JATORRIAREN BEDINABAR

 

        Onako esaera moltxoka, bat-banaka tolestatuaz gero, esaldi bakoitza, gure jatorriak belaunaldi luzeen buruan, bizitza landu duenaren, aparteko apaltasun, eta etsipen xinplearen ixpillu direla esatea dagokit. Bizikera txotil eta xeearen erraietan oretu zituzten aztarrana bai dakarte.

        Beste argibide bearrik gabe ere, gure aurrekoek, egunaren urrabide ekintza ezberdin baiña mugatuak, asmakizun zituztelarik; bizitza osatu zuteneko agiri zeatzak dirudite. Ain xuxen, eskuetan opildu zituzten lantxoak, elkar-bizitza eramankorrak ematen ziteneko etsipen juxtua, esku-arte urriaren erabilpide neurtuaren gomuta; ondore belaunen gogoangarri utzi nai izan ziguten bereziki.

 

ASIAK EGIÑA DIRUDI, EGIÑAK, URRE-GORRI. (12)

 

        Esaeraren mamia, iñolaz ere ekitean dago. Asi gabe, egintzarik ez; aurrena asi, ta, «asiak egiña dirudi»; asera arretaz ematearekin, esku-jokuak jarraituko du; ta jakiña, atzamarrak, zankoak, kaskarra, kemenez direla; egiñak berea ba'dakar, bere etekiña, bere obaria. «Egiñak urre-gorri».

 

AURREAK ERAKUSTEN DU, ATZEA NOLA DANTZATU. (1)

 

        Esaera oso-osoan, bide urratzallearen bizkarrera doa. «Aurreak erakusten du». Beti ere, gure begi-luzea, aurrekoaren orpoetara itxuturik oi da. Gurasoen urratsetan, seme-alabak; oillo-amaren ondoren, txito moltsoka; artzaiñaren orpoetan, ardi eskurakoia...

        Baiña, bide erakusleak zabua nora, onen arabera erneko da, ondorengo jarraitzallearen esker-alderako biotz-iturria. Beraz, lenengoak bigarrenari esku-aldatuko dio, «atzea nola dantzatu».

 

BERAK LAN, BERAK JAN. (1)

 

        Zuzentasunari loturik dago esaldia. «Berak lan, berak jan», Berak egiña, berak jan; besoak, beretzat nekatu, bere eremuan aitzurketan; eta beretzat, egiñetik datorkion etekin-zorroa. Ontara ez dago, elkar-bizitzaren bearrezko loturarik.

 

DEGUNAREKIN GOAZ, EZ, GENUENEKOAZ. (4)

 

        Esaeraren muiña, etsipen juxtua baiño ez da. «Degunarekin goaz», nork dezaken esku-artearekin, goiengoen erre-miñik gabe etsi-etsian; onenean. aaltsuen ezpaleko izanik, goi-mailaren aipamena ukatu bide; «ez, genuenekoaz».

 

EGUN-ARGITZE LAUSOAN, URRETXINDORRA KANTUAN. (4)

 

        Bizi-molde aseroaren irudi baiño ez da esaldia. Eguneko tira-birak, goiz-goizetik izadiaren errai zabalean murgilduriko ikuspegi baikorrari loturik; «urretxindorra kantuan». Lanaren gozakizun, txori-kantua; ozpiñaren garratza, ezti-likaz naasturik. Bear ba'da, egun luzea ontan oretu, ontan opildu...

 

ESKALEA OGI-ZATIAZ POZIK, EMAN DIONAK ERE EZ DAUKA LOTSIK. (4)

 

        Maitasunari lotua dago esaera. Biotz iriki, ta esku zabalaren etekin txotillean. Gauza gutxiaren banatze sentikorraz; goserik atez-ate, esku-utsean dabillen «eskalea ogi-zatiaz pozik». Bear ba'da, beretzat daukanetik erdia, iñori «eman dionak ere ez dauka lotsik».

 

GAURKO EGUNAK EMAN DU BEREA, BIARKOAK BA'LEKAR OBEA... (1).

 

        Etsipena ezik, itxaropen izpiren bat ere ba'leukake esaera onek.

        «Gaurko egunak eman du berea». Eguneko gazi-geza guzien gaindik oso-osoko etsipena noski. Baiña, «biarkoak ba'lekar obea»... Emen ba'dago noski, zutitu naiaren gili-gilirik ere gerorako; errotu naiaren egarri miña.

 

GALTZA ZAARREN SAPALDA, ZIZELLUAREN ESPALDA. (1)

 

        Esaerak bere muiñean, etxe-barneko burubidea dakarki adierazgai. Adibidez, arropa urratuen toki, «galtza zaarren sapalda» aldiz-aldiz, tokiren bat bear; batik-bat, etxekoandreek esku-bete lan darabiltenean. Asmoak luze, ta eguna motz; sarritan oi dute, ta, jakiña, gauz bakoitzari bere toki egokia ematea, eziñekoa noski. Beraz, beta letorkien bitartean, «zizelluaren espalda»n izango dute itxoin tokia.

 

GOIZ EDO BERANDU, MUNDUAK AZKENA BEAR DU. (1)

 

        Esaldiaren muiña, idurimenean dago noski. Etsipenaren illunpean sentitze soilla, baiña baikorra. «Goiz edo berandu», ta, utsune sakonak ere bazter bi izaki, te emen dago, idurizko ikuspegiaren tringotasuna. Aldapak, gain-beera; eguterak ospela, ta aserak, bukaera.

        Era berean, bizi-leku daukagun mundu zabal onek ere. «azkena bear du».

 

GURE DIRUAK, ERAMAN ZETIK MIRUAK. (1)

 

        Esaera, ezbearrari loturik dagon arren, etsipen zentzurik ere ba'dauka.

«Gure diruak». Gure ondasun apurrak, gure gora-beerak; egunoro arriskupean noski. Gaixotasun, izurrite, edo-ta, uzta-biltze aldioroko arri-abarrak.

        Bide batez, zer izangoaren egoetan datorrena itxaroaz, eta. joanaren etsian baikor; «eraman zetik miruak».

 

LEEN ALA, ORAIN OLA, GERO, EZ JAKIN NOLA. (1)

 

        Esaeraren agerkizuna, ondoreari zaion itzala da noski. «Leen ala». Joanaren egoetan irudimen aaztua, urratua dagoenaren ixtori ezkutua. Eta, «Orain ola»; onen kidetasunaz bat goaz, aldioro, kezkak eta korapilloak gaiñez; tarte-marteka barealdi ameskorrak.

        Baiña oso-osoko pentsakizuna, ondorena izaki; «gero ez j akin nola». Arrosaz, ala arantzaz...? Erdi biderik ere ba'dago noski.

 

LOGALE GERANEAN, EDONUN OEA, LUKAINKA, LUZEAGO TA OBEA. (2)

 

        Esaerak, bi adar ezberdiñak ditu adinabar. «Logale geranean, edonun oea». Adibidez, oe-zurian, txillarra gaiñean, arri-otzezko zolaiu gogorrean; edonun etzin-toki.

        Bigarren esakizuna, lenengoaren tartidetasunean urbil dabil, baiña, atzerazka noski. Arri-otzean baiña, oe-zurian obe; «lukainka, luzeago ta obea».

 

MENDIAN IKAZKIÑAK, JATEKO PREST AGIÑAK. (8)

 

        Esaeraren erroan, gosearen eragin nabaria dago. «Menthan ikazkiñak», gosea zer den ba'daki noski; izan ere, lan orduak luze ta neketsu, ta otorduak bakan eta motz; geienetan babak egos-arin, gantza gozagarri, baiña urri.

        Beraz ontara, nola ez, «jateko prest agiñak» luzatu?

 

NEGU OTZEAN, EDOZEIN SU-ATZEAN; EDOZEIN ARDATZEAN. (1)

 

        Esaera bikutz onek, neguak bere gordiñean ere, dakarren patxada aurreratzen digu. Lan giroaren arabera, etxeko eginkizunak noski.

        Otza, bustia, izotza, elurra... «Negu otzean» landa irikiari uko emanaz suaren babesean Lan toki; «Edozein su-atzean, edozein ardatzean».

 

NERE EZURRAK, NERE TXOKORA, LEEN-KIDEKOEN ONDORA. (4)

 

        Esaera apal au, sentipen sakonaren ixpillu baiño ez da. Maitasunak loturik, eta, Ama-lurrak ontara bultzatzen duenaren antsi miña, ain xuxen. «Nere ezurrak, nere txokora».

        Aldi berean, leendikoen sentipen itxua ere, urbil ezik, tringo dirudi, biziaren aldaera itxaroaz; «leen-kidekoen ondora».

 

NI NAIZEN TOKIAN, GOSERIK EZ, GARI ZIMURRAREN BEARRIK EZ. (11)

 

        Esaera arroxko au, artoak, gariari botea omen da. «Ni naizen tokian, goserik ez». Ain xuxen, artoa jateko izan ezkero, goserik ez dago. Amaika bider, negu-sasoian batik-bat, arto-zopa esnetan egosiaz, gosari-apariak egiñak gera; bai-ta, txilborra ederki berdindu ere.

        Beraz, ogia aorako bigunago den arren, artoa izatera; «gari zimurraren bearrik ez» dago noski.

 

OGIAREN ALBOAN, OTASA BELTZ, BERE BELTZEAN ERE LOTSARIK EZ.(1)

 

        Onek ere, leenarekin ba'du loturarik. Emen, aurrenik ogiak dauka bere duintasuna, ta onendiko aldaskaz egiñak bigarrengoa. «Ogiaren alboan otasa beltz». Otasa, etxe-ogi, ogi-naastu, ogi-latz; tokian-tokiko izenak noski.

        Dena-dela, bae nasaiean iralgiriko iriñaz egiña delarik, illuna da, beltza noski; alaere, mairako, «bere beltzean ere lotsarik ez» duena.

 

 

URTEZ ZAARTUTAKO OIÑAK, EZ DARABILZKIAT ARIÑAK. (10)

 

        Esaldiaren mamian, zaartzaroa dago ikuspegi. Urteen eragiñaz, urteen pixuaz; erasan noski. Bizkarra kakotu, ezur-giltzak lotu, orpoak narrastu...

        Usteak, luze bezain zabal; baiña «urtez zaartutako oiñak», ez dire urrutiratuko; «ez darablzkiat ariñak».

 

ZUK ERE BA'DITUZU UTSEGIÑAK, BIZI-LAGUNEN BERDIÑAK. (2)

 

        Esaeraren arabera, bakoitzon gordekako utsegiteak, ontzi batera datoz. «Zuk ere ba'dituzu utsegiñak», ekintza okerrak, aldarte gaiztoak, gaizki-esate makurrak...

Zuk, eta, nik ere bai; «bizi-lagunen berdiñak».

 

 

 

© Martin Ugarte

 


"Jatorriaren errotik" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus