SARRERA GISA, ZURI, IRAKURLE

 

        Leendiko gure jatorri literatura idatzia urritzat artzen degu, gaurko pentsakeraz neurtzen degunean. Izan ere, Erri zaar onen kondaira aztarran mugarik aurkitzen ez degun arren, ain antziñakotzat artzearekin, bear ba'da, utsune illuna nabariago zaigu, alboetako beste zenbaitez berdindu nai izaterakoan.

        Eta utsune onen zergatia, nolabait esateko, aurpegi bakarra osatzen duten giro ezberdiñeko masail bi nabari zaizkigu, nere irizpide xinplean. Bat, Erria txiki izateaz gainera, gizaldietan zear bizi-giro xeari uztarturik iraun izatearen masailla derrigortua; eta bestea, aspaldidaniko gure jakitunak, munduan zear ainbat buruzagiren aolku-emaille izan genitun gizon trebe aiek, Euskalerria, beren erritzako ez artzearena. Erria, ta izkuntza bereziki.

        Emen dago noski, albo-errien galgara gure kurpillaren jirabira ez bateratzearen okerra.

        Alaere, leen belaunaldiei akats utsak ezingo diegu ezarri; gauza bitxirik ere utzi ziguten gure arbasoek. Bear ba'da, idazkizunez motzak zirelarik ere, aozko literatura zabal da aberatsaz osatua, edo-ta agian ontzia gañeztua, utzi ziguten; urratu zuteneko bizi-bide txotillaren bidetxidor medarra. Ain zuzen, gizaldi luzeetan zear mamitu zuten eguneroko bizitzaren hixtoria xuxena, asero zizelaturik utzi ziguten, esakizun xinple baiña arrigarri auen erraietan estalirik.

        Lau begi nituzkelarik ere, lauentzat neukake nora begiratu. Atze-aurre, ezker-eskubi; lau aizeetatik bildu aal bai dezaket erabil-gai xorta aseroa, Erri zaar onen kondaira ixillaren agerbide. Baiña gai bat mamitu nai detan ezkero, gure izkuntzari, gure Euskerari, luzaroan arnasa eman dieten, eta eman aal dezaikien esaera arrigarri auek, esaera zaarrez ezagutzen ditugun auek; gogoangarri bitxi diren ezkero, auek orraztea dagokit aal detaneraiño.

        Esaera auek pillatzen ez nauzu atzo goizean asia, jaso aiñean papertxoren batean zirri-borrotuaz etorri naiz. Aurrenetik, bear'bada, daukaten garrantzirik artu gabe noski. Esakizunak geienbat bertsoz borobiltzen zaietenezko bakarrak irrikatzen ninduan; belarrietarako gozo ziranezko bakarrak noski. Esan dezadan, gurari soillaren eragiñaz baliatu nintzala. Gerora konturatu nintzan zeukaten egitazko garrantziaz, eta ordundik, zor dagokien itzalez, urteak zear belarrietara eldu zaizkidanak arretaz jasoaz, moltxoka au pillatzera iritxi naiz. Euskeraren erabilpenerako daukaten baliabideaz itxu-itxuan gilikaturik noski.

        Geienbat, nere gurasoei, ta auzotar elduei entzunak dira; gaztetan artzantzan ibillia naizenez, artzain urtetsuek esandakoak ere bai. Liburuak irakurriaz jasoak ere ba'dira batzuek. Urte pilloaren zama bizkarrean daramadan ixpillua garbi dago noski...

        Dana-dala, nere irizpiderako, noiz eta nori entzunak zer ikusirik ez daukanez, eta inguru bilduan, naiz zabalagoan erneak izan; ba'dakigu esaera bitxi auek iturri bateko ur-garden, bular bateko uats direla; gizaldien buruan aoz-ao, belaunaldi batek besteari oiñordetza utziaz gureganatu zaizkigun esaldi zeatz bezain arrigarri diren auek.

        Onenean, abendaren sendogarri, etnologiaren altxorrerako geiegizko aberastasunik ez ba'leukateke, oni begiratzeke, izkuntzaren erabilpenerako daukaten garrantzia ikuspegi detalarik; nere utsean ere, zor baten arrak zulaturik, neri aurrekoek eman didatena, ondoreari utzi bear-bearraren zorraz aaztu gabe noski; jarduna nauzu lantxo au tolestatzen. Eta, zerbait oker ba'letorkizu irakurle; arren, barkatu idazu.

        Beraz, ikusi dezakezunez, xorta ontara esanai askotariko esaerak bildu ditut. Eguraldiari buruzkoak, urte-sasoien kabuz, profetatza gisarakoak, aolku tankera bizikoak, jatorri jokabideei josiak eta abar. Nolabait ere, bakoitzari dagokion tokia emanaz sailkatzen aalegindu naiz; eta aldi berean, esaera bakoitzaren muiña ta osterongo adarrak bana-banaka orraztuaz, ulerbide xinplearen bidez, bakoitzen adierazmen txotilla zure baitara zabalkiro sar dadin. Guztira, 357 esaldi dituzu, zazpi sailletara banandurik.

        Itz gutxitan, ordea, esaera auen zergatiaz, auen duintasunaz, aitamen soil bat egitea dagokit. Nolabait esateko; antziñako belaunaldiek bearbada, itz joku batzuen asmakizunetan denbora urratu eziñik, jostaketa bitxiak burutamen artuaz bizitza biribildu ote zuten? Ala, eguzkiaren babesean nagikeriz zeudela, jalgiko zituzten asmakeri soillak ote dira...? Ez bat, eta ez bestea noski.

        Itxu-itxuan, eta uts egin dezakedan kezkarik gabe noski, aitandu nai dizudana auxen dezu. Alegia, aldi luzeen buruan, ainbaten bizi-molde ezberdin, baiña tringoak emaniko jakituri ixil da txotillaren arrazoi biribilla, zeatz-meatz ausnartu zutenaren agerbide baiño ez direla esaera bizi auek.

        Ain zuzen, orduoro zeuzkaten eguzki, euri, aize, otz-bero ta osterongo gertakizunen ezaugera zorrotzaz opilduak bai daude guzi-guziak. Bakoitzen bizikera ixillaren kurpillean zentzuz egiztaturiko gogoeta xuxenaz, eta aparteko graziarekin loturik alegia. Ezaupide oso-osorekin landuak noski.

        Esanai zabalekoak diren arren, ba'dute bai, bat-bestearekiko elkar-locura; gatz eta piper, bixi-bixi tajutzeak ematen dieten kidetasunean batik-bat.

        Zalantzarik gabe, esaera guzi auen zergatia, auen betekizuna, auen garrantzia, etzegoen teillapean, su-paztarrean kontakizun erabiltzean bakarrik, ondorengo belaunaldien adierazgarri izatean baiño. Arrazoi onengaitik, geientsuek beintzat, esaldi birekin tolesturik daude; ta biren loturaz bertso txiki bat osatzen dutela; ta aldi berean, esaldien oin biek berdintzeak damaikie belarrietarako aparteko gozotasun ukigarria ezik, gogoangarria ere.

        Onela, entzuna errotuaz-errotuaz, gure belarrietaraiño eldu zaizkigu aoz-ao, belaunez-belaun, emen, edonorren aukerara irakurgai jartzen ditudan esakizun utsak, baiña bixi-bixiak.

        Esaldiei oiñak berdintzearen egitura, antziñakoa degu noski, edestian zear aitatzen denez. Zerbaitgarrantzizkorik geroaren jakingarri utzi nai zutenean, esaldia, bertso senara tolestatu oi zuten antziñako arbasoek.

        Geroztik, egitura aldatuaz etorri zaigu. Agian, idazkuntzaren aldiak indarra kendu, paper-agiriak gaitzetsi, zapuztu zigun egitura jator au. Gaur, idazkeraz ezik, zintaz, edo-ta videoz artzera iritxi gera; entzumen da ikusmen, begi-belarrien lilluramen izateraiño noski; baiña aldi berean, gizonaren berezko aalmen eta doai berezien erabilpena moztera ere bai. Zorigaitzean, erreztasunean narrasturik, pixka pixkana gizonon gaitasun iturria zapuzteko, agortzeko, arrisku gorrain erortzen geralarik.

        Beste xeetasunik gabe, asi zindezke arian-arian esaera bakoitza irakurtzen. Irakurtzen, eta bide batez, zure idurimen argian orraztuaz eta ausnartuaz, aurrretikoen erentziz jaso degun altxor aberatsaren txertua, itxatsi, errotu, ta bere etekiña zure, ta zure ondorengoen baitan, Euskerak dirauneraiño asero iraun dezan.

        Zuk ekitearen zai, eskerrik beroenak aurrez:

EGILLEAK

 

 

OARRA

 

        Esaera bakoitzak orpoan eraski daraman kako biren tarteko ezaugarria; (1) jaso detan iturria nundikoa duten argibidea dezu.

        Beraz, irakurtzeari eldu aurrez jakin aal dezazun, emen daukazu, -nere aldetik aalegin zeatzenaz azterturik,- osatu detan zerrenda;

 

        (1) - Nere gurasoei, ta auzoguneko urtez aurreratuei entzunak dira.

        (2) - Nun ez dakidala, aoz-ao dabiltzela jaso ditudanak.

        (3) - Gaztearoan, Arri-urdin'en, (Aizkorri'n) artzantzan nenbillela, artzai elduei entzunak dira.

        (4) - Liburuetan irakurriaz jaso ditudanak.

        (5) - «Uxuela» artzaiaren billoba, Xegundo Odria zanari entzunak dira.

        (6) - Martin Alustiza artzaiaren emazte Maria zanari entzunak.

        (7) - Don Manuel Lekuona'ri entzun nion. — Gaztetan, ama zanak ala esan

        oi zigun aitandu zidan.

        (8) - Arantzazu'n dagon Aizkirri basarriko Ladislao'ri, ikazketan astazai zebillela, gaztetan entzunak dira.

        (9) - «Zatubi», Arri-urdin'go artzai zanaren billoba Isidoro Guridi'ri entzuna det.

        (10) - Joxe Askazuri, Agiña'ko (Aloiña'ko) artzai zanari entzunak dira.

        (11) - Iñaxio-Mari Atxukarro'ri, if atiz entzunak.

        (12) - Maria Jesusa Telleria, Telleriarte-auzoan, Elortza basarriko etxekoandreari entzuna det.

        (13) - Aurtzaroan, Brinkola'ko auzo-eskolan maixutza egin zigun Don Jeronimo Sarriegi, apaiz zanak, sarritan esan oi zigun.

        (14) - Txomin Garmendia, berrobitar bertsolariagandik jasoa.

        (15) - Euskal-telebistaz. «Amatiño»ri entzuna da.

 

 

 

© Martin Ugarte

 


"Jatorriaren errotik" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus