SASOI-MUGA, TA GIRO

 

        Ikusiko dezunez, urte-barruko sasoi mugatu, ta eguraldiarekiko aitakizunik duten esaerak, sail ontara bildurik dauzkatzu.

        Esaera auetan garbi dago, gure arbasoen bizi-bidea, geienbat nekezaritza alorrean itxatsirik zeukatela. Ain xuxen, lugintza ezik, artzantza ere bai. Agian, lanbide bakarrari elduak; agian, biek naasian erro bietariko bizi-moldera loturik.

        Nola-nai ere, egunoro atzaparretan erabilli zutenaren ikuspegi zorrotzaz gainera, ba'zuten aparteko sena ta aldartea. Besteak-beste; ereitaro, urte-sasoi, otz-beroen gora-beerakoak, eta osterongo bizitzaren kako-makoak zeatz ausnarturik, esaera txotil auek landu aal izateko.

 

 

APIRILLA, BIRIBILLA, AIZKORA ZORROZTURIK BASA-MUTILLA. (3)

 

        Esaldi onek, basa-mutillen, ikazkiñen, urte-muga izendatzen digu. Ekitaldiaren asiera soilla beintzat. Apiril biribillean, «aizkora zorrozturik basa-mutilla». Ala bear ere, udaldiari aurpegi emateko. Santu Guziek arteraiño, izango du besa-zaiñak nun nekatu; aizkora nun amostu.

 

APIRILLA BUSTIA, ESKU BIEKIN OGIA. (1)

 

        Emen, eguraldia degu esaeraren mami. «Apirilla bustia». Sasoi ontako euritea, bustitea, gariari mesedegarri zaio; lastoa buru-zorroan duen ezkero, buru ta ale tringoa ar dezan. Aldi berean, uzta bildu aurretiko arriskuak kontuan artzeke; ale beteak, ale mardulak, ugaritasuna lekarke; ta ugaritasunak noski, «esku biekin ogia» jan aal izatea ere. leporaiño ogiz asetzea.

 

APIRILLAREN AZKENEAN, ORRIA AIZGAIÑEAN. (3)

 

        Esaera, barneko sentimen muiñetikoa degu noski. Ain xuxen, negu luzeak gogait eragin dion artzain da nekazarien neurketa juxtua dirudi. «Apirillaren azkenean», udaberria otzago edo epelago, busti-legorrak gora-beera; larre-saillak errotuaz, zugaitz adartzak kimu-begiak lertuaz-lertuaz; bee-arrotik gorantza, egun jakiñerako, egun mugaturako, «orna aizgaiñean».

 

ARBILOREKO, AAL BA'DA GEROKO. (3)

 

        Esaera onen adierazbide, gaitzesmena da. «Arbiloreko», arbi garatuek lore-bete oi diren sasoia da. Pazkoaldia ain xuxen. Jainkoarekiko ar-emanak zuzentzeko garai jakiña.

        Gure aitonen aitonak, lotsatiak, bildurtiak, ala, osoko narrats eta biurriak ote ziren-ba; kontu-garbiketa «aal ba'da geroko» utzi nai izateko?

 

AZARO'KO EGUNA, ARGITZERAKO ILLUNA. (1)

 

        Esaeraren muiña, egun-argiaren murriztasunean dago. «Azaro'ko eguna». Gari, garagar, olo, zikirio, ta baba ereite sasoia izaki. Lana, eskuak betean, eta, «argitzerako illuna». ongi ezagutuaz gero, ondu zuten noski esaldia. Azaroaz beste, ba'dire egun jakin batzuek aitamen bera dutenak.

 

AZAROA BERO, NEGUA GERO. (1)

AZAROA OTZ, NEGUA MOTZ. (1)

 

        Esaldi bi auek, Azaroa, aurpegi ezberdiñaz delarik, neguaren gordintasuna aurreratzen digute. Adibidez, Azaro beroegiak, ondoren gogorkeria dakar noski; «negua gero».

        Ostera, «azaroa otz» izatearekin, neguari zatia kentzen

zaio noski, ta orrela, «negua motz» izan daiteke.

 

BASA-PORRUA LORETZERA, ARTANTZUAK LARRATZERA. (10)

 

        Neguaz gogait egiñaren ondorioa adierazten digu esaerak. «Basa-porrua loretzera». Au, gure basoetan udaberri begian aurrena orri-berritzen den belar mota degu; ta onen loretzea, negu bukareako seiñale zeatza.

        Negu beltzean artzaiñaren gogaikarri, artegian lizar-orri legortua, ta gaztaiña janaz egon diren «artantzuak larratzera», ardi antzuak bederen, larrera bota daitezken aukerako sasoia.

 

AUNDI BA'NINTZAN, TXIKI BA'NINTZAN; MAIATZEAN BURU NINTZAN. (1)

 

        Esaera au, gari-landareak esandakotzaz artu oi da. Naiz errotsu etorri, «aundi ba'nintzan»; naiz lurmugatik gutxi igo. «txiki ba'nintzan»; gariak bere sasoiean burua zorrotik aterako du; ta, sasoi onen zor-muga, Maiatza noski; «Maiatzean buru nintzan».

 

EGO-AIZEA, ZORO AIZEA. (1)

 

        Esaldi onek arintasuna adierazten digu. «Ego-aizea», aize ariña, epela, zoroa. Eta zoroegi bizitzea, arinkeriari lotua bizitzea; epel, txaldan, aizetsua izatea, auxe baiño ez da; «zoro aizea».

 

EGUZKI TA EURI, MARTXO EGURALDI. (1)

 

        Eguraldiaren aldakortasuna aurreratzen digu esaldiak. Egutaro aldakorra, zoroa; «eguzki ta euri». Ain xuxen, «Martxo eguraldi»; il onek duen ala-olako aurpegi aldakorra.

 

ELORRIA LOREZ TXURI, TA, OSTO AIÑA TXORI.

 

        Esaeraren muiña, udaberria da noski. «Elorria lorez txuri». egutaroa epeltzeak dakarkianez; aldi berean orri-berriztera ezik, txorien ara-onakoa, ugaritze ta arrakasta ere, bat- batera datoz. Egarazka, belardian, sasian, elorrian. «Osto aiña txori».

 

ELUR, MELUR, EZ NAIK IRE BILDUR; ETXEAN BA'DIAT, ARTOA TA EGUR.(1)

 

        Elurtearen pixua arintzea litzake esaeraren muiña. Alaere, kezkabide larriak eskutik dakarzkin elurtea, patxadaz artu daiteke esaldiaren arabera.

        Elurra-elur, baiña gaitz-erdi, «ez naik ire bildur», esan aal izateko, «arto ta egur» aurrez etxeraturik eukitzea.

 

ELURRA, ZURIA DALARIK BELTZA DA. (3)

 

        Elurrak dakarkigun ondamena aurreratzen digu esaldi onek. «Elurra zuna dalarik» elurtea luzatzean istillu gorriak oi dire. Otza, ta bustiaz beste, ateak ere itxi egiten dizkigu; oiñak, lotu; ta gose-beldur eta kezkak, aurreratu.

Beraz guzi au, eramankizun «beltza da».

 

ENADAK TXIUZ, UDARA BILLUTS. (2)

 

        Udaldiaren agortzea dago, esaeraren muiñean. Udabetean, Zerupe oskarbian jiri-bira biurrean aizea urratuaz ibilliriko «enadak txiuz» moltsokatzen direnerako, eguzkia mendi-gangorraz berdiñean dijoa. Aldi berean beroa galtzen, argi-tartea mozten... Ordundik, uda-jazkera galduaz-galduaz, larru-gorrian murrizteraiño. «Udara billuts».

 

GALAPARI ILLUNTZEAN, ZEZIÑA BURDUNTZIAN, ETA, AIA GELATZEAN.(1)

 

        Esaerak, jai-giroa mamitzen digu. Nekazarien lan-aroa, gari-ereiteaz mozten da noski, ta, ekitaldi luze ta neketsuari atsedena zor. Beraz atseden tarte onen ospakizun; «galapari». Ongi irabazitako atseden tartea, ta bide batez urtez-urte oiturazko aparia txilborraren betegarri. Ez nola-naiko otordua noski; «zeziña burduntzian, eta, aia gelatzean».

 

GARIA, AZAROAN LURRERATU, APIRILLEZ JORRATU; ETA, UZTAILLEZ KUTXARATU. (1)

 

        Esaeraren mamian, ekitaroen mugatzea ezik, ereiña jasotzearen luzapena ere ba'dago. Ereitaro, jorraketa, ta uzta-biltze; aroen arabera eginkizun mugatuak noski, ta aldi berean, ametsaren uztarpeko zazpi illargi luzeen itxarobide; «uztaillez kutxaratu» aal izateko.

 

GOIZEKO LAIÑOA ERROTARI, ARRATSEKO GORRIA PELOTARI. (1)

 

        Esaerak bere bitxian ere, ba'dauka mamia. «Goizeko laiñoa», erlaiñoa, bee-laiñoa, lurrak bere ezkotasunez opiltzen duen lurrin meaxka; errotak bere ekiñean altxatzen duen irin-lauso itxaskorraz berdintzen du, «errotari» ordekatuaz. «Arratseko gorria» ostera; arin, aizetsu, txaltari, jostari ematen digu «pelotari» ermoaren gisa.

 

GOIZEKO OSKORRI, ARRATSERAKO ITURRI. (1)

 

        Esaldiak, leenaren senide dirudi. «Goizeko oskorri». Alegia, goiz gorriak, gaberako euria dakarren adierazmena dauka noski. Gaur egun ere, ba'da sinisterik, batik-bat, lur-arloan eta artzantzan dabiltzenen artean.

 

ILBELTZA, IL ZURIA, URTE ZAARRAK ITZULIA. (3)

 

        Esaeraren aitamenak, ba'dirudi urte zaar eta berrian etenak, ez duela garrantzi geigirik. «Ilbeltza, il zuna». Emen elurra degu ikuspegi, ta agian, «urte zaarrak itzulia».

        Beraz, igarotako urteak ez dauka berriarekin loturarik noski; sasoiaren mugarriek dute garrantzia.

 

ILBELTZEAN AIZE GORRI, TA GOIZERO ELUR BERRI. (3)

 

        Esaeraren adierazgarri, neguaren gogortasuna dago. Esaldiaren arabera, neguak duen illik astunena noski. Il beltza, il gogorra; aize gorri minkorra dela. «Ilbeltzean aize gorri». Eguna motz eta illun, gaua luze ta beltz. Mendi gaiñak gain-zurdez, orduoro kaskabar eta elur-maluta zipotzak; «goizero elur berri».

 

ILBELTZEKO OTZAK, LEIZERA DARAMATZ ARTZAK. (10)

 

        Esaerak, otzarekiko beldurra adierazten du. «Ilbeltzeko otzak», izotz, elur, gain-zurde; basa-pizti gogorrenak ere giro gordiñaren igesi, babesaren billa doaz; «leizera daramatz artzak».

 

IZOTZ GAIÑEKO LAIÑOA, EDURRAREN KEIÑUA. (1)

 

        Esaeraren, eguraldiaren oso-osoko aldaera adierazten digu. Adibidez, izotzaren ondorengo laio-opilla, elurrari bidea zabaltzera datorrena da noski; «edurraren keiñua». Au ez da doi-doian jaurtiriko aokada soilla, urtean zamapean gertatuaren adierazkizuna baiño.

 

KANDELARIO, ELURRA DARIO; SAN BLAS'EK ERE LAGUNDUKO DIO (1)

 

        Esaldiaren adierazmen, neguaren azken ostikokak dire. «Kadelario» ezik, «San Blas», ere Martxo sarrerako egunak izanik, ba'dirudi, sarri-sarritan neguak azken zipriztiñak elurretan utzi izan oi dituan egun ezagunak direla.

 

KANDELARIO OTZ, NEGUAREN BIOTZ. (1)

KANDELARIO BERO, NEGUA PAZKOZ GERO. (1)

 

        Esaldi biek, leenarekin loturik daude. «Kandelario otz» onek, negua dakarki begi aurrera, «neguaren biotz». «Kadelario bero»k ostera, ondoren etorriko dena egiztatzen digu.

        Ditekeana da, esaldi auek bat-bakarretik datozenak izatea, ta errialde batzuetan da besteetan, itzetan aldatzea.

 

MAIATZEKO SAGAR-LOREA, UTSA BAIÑA OBEA. (1)

 

        Esaera onek, bizi-pozak duen itxarobidea egiztatzen digu. «Maiatzeko sagar-lorea»k utzi lezakean uzta, etekiña.

        Adibidez, udaberri zoroak lorea aurreratu lezake, baiña galtzeko arriskua ere zinzilik leukake. Ostera Maitzekoa, naikoa atzeraturik datorrenagaitik, goiz-loreak uts eman arriskua duenez, beranduko gutxia eskurago legoke; agian, «utsa baiña obea».

 

MARTXOAREN ERDIN, EGUNA TA GAUA BERDIN. (1)

 

        Esaerak ain xuxen, egunak gaba zapaltzea dauka adierazmen. Neguaren pixuak, eta onen betarte illunak gogait eragiñik noski, «Martxoaren erdin», illuna argiak zapaltzen dueneko poza, ta ondorengo garaipen ospakizun dirudi; «eguna ta

gaua berdin».

 

NATIBITATE, ASE TA BETE. (1)

 

        Esaldiak adierazten digunez, gure aurretikoek etzuten geiegizko ase-beterik sarrixko egingo noski. Egun jakiñak, egun bakarrak; agian bat izateko, Jainko-semearen jaiotza eguna zeukaten arturik, «ase ta bete» aal izateko.

 

OTSAILTXO LABURREAN, KATUAK GAU-LAPURREAN. (11)

 

        Esaerak, sasoi mugatu bat azaltzen digu. «Otsailtxo laburrean». Nolabait ere, katuek berentzat aukeraturiko illa dutenez, gaberoko marru ta karraxien melodiaz pesta-giro oi dute. Martxo-Apiril tartea txoriek zozo-mikote gisara, katuek ere umetze-garaia izaki; ta jakiña, elkarrekiko ar-eman sentikorrak gau illunean dituztenez, auzo-inguruko sapae-zirkillak oi dituzte gorde-leku, «gau-lapurrean» dirauteneraiño.

 

OTSAILLA, EMAKUMEEK GUTXIEN ITZ EGITEN DUTEN ILLA. (2)

 

        Esaera naikoa bitxi delarik ere, illabetearen txikertasuna adierazten digu. Ore ondarretan bilduriko opilla ote, zoribeltzeko Otsailtxo au?

        Dena-dela, onen medartasuna nolabait ere neurtua dago, ta, ain xuxen, emakumeen kalterako... «Gutxien itz egin» bearraren ondamendia.

 

OTSAILTXO MINDUAN, ALDIZ EGUZKITAN, ALDIZ SUTONDOAN. (3)

 

        Esaera onek, illabete barneko eguras-giroaren aldakuntzak azaltzen digu. Adibidez, oskarbirik izatera beiñepein, epelaren antsiaz «aldiz eguzkitan». Osterongoan, bear ba'da ozmindurik, babesaren billa; «aldiz sutondoan».

 

SAN BIZENTE OTZA, NEGUAREN BIOTZA. (1)

 

        Esaldia degonetan ere, geiagoko argibiderik gabe aski zaigu, neguaren gordintasuna bereizteko. Beraz, «San Bizente otza, neguaren biotza» degu.

 

SAN JOAN GOIZEKO INTZAK, KENTZEN DITU GAITZAK. (1)

 

        «San Joan goizeko intza», gogorazten digu esaldiak. Siniskeri bitxia ote degu? Nere iritzi xinplean, ez noski. Egunaren betetasuna, edertasuna; egunaren lillura osoa adierazi nai duala deritzat. Kuntuan artu dezagun, egun etorrera bitxiak, nagikeri narratsaren «gaitzak» gaillendu dezazkean sendabide baikorra dakarrela.

 

SAN PEDROZ KUKU, SAN MARTZIALEZ MUTU. (1)

 

        Esaeraren muiña, kukuaren joera mugatua zeaztean dago. Ezin juxtuago neurtu, «San Pedroz kuku», ta biaramonean «mutu» izendatzearekin baiña.

 

SANTA KATALIN GARBIA, GAZTAIN-URTE AUNDIA. (1)

 

        Esaera ontan garbi dago, gure aurrekoek oskarbiari artu oi zioten garrantzia. Gutxiago etzioten artuko noski, «gaztain-urte aundia»ri. Sasoi aietan, juxtu-juxtuko biziera neurtuan, urte-aro luze baterako jakia etxeratzeak kezkarik emango zieten-eta.

 

SANTA LUZIA; EGUNA MOTZA, TA GAUA LUZEA. (1)

 

        Esaera zeatza noski. Zenbat eguraldi laiñotsuetan, eguna oso zabaltzerako, illuntzen asten dela dirudi. Nola-nai ere, onetxengaitik dator noski, «eguna motza, ta gaua luzea»z izendatzea.

 

SANTU GUZTIETAN, ELURRA GOIETAN; ETA, EGURRA ATEETAN. (1)

 

        Esaeraren mamia, negu-aurrearen aurpegia da noski. «Santu Guzietan, edurra goietan». Ba'dirudi neguaren albistea baiño ez dela; ondoren urbil datorren zaputzaldiaren ataria noski.

        Jakiña, ba'da, ez ba'da; «egurra ateetan» pillaturik izatea, agian, aal egiñaren eskuan legoke.

 

SANTO TOMAS'KO PERIA, TXORIXUA TA OGIA. (2)

 

        Iñolaz ere, txerrikiak jateko sasoi egokiari loturik dago esaera.

«Txorixua ta ogia» jatea bakarraren sona ote daukate, peri-toki aipatu auek? Ez noski; baiña onen agerpen zeatza ematea, utzi dezaiegun dagokieneri; batik-bat, donostiarreri...

 

URTE-BERRI, EROAK IGARRI. (1)

 

        Esaera, illuna ta argiaren eten-mugari loturik dago. Ain xuxen, eguzkiaren zabuaz, egun-argiaren luzatzeaz; batzuen da besteen sena ezberdiñez mugarritzen digute. Egun bakarrak gora-beera, Santa-Lutzi eguberri tartea noski. Esaldiaren arabera ostera, bederatziurrenera, edonor gera igertzai11e, edozein profeta; «Urte-berri, eroak igarri».

 

URTE-ZAARRA BUKATZEAN, SAGU-ZAARRA BURDUNTZIAN. (2)

        Esaldi bitxi onek, esku-arte murritzaren aitzakia, «urte-zaarra»ri bizkarreratzen dio. Urte luzeko ar-emanen obaria, uts, edo utsaren urrengo, berdinduaz noski. «Sagu-zaarra burduntzian», soil-soilki berdintzearekin, guzia esana dago.

 

URRIA'REN AZKENEAN, GAZTAIÑA ETXEAN. (1)

 

        Esaera onek, negu ziputzaren albistea aurreratzen digu. Neguaren urbiltzea, negu-lena zinzilik dagoen tarteguna; «Urria'ren azkenean».

        Bide batez, neguaren bildurrak eragiñik noski, aldi baterako elikagarria, zer jana, etxeratzea ere bai. «Gaztaiña etxean».

 

 

 

© Martin Ugarte

 


"Jatorriaren errotik" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus