AUTU-MAUTUAN

 

        Azkenik, sail ontaratu ditudan esaera auek, adierazpenez naastuxeagoak ditezu. Bai, sailka-sailka tolestatzen joanaz, oietariko batean leku emateko egokitzat jo ez ditudanak dire noski; -tarteka errendu zaidan bakar batzuek izan ezik.Baiña azkenerako pillatzea, ez da izan garrantzirik ez dutelako, auek ere beste guziek bezain jatorrak dire; besteak bezain xuxpergarriak.

        Beraz, esaera bakoitzak bere aria duen ezkero, elkar-izketa irekian, autu-mautuan; ao bakoitza esakizun iturri oi den gisara, emen ere antzeratsu, esakizun bakoitza, aotzat artu daiteke.

 

 

AIA JAN, ETA SABELA BERO, OTSOAREN GAIÑEAN KABAILLERO. (1)

 

        Esaeraren adierazmena, nola-ala txilborra betetzea da. «Aia jan, eta sabela bero».

        Ume-kozkorretan, ama zanak amaika bider aitandu oi zigun esaera... Izan ere, negu aldian batik-bat, arto-zopaz egosiriko aia beroa jan-eta, oeratu oi giñan. Nor ziteken zori artan, gu giñan baiña zori-betagorik?

        Jakiña, sabel gosebera bero-bero, aal giñaneraino ase ondoren, oe-zurian maindire biren erdira... «Otsoaren gaiñean kabaillero».

 

AMERIKETAN, ONTZAKOAK OSTIKOKAN. (5)

 

        Esaerak, urrutiko txanponen oiartzuna dakar. Urruti batean, Indietan, «Ameriketan»; nun-naiko eremu bazter gabe aietan; uzta oparoak omen dire, neurri zabalak, etekin aseroak, iturri emankorrak...

        Adibidez, gosebera begi-luzeentzat, «ontzakoak ostikokan».

 

ARDI ANTZU MENGELA, ARTALDERAKO PARDELA. (3)

 

        Esaeraren agerbide, artzaiñak ardienkiko duen ikuspegia da. Lotsakizun litzake noski, iñoren begi-luzearen aurrerako, «ardi antzu mengela», artaldean ibilli bearra. Lotsa, ta, bide batez galera ere bai; «artalderako pardela» zaion ardiagandik, aurrerabiderik ez datorkio-ta.

 

AU DA FILOSOFIA, TA EZ OILLO-ZOPIA. (2)

 

        Esaera bitxi ontan, geienik ere jakituna, jatunagandik banandu daiteke. Adibidez, jakitunak, jakin zale denak, bere erronkatxoa bota nai jatun denari, bere mailla bereiztu nai, zopa-jaleari. «Au da filosofia, ta ez oillo-zopia».

 

BAZTAR GUZIETAN, ZAKURRAK OIÑUTSETAN. (1)

 

        Esaldiak, ezparru zabaleko aize burrundak, zinzur batera biltzen diren agermen dauka.

        Izan ere, gure begi-luzeok, okozpean degunari ozta-ozta begiraturik, «baztar guzietan», daukate zer ikusia; urrutirago, ta zabalago ikusmena noski; ta begien arabera irudimen neurria ere. Alaere, azken batean, tokian-tokian; «zakurrak oiñutsetan».

 

EGIA, SUDURRAREN ONDOAN BEGIA. (1)

 

        «Egia», beti ere sinisgarri delarik, sarritan batekoz-beste artu oi degu. Geure begiz ikusi ezean, ozta-ozta, aintzakotzat artu, ala ez, jartzeraiño. Esaeraren arabera ordea, bestera dator; sinisterrez. Ikusten ez degun arren, ba'dakigu, «sudurraren ondoan begia» daukaguna.

 

ENTZUN EZAK LENENGO, ITZ EGIN URRENGO. (1)

 

        Esaera zuzenean ulermenera doa. «Entzun ezak lenengo». Entzun, eta bide batez ulertu; osteroan, ulertu ezean, ezin daiteke ausnartu, ezin orraztu; ez tajutu ere zer-nai delarik erantzuteko. Edonorren baitan, oiña artzeko tokia eman bear aurrena...

Beraz, ezaguera artzearen ondorengoa da noski, aoz-ao ekitea; «itz egin urrengo».

 

GAUAREN KOLKO ILLUNEAN, ONTZA ULUKA AALEGIÑEAN. (2)

 

        Adibidez, gizona illunak lotu egiten du; argitik illunerakoa du iñolaz ere, beretzako tarte mugarritua.

        Ostera, argi-illun mugak ongi zainduaz, erbia egun-argiz kabian gorde oi da, beste basa-pizti geintsuen gisara. Bide batez, «ontza» lumetsua ere gau-txoria izaki, ta, «gauaren kolko illunean, ontza uluka aalegiñean».

Ontara, bere egitekoa betetzen du noski.

 

KATTALIN, KATTALIN; AUZOKO TXERRIAK ETXERAKO, KOIPE GUTXI DIN. (14)

 

        Esaerak bere bitxikeria ta guzi ere, egin ezaren arra ezik, auzoarekiko erre-miña ere azaleratzen du. Auzoan, koipegarria duteneko miñarekin naasian, etxeko ezaren asarrea noski.

        Jakiña. auzoan duteneko albiste utsak, etxeko zartagirako; «koipe gutxi din».         Ikaskizun biribilla nola-nai ere, beste urte baterako.

 

OILLO AMAK, BEREAK EZ TXITO DANAK. (2)

 

        Esaldi ontan, ixilpeko azpi-jokua nabari da. Apal denari loxintxa, txotillari, trapukeria. Adibidez, «oillo amak, bereak ez txito danak». Bereak ez diren arraultzetatik sortuak geientsuak noski. Bai, beste oillo baten kendurik, oni ixillean egapera sartuak ere.

        Alaere, onek gordeko du bere amatasuna, beteko du, denen amatzakoa. Aldi berean, txito-moltso eraskiak ere, amatzat ezagutuko, ta ez, ugazamatzat.

 

OILLO ASKO, ARTO ASKO; MOLKOTS ETA LASTO. (2)

 

        Esaeraren arabera, ao asko diren mairako, ontzia ere zabala bear.

        «Oillo asko, arto asko». Izan ere, bakoitzon zakuak betetzea, ez da txantxetako lana. Zuritik, naiz beltzetik, neurria bete bear; eta au ezean, oilloen antzera, etxeko soroan. «molkots eta lasto», triskilketan giñake.

 

ORAIN ORAINGOA, GERO GEROKOA. (1)

 

        Esaeraren mamian, nasaikeriaz gainera, etsipen zoroa nabari da.

        «Orain oraingoa», ta, bapo... Emen ez dago biarko kezkarik, ez gerorako begiratze zuurrik; oso-osoan, aurreko mokoa ikuspegi. Beraz, datorrela, «gero gerokoa»; eguzkiak egunoro sartu-irten oi duenez, bere urre-printzak zabalduko dire ingurugunera.

 

PAPARRA ZABAL, ETA OILLA-NARRU, USTE GABE, AIZERIK ASKO BA'DU.(3)

 

        Agian, esaldia, erdi-eroaren ezaugarri baiño ez da. Otz geranean jantzi, hero geranean erantzi; senik duen edozeiñen jokabidea noski. Ontarako degu arropen erabilkera.

        Ostera, «paparra zabal, eta oilla-narru» dagoena, giza-moldetik errenka dabil, aldarteak jotzen duen aldera zankoak; eta «uste gabean, aizerik asko ba'du». Uste gabean, erdi-ero...

 

SEBASTIAN BAT, BA'DA ZERUAN, DONOSTIA, BAKARRA MUNDUAN. (2)

 

        Au, donostiarren esakizuna degu ezpairik gabe. Iñolaz ere, erri-zaletasunak eragiñaraziriko deadar bitxia.

        Beste agerbiderik gabe, dagonetan garbi dago esaldiaren adierazmena. Alegia, Donostia'ren gaillentasuna.

 

ZAKURRAK OKELA AMETS, BAIÑA EZURRAK BERETZAT OKELA ORDEZ.(3)

 

        Esaeraren muiñean, zuri, edo beltz, nolabait sabela betetzea dago.

        Denoren ametsa, amets zabala noski. Aurrena, aal dela onetik agiñak dantzatu, ala ezin denean, kondarrak mutxikindu; baiña bearrena, dagonarekin etsia artzea noski.

        «Zakurrak okela amets», baiña, ametsaren erraiñua itzaltzeko, etsipena artzea dagokio»; «...ezurrak beretzat okela ordez».

 

 

 

© Martin Ugarte

 


"Jatorriaren errotik" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus