EZAGUPEN ZENTZUZ

 

        Sail ontara bildu ditudan esaera auek, igarkuntza edo profetakizun kutsua dute. Alaere, kutsu utsagaitik ezingo degu, ala direnik baieztu. Sorbide xuxenagoa, sakonagoa dute, noski, nere iritzi xinplean.

        Garbi nabari zaietena zera da; antzin batean gure arbasoek urteen buruan ikusi ta ikasiaren trebetasunak itxatsiarazi, ta gerobiderako adierazgarri ezik gogorakizun juxtuak, zeatzak baiño ez direla.

 

ABARRIK BA'DAGO ZURRIÑEAN, PERTZA GAR-GAR SU-GAIÑEAN. (1)

 

        Esaeraren muiña zer izatean dago. «Abarrarik ba'dago» Adibidez, abarrak, txotxak, egurra izatetik suaren etorbidea legoke, ta sua izatera, «pertza gar-gar» irakiten ekitea.

        Aldi berean ordea ezaren erakusbide ere ba'da. Abarrik, egurrik ezean surik ez, eta sunk gabe pertzak berorik ez, sugain otzean jatekorik ez...

        Esaera antziñakoa degu noski. Gaurko belaunaldian abarren ordezkotza diruaz beteko genuke zalantzarik gabe, noizbaitean suak zuen garrantziaz aazturik.

 

ADIÑEKO MIRABE PRESTU, EDOZERTARAKO GERTU. (2)

 

        Esaldiaren mamia ezikeran dago noski. Urteen txirringan egal denetatiko aizeen bultzak edonor makurtzen du, ta iñoren mirabetzara lotua dagoen adiñekoa denetariko gazi-gezetara ezia dagoenez, «mirabe prestu» izan bear; eta prestu denezkoaren etsiaz artuko du mirabetza; «edozertarako gertu».

 

 

ADISKIDEA ZAARRIK, ALBISTEA BERRIRIK.(4)

 

        Gizarte ar-emanaz mamitzen da esaldi au. «Adiskidea zaarrik». Elkarrekiko ar-eman bete-betekorik artzea ez baita bat-bateko guna.

        Ostera, «Albistea» azkeneko karraxia ez ba'da, ez dirudi albiste denik, igaroaren hixtoria baiño.

 

AGURE MAKURTUA, NEKETAN URTUA. (3)

 

        Esaldiaren muiña nekearen bizkarrean dago. Urteen jarraian nekepean loturiko «agure» naiz edonor dalarik ere, zain-irtenak nabarmen, azken baterako, «makurtua» ta «neketan urtua» amaiera bear. Adierazmen xuxena noski.

 

AITA NOLAKO, SEMEA ALAKO. (1)

 

        Jatorriaren emankizun ezik, ezierakiko zerikusia nabari zaio esaldiari. Jakiña, artoa erein-da artoa erneko da, alaere, ez dire arto-landare guziak burutzen direnak. Buru-zorroa artuko ba'du, aziaz doan arian kontu artzea eskatzen du; ongarritu, jorratu, meaztu ta abar. Beraz, semea «alako» izatezkero, ezikera «nolako» eskatzen du noski.

 

 

AJOLIK GABEAK, ETXEZ-ETXEKO MIRABEAK. (1)

 

        Esaldi ontan, ajola izan, ala ez, mamitzen da. «Etxezetxe» dabillena mirabetzaren uztarrian etsia artzen ez duena izaki; atzo Garakoan, biar Azpikoan; etzi Matxin-errotan, etzidamu Gatzagan... Auek dire, noski, «ajolik gabeak».

 

ALAKO EZTAIETAN, ALAKO ZOPAK. (1)

 

        Gizarte-maillaketa nabari zaio esaerari. Obeto esateko, gizartean oi diren gora-beerako maillak mugatzea ain xuxen. «Alako eztaietan» aitatzean, orobat izan daiteke alako etxetan, alakoren sukaldean da abar...

        Jakiña, bereizten den maillarentzat, dagokion neurriko aulkia bear; «alako zopak».

 

ALDEKO ZAKURRAK ISATSA LUZE, BERA DAN GISARA BESTEAK USTE.(1)

 

        Esaeraren muiñean susmoa dago adierazkizun. «Aldeko zakurrak», onek estaltzen ditu auzoguneko akats guziak. Ortatik datorkio «isatsa luze» duenezkoa. Baiña, susmo txarrak bakoitzaren izkutuan direnez, edonor daiteke isatsaren erabiltzaille. Orra zergaitik «bera dan gisara besteak uste» izatea.

 

 

ALDIBEINGO NEGARRA, OGIA BEZAIN BEARRA. (2)

 

        Esaldiaren ildora, gizonari negar egitea onuragarri zaio noski.

        Gizonari osakizun litzaioke agian negar egitea. Negarti dena, aldi berean biozbera ere da, ta biotzaren pilpirak, ariñago ala motelago, izaeraren galga neurriratu aal dezake.

 

ALDIZ-ALDIZ, ZAPATARIA ZALDIZ. (1)

 

        Esaldiak dionez, bee-maillakoa eldu daiteke gain-kukullura igotzera. Ez nai lukean ainbat bider, «aldiz-aldiz» baño.

        Adibidez, «zapataria», giza-mailla txikertzat bereiztua dagoenik, zaldun mailla gaillurra artu eziñekoa ez noski; «zapataria zaldiz».

 

AMORATZEA, GAZTEENTZAT LORETZEA, ZAARRENTZAT ZORATZEA. (4)

 

        Esaera bitxi au, zuzenean maite-minduen ezparrura doa. «Amoratzea». Alaere, neurri bakoitzak bere galga duenez, au adiñaren mugak bereizten digu. «Gazteentzat loretzea», jokabide xuxena, noski.

        Ostera, lore-bete aldiak iges egitearekin, zaartzaroak lotzen, da emen dago maitasun mugaren bereizketa; «zaarrentzat zoratzea».

 

ANDRE EDERRA, ETXERAKO GERRA. (1)

 

        Esaera bitxi onen agerbide, aundi-maundikeri aizea legoke. «Andre ederra», ta edertasunak erroak zabal izaki. Arrokeria, amets txoroak, iritzi okerrak... Eguneko borrokari uko, ta ixpilluarekin lotu sarri-sarri.

        Besteak-beste, bizi-poz naasteria; «etxerako gerra».

 

ANTXUME BAKARTI, TEGIAN NEGARTI. (3)

 

        Esaeraren mamia, bakartasuna da noski. Tegi itxia, bakartasuna, iñorekiko ar-emanik eza; «antxume bakarti».

        Abereek ezik, gizonon bizi-giroa ere larre-sail zabalerako da, ezparru irikirako, askatasunerako.

        Ostera, kidekorik gabe, itxitura soillean, giltzapean; «tegian negarti» iraun bear.

 

ANTZAR ELBARRIA, (EDO OILLO ELBARRIA) ARRAUTZ-JALE GARBIA. (2)

 

        Esaldi au, antzar eta oillo, bietara aitatzen da, ta osotasunik ezari lotzen zaio. Alaere, gaitasuna bereizten digu noski. «Antzar elbarria» bere aultasunean ere trebe da dirudienez bere pardeleko opilla, berak oretu duen arrautza berak jateko. «Arrautz-jale garbia»k, agian bai-ta besteen pillotik ere.

 

AO ZABAL LUZE, LOGALE, EDO GOSE. (1)

 

        Esaldia naikoa bitxia da, ta onen adierazmenera, luzaro ao-zabalka dagoen edonork, zorro auetariko batean leukake sarbide. «Logale, edo gose».

 

APAIZAREN LAPIKUA, TXIKIA BAIÑA KOIPATSUA. (2)

 

        Esaeraren muiña aurrenik, txiki izatean dago. Gauza txikia, gauza bildua, kutiziz maniatzen den ezkero; lapiko txikiko egoskaria, koipekiz osatuago noski, topin aundian atondu oi dena baiña.

        Aldi berean, nork dezaken ere agertzen digu. Emen, koipe ta gatza ezik, piperra ere nabari zaio naasian, aal dezangoa «apaizaren» bizkarrera botatzearekin.

 

 

ARANTZAK EZ DU EZKURRIK, EZ GAZTANBERAK EZURRIK. (4)

 

        Esaeraren arabera, gauz bakoitzak zerbait betekizun daukate lur zabalaren osagarri. Arantzak, sumiña berekin; arrosak lillura, gizadiak iraunpena; betidaniko ozpiñaldiek garrazten dutelarik. Alaere, bakoitzak bere apurra, bakoitzak jakiñeko ondar-kizia emankizun. «Arantzak ez du ezkurrik» emango, osterongorik ba'dago ortarako; «ez gaztanberak ezurrik» ere, alabeiñik, gai da gizonon kutiziak asetzeko.

ARDIA ZINZARRI JOLE BARRENEAN? ATARIAN EDURRA BIARAMONEAN.(3)

 

        Esaerak, abereek berenkiko duten sena agerrazten du. Mendiko abereak, mendiko piztiak, eguraldi aldaeretan aparteko sena du. Ekaiztea zenbat eta urbillago, anka jasokak, buru-astinkak,agin-karraskak, sarriago oi ditu. Beraz, ardiak zinzarria lepoan daramanez; «ardia zinzarri joie barrenean? Atarian edurra biaramonean».

 

ARIA NOLAKO, ARILLA ALAKO. (1)

 

        Esaera, nor beraren gaitasunari loturik dago. Izan ere, bakoitzak nolako atzamar-jokua artzen duan, ala bideratuko du egiñaren nolakotasuna. Oin baldarrekoa, ibilkeraz ere baldar; ontara, «aria nolako, arilla alako» izan bear.

 

ARRANTZALEEN ESAKUN: GOIZEAN SENARDUN, ARRATSEAN ALARGUN.(3)

 

        Esaldiak beste gabean, itxasoaren gogortasuna adierazten du.

        «Arrantzaleen esakun» garratza noski. Bizibearraren borroka etsian darabilkiten ikuskizun beltzaren ondorio-min aazgaitza. «Goizean senardun, arratsean alargun...»

 

 

ASERAN LAGUN ASKO, LUZARORA KAKO. (2)

 

        Esaeraren aitamena, adiskidetza otzari dagokio. Aurren batean aotxuri asko, bultz-emailleak mordoan, bostekoa bostekoaren gaiñean; «aseran lagun asko».

        Baiña, jarraimenak oi du ikuskizun, eta au mozten, au lausotzen doan erara, adiskidetasuna murriztera, poz-emailleak ixiltzera; «luzarora kako».

 

ATERPEA NUN TOPATU, IJITOAK AN OSTATU. (1)

 

        Esaera ontan, bizi-molde bakoitzak damaigun zentzu nabaria dago.

        Bizi bearrak, lotatik altxarazi ezik, on zaigunari eltzen irakatsi ere eragiten digu. Erausian, babesari; bero-errean, kerizpeari; ardi goseak, pagotxa-saillari zorrotz. Edonor geralarik, «aterpea nun topatu» gabiltza, babes aseroaren billa. Arrazoizkoa, beraz, aterperik izatera, iñoiz iñun sarlekurik ez duen «ijitoak an ostatu» artzea.

 

 

AUNTZA IGARO-TA, OIÑATZAK AGIRI, BATAK DAGIONA, BESTEAK IGARRI. (4)

 

        Esaeraren agerpena, elkar neurtzean dago noski. Izan ere, begi luzekoak gera, elkarren zankoak nundik-nora dabiltzan igartzeko. Onez edo gaitzez, naiz ixil-mixilka anka-punttan ibilli, ontan zusmo zeatzekoak gera; «batak dagiona, besteak igarri».

 

AIXERI ZAARRA BETI GOIZTAR, GOIZTAR, ETA OIÑAK AZKAR. (3)

 

        Esaldiaren muiña, zentzuneko izatean dago. Bizitzako oztopoei uko ematerakoan, argi, ernai, arretaz jokatu bear noski. Naaste-borrastei bizkar eman, bide biurrieri, urbilkunatik eldu; iritxi nairiko jo-mugara sasoiz eldu aal izateko, «aixeri zaarra» lapurretara oi bezela. «Goiztar, eta oiñak azkar». Bereizketa zentzuz egin bear.

 

AZA-BURUA LORETU? ZERRI-PUXKAK BUKATU. (1)

 

        Esaera onek bitxikeria diruki, baiña alaere, ba'leukake bere ausnargaia. Bai, «aza-burua loretu?» Adibidez, barazki ezagun onen jan-sasoia, geienbat neguan, zerrikiaz baterakoa oi da, ta jakiña, jaten ez direnak, garetu, ta garetzeak loretzea dakar. Beraz, «zerri-puxkak bukatu» diren seiñale garbia or dago noski.

 

EZKURRIK JAN GABEKO ZERRIA, KAILLU UTS ERDIA. (2)

 

        Esaldiaren ildoan, goseak zapuzturiko zerria da aitakizun. Emen ez dago ulertu eziñekorik noski. Alerik, «ezkurrik jan gabeko zerria»k, ezin eman dezake gantz eta urdai-epai lodirik eltzerako; «kaillu uts erdia» noski. Osterongoa, beste erdia, zer? Agian, ezurra...

 

BAKOITZAK BERE ASTOARI ARRE. (1) BAKOITZAK BERE SANTUARI ERREGU. (1)

 

        Esaldi biek batera datoz, esanai bateri lotuak noski. Edonorrek ditugu geure esanetara ezitako «astoak». Bakoitzok, geure kolkorako «santu» eskurakoiak, urratuaz daramagun mundu txiki ontan; geure baitarako maitakizun kuttun ditugunak.

 

BAKOITZA BERE ZOROAK DARABIL. (1)

 

        Leengoen zorrotika degu au ere. «Bakoitza bere zoroak darabil». Geure zoroak, geure aizeak, geure burutamenak, geure kisarako itz-emanak noski; gutxi-gutxika, auek uztarrira lotzen gaituzte.

 

BARRUTIKO ZALDIAK ZINZARRI IXILLA, GEROZ ETA LODIAGO EDURRAREN MAILLA. (3)

 

        Esaeraren adierazmena, elurra maillaz-mailla loditzean dago. «Barrutiko zaldiak zinzarri ixilla». Jakiña, elurrak, bideak itxi egiten ditu, bideak moztu, lodiera artuaz doan arabera, ibilkera zaildu; dagon-dagonean, zankoak lotu. Kera ontan, barruti soilleko larre-zaldiak, zirkil egingo dio elur erasoari, ta nolabait babestuaz kukildu. Beraz, zinzar-otsa mututzea, zaldia geldirik dagoen seiñale litzake; «geroaz eta lodiago, edurraren mailla», geitzen dijoan adierazmena.

 

BASA-TXITOAK, BASORA LARRA-BIDE. (4)

 

        Esaldiaren adierazkizun, nor bera sorturiko txokoa degu noski.

        «Basa-txitoak», basoan jaioak direnez, iñoiz ez dire eskurakoi izango; beti ere, izuti, basati; «basora larra-bide». Era berean, sortu gñan barrunbea, bularra artu genun sukaldea; ez altzaigu lilluragarri?

 

BEARRAK BAKARTU, BEARRAK ELKARTU. (2)

 

        Esaldi ontan, bizitzaren aldi-giroak bereiztu daitezke. «Bearrak bakartu». Izan ere, iñoiz indarrak loturik; erritik, etxetik, sendi-giro txotilletik; alderandu, bakartu oi gera. Agian ez betirako; alda-giroaren etenunea zaindurik, «bearrak elkartu»ko gaitueneraiño baizik.

 

BEROAN BUZKANTZA, BEROAN EZKONTZA. (1)

 

        Esaeraren arabera, «beroan buzkantza». Beroan jateko oi dire tripakiak noski. Naiz txerrikiaz egiñak izan, naiz ardikiaz; otzean jatera, okara lekarkiguke. Era berean, «beroan ezkontza» ere. Agian, ezkontideek oztu ezkero, gaitz izango litzaiekete uztartzea.

 

BIZITZEA BETI AKER, ZUZEN EZ DANEAN OKER. (2)

 

        Esaera zuzenean, bizitzaren maratillara doa. «Bizitza beti aker».

Egia da, une guzietan ditugula errenkunak, alde denetatik lokarriak. Alaere, loturak denetarikoak izaki, baiña, bearrak bizkarreratzen dizkigun ustekabeko kakoak, akerrak, gazigeza ta errealdiak; datozen ildora artu bear; «zuzen ez danean oker».

 

BIZI-MANAREN ARDATZEAN, GAZI-GEZAK GELATZEAN. (1)

 

        Esaerak, ba'du leenarekin zer ikusirik. Izan ere, «bizimaiñaren ardatzean» kiribildurik darabilzkigu, naiz luzarorako, naiz aldi motzerako, garraztasun eta eztialdiak; eta tarte guzietan tolestatuaz joango, «gazi-gezak gelatzean», ixilpeko gordaillu gisara.

 

BOLO-BOLO DABILLENA, ETXETIK IRTENA. (1)

 

        Esaldia, ixilpekoa iragazi den zirkillera doa zuzen-zuzenean. Adibidez, aoz-ao, etxez-etxe, auzoz-auzo; «bolo-bolo dabillena», geienetan ixillean gorde bearreko albistea oi da. Alaere, auspean estali zitekeana, «etxetik irtena» danezkoan ba'dabil; aixa zabalduko du landako aizeak.

 

BESTE ASKO LEZ, ARTA-BURUA KOSKOLEZ. (2)

 

        Esaerak, biloiztasuna adierazten digu. Paparraren gibeletik, bizkarra; ikusmenaz besteko, itxumena; onaren pean gaitza.

        Izan ere, gizonok betidaniko jokuan erdi-erdika gabiltza, «beste asko lez». Onen egiztamen, «arta-burua koskolez» bereizturik daukagu, ta ez, ale uts; koskolez estalirik baiño.

 

BURUA NEKATU EZEAN, OIÑAK NEKATU BEAR. (1)

 

        Esaldiaren mamia, arretari loturik dago. Izan ere, arretaz. buruz, eltzen etzaion lana, gatz gabeko egoskaria bezela da. Utsegitearen pattalkeria, etxekoandre berak aurrena irentsi bear. Basora esku-utsetan doan egurgiñak, berak jasan bearko bere utzikeria. Aizkoraren billa, etxetik joan-etorria beretzat; «burua nekatu ezean, oiñak nekatu bear».

 

TXAMARRA TINTIL, ATORRA ZIRPIL. (4)

 

        Esaldiaren arabera, gaiñekoak azpikoa estali lezake. Adibidez, «txamarra tintil», asero, nasai daramanak; barrengo arropak gorde azpiko aztalak medartu, ezkutatu dezazke. Ontara, «atorra zirpil»a, ezkutuan, ikusgaitz, gelditzen dela

rik.

 

TXAPELA BURUAN, ETA IBILLI MUNDUAN. (1)

 

        Esaera onek, gizona nor denaren lekukotza azaltzen digu. Duintasun ezaren adierazmen xuxena noski.

        Zerbait denezko utsean, bizitza txangoz-txango erailgitzea litzake, «txapela buruan», gizon denezko bereizgarri xinplearekin, irudigarri utsagaitik «ibilli munduan»; beste betekizun, beste ezaugarri gabe ibil dabillena.

 

DAGOENA, BURU AUNDI, DABILLENA SABEL AUNDL (4)

 

        Esaera ain xuxen, gizonaren berekisko jokuari lotzen zaio. Egon dagoena, beti ere gizonon begietarako motel, txingar gabeko illinti, bizitasun izpirik gabeko «buru aundi» eroriko da.

        Ostera, ara-ona gelditzeke dabillena, «sabel aundi». Agian, lotan ez dabillenak, ernai dabillenak; sabela bete dezake iñoren bizkarretik ere, naiz-eta nasaia, aundia izaki.

 

DUENAK KOLKORAKO, EZ DUENAK, GERORAKO. (2)

 

        Esaera ontan, bat-bateko itxumena nabari da. Nola-naitara, «duenak kolkorako». Betartez argi, atzamarrez arin; eta esames marmarrari belarria gor. Ontara, eskuan «ez duenak, gerorako». Onek ere, begia luze duelarik, onenbestez etsipena aski zaio.

 

ETXEKO BERRIAK AUZOAN, LAU BIDER GEITUAN. (1)

 

        Esaeraren muiña, itzak gordetzean dago. Onen beatz txikerra, bestearen esku-zabal; eta, irugarrenaren ukalondo...

        Orrelatsu oi dire, «etxeko berriak auzoan». Batik-bat, berriek bitxiak direnean; «lau bider geituan».

 

ETXEKO GELATZAK, ETXEKO AMETSAK. (1)

 

        Esaldiaren arabera, agian gelatzak dauka etxe barneko ama-leentza.

        Esaera geiagotan ere ikusi daiteke gure leendikoek gelatzari zioten itzala. Urteen joera luzean «etxeko gelatzak» gorde ditu noski, bere kolko beltzean, sukalde zokoan agian aazturiko gazi-gezak, bai-ta, «etxeko ametsak» ere.

 

ETXE UTSA, GOSE UTSA. (1)

ETXE UTSA, ERRITA UTSA. (1)

 

        Esaldi bi auek batera datoz, eta agian ez leukateke azalpen geiagoren bearrik ere noski. Edozeiñek jakin dezake «etxe utsa» ren ondorioa zer daitekean. Adibidez, «gose utsa», «errita utsa», iskanbilla, elkar-girorik eza; izurrite makurra

noski.

 

ETXE UTSA NEGARGARRI, ETXE BETEA POZKARRI. (1)

 

        Esaerak, leenaren senide dirudi; alaere, negarra poz aldatzeak lekarkio esanarik zeatzena.

        «Etxe utsa» ren barrunbea sendikoek osatzen dutenez, aurrena aiton-amon, senar-emazte eldu, ta seme-alabez «bete» den etxea, zorion-bide litzake. Ondorengo betegarria, auen esku-indarrak lekarken obari aseroa aski, «etxe betea pozkarri» izateko.

 

EGAZTIRIK EZ ARIÑAGO, ZENBATEN BURUA BAIÑO. (4)

 

        Esaeraren muiña, aizeak gurekiko duen eragiña litzake. «Egaztirik ez ariñago». Au, gizonon arinkeriari sakonetik eltzeko adibide jarria degu noski. Agian, ez gaitu denok moltsora bateratzen, ez banakatu ere; zenbatu baizik; «zenbaten burua baiño» aitatzen digunean.

 

EGIAZ MAITE DEGUNA, AAZTUKO ETZAIGUNA. (2)

 

        Esaldia, maitsunean sakondua dago. Maitasuna egiazkoa izatera, sakona izan bear, osterontzean maitakeri litzake. Beraz, «egiaz maite deguna», beti ere, gure baitan irudi bizi baiño etzaigu izango, irudi betea, oso-osokoa; «aaztuko etzaigu

na» noski.

 

EGURRA NOLAKO, EZPALA ALAKO. (1)

 

        Odolaren loturaz beste, izaeratiko erroak ere bateratzen dizkigu esaldi onek. Adibidez, enpor batera lotzen gaitu belaunetik belaunera, nai ta ez, daramakigun jeiste mailla ontan. «Egurra nolako, ezpala alako». Egur eta ezpalen kidetasun beraz neurtzen digu noski, aitendik semeakiko izatea ere.

 

EGUTERAN GERIZAK, OSPELEAN MASUSTAK, TOKIAN TOKIKO GAUZAK.(1)

 

        Ba'dirudi esaera onek dagon-dagonean bereizten digula izaki bakoitzarentzat litzaken lur emankorra.

        Eguzki begian, ego-paparretik, «eguteran gerizak». Era berean aiñubeti, laiotzetik, «ospelean masustak». Adibidez, «tokian tokiko gauzak».

 

EGUZKIA NORA, ZAPIAK ARA. (1)

 

        Gizonon aldarte baikorra nabarmentzen digu esaerak. Aldakortasun bitxia noski; zerbait aundi, zerbait kolkorako izangoaren antsiz eguneko orduak; «eguzkia nora», begi-luzea ondoren, «zapiak ara» aldatu aal izateko.

 

EGUZKIAREN ETZANERAZ, IZARRAK ÑIRÑIRAZ. (4)

 

        Esaera, oso-osoan argi-iturriari lotua dago. Asiera batean lurrak, eta bertan bizi-toki zuen gizonak argia bear zuen noski, ta ara Jainkoak urre-printzak zeriola egunoro jeiki-etzanean eguzkia ipiñi. Eta onen joan-etorri kurpillaren «etzaneraz izarrak ñirñiraz», ordezkatzen gaituztelarik.

 

EGUZKIPEAN ATZERRI, ILLOBIZ ARUNTZ ABERRI. (4)

 

        Esaeraren arabera, illerriko orma otzak bizitzaren etena mugatzen digu noski. Bitartean, «eguzkipean atzerri», ta bide batez,emen agortuko dire gurekiko kiki-mako, ta osterongo garrazmiñak. Ostera, «illobiz aruntz aberri». Leendik aldenduriko arbasoen barruti zabala ere ba'degu. Egitazko aberri...

 

EKAITZ OSTEAN BAREALDI. (3)

 

        Esaldiaren agerbide izatera, gizarte zabalaren triskiltzak ezik, eguraldiakiko erasoak ere saski batera bildu daitezke.

        Ain xuxen, ekaiztea etenkorra izaki, ta etengunak «ostean barealdi». Borrokaren ostean bakealdi...

 

ELIZ-TXORIEN JOERA, ARTOA DAGON SAPAERA. (1)

 

        Guretako bakoitzaren jokabide jakiñak lirake esaldiaren mami. «Eliz-txoriak» ezik, gizonok ere bide jakiñeara zankoak luzatzen ditugu. Itxaropen aizearen paparrera, begi-luzeen lillura-bide ezparrura, aokada goxoen azpillera; «artoa dagon sapaera».

 

ELURRA BERE GARAIAN ASEGARRI, EZ-GARAIAN KALTEGARRI. (3)

 

        Esaldiaren mamia, garaien bizkarrera doa. «Elurra bere garaian asegarri». Euria, beroa, ta aizea bezela; baiña, «ezgaraian kaltegarri».

        Giza-aroak ere onekin, ontara lotu daitezke. Gazte-aroan jolasa, eldu-aroan bizi-poza, zaartzaroan etsipena; asegarri lirake noski. Ostera, gaztetxoa lanpean, eldua zorakerian, eta, zaarra jolasketan ekitea, denetzat kaltegarri noski.

 

ELURTEA DOANEAN, SU-EGURRA OIANEAN. (1)

 

        Esaera ontan garbi dago elurtearen pixua. Luzaroko elurra astun izaki; maindiora bilduriko eze-igarrak murrizteko aukerakoa. Orrela, «elurtea doanean, su-egurra oianean», eta egurraz bateratsu, osterongo gordekiñak ere ondartuxeak noski.

 

ENTZUN ETA IXIL, BAIEZKO BIRIBIL. (3)

 

        Esaeraren muiña, txotiltasun seiñale bizia da. «Entzun eta ixil» dagoena, bere baitan ausnar diardu; ausnar, erantzun baiezkorraren, «baiezko biribilla»ren orrazketan.

 

ERLE-OPILLARI, EZTIA LILLURA. (4)

 

        «Erle-opilla», eultza osatzen duten moltso osoari deritzo. Adibidez, loretik lorera, ur-negarretik errekatxora, lanean zuur diarduten elbi bakoitzak moltsokatzean opil bat egiten dute; bat egituraz, bai ekintzaz, eta erabidez ere, jo-muga bera dute noski; «eztia lillura».

 

ERLE UXATUAK, EZTERIK EZ. (1)

 

        Adibidez, bere onean diardun «erle»ak, ba'dezake dagokion ezti-markatsa betetzea. Ostera, beldur utsean zapinduak, «erle uxatuak, eztirik ez». Era berean, makilpeko astoak, burubide nagia; seme-alaba zigortuak, onbiderik ez; gizarte zapalduak; irtenbide antzua.

 

ESNERIK EZ BA'DA KATILLUAN, ZERBAIT TXARRA UKULLUAN. (1)

 

        Esaera zuzenean, burubide saskira doa. «Esnerik ez ba'da katilluan», eta, au ez dator ontzira, goizeko intza ttanttoka ixurtzen dan gisara. Ukulluan burubide egokia erabiltzeak bakarrik, eutsi dezaioke esene iturriari. Ostera, au agortzen ba'da, jakiña, ba'dagoela «zerbait txarra ukulluan».

 

EZ BAITA EREMU ALDENDURIK, AIZEA SARTU EZIN DITEKENIK. (4)

 

        Esakizun onek, ezkutuko begiek leukateken irismena mamitzen du.

«Ez baita eremu aldendurik», begien dizdirak zulatu eziñekorik noski, ez, sudurrak usaimen artuko ez duen txokorik; ez zirrizkurik ere, «aizea sartu ezin ditekenik».

 

EZ DA ELTZERIK, ESTALKI GABERIK. (1)

 

        Esaldiaren mamia, zati biek bateratzean dago. Adibidez, auzia, auzi denean, gaizkiñak bere babeskidea darama. Burusoil denari, txapela egoki datorkio; berna okerrak dituenak, galtzak luze ta zabal, begientzat estalkizun.

        Beraz, «ez da eltzerik, estalki gaberik».

 

EZ DUENA UTSAREN DUIN, DUENAK BURUKOMIN. (2)

 

        Esaeraren arabera, gizonon ikusneurria, esku-artearen bai, ala ezean dago. «Ez duena utsaren duin» botatzen degu. Gizartetik bazterrera bultza, agian zakar-ontzira bota. Ostera, aaltsuak, esku-arte berokoak, giza-begien iriskide diren jainko-txikiek ere, kolkorako zer nai «duenak, burukomin» sarri.

 

EZKUR URTE, EDUR URTE. (1)

 

        Esaerak bitxia dirudi, ta aitamen batek bestearekin zer ikusirik gabea noski. Alaere, gure nekazariek gogoan darmate, siniskeri soil bederen.

        Ezkurtza ugaria dakarren urtea, elur asko botako duen neguaren seiñale omen.

 

EZURREZ ZABAL, OKELAZ ARGAL. (5)

 

        Naiz gizaki, naiz abere; bietatiko batek, bestea estali edo gaiñeratuko du. «Ezurrez zabal» nabarmentzearekin, okelaren danezkoa, gordean ezereztu bide da; ta alderantziz, «okelaz» mardo dagoenak, ezurren irtenkunerik ez.

 

FEDEAN OTZ, GIZAKERIZ MOTZ. (4)

 

        Esaera dagonetan neurtzeko gai nor gera? Besteraka ba'litza, agian, baieztu daiteke. Alegia, «gizakeriz motz» dena, «fedean» ere motz, azalekoa, «otz» izan bear.

 

FURIZ LAUKOAN BASA-ZEZENA, AN DABILKIO ITAULI EZTENA. (3)

 

        Esaera ontan, elbiaren ezten-zulatu minkor eta bildurgarria degu ikuspegi. Mendiak eman duen aberetan gaillenena beldurrez igeska; «furiz laukoan basa-zezena», aurrertzen digu.

        Beldurraren arabera, nolako zauri minkorra sortzen ote elbi txikerrak; «an dabilkion itauli eztena»k?

        Nik aditzera detanez; itauli zulatuaz idiek uztarria autsia; uztar-idiek itzaiña ankapeetan lertua; ta antzerako gertaerak. Nik, aurrekoei entzunak ditut, aiek ere aurreragokoei noski. Antzeko gaizbiderik, ba'degu gaur ere.

 

GAIZKI EGIÑA LAISTER AZALDU, NAIZ GAIZKIÑAK ONDO ESTALDU. (2)

 

        Esaeraren muiña, arrakasta bizian gaitzaren zabaltzea da. «Gaizki egiña laister azaldu». Jakiña, gaizki egin duena, gordeka dabil; eta, gordeka dabillena berekis nabarmentzen, gordegarririk ba'duena; «naiz gaizkiñak ondo estaldu»; estalkiak berak salatzen noski, azpian, gordean, dagoena.

 

GAIZKIN BATEK, EZAGUN BESTEA. (2)

 

        Adibidez, gizonok geure kisara moltsokatu oi gera, geure baitarako gai litzaiguken egutaro ezparrura noski. Izan ere, lurrak denetariko arbolak eman ditu; baiñan taldeka bereizturik. Moltso zuurrak, moltso nagiak, ala-olakoak ere bai; ta, auek ere, beren mundutxoaren barne-kidetasuna dutenez;

...batek, ezagun bestea».

 

GALDERA NOLA, ERANTZUNA ALA. (1)

 

        Esaera, agian, zirikatzailleen kolkorako da. Jakin-min utsean galdez dabillen ao-labaiñarentzat noski. Jakiña, «galdera nola, erantzuna ala» ezpairik gabe. Azkazalen neurrira, mandoari perrak; begiaren neurrikoa, aizkorari kirtena; oillozaarra egosteko nuerriko lapikoa... Galderaren neurrira erantzuna.

 

GARI ONA, KUTXATIK SALDU-ERREZ, GARI ZIMURRA, TRUKEAN ERE EZ.(1)

 

        Esaerak, soil-soillean, salmentaren adar biek bereizten ditu. Adibidez, «gari ona, kutxatik saldu-errez». Era berean ikus ditzagun; aritz giartsua, basoan zutik dagoela saltzen dela; bei esnatsua, periratu gabe; burubide oneko nexka, etxetik; mutil arretatsua, nun-naitik; eskuz, eta begiz, aixa aldatzen direla.

        Ostera, batekoz-beste, saldu-gatz litzakena; «gari zimurra» da noski; au, «trukean ere ez».

 

GAUEKO ORDUETAN KANTUZ, BIARAMONEAN LANTUZ. (1)

 

        Egun da gabaren etenguna bereizten digu esaerak. Gabaren zati illuna atsedenaldi jotzen digularik.

        Illunetan txori dabillenak, «gaueko orduetan kantuz» dabillenak, ontza izan ezik, eguna argitzean izango du buruko miñik aski; «biaramonean lantuz» urra-urraka ibilli bear.

 

GAURIK LUZEENAK ERE, EGUNSENTIAN AMAIA. (1)

 

        Esaera garbi dago; «luzeenak ere amaia». Gau luzeak ondoren eguna. Eskumako eskua nekatzean, ezkerrari zama uzten diogu. Bizi-giro garratzak, zoribete aldia ondoren. Gure lan-ekiñari ere, luzea delarik, itxaro-bide argiaz batera amaia ba'datorkio noski.

 

GEIEGIZKO ITZ-JARIOA, UR-BITSETAN DIJOA. (6)

 

        Esaeraren mamia, itzak neurtzean dago noski. Itzak neurrian, bakan da zentzuzkoak, sakonetik ausnarturik irten daitezela. Ostera, «geiegizko itz-jarioa», jendartean, bizitzaren ibaian, ondoratu gaberik azaleko aparrean, «ur-bitsetan dijoa»,

 

GEROA, ALPERRAREN LELOA. (1)

 

        Esaera garbi dago. Gero, geroago, gerorako, biar, urrengoan... Nagikeriaren erroak dire. Bat-bateko zentzurik, arretarik ezean, «geroa» ikuskizun da betekizun; betioroko «alperraren leloa».

 

GERRIKOA NARRATS DARO? GALTZAK NARRATSAGO. (5)

 

        Esaldiaren mamia, nor bere arretaren jabe izatean dago. «Gerrikoa narrats daro»ena, arretarik gabea, berekiko ardurarik gabea, bizi-molde nasaiaren zale litzake. Ontara, nork bere izakera, bizi-giroa, nortasuna, neurrira lotu ezean; «galtzak narratsago» nola-nai ere.

 

GEZURRAK EGIA LABAINDU, EGIAK GEZURRA AMILDU. (2)

 

        Sarrioroko gertakizuna azaleratzen du esaerak, «gezurrak egia labaindu». Beti ere, gezurraren eztena egia nola ezeztatuko dabil, nola gezurtatuko, gezur-jantzira nola borobilduko, nola labainduko...

        Alaere, egiak ba'du indarrik, bai aalmenik gezurra gainazpi jiratzeko, ta azken batean garaille altxatzeko. «Egiak gezurrak amildu» dezake.

 

GEZURRA ESAN NUAN GETARIAN, NERE AURRETIK ZAN ATARIAN. (1)

 

        Gezurraren ibilkera biziari lotua dago esaldia. «Gezurra esan nuan Getarian». Nola-nai ere, oilla-lurretik urruti, ezezagunen belarrira jalgiak, erru-txarrik etzuen zabalduko noski; baiña alaere, «nere aurretik zan atarian».

        Gertakizun bitxia, baiña gezurra bidazti ariña delarik, gezurti beraren aurrez-aurre dabil, eta azken baterako; gezurra esan duen berak, jalgi duen ziria; sinistatu, irentsi, egiten du.

 

GEZURRAK ZAIÑAK LABUR, LABUR, ETA IGARTZEN SAMUR. (1)

 

        Esaldi onek, gezurrak bere zabaleran ere, daukan attaltasuna adierazten digu. «Gezurrak zaiñak labur», eta luondo tringora ezingo da sakondu. Edonorri aurpegi leunketan jardun arren, ezingo da biotzeraiño murgildu. Ala-olakoen tartean, arnasa leukake, agian iraungo du; baiña nor denaren baitan, gorde-lekurik ez du zulatuko.

        Ontara, lur-axaleko zuztarrak, ezetasun gabeko lurrean bizirik irauteko; «zaiñak labur, eta igartzen samur».

 

GOIZ JEIKIA, GOIZ GOSE, BERANDU JEIKIA, LOAZ ASE. (7)

 

        Esaera xinplea delarik, giarrez tringoa degu; ongi biribildua.

        «Goiz jeikia, goiz gose». Izan ere, goiztar dabillena, geienetan nekepean dabil, bere indarrekin ukabilka; eta nekeak berekin du aulezia, berekin gosea, ta aldi berean, indar-berritzeko bizigarri bearra ere bai. Ostera, «berandu jeikia, loaz ase». Oe-zulo denari, lotiari; bizitzeko aiña gar, loak ematen noski, loak ase.

 

GOLDARIAREN ASARREA, ITAURLAREIAREN BIZKARRERA. (1)

 

        Esaeraren muiña, aundiak txikia neurtzean dago. Aundiaren akatsak, txikiari kolkoratu. Azpikoari gaindik begiratzea noski; indartsuaren bizkarrerako dagoen zama astuna, aularen lepa-gaiñera botatzea. «Goldariaren asarrea, itaurlariaren bizkarrera» botatzea.

 

GOSE BA'DA, EZ BA'DA, ASTOAK ARRANTZA BALDARRA. (8)

 

        Nolabaiteko muetari, alako lotura ematen dio esaerak. Adibidez, sagar-txertaka, aorako garratz; zinzarri triskilduak, oiartzun minkorra; errenak, ibilkera narrats. Era berean, naiz izenez, naiz izaeraz baldar den astoak; «gose ba'da, ez ba'da, arrantza baldarra».

 

GURDIA ZENBAT ARIÑAGO, ARDATZAK KIRRINKA MIÑAGO. (1)

 

        Esaerak agian, ariñegi negar egitea mamitzen digu. Naigabe garratzak, geiegizko miñak, agin-karraska larriak; aoa itxiarazten digu noski.

        Ostera, miña zenbat eta azalago, «gurdia zenbat ariñago», orduan-da biziago karraxia, istilluak soriago; «ardatzak kirrinka miñago». Agian, negarti dagoen ori, ez da beti, miñez dagoena.

 

ITXU-ERRIAN, BEGIBAKARRA ALKATE. (1)

 

        Esaldi bitxi onek, bakoitzaren luze-motzeko ikuspegia leukake mami.

        «Itxu-errian», aurrerakuntzarik pizten ez den errian, osoko ganorarik ez legoken errian; iñork izatera, naiz burubide epeleko izan; onek leukake aginpidetza, onek akulua; ta au berau noski, «begibakarra aikate».

 

IGESI DIJOANA BERO, JOANAK, ITZULERA GERO. (2)

 

        Gizonon odolean degun sua adierazten digu esaldiak. Adibidez, odol irakiñaz, furian nora-ara dijoana, «igesi dijoana bero» doa. Baiña txingarra itzaltzera, irakitea ere baretu; ta, luzera oztu; ta otzaren egapean, naiz-eta, makurkeriari eutsi; zer irabazbide leukake? «Joanak, itzulera gero».

 

INTXAURRA DUENAK JATEKO, IZANGO DIK ARRIA AUSTEKO. (2)

 

        Esaerak, bearrezkoena duenak, osterongoa izango duela egiztatzen digu. Ain xuxen, batek dakar bestea. Altxor ona dagoen jauretxera, oiñorde-gaia urbilduko da; okela dagoen kakora, elbiak alderatuko; arraia dagoen saskira, katua; nexkarik dagoen pestara, ezkontidea...

        Adibidez, «intxaurra duenak jateko, izango dik arria austeko».

 

IÑOREN ZER ESANGOAK, LOTZEN DIZKIGU ZANKOAK. (2)

 

        Esaldi onek, nork zer esangoaren kezka aurkezten digu. Gizonon asmakeriak, berenkix erro luzekoak dire-ta; begi-luzea ere lau aizetara begira degu noski. Begia ezik, orpoak, atzamarrak, eta mingaiña ere; baldin, «iñoren zer esangoak» zapuztuko ez ba'ginduzke. Onek, «lotzen dizkigu zankoak».

 

NOR EZ DAN ETXEAN, SU-MAKURRA GELATZEAN. (1)

 

        Esaera ain xuxen, akulurik ez den etxepera doa. «Iñor ez dan etxean», galtzadunik ez den barrunbea, aginpidetzarik ez den sukaldea, denak tun-tun diren sutondoa; iñor ezaren agerpen garbia da. Eta agintea daramana gatz gabea, epelontzi ba'da; suaren astinketarako oi den «su-makurra gelatzean» kakoturik; aurrerantzean onek etxea zaindu dezan.

 

ITURRIKO UR GARBIA, UTSA DALARIK AUNDIA. (1)

 

        Esaldia, dagon-dagonean naiko garbi dako. Sarritan, «iturriko ur garbia» aintzakotzat artu gabe, aundi-maundiz, zerbait bereziaren billa gabeltza; begientzat aundi zaigun edozerren billa. Eta geienetan, «utsa dalarik aundia», urrean deguna konturatzeke.

 

ITXAS-EGALEKO AIZEA, URA BERA BEZIN EZEA. (2)

 

        Esaldi onek, ingurununea urakin lotzen digu. «Itxas-egaleko aizea», bere ezkoan ere, eguraldi beroenakin eramangarri da; ba'dirudi ur-putzu zabalak gain-apar kiziak, lau aizetara banatzen dituela. Beti ere ezea izaki, baiñan egutaroa oztera, egutaroa jeistera; orduan «ura bera bezin ezea».

 

ITZETAN EDER, EGITEETAN OKER. (2)

ITZETAN EDER, EGITEETAN LANDER. (4)

 

        Esaera biek batetik datoz nola-nai ere, ta itzak duten ingurua mamitzen digute. Ao biguneko, mingain labaiñeko, «itzetan eder» direnak, edonorren txoragarri izaki. Alaere, ernai egon bear, «egiteetan oker», «egiteetan lander», direnezkoaren estalkizun, itz utsen asmakeriaz baliatzen diren ala ez.

 

ITZ-ONTZI, UTS-ONTZI. (1)

 

        Esaera, agian, naikoa ziurtasunez baieztu daiteke. Adibidez, «itz-ontzi» dena, ao-zabal dabil; eta jakiña, barra-barra izjario dabillenak utsak ere, ontzia betean noski. «Uts-ontzi», aoka juxtua beraz...

 

IXILTZEN EZ DAN MINGAIÑA, BELARRIETARAKO MIRA. (1)

 

        Esaerak, leenarekin ba'du kidetasunik. Adibidez, izjario dena, ausnartzeko beta gabe, itza itzetik eten gabe; kurpil legortua tartarras gisa diardu. Bide batez, «ixiltzen ez dan migaiña», pertza mazpilduaren tarranta bezelatsu litzake; «belarrietarako miña».

 

IZARDITUEN SARIA, EGUNEROKO OGIA. (8)

 

        Esaeraren muiña, lanarendiko obarian dago. Ain xuxen, igesbiderik gabeko ezparrua degu gizonok larre-bide. Jan nai duenak, lan egin bearra; ta lanak izardia. Beraz, izardiaz oretuko degu biziaren iraupen bear-bearreko zaigun «eguneroko ogia».

 

IZUBERAK BEGIAK LARRI, AUSARTAK ERE BAI SARRI. (2)

 

        Esaeraren mami, bakoitzaren kiki-makoak lirake. Ain xuxen ere, giza-munduaren barrutian izugarririk aski ba'dago. Baiña zirkil egiñaz, patxadaz bizitzeko ere azala bear noski, ta azalik ez duten «izuberak begiak larri». Alabeiñik, izuz edo larri-miñez, azal lodikoak, nasaiak, eta «ausartak ere bai sarri».

 

JAI EGUNA TA LANEAN? GALTZA ZAARRAK SOIÑEAN. (1)

 

        Esaerak, jai eguneko lanaren murriztasuna adierazten digu. «Jai eguna ta lanera?» Izan ere, astearen buruan sei egun buru-zuri lanean urratu dituenak, ez ote du merezi zazpiagarrena oso-osorik atsedentzeko? Galdu-ordearen billa dabillenak ere, aberastasunean gora-beerakorik ez du izango noski; ta bai, «galtza zaarrak soiñean».

 

JAI EGUNA TA LANERA? ALEA JALKI, TA LASTOA GALBAERA. (2)

 

        Esaera bi auek elkarren senide dirudite. Lenengoak, jai egunez egiten den lan guzia utsera botatzen du. Onek ostera, okerragotzat artu; egiten den lana, alper-lan bota, lekarken etekiña galtzea; mamia galdu-ta azala biltzea dela adierazten digu; «alea jalki, ta lastoa galbaera» jasotzea alegia.

 

JAKINTSUA SARRITAN IXILIK, EZJAKIÑA, IXILDU EZIÑIK. (2)

 

        Esaera, atzekoz-aurrerako jokabidean mamitzen da. Ain xuxen, itza duena, irakasbide litzakena; «jakintsua, sarritan ixilik». Nork bere saskia osorik gorde nai...

        Ostera, saski-utsik dagoena, ao-bete ortz soillik dituena; «ezjakiña, ixildu eziñik».

 

JOKUAN NORBAIT IRABAZLE, GEIENAK GALTZAILLE. (1)

 

        Esaldiak, joku-griñaren ondorio gaiztoa aurreratzen digu. «Jokuan, norbait irabazle». Agian, norbait au, jokuan sartzen ez dena izan daiteke. Osterontzean, jokatzaillea apostua nun, bera an dago; ta, ara-ona dabillenari, galdu ala irabazi, gastubidea pillatzen, eta irabazien putzua agortzen. Beraz, jokalari direnak, «geienak galtzaille».

 

JOKU BEZPERAN ERRONKA, BAIRAMONEAN ERRENKA. (1)

 

        Galtzaillearen irudi xuxena dakar esaldiak. «Joku bezperan erronka». Jokuari aize ematea da noski. Apostuari indarra, beroa, sua eman bear, jokurik izango ba'da. Baiña, derriorrean bietan bat galtzaille bearko duanez, au izango da noski, «biaramonean errenka» eroriko dena.

 

KANTA BERRI, BERRI DANEAN KANTAGARRI, ZAARTZEAN MINGARRI.(4)

 

        Esaeraren adierazmena, ontzi-neurria betetzea bezelatsu da. Bakoittzak daramakigu geure ezkutuan berrikeriz bete nairiko ontzitxoa, berri-zale geran arrazoi soillagatik noski; ta lorez-lore, aparretik aparrera, itxu gabiltza «kanta berri» ontziak tokia dueneraiño, «berri danean kantagarri».

        Luzarora ordea, onek ere bete egiten, ontziak gaiñez egiten...

        Beraz, berri zan kantua onenbesez zaartu, ta «zaartzean mingarri» noski.

 

KATUA FALTA, SAGUAK DANTZA. (1)

 

        Esaerak, etxean itzalik ezaren agermena lekarke. Adibidez, akuillurik ezean, uztar-idiak motel; artzaiña etzanean, artaldea zabal; gidari gabeko etxean, nagikeriak indar... Beraz, «katua falta, saguak dantza».

 

KATUAK DARAMAN OKELEA, GEIAGO DEK BEREA; ETA EZ IREA. (10)

 

        Esaerak bere bitxian ere, badauka bere mamia. Bide batez, aixeriak daraman oilloa, eskutik jalki dezun txanpona, aizeak daroen zapia, «katuak daraman okelea»; etzaitzu berriro eskuratuko noski, ta, «geiago dek berea; eta ez irea».

 

KATU MIAULARI, GUTXITAN EIZTARI. (1)

 

        Esaldi ontan, azpi-joku nagia nabarian dago. Katuaren egitekoa, sagu ta arratoiak zaintzea litzake. Baiña, sukalde jiran, etxekoandrearen gonetan dabillen «katu miaulari»; zartagatik ezik, «gutxitan eiztari», izango da.

 

LAN IGESI AUZORA, AN ERE, JATENA EZ DATOR AORA. (2)

 

        Esaldia zuzenean, nagikeriaren bizkarrera doa. «Lan igesi auzora». Lanperako etsirik ezaren jokaera zoroa, nagi-aizearen eragin makurra noski.

        Alabeiñik, auzo zabala ere, eguzkitan erretako opillaz ez da bizi; «an ere, jatena ez dator aora».

 

LANERAKOAN BAREA LEZ, ETXERAKOAN BALEA LEZ. (9)

 

        Leenaren kideko artu daiteke esaldi au ere. Lanerakoan, motel, nagi, ezkerreko orpoa, eskubiko anka-muturrari aurren artu eziñik; «lanerakoan barea lez». Itzulera ordea, batekoz-beste dirudienez, aizea furiz bezela, bala-txistuaren gisara; «etxerakoan balea lez».

 

LAN LASTERRA, LAN ALPERRA. (1)

 

        Esaera, lana itsu-mitsuan egiteari buruz dijoa. Lanari ekin aurretik, kaskarra arretaz aztertu bear noski; zalapartaz jardun gabe, ta egiñak bere balioa dezan; «lan laisterra, lan alperra» izan ez dadin.

 

LEIOARI LEIATILLA, ATEARI MARATILLA. (1)

 

        Gauza bakoitzak bere tokian duen garrantziaz mamitzen da esaldia.

        Gizonaren neurrira aulkia, soiñaren neurrira siñekoa, topin bakoitzari bere estalkia; bakoitzari zor dagokion omena. Leioari leiatilla, ateari maratilla».

 

MENDIKO ARDIAK, MENDIAN BEGIAK. (3)
MENDIKO TXORIAK, MENDIAN EGO BIAK. (1)

 

        Esaera bikutz onen mamia, nor bera sortu den ezparrua litzake. Sorleku txokoarekiko maite-miña. «Mendiko ardiak, mendian begiak». Eraberean; «mendiko txoriak, mendian ego biak». Abere ta egazti, auentzat, beren larretokiak zorion bide; mendiko aizea arnas-bide...

        Gizonok, iristen ote gera onenbesteraiño; ala, erdizka ez ote gabiltza?

 

MINGAIN LUZEA, IZJARIO EZIN ASEA. (1)

 

        Esaera, itz-iturrian mamitzen da. «Mingain luzea» duenak, gaizbiderako joku bi dauzka; luzegia izateagatik ao-itxian gordelekurik ez, eta jokuaren galtzaille. Aoz kanpora ere, «izjario ezin asea»k, jarduna eder zaiolarik, ontan ere galtzaille; jardun eta asetzeke gelditu; irabazirik gabeko jardunkizunean galtzaille noski.

 

MINGAIÑAK LER EGITEAN, BARRUKO MIÑAK AO-BETEAN. (2)

 

        Esaldiaren mamia, eramankizunaren mugatzean dago. Adibidez, gizonok izakeraz ezberdin geran ezkero, lotzen gaituzten miñak gordetzeko eramankizun ontzi attaleko, ta zabalekoak gera noski. Lenengoak, zipriztin utsetan ontzia ustuko du; bigarrenak iraungo du ontzi-muga betetzeraiño, «mingaiñak ler egite» raiño. Orduantxen doaz, «barruko miñak aobetean».

 

MOKOR ZABALAK, NEURRIRA GONA-AZTALAK. (1)

 

        Esaldi bitxi onen muiña, bat bestearekin neurtzean dago, Gurdi zabalari, bide zabala; seni-tarteri ugarian, jakia lakarika; neurriz gaindiko buruan txapel aseroa. Zalantza gabe, «mokor zabalak, neurrira gona-aztalak».

 

MUNDUKO BERRIAK AZTERTZEKO NAIKOA, OSPITALEKO GAIXOA,

ETA KONBENTU ITXIKO MOJATXOA. (2)

 

        Ain xuxen, esaerak jakin-miñaren zergatia mamitzen du. Alegia, «berriak aztertzeko naikoa», nortzuek daitezken? Aize garbirik artzeke, barrunbeko ixiltasuna daramatenak, aparteko berri-zale oi dire noski; aizeak darabizkian berriak jakin nai; adibidez, gaixotasunak zankoak lotzen dizkion «ospitaleko gaixoa», ta, ara-onakorik gabe, morrollopeko bizitza etsia daraman, «konbentu itxiko mojatxoa», ezparirik gabe.

 

NAI DUENAK, AAL DU, NAI EZ DUENAK, GUZIA GALDU. (1)

 

        Esaldi ontan, nai izatearen indarra bereizten da. Idurimenez, biotzez, edo-ta, eskuz balia daiteke gizona. Nai izatearekin bakarrik, edozertarako gai litzake noski. «Nai duenak, aal du».

        Ostera, ezezkoan elkor dagoenak, «nai ez duenak, guzia galdu».

 

NAIZ ASKO, NAIZ GUTXI, EDURRA, EDUR BETI. (3)

 

        Erdizkako gaitza nabarmentzen digu esaerak. Gaixotasun ariña, sendaerrez beti; txakur txikiaren kaskakoa, azal-urratua oi da; euri-lanbroak, lurrikararik ez... Ostera, arri-abarrak, zume-txortenari utziko dio bere ukuitua; bide berean, elurrak ere ba'du bere pupua; «naiz asko, naiz gutxi, edurra, edur beti».

 

NOLA APAIZAREN KANTUA, ALA AKOLITUAN ERANTZUA. (2)

 

        Esaeraren muiña, indar biek bateratzean legoke. Adibidez, korrikalariari, korrika jarraitu; apal datorrena, apalik artu; galdera bitxiari, kutsu berdiñeko erantzuna eman... «Nola apaizaren kantua, ala akolituak erantzua». Biek duiñu berean noski. Konbentu barnean monjatxoak ere, aopeko mintzoz baliatzen dire.

 

NUN GERTATU, AN OSTATU.(1)

 

        Esaldi au, ardurarik ezaren agerbide baiño ez da. Galdu orderik gabe ara-onako bidaztiak anka-puntetan ditugu; «nun gertatu, an ostatu», dabiltzanak. Adibidez, ijitoa legorpe zirtzillean, landerra, basarriko garo-tegian, praille eskalea, erretore-etxean... Agian, aurrea begiz joa zeukaten atseden-tokian.

        Baiña ba'ditugu besterik ere gizartean, aize-zurrunbilloaren arabera, eginkizunik gabe, nagi ta zentzunge, zankoak norantza iritxi, «an ostatu», bizitza urratuko dutenak ere.

 

NUN GOGOA, AN ZANKOA.(1)

 

        Gogoak gizonangan daukan lenengotasuna da noski esaeraen muiña.

        Uneoro gogoaren jirara dantzari gabiltza; gogoaren besondotik ariñaketan. Ametsetan da egintzetan, «nun gogoa, an zankoa».

 

NUN IRIÑA, AN OPILLA. (1)

 

        Esaerak leenaren kide dirudienarren, pentsa-molderako ezberdiña da noski. Adibidez, iriña nun dago? Gari, naiz arto, iriña, ale-kutxan. Eta nolatan kutxaratua? Beso-indarraren bidez,eta lanaren izardiaz noski.

        Beraz, «nun iriña, an opilla», lanaren etekiñaz datorkigun egunoroko ogia.

 

OGI ERRE-BERRIA, ETXERAKO GALGARRIA. (1)

 

        Etxeko burubideari lotua dago esaera. Goze denenan agiñak zorrotz oi direnez, ogia zenbat bigunago, zenbat arroago, orduan-da aokada osoago. beraz, erre-zarrean egun osorako litzaken muturra, «ogi erre-berna» izatera, otordu baterako eskas agian. Jakiña, ontara «etxerako galgarria» izan bear.

 

OILLARRA ZENBAT GORAGO, KUKURRUKUA AREAGO. (1)

 

        Esaeraren muiña, aginpidetzaren oiartzuna da. Oillo-taldearen burn, oillarra oi da. Era berean, gizartearen burubidea ere, bakar batzuen eskuetan noski; baiña aldi berean, agintearen irizpideak ere goraka; mailla-maillaka goi-kukulluaren egarriz, zenbat eta gorago, burua zutiago. «Oillarra zenbat gorago, kukurrukua areago».

 

OILLO IBILTARI, AIXERIAN JANARI. (1)

 

        Esaera, alderantzearen ondorioan mamitzen da. «Oillo ibiltari», beti ere, basa-piztien begietan dabil. Orobat, etxetik aldendua ere, etsaiaren gogotamen, eta ixil-ixilka, bere urratsetan zelatan dagoenaren begi-luzea; ta, goiz edo berandu, onen atzaparretarako, azken batean. «Aixerian janari».

 

OIÑAK LUZE, BEGIA LUZEAGO. (2)

 

        Esaldiaren adierazmena, begiak oiñari aurren artzea degu noski.

        Beti ere, begiek darabilte oiñen tira-bira. Oiñak beren motelean artu duten bide neurtua, daramaten jo-muga, nolaala urratuko dute; alaere, begiek beti aurre-mutil, beti aurrerantza, beti kukurdun, itxituraz gaindik ikusmen dutelarik. «Oiñak luze, begiak luzeago».

 

OKELA TXILBORRARI, EZURRAK TXAKURRARI. (4)

 

        Esaldia, banakeraren arrazoi bitxia da. Zenbatek esku bakarra oi du, artu-eskua soillik. Ezer onik urbiltzean, —au neretzat—, eta eskua aixa luzatu; «okela txilborrera» noski. Ostera, batekoz-beste derrigortzean, eman-eskua itxirik; geienik ere, beretzat gauza ez dena emangai. «Ezurrak txakurrari».

 

OKILLA, ZULOGIÑEAN MUTILLA. (4)

 

        Esaera, aai egitearen ondorioaz mamitzen da. «Okilla», egarazko bizi ta izuti au, betidaniko langille ezaguna degu. Ixil baiña arretaz, asi ta jarrai. Enpor igartua egunaren buruan aldez-alde zulatzeko gai da. Txiki, ixil, eta izuti delarik; «zulogiñean mutilla».

 

ONEAN ON DANA, TXARREAN TXARRENA. (1)

 

        Gizonaren on-muga zabala azaleratzen du esaldiak. Ontzi nasaia, ontzi zabala, neurriz aseroa den ontzia; gaiñezten ere gaitza izaki. «Onean, on dana». Baiñan, gaiñaz egitea eltzen denean, tarraparra ere zakarragoa noski; «txarrean, txaarrena».

 

OTSOA BAKARREAN MARRUKA, BI EZKERO, KORRIKA. (3)

 

        Esaerak, elkartzeak leukaken indarra du azalpen. Nor delarik ere, naiz «otsoa» bezain gogorra izan, bakarrean dagoenean, illun, negarti, «marruka» urratu bearko du bakartasun giroa.

        Ostera, laguna izateak, indarrak berritu, bizi-poza argitu; ta bere onean sartuko da. «Bi ezkero, korrika».

 

OTSOAREN UME, OTSAKUME. (1)

 

        Jatorri-kutsu makurraren ukuituaz, ondore-adarrak ere lotzen ditu esaera onek. Gizatxarraren urne, arroaren urne, ama-galduaren ume direnezkoak; gaitzaren kutsua, aitaamen odoletiko egitura nabarmena ekarriko dute noski; «otsoaren urne, otsakume», den arabera.

 

PERTZAK, IPURDIA BELTZA, ORI DAKIENA, ETXEKO GELATZA. (1)

 

        Esaera, bizi-egituraren zailtasunean mamiturik dago. Beti ere, ezkon-kideen bizitza, betekizun estuen iturri oi da. Egurastarte illunak paparrean, egunoro zerbait beltz. Adibidez, «pertzak, ipurdia beltza».

        Alaere, miñak-min, betartea aldatu bearra sarriro datorkie; beltzaren zokondoa estali bearra. «Ori dakiena, etxeko gelatza» noski.

 

PITTIN-PITTINKA, ALEAK KUTXATIK ANKA. (1)

 

        Esaeraren muiña, irabazi-iturrien agortzean dago. Izan ere, ao goseberari, eguna luze doakio; ta urtea urragaitz. Eta, ain xuxen, orain, gero, ta geroago; «pittin-pittinka», konturatzeke; urte luzearen osagarri bilduriko «aleak kutxatik anka».

 

SABEL UTSA, ZORRI-TOKI, SABEL BETEA XIMAURTEGI. (6)

 

        Bizitzeko jan, ala, jateko bizi? Auxen da esaeraren adierazmen. Adibidez, jatekorik eskuan ez duenaren sabela, edota, eskuetan duela, zikoizkeriz jan beldur denaren «sabel utsa, zorri-toki» noski. Ostera, nun zer jango, janaren truk dabillen «sabel betea, ximaurtegi» baiño ez.

 

SAMUR BILDU DAN UZTA, GALBAETZEAN UTSA. (1)

 

        Esaldi onek, samurreko bidea leukake mami. Zailtasunik gabe eskuratzen dan edozer erein-errez oi da, aisa datorren edozer igeskor; «samur bildu dan uzta», mami gutxiko alezimr izaki, ta «galbaetzean utsa». Ba'zanezkoan da utsean gelditu.

 

SASIAK BELARRIAK SORAIL, ONEK JASOA AIZEAK DARABIL. (2)

 

        Esaldia, ixilka entzutearen joeraz mamitzen da. «Sasiak belarriak sorail». Bai noski, au zarraparra gisa entzun da pillatuaz doa, batez ere ixilkako esames bitxiak direnean. Naiz osoan, naiz erdizka, gezur ala egia izan, «onek jasoa aizeak darabil».

 

SASIAK ENTZUNA, BI-TIK BAT GEZURRA. (2)

 

        Esaldiak leenaren jarraimen dela dirudi, ta geiagoko argibide gabe ere naikoa adierazmen leukake. «Sasiak entzuna», aoz-ao aizeak darabillen ixilkako berria alegia, «bi-tik bat gezurra» dela.

 

SORO TXIKIA BAZTAR UTS, GIZON TXIKIA SABEL UTS. (1)

 

        Esaldi ontan, aurpegiaren masail biek mamitzen dire.

        Naiz aundi izan, naiz txiki, soroa soro, ta baztarduna beti, txapela bete lur izatera ere, jira zabalean baztarra; «soro txikia baztar uts».

        Era berean, neurriz urri den gizona, txikia, naiz belaunpeko gizona izan, aundiaren neurriko jale izan daiteke noski; «gizon txikia sabel uts».

 

SUAK, SUA DAKARKI, SUGEAK SUGE-KUME NOSKI. (2)

 

        Esaera au, gizonon joeraz ezik, izaeraz ere mamitzen da.

        Elkarrekiko ezagupenik ezean, gizakion joera okerrerakoa da. Adibidez, «suak sua dakarki», asarreak borroka, odolak odola; ta jakiña, itxumenaren galgara, izaeraren zoriaz oraiñaren ezpaletik dator geroa. «Sugeak, suge-kume».

 

SUA NUN DAN, KEA BA'DA AN. (1)

 

        Esaeraren arabera, bide bat bestearen erakusmen da. Adibidez, gurdia joan doanean, ardatzaen kirrinka urbil; auzoa asarre danean, ate itxiak; arria bota dan putzuak, zipriztiñak zabal... Era berean, «sua nun dan, kea ba'da an».

 

TIPULA JAN TIPULA LAN. (2)

 

        Esaerak, jatenaren arabera lan-neurra ere azaltzen digu. Este zimurrekin, lana ere urri noski; ongi betearen ondorio, etekin aseroa.

        Adibidez, «tipula jan, tipula lan».

 

TUTULU-MUTULU MUTILLA? BA'DATORKIO MAITE-MIÑA. (4)

 

        Esaeraren muiñak, maite-min zentzua agerrazten digu. Ezkutu-mizkutu bere onetik irtena, begiratua lurrera, ta itzetan motz. «Tutulu-mutulu mutilla?»

        Nor edo norren irudimen biziaren ezten-zulatuak, maiteaurreak damaion gazi-gezen aztarrak noski. «Ba'datorkio maite-miña».

 

UME AO-BIGUNAK, AMA BIREN BULARRAK. (1)

 

        Esaldiak, ao-bigunekoen bitxikeria aurkezten du. Zer nai eskuratzeko biderik labaiñena, itz-egoki ta eztizko mingaiñak lantzen du noski. «Ume ao-bigunak» aparteko maiña darabil ur-gaiñeko bitsetan bizitzeko. Jakiña, zori au duenak, pertz bietako aparrak, esku biren igurtziak; «ama biren bularrak», bere kutizien asekizun.

 

URAK DAKARRENA, URAK DARAMA. (1)

AIZEAK DAKARRENA, AIZEAK DARAMA. (1)

 

        Esaera bikutz onek, eskuetatik dijoan edozer leukake adierazkizun.

        Adibidez, «urak dakarrena», «aizeak dakarrena», ez dabil gure aal izatean, gure kutiziak gora-beera, ba'doa bere kurpillean; aixa etórri, ta txirristaka joan. «Urak darama», «aizeak darama».

 

URIK EZEAN, ALPERRIK ERROTA. IKUSIAZ GERO EDOZIEN PROFETA. (2)

 

        Esaeraren arabera, ekintzak aurrena ausnarketa eskatzen du. Geroaren zoria, oraiñaren mendean dago noski. Etxea jaso aal izateko, aurrena oiñarria ta ez teillatua. «Urik ezean, alperrik errota». Beraz, etorkizunaren zain, an-emen aterik jo gabe, lotsati dagoenari, bizitza bits-utsean agortuko zaio. Aurrez ausnartu bear; «ikusiaz gero edozein profeta» izan daiteke-ta.

 

URDAI-AZPIKOA OSORIK? ETXEAN EZ DA GOSERIK. (1)

 

        Bizitzaren zori betea da noski esaldiaren muiña. «Urdaiazpikoa osorik» dagoen sukaldea; ez dago ezaren zigorpean, beste jatekorik ere ba'dagoen ixpillu garbia da. Beraz, «etxean ez da goserik».

 

URTEAK ETORRI, URTEAK JOAN, URAK PILLATZEN ITXASOAN. (2)

 

        Esaeraren mamia, bizitzaren baretasunean legoke. Jaio, bizi ta il; ontan dijoa mundua, «urteak etorri, urteak joan», geiagokorik gabe alegia.

        Bide batez, gure aldiaren ondoreak ere ontan bare-bare jarraituko du; «Urak pillatzen itxasoan».

 

URRUTIKO INTXAURRAK AMALAU, URRERATZEAN LAU. (1)

 

        Esaera onek ain xuxen, gure begiek urrutira duten aundiustea adierazten du. Izan ere, guretako bakoitzaren begi-luzeak urrutian oi du ikuskizun aundi. Beti ere urrutian izarrak dirdaraz, naiz-eta irudimen utsa izan; «urrutiko intxaurrak amalau» ikusten ditugu, agian gero, «urruratzean lau» izan.

 

USOA BERE TEGIAN KURRUKA, ANDIK KANPORA IZUKA. (3)

 

        Esaera, beldurraren ardatzean loturik dago. «Usoa bere tegian kurruka» dagoeneraiño zori oparoaz legoke. Alderantzean ordea, etsaiak gaiñean, eiztaria eiz-gose.

        Onelatsu gizarte txotillaren ezparruan ere. Itxitura barruan dagoeneraiño, bere onean noski, bizi-giro aseroan. «Andik kanpora izuka», etsaiaren beldurrez.

 

XIMAURRA NAASAGO, LURRIÑA KIRATSAGO. (2)

 

        Esaldi au, aazturiko zakar ustelen agerbide da. Adibidez, aazturiko gezurra, ixilpeko zokora; zokoratu dan zakarra ordea, lurrin betekorraz naasian ximaurtegirako; ta zenbat eta «ximaurra naasago», gezurraren, ixilpekoaren, zakarraren «lurriña kiratsago».

 

ZAKUR ZAUNKARIA, GUTXITAN OZKARIA. (3)

 

        Itzak eta egintzak bereizten dire esaera ontan. «Zakur zaunkaria, gutxitan ozkaria». Adibidez, erronkaz arro oi dena, egintzetan motz; aurren ama zaratatsua, esku biguneko; kanpai zarata soriak geienbat ospakizun urriaren betegarri oi dire.

 

ZANBALANTRAN, GAUR EMEN, BIAR AN. (1)

 

        Zentzungearen egitura bereizten du esaera onek. «Zanbalantran», zentzurik gabe zabuaren aldera doana da noski; «gaur emen, biar an», zuri, ala beltz izan, ardurarik ez diona

 

ZEGOAN-ZEGOEN, TXITXAK JAN ZUAN. (1)

 

        Esaeraren mamian, mugimenik ezaren ondorea dago.

        Adibidez, kutxan itxian dagon bitxiari erdoia datorkio, aizeratzen ez den oialari, lizun-usaia; plazaratzen ez den ezkongaiari, betirako etxe-zulo etsia. Itz neurtuz esatera: «Zegoanzegoan, txitxak jan zuan».

 

ZEKENA BETI ON-GOSE, GOSEBERA IZAKI ZEKEN EZ-EZE. (4)

 

        Esaeraren mamia, berokoi izatearen irudia da. «Zekena bati on-gose».

        Zeken den ezkero, berokoi ta zetatsu noski, ta nork on egingoaren gose gaiñera. Ontara, «gosebera izaki zeken ezeze».

 

ZENBAT ATAKA, AINBAT MATRAKA. (2)

 

        Esaerak agian, elkarrekiko kakoak ditu adierazgai. Elkarizketarako joku itxua, sarbideak berekin dituen oztopoak. Agian, batek «zenbat ataka» iriki, besteak «ainbat matraka»z bidea moztu. Konpon-bide itxuegia noski.

 

ZERK EKARRI, ARK ERAMAN, AIZEAK EKARRIA, AIZEAK ERAMAN. (1)

 

        Esaera au, dagon-dagonean uztera noa. Leentxeago «aizeak ekarria»ren aitamena egiña det, eta esanai berdiñekoak bai dire.

 

ZERRI GOSEAK EZKURRA, ZAKUR GOSEAK EZURRA. (1)

 

        Esaeraren mami, bakoitzen bear eta kutiziak lirake.

        Beti ere bizidunok, este luzeen betegarri, bakoitzok ditugu bear-bearreko bizi-gaiak, eta agian kutizi utsak ere bai.

        Gizon goseberak, ikuspegi zabalegia du aukeramenean, bearrean baiña kutizian urbillago dabil. Abereek gure gaindik dabiltza noski. «Zerri goseak ezkurra» du bearrena, «zakur goseak ezurra» maiteena.

 

ZEZENA ADARRETIK, GAZTA, USAIÑETIK. (15)

 

        Esaldi onek, gure bizi-moldean, begiek ezik, sudurrak ere garrantzia ba'daukala adierazten digu. «Zezena adarretik». Oni, geure begiz adarrak ikustean, ba'dakigu zezena dela. Ostera, oillo-saldaren otz-beroa, ukimenez artzen degu; arraiña zartagian pil-pil noiz dagoen, usaimenez; era berean, baita ere, «gazta usaiñetik» dakigu nolatsukoa den.

 

ZINZUR ESTUAN PIRRINKA, ZINZUR NASAIAN AMILKA. (2)

 

        Esaera, neurrian-neurriko erabilpenean mamitzen da. Ate medarrak, neurriko sarbidea oi du; juxtuko atakan, ardiek bat-banaka; «zinzur estuan pirrinka»; zinzurraren neurrira aokada.

        Ostera, ate irikian, ate zabalean, «zinzur nasaien, amilka».

 

ZURA BIGUNAGO, ARRA BARRURAGO. (1)

 

        Esaldiaren mamia, biguntasunean dago noski. Biozberen baitan, mamu gaiztoak gorde-leku. Azal biguna, zulatu erraz izaki; suge-mixto pozoia ere, zilleraiño zeartatu daiteke zulatzearen min sorrean. Ain xuxen, «zura bigunago» denean, giarrarik, edo-ta, arabegi korapillorik ez ba'da beintzat; «arra barrurago» sartzen-sartzen ondoratu daiteke, aalik eta enporra aldez-alde laztabindu arteariño.

 

ZURGIÑAREN ETXEN ZOTZEZ, ZOTZEZ ERE MOTZEZ. (2)

 

        Esaeraren mamia, iñoren esaneko izatean dago, Iñoren esaneko, iñoren agindura; edo-ta, iñori itz emana austeke, eskuz zura lantzen diardu, gertakizun adigarri den arotz txotilla. Adibidez, auzorako mai, aulki, arasa; eskatzen dioten edozer, zur tringoaz landuko ditu, ta, «...etxean zotzez»; su-egurraren orderako zotza. Agian, au ere urri; «zotzez ere motzez».

 

ZURRAREN KOLKOA GOSE, LERTU ZORIAN, ETA EZIN ASE. (10)

 

        Esaera, goseberaren bizkarrera doa. Adibidez, txintxoegiaren amets eta jokabide makurrak, elmuga batean pillatzen dire. Aal dezaken guztia kolkorako diardun «zurraren kolkoa gose». Aldi berean, kolkoa ere bete-betean zamaturik, «lertu zorian, eta ezin ase» alaere.

 

 

 

© Martin Ugarte

 


"Jatorriaren errotik" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus