zuela zirudien. Ardiak pottolo mottoloak zeuden eta bide ertzeko zuhaitz ebakiak ia lehorturik ziren. Etxe bati tximini berria egin ziotela nabaria zen oraindik txori kakarik gabe agertzen zelako eta neguko uholdeak hibai harrian utzi zuen marka ez zen metro erdi bat baino luzeago. Orgasmo baten laburtasunarekin joan zen negua eta sahatsaren lore irekiak udaberriari oihuka ziharduten urtero bezala eta natura osoak sartua zuen pintzela pintura berdearen pote zikinean, lehen pintzeladak botatzen hasteko asmoarekin. Zaldia saltoka ari da eta astoa arrantzaka doa.
X. Más allá del bien y del mal
«Las gotas de agua
que amanecen en las flores
son lágrimas de la luna
que de noche llora»
Beste udaberri bat baina ez da itxi oraindik zirkulua, jazzak jarraitzen du nahasten eta pianoan nireak direla esanez beste batzuren birgeriak joaz, udaberri hau ere ez doa alferrik. Ia sinestua nuen media naranjaren ideia erori da, galdu da, galdu haiz, hautsi da anphora eta goxoki, tripak errebueltatu gabe esan nahi dizudan gauzatzo bat, maiteño: enamoratu naiz. Enamoratu naizela, ez dira alferrik sensibleak gure bihotzak eta ez dugu alferrik maitasuna predikatzen lanaren aurka gero geuk kunplitzen ez badugu, eta bai, mila kristaleko laberintoan eta heldu naiz bide gurutzaketa batera, bideko metro bat besterik ez den pusketa tumultuoso batera baina agian ez du zentzurik gure maitasuna noraino ailegatuko zeneko zure galdera horrek maitasunaren unibertsaltasuna ulertzen badugu eta horregatik más alla del bien y del mal, Niestchek ere pianoa jotzen zuen, eta pertsonak garenez sentimendu pila bat dugu sakonean, momento butzuetan bataz beste jaupatzen zaizkigunak baina ez dugu horregatik urrutiratu behar, eta pareja bat apurtzeko xirrikistu bila hasi sentimedu kontradiktorio hoiek onartuz eta beraien gainean kabalgatuz eta utopiak edo etiopiak non hasi eta non bukatzen diren ulertuz horregatik más alla del bien y del mal, bizitakoa hor dago eta bizitzekoa ere hor dago intakto eta farre egiten dutenak bakarrik geldituko badira zihur hor gaude, konstelazio banguardista horretan eta ene bihotzak biok onartuz eta zuk posesibitatean nabegatzea utzirik hilean behin oraindik ilargi betea egoten da eta noizik behin karta pozgarri bat etortzen zaizu, Ameriketako tia monja batena edo, eta horregatik más alla del bien y del mal eta ahal bada esklusibismoaz ere, fidatzen naiz gutaz, hiru hilabeteko orgasmo baten ondoren bizirik gaudenotaz, maitasunagatik negar egin ondoren painueloa sikurik dugunotaz, eta aurten ere berriro Silvio ikustera joango garenotaz.
Udaberri honetan enamoratu naiz eta ez du euririk egin hilabete eta erdi batetan, enamoratu naiz eta berriro urduri sentitu naiz neska baten begien aurrean, polita da baina maiteño, entzun behar duzu itsasoko karakolaren abestia non kontatzen duen itsasoko ura eta euriarena biak samurki gordetzen dituela bere barruan eta horrela udako haize izerditsuan kaioak bere piszinan freskatzen dira berrogei ta hamar durogatik, eta zer egingo luke piano batek nota agudo eta graberik gabe pajaritazko kontzertu batetan eta ona eta txarra ez balira egongo ezin genezake amoraltasun hori lortu eta utopiak zentzua izango luke eta hori ez dute permititzen zisneek goardia zibilen kontra daudenez eta zure amaren presentzia kentzen duzunean zure pentsamentuetatik piska bat zoriontsuago izango zara, Getariko kaioen esanari kaso eginez, haizea guztiona da bizpahiru espezie kenduta eta maitasuna ere guztiona da eta gu ez gara inorenak geureak ez ezik eta guk erabakiko dugu gure suizidioaren ordua, eta maitasuna askatasuna lortzeko bide bada, zenbat eta gehiago maitatu, hobe utopiarentzat. Enamoratu naiz zutaz enamoraturik egonda, badaude ene biguinean pare bat asiento eta gehiago ezkutuan eta eskerrak ez ginen eraztunaz gogoratu eta eskerrak ez genuen ahaztu antikontzeptiborik gabe joaten zinela lotara beti eta ene frenilloaren miñak alto esaten zuen, horregatik más alla del bien y del mal baina pertsonak garen seinalerik onena enamoratzea da, bestela edozein motatako pizti txarrena baino aldrebesagoak ginateke eta egun batetan beste neskaren irudia susmatzen baduzu ene ninietan, pentsatu zure lubrikante melodikoa eta eternoa dudala tripa txulo inguruan eta konpartitu ditugun lore eta txorizo bokadilo guztiak ez direla telefonoko elkarrizketa bat bezala joango, Potosi-ko minetatik urrea ateratzea baino gehiago kostatuko dela, eta zazpi miloi indio hil ziren XVI. mendean Potosin, ulertzen duzu Silvioren soy feliz, soy un hombre feliz y quiero que me perdonen por este día los muertos de mi felicidad eta gure etxea inguratzen duten mendiak izan badira oraino gure horizontea, deskuido bat da pentsatzea atzean ez dagoela deusik, eskerrak ez dugula etorkizuna ezagutzen bestela hilen zen oraina eta tristea benetan oraindik gabeko bizitza, badago ohasis franko más alla del bien y del mal maiteño.
Udaberri honetan orain arte erabaki dugun gauzarik garrantzitsuena, ederrena, kreatiboena eta maitagarriena erabaki dugu: txortan egiten ikastea. Silvio maiatzean etorri zen apirilaren ordez baina guk txortan egiten ikastea erabaki genuen.
Osasunez ondo ibiliko zaren ustearekin, agurtzen naiz gaurkoz, Urrestila, hilak 26. Para Julieta de Romeo.
© Pako Aristi