IRRIZ ETA MIRRIZ

 

        Bear ba'da ez dakarzkit sail ontara bildu daitezken aiña esaera bitxi. Alaere, ezingo degu esan, gure aurrekoek umorezko bizikeraz kanpo bizi izango zirenik, edo-ta, bizitzaren kinka erabateko illuna eramango zutenik ere. Ain xuxen, esaera aueri nabari zaietenez beintzat, eguneroko bizi-giroak zemaikioen adarrak, ongi baiña ongiago mirestuak zituztenez, aukerara zetozkioen gai ezberdiñak orraztu ta ausnarturik, denetariko esaera bitxiak tolestatu zituzten noski.

 

AKERRAK BARATZAN, AUZOKOAK DANTZAN. (2)

 

        Esaeraren mamia, etxeko gaitzaz auzoa poztea litzake. Adibidez, baratza ongi zaintzeko, ongarri ta aitzurraz beste, lan egiteko gogoa ta eskua aski zaigu; osterongo betegarriak geienetan kalterako noski. Eta, batik-bat, «akerrak baratzan» izatera, bertan diren eze-igarrak ba'doaz pikutara...

        Ontandik dator iñoren galerak, kalteak, eta gaitzak; «auzokoak dantzan» pozez ipintzea.

 

ARRANTZA GURE ASTOAK, ERANTZUN AUZOKOAK. (8)

 

        Bi ikuspegi ditu esaerak; berekoitasuna, edo-ta, etxeko ta auzoko astoenkiko adiskidetasuna. Beraz ontara ausnar daitezke: Aurrena, etxekoak, «arrantza gure astoak»; orobat, gutxiago ez dela adieraziaz, «erantzun auzokoak». Berekoikeri bitxia noski. Baiña daitekeana da, asto batek besteari erantzutean; elkar-maitasuna, adiskidetasuna, adierazi nai liokena ere. Astoak, asto direnez, elkar-loturak astotzako iraunarazi naia alegia.

 

ASTO ZAARRAK INDARRA URRI, INDARRA URRI, TA PUTZA SARRI. (8)

 

        Esaeraren mamian, zaartzaroa dago ikuspegi. Ain xuxen, agure urtetsuak, amona txurtuak, uztar-idi urratuak, «asto zaarrak, indarria urri».

        Bear ba'da, egituraz, idurimenez, mingaiñaz; uste zabaleko iraun arren; ustea ustel, aize uts; eta jakiña, aizez betetzean, «putza sarri».

 

AZER PAREA, KARAKOLA TA BAREA. (4)

 

        Esaera bitxia da, baiña bere bitxian ere, ba'du esanairik. Moteltasuna, bizitasunik eza...

        «Azer parea»; bikote au uztartzen digu noski. «karakola ta barea»; bat bezain motela bestea; biek motel, biek bare. Adibidez, narrastari bi auenkiko irudimena, ala-olako giza-maillaren bizkarrera ere itzuli daiteke noski.

 

BATEKOZ-BESTE, KUKUA EURI ESKE. (1)

 

        Onek ere ba'dauka leengoak ainbat bitxitasun. Alaere, gure nekazarien artean ba'da, olako siñiskeri edo nundibaitiko erroren bat. Iñoiz, kukua bere oizko lelo-doiñua toteldurik kantuz diarduenean, «kukua euri eske» dagoela uste oi dute beintzat.

 

TXEPELAREN LANDA, EZ UR, ETA EZ SALDA. (1)

 

        Esaeraren muiña, epeikeriaren zorroan dago oso-osorik. Adibidez, «txepelaren landa», epelaren burubidea, gatzik gabeen ondorioa; ez otz, eta ez bero; «ez ur, eta ez salda».

 

ETXEKOANDREA AURPEGI BELTZEAN, LABESUA TA LEXIBA ETXEAN. (2)

 

        Gure basarrietako «etxekoandrea» degu esaeraren ausnarkizun. Izaeraz emakume patxadakor eta aseroa noski. Alaere, buruz gaindiko bearkizunak, besteak-beste; «labesua ta lexiba etxean» dituela egunaren buruan, bere onetik txirristatzea datorkio noski, ta jakiña; lanak asarrerazi, ta «aurpegi beltzean» eguna urratu bear.

 

GATZEAN, GATZEAN, ZEZIÑA ELTZEAN. (2)

 

        Esaera onek ostera, gatz geixkoren agermena dauka. Den-denetan, norbait gizatxarturik nabaritzen degunean; erreta, pipertuta, gaztua dabil, esan oi degu. Agian, auxe bera ordekatzen degu, «gatzean, gatzean» esatearekin.

        Baiña, nor da, zer da, gaztua dagoen ori? Esaldiaren arabera, «zeziña eltzean» ezpairik gabe noski.

 

GELATZAK PERTZARI: KEN ADI, IPURBELTZ ORI. (1)

 

        Esaeraren mamia, berari zaion azal gogaikarria, iñori botzatzea da. Adibidez, «gelatzak pertzari», bere azala loditu dion kedarra beltzaren estalkizun noski; «ken adi, ipurbeltz ori».

 

JUDAS'EN MANDIOAN, TRATALARIAK PILLOAN. (3)

 

        Esaera onen agermen, tratalarien sakel-ondoa da noski. Ain xuxen, tratalarien jokua ezaguna oi da; eskuz aldatzen duten buru bakoitzari, erosterakoan da saltzerakoan, bietan etekiña kenduaz, sakela nola-ala betetzea. Gero, «Judas'en mandioan» uzta ugaria noski, ta, «tratalariak pilloan» uzta biltzaille direla.

 

LAU ARROSAK LAU BEGI, KATU ZAARRAK BOST BEGI. (2)

 

        Esaeraren muiña, urtez-urteko ezagueran dago. Arrosa kukullu bakoitzak bere begia duenez, «lau arrosak lau begi» izatea oizko gauza degu.

        Ostera, «katu zaarrak bost begi» ba'ditu, urtez-urte jaso duen ezaguerak, bost begiren parekotasunak, oso urrutira, naiz ezkutura; ikusi aal izateko aparteko trebetasuna ematen noski.

 

LAU ARDIK LAU BURU, TA LAUNA ANKA-URKUILLU. (3)

 

        Esaerak leenaren azal bera du. Ardiak, buruz izendatu oi dituzte artzainak beiñepein. Ainbat ardi adierazteko, ainbat buru esanaz ulertzen dire. Beraz, «lau ardik, lau buru». Baiña buruak buru, esaldiaren adierazmena anketan dago; «launa anka-urkullu», launa txorkatil, launa anka-makilla dituztelarik; oiñezko arin, ibiltari perkatx ezik, luzaroko iraupenean ere, ardia ongi ezagutu ta bereizturik dago.

 

MAILLA-MAILLAKA IGOAZ, SANTU IZATERA ZOAZ. (2)

 

        Irri-mirriz artu bearreko esaldiak zaigu noski. «Mailla-maillaka igoaz», batek igo dezake goi-goiko maillaraiño, baiña giza-begien aurrerako soilki. Ostera, «santu izatera zoaz», au bereiztea besterik da. Au neurtu lezaken neurkirik, ez darabil gure aalmenak.

 

MARI-JOXEPA TRONPETA, DANTZA GAITEZEN TARTEKA. (2)

 

        Esaldi bitxi onen mamia, giza-giroari loturik dago. Gizonen baitan giroaren arabera denetariko aldarteak sortu oi dire noski. Illunaldian, negar-iturri; aize aldian, dantza gura; ta, burutamen bakoitzari bere kurpilla dagokionez, arrazoiari toki eman bear.

        Beraz ontara, baikor deritzat, eta jolasbide ere bai, «MariJoxepa tronpeta, dantza gaitezen tarteka».

 

MUNDU ZORO AU BA'DARO, ZAARTZERAGO TA ZOROAGO. (2)

 

        Esaeraren mamia, adiñaren barrutian etsimenik eza da. «Mundu zoro au ba'daro» noski, ta sasoiaren zorroan doaneraiño ez dabil oker; baiña, «zaartzerago ta zoroago» doanak ordea, zerbait kili-kolo darama, zaartzaroa batekoz-beste, giro zoroan oretu nai izateko.

 

NAGIAN NAGIA, ARRASKAN ZARAGIA. (1)

 

        Esaera onek, zokoratuen egoera agerrerazten digu. «Nagian nagia». Adibidez, utzian-utzi, aaztuan-aaztu egiten da; zokora bota den zakarra, bere artan usteldu.

        Era berean, «arraskan zaragia» ere. Iñork astiñaldirik eman ezean, ardo apar lodia pike epai itxaaskorrean ezko; utzi zaneko egitura berean nagian iraungo du. Agian, ozpindurik...

 

NERE BEGIZ IKUSIA, KATUAREN ONDOREN ODOLKIA. (1)

 

        Esaldi bitxi onek, daraman bideari makur egitea adierazten du.

        Mandoa, mandazaiñaren ondoren; erbia, eiz-txakurraren orpoz-orpo; iñork, iñoiz ikusi ote? Alaere, esaldiak auxe egiztatzen digu. «Nere begiz ikusia, katuaren ondoren odolkia». Agian, daitekeana noski, katu ganora gabeari saguak ondoren jarraitzea, edo-ta, nexka ezkon-minduak, mutil lotsatiari aurren artzea.

 

NIK BA'NETIZKIK TALO BI, TA IK, ZARTAGIKOA; BURUTUKO GENUKEK ORTIK-ONAKOA. (3)

 

        Esaera ba'neukako idurimenari loturik dago. Idurimen bitxien aparretan noski. «Nik ba'netizkik talo bi, ta ik, zartagikoa». Etzen kutizi geiegiren eskale, baiña alaere, esku-utsean tripa-zorriak iltzeko, asmabide antzua noski. Zerupetik opillak barra-barra jalgiko ba'lira, orduan bai; «burutuko genukek ortik-onakoa».

 

NIK LOXINTXA KATUARI, KATUAK BERE BUZTANARI. (2)

 

        Esaeraren muiñean, iñoren loxintxaz puzturik, nork bere burua txurikatzea dago. Beti ere, mingain biguna giligarri zaigularik, geuretzat panpox lireken txurikeriak, aizaatu, puztu egiten noski. «Nik loxintxa katuari». Adibidez, kontura nadin katua naizela, ta gaindiko txurikatzailleen aizez puzturik, neroni naizela neure baitarako ziria txorroxtu detana. «Katuak bere buztanari».

 

NOIZ-BEINGO PERLA, ASKORENTZAT AITZAKIA. (2)

 

        Esaeraren adierazmenean, aitzaki-bidea nabarmentzen zaigu. Izan ere, «noiz-beingo» perira doana, beti ez da sal-erosle izan oi. Noirbaitzuek bai, eginkizun bearrekin; bai-ta, zer entzungo, norekin solastuko, ikusmira soillaz ere. Beraz, eginkizun larrirk gabeko «askorentzat aitzakia».

 

NORK, NORI? ZOZOAK BELEARI. (1)

 

        Esaldiaren mamia, nork bere akatsak kideari botatzea da. «Nork, nori? Zozoak beleari». Emen gauza nabaria dago, egazti biren akatsak berdiñak izatea, biek beltzak, biek zorigaitzeko izatea. Beraz, geure saskian degun kedarraz, kideari aurpegia beztu aurretik, ixpilluaren aurrean jarri bearra daukagu noski.

 

NUN NOR TOPATUKO, ZENBAT BETI EZKONTZEKO. (1)

 

        Asegaitzaren jokaera antzua da, esaeraren mamia. «Nun nor topatuko», begi-luzea, ta aldi berean gosea. Adibidez, batek zankoak darabizkian aiñean, anka bietatik erren egin dezake; nai-erako uztar-kiderik begi-niniratzen ez zaiolako, edo-ta, ondasun kutxaren erraiñura, sudurra luzatzeagaitik. Dena-dela, «zenbat beti ezkontzeko».

 

OILLO BELTZAK, ARRAULTZA ZURIA, GEZURRAK, TARTEAN EGIA. (1)

 

        Esaera, bere bitxian ere, itxuraz besterako jokaeran mamitzen da. «Oillo beltzak, arraultza zuria». Gizon txikia, jale uts; ogi arroegiak, mamian sabelguna...

        Jakiña, gauz batek bestea estali arren, «gezurrak, tartean egia».

 

OILLO GOSEA KANTARI, NESKA GAZTEA DANTZARI. (1)

 

        Esaerak, bi egitura jakiñak azaltzen digu. Iñolaz ere, txilborra utsik daramanak, erregu luzeak oi ditu; ta errota utsik darabillen «oillo gosea kantari». Era berean, zankoak arin dituena dantza gose, ta milla txoriez amets den «neska gaztea dantzari».

 

ONGI AZIA DAN ALABA BAKARRAK, ARTO-BERO USAIA ZERAMAK. (2)

 

        Esaeraren mamia, aundikeriaren arrazoibide da. «Ongi azia dan alaba bakarrak», zer nai, zer asma dabillena, zentzua galdurik dabil, eta aizez betea. Bera, etxeko panpin; bera, andre ta erregin. Jakiña, ingurugunean ezik, urrutira ere arro-usaia zabaltzeraiño. Onenbestez bereiztu daiteke, ta, esan ere; «arto-bero usaia zeramak».

 

ZENBAT ATE, AINBAT MARATILLA, MUTILLAREN ONDOREN NESKATILLA. (1)

 

        Esaldiaren arabera, aitzakiaren indarra, edonor lotzera dator.

Atea jarri dion ber-berak, maratilla ere jarriko dio. Geiago oraindik; «zenbat ate, ainbat maratilla», jarri daikio. Alabearrez. «mutillaren ondoren neskatilla». Mutil ezkon-gaia, motela, otza, izotz-kozkor utsa ba'da; neskari aitzakia ongi letorkioke, maratilla jartzeko.

 

ZENBAT AUZOTAN, ODOLKIAK ORDEKOTAN. (1)

 

        Ordekotzaren eragin nabaria dago esaera ontan. «Zenbat auzotan», zenbat etxetan, zenbaten auzia, ona onaren truk, gaitzari gaitzez erantzun; «odolkiak ordekotan». Oitura soillaren erabilbideari eutsi, on-bide oiartzunari jaramonik egieke.

 

ZENBATEN ESKER GUZIAK, GABONETAN GERIZEAK. (1)

 

        Esaeraren muiñean, jokaera egos-gogorra nabari da. Agian, «zenbaten esker guziak», azaleko esker-agiria dute; itzetan zuri, ta, biotzez egosgaitz; abian eskertu bearrekoa, geroaren sabelerako utzi; «gabonetan gerizeak» ematekotan

noski.

 

ZORRAK ZOR, LEPA-ONDOA LODI, BA'DA EZPADA, MOKARU GOXOAK SARRI. (3)

 

        Esaeraren mamia, ardurarik ezaren jokabide narratsa da. «Zorrak zor», ardurarik ez, eta, kezkarik gutxiago; ta etorkizuna nasai arturik, «lepa-ondoa lodi».

Alabeiñik, esku-arterik duenaraiño, «ba'da ezpada, mokaru goxoak sarri».

 

 

 

© Martin Ugarte

 


"Jatorriaren errotik" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus