ERASKIA

(AURREZ LANDUA IKUSPEGI, ARIAKETAN)

 

Belaun berrien indarra,

oizko alorraz aazturik,

zori onean edo gaitzean,

egaraz dabil arin-arin, lurraren papar zabalean.

 

Sorail zaio begi-sarean, adiaren mundu biribilla;

erdi-purdi aize-bildu erasoak zapindua,

bide