KONTRA-ERASOZ

 

        Sail ontara bildu ditudan esaera guzi auek, ezaupidearen erro zabaletan opildurik daude. Eguneroko bearrari lotuak, egunoroko bizitzaren adarrak dituzte aitagarri, zori on, da gaitzaren zaiñak adierazmen; aundi-maundikeri ondorio itokiñak agerbide...

        Itz gutxitan esatera; esaldiaren masailla bat bestearekin, batekoz-beste datozenez, makurkeriaren etenbide, arrazoi zeatzak dituzte idurikizun da ausnargai. Beraz, esanaiari etekiña kentzea gure eskuan degu.

 

 

AITA BILTZAILLEARI, SEMEA ZABALDARI. (1)

 

        Esaldi ontan nabarmen dago belaunaldien inki-makoa, adi eziña, ezeztapena, batekoz-besterako griña izkutua. «Aita biltzailleari, semea zabaldari», jarraian etortzea.

        Adibidez, aitak bildu, semeak erein; batek altxa, besteak eretxi... Leen, orain, da geroak ere izan lezakean makurkeria noski.

 

ALABA BAKAR-AZIA, ETXERAKO GERRA BIZIA. (2)

 

        Onen muiña, «bakar-azia»ren saskira doa. Alaba bakarra, senitarteko oztoporik gabe nai erara azia, ta bere gisara ezia oi da; zer asma, ta asmatua eskuratu...

        Jakiña, bide ontatik dator eskaerak luze, ta etxeko iturriaz ase eziña; «etxerako gerra bizia».

 

AMA ITZONTZI, ALABA PUTZONTZI. (1)

 

        Esaerak, amaren griña nabarmentzen digu. «Ama itzontzi» izatean, osterongo jirak ere naikoa ariñak izan daitezke.

        Bitartean alaba, amaren gaindik aginpidetza artzen, eta aginpidetza berak eman leikioke «putzontzi» izateko aiña aize.

 

ATEAN USO, ETXEAN OTSO. (1) KALEAN USO, ETXEAN OTSO. (1)

 

        Esaldia bat delarik bi eratara jaso aal izan det, eta mamia azal da barneko ezberdintasunean dago. «Atean, kalean uso», apal, aingerutxo; ta ostera, etxekoekiko ar-emanetan, «etxean otso», egosgogor...

        Azaleko apainduri soilla degularik ere, onek poztu egiten gaitu, aizaatu, naiz-eta barnean, ezkutuan, bakoitzok geure izakera, bakoitzok aldarte on eta gaiztoaren maratilla jirakorra ba'degula jakin dakigun arren.

 

ASTO JOAN, ETA MANDO ETORRI, AMETSA EZ DA BETI EGI. (2)

 

        Esaeraren muiña, gure begien neurtzean dago. Gizon, naiz emakume, zentzunge jotzen degunari, erren egin oi duen neurrirako gaitz-izena ezartzen mutillak gera. Adibidez, tuntun, kaiku, asto; nolabait esateko, auzora, erbestera, noraara errenka joanari eman oi diogu neurri au: «Asto joan».

        Baiña itzulera ere neurtzen digu esaldiak; «mando etorri», errena geitu, gizondu bearrean, mando biurtu. Orregaitik, etenaren ondoreak aditzera ematen digu; «ametsa ez da beti egi».

 

BATEAN ERORI, BESTEAN JEIKI, BITARTEAN EZ DABIL GAIZKI. (2)

 

        Onek, gizonon gora-beerakoak ditu adierazgai. «Batean erori, bestean jeiki». Gaillendu, eta amildu; aldi guzietako leloa...

        Alaere, erabat lur jo ezean, tartekako gora-beerak dirauteneraiño, «ez dabil gaizki».

 

BURGIÑAREN ETXEAN, ZOTZA BURDUNTZI. (1)

 

        Esaldi bitxi onen mamia, itz-emaneko izatearen bizkarrean dago. Auzokoen esanera lotzen den edonorri gertatzen zaiona degu ikuspegi. Etxerako egin duen «burduntzi»a, auzoko suaren zirikalari, ta etxean nolabait orduzkatu bearrez, «zotza burduntzi».

 

TXURRUT BAT, TXURRUT BI, KONTURATZEKE ZILIPURDI. (2)

 

        Edariaren eragiña garbiro dago esaldian. Pixka-pixkana ao-goxotan, «txurrut bat, txurrut bi», bere baitan txorabio...

        Baiña oskarbiak odeiguna, eguterak ospela; abian erdialai, erdi tun-tun: logale, lozorro; «konturatzeke zilipurdi».

 

EMAKUME BAKARTIA, ESAMESEN BELAKIA. (2)

 

        Esaera onen azal-mamiak esamesak dire. Egunaren erdia nola-alako berriak bildu, astindu, zabaldu... Ontarako aparteko sena dutenak oi dire tarteka. Nola-nai ere, «emakume bakartia»k darama zartagia kirtenetik. Jakiña, bakarrean bizitza daramatenak, aukera dutenean, mutuak ez ba'dire beiñepein; galde, esan, zirikatu, aztertu, bildu; belakiaz gisa. Orra «esamesen belakia».

 

ERROTAN TXOR-TXORKA, BIDEAN SALTOKA. (1)

 

        Esaeraren muiña, itz-iturrian dago. Adibidez, bakoitzon eginkizunak zati-zatika egunen orduei lotuak ditugu. Lanerako, lotarako, otorduetarako, ara-ona ibiltzeko...         Bear ba'da irin billa, errotatik joan-etorria egiteko ere.

Jakiña, izjario denarentzat uste gabe oztopoak; «errotan txor-txorka» dagoen tarte galdua, «bidean saltoka» joanaz, aurrez galdua etxerazkoan lapurtu bear.

 

EGUNAK GAUARI EMAN DIO ESKUA, ONEK ORDAIÑETAN, MASAILLA BEZTUA. (2)

 

        Esaera, argi-illunei buruz-buru, esker gaiztoaren adierazgarri legoke. «Egunak gauari eman dio eskua». Argiak illunari laztan, gizon umoak ondore belaunari oles...

        Eguna bere ibil-txangoaren zinzurrera iristean, gauak esker gaiztoz erantzuna; «onek ordaiñetan, masailla beztua».

 

GAUZA ARRIGARRIA, KUKUAK IÑUDE, TXANTXANGORRIA. (2)

 

        Esaera bitxi ontan, zabarkeria ezik, maitasuna ere nabari da. Adibidez, kukuak bere arrautzatxo bakarrari beroan eusteko nekerik ez du artu nai. Betarik ez? Nagikeriz? Gogorkeriz? Ez dakigu, izadiaren ixilpekoa degu noski; «gauza arrigarria».

        Ostera, onek ezeztaturiko eginkizuna, batekoz-bestera, txantxangorri ausartak, maite-mindurik, kuku oiñordeari bizia ekarreraziko dio. Ain xuxen, «kukuak iñude, txantxangorria».

 

IK BILDU, NIK ZABALDU; UTSEAN EZ DIAGU DENBORA GALDU. (3)

 

        Esaldiaren adierazmena, esku-artean zerbait egitekoa burutzean dago. Bizitzaren kurpillean, nagi ez jokatzean noski.       

        «Ik bildu, nik zabaldu». Biek lanari lotuak, biek eginkizun bana...

        Jakiña, arrazoi osoarekin esan dezaiekete batek besteari, edo-ta, biek batera; «utsean ez diagu denbora galdu».

 

KILKERRA UDAREN KANTARI, NEGUAN, OTZAK DARDARI. (1)

 

        Esaera ontan, bizikeraren mutur biek daude ikuspegi. Irudimena kilker xinplearen bizkarrera dijoalarik ere, dirudienez pentsa-molde berdiñeko gizonengan ere, aukerara letorke. «Kilkerra udaran kantari». Alegia, zerbait poztekorik degunean, panpox, esku-arte beroaz kantari...

        Alabeiñik, burubide onik gabe kantu utsean, nagikerian dabillena, batekoz-beste. Esku-utsean, itzetan motz, eta ijara otz. «Neguan, otzak dardari».

 

KUKUA ETORRI, GOSEA ETORRI (1)

KUKUA MUTUTU, GOSEA BUKATU. (1)

 

        Esaera bikutz au, artzain da nekazarien bizi-giroari loturik dago.

        Udaberrioro neskame panpox onen agerraldirako, galtzetan estu noski. Abereentzat larre-berririk ez, eta zurriñera bilduriko bazka igarra, negu luzeak eramana. Adibidez, «kukua etorri, gosea etorri».

        Jakiña, itzulera egunetarako, larre-saillak emankor izaki, ba'dago zerekin asea, lurrak bere emaria bete-betean dakarki-ta. Beraz, «kukua mututu, gosea bukatu».

 

LEEN ARRO ZANA, EMAZTEAN ESANETAN OTSANA. (4)

 

        Esaldia, emakumearen biotzean mamitzen da. Adibidez, emakumearen biotza maitabera denez, ardagia bezain legor, ego-aizearen diña «len aro zana», maitasun eragiñaz bigundurik noski, azpikoz-gora aldatu daiteke. «Emaztean esanetan otsana».

 

MUNDUKO GAUZEN ZORI, GAUR ARGI, BIAR ITZALI. (2)

 

        Gure zoriaren aldagarri diren gazi-gezak dire, esaldiaren mami.

        Izan ere, bizi-toki murritz ontan uneoro ditugu kakoak; uneoro, algara ta karraxi miñak. Orain pozez-, gero naigabez; atzo baikor, biar gaitzetsirik. Au degu noski, «munduko gauzen zori, gaur argi, biar itzali».

 

OIÑEZKORIK NAI EZ, ZALDIZKORIK TOPATZEN EZ. (1)

 

        Esaera bitxi au, aundi-maundikeriari lotua dago. Ain xuxen, ezkongaien ezparruari lotua. «Oiñezkorik nai ez». Begi-luzea maillaz-mailla darabil noski. Narratsari bekoskoa, erdi-purdiokoari aurpegi otza, ao-txuriari duda-muda; ontan, utsean-putzean urteak pillatzen, baiñan «zaldizkorik topatzen ez».

 

ORAIN AMILDU, GERO ALTXA; OLATSU DOA MUNDU BELTZA. (2)

 

        Gizarteko gora-beerak dire esaldiaren agerbide. Esaera bere-berean naikoa garbi dago noski. Aldiz-aldiz ditugu igoaldiak eta erorialdiak, ostarte argiak eta illunguneak; oraintxen pozez, geroago miñez; «orain amildu, gero altxa; olatsu doa mundu beltza».

 

PIZTIAK GIZONARI BELDUR, GIZONAK PIZTIARI BELDUR. (3)

 

        Esaldia, munduaren borrokaz mamitzen da. Izan ere, borroka etengaitzaren makilpean bizi gera. Indarrak, indarrari beldur; gazteak, bizitzari beldur; gaixoak eriotzari beldur...

        Beraz, zurrunbillo baregaitzean igerika noski. Batek besteari beldur. «piztiak gizonari beldur», eraberean «gizonak piztiari beldur».

 

POZALDIAN IRRINTZI, ATSEKABEAN NEGARTI. (2)

 

        Esaldi onek ere, poza ta atsekabea mamitzen digu. «Pozaldian irrintzi», algarak, txaloak. Izan ere, aldarte ezberdiñak lotzen dute gizona, ustegabeko lotura estuak sarritan. Onerako denean alaitasuna, baiña gaitzak dakar lortu eziña ere, ta jakiña; «atsekabean negarti» kukildu bearra.

 

SEMEA ETENA TA ASEA, ALABA JANTZIA BAIÑA GOSEA. (2)

 

        Esaeraren azalpena, senideen izaera ezberdiña litzake. Adibidez, senideek opil baten jale izanik ere, ondore eregiñaz banandu daitezke, egituraz aldatu, aitatzen diren anai-arreba auen gisara.

        Itz gutxitan esatera; mutilla argal da asekor, zarpail da bete errez; «semea etena ta asea». Ostera, nexka, baikor, begi-betegarri, baiña asegaitz. «Alaba, jantzia baiña gosea».

 

UKALONDOAZ NEURTZEN, IÑOREN BEGIKO ZAKARRAK GEUREAK NEURTZEAN, OZTOPO DAGIGU SUDURRAK. (4)

 

        Iñoren okerrak neurtzeko darabilgun begia litzake esaeraren mamia.

        Izan ere, gure begi-luzea diña da besteren zakar txikiñena ikusi, neurtu ta geitzeko ere. «Ukalondoaz neurtzen, iñoren begiko zakarrak». Ostera, begiz ezik sudurrez ere luze izaki; «geureak neurtzean, oztopo dagigu sudurrak».

 

URA JOAN DA GERO, PRESA EGIN. (1)

 

        Esaldiaren mamia, edozertarako ere, sasoiz eskua luzatzean dago.

Ez, «ura joan da gero, presa egin»; ez, il da gero, oillo-salda; ez, itokiña agortzean ontzia jarri. Joana, joana dago; ta ondoren korrika ekitea, alperrikako damu galdua litzake.

 

ZAIETAN TXINTXO, IRIÑETAN ZORO. OKER DABILLELA IKUSIKO DIK GERO. (3)

 

        Gauza utsari garrantzia eman, eta garrantzia duena, utsera bota; au litzake esaeraren mami. «Zaietan txintxo», azal utsari balioa eman, intxaur morkola jaso, ta mamia utzi; azal-urratuari, zauri-zapia asero...

        Ostera, garrantzia duenarekin ardurarik eza; alea orpoperatu. «Iriñetan zoro».

        Alabeiñik, azken batean ausnartzekoa da; «oker dabillela ikusiko dik gero».

 

ZER EMAN, ZER UKA; BIOTZ ZATITUAREN BI PUXKA. (4)

 

        Gizonaren aldarte mugikorra aurkezten digu esaldiak. Adibidez, edonorren pentsa-moldeak alderdi bietara zaiñak izaki, ta, aldarteak daraman aldera zabua ere. Bere eskuan dauka, exeri ala etzin; jan, ala edan; baieztatu ala ezeztatu. Ontara, agian bere nortasun osoa, duitasun osoa, banakatzera letorkio; «zer eman, zer uka». Aldi berean, «biotz zatituaren bi puxka» egiten direla.

 

 

 

© Martin Ugarte

 


"Jatorriaren errotik" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus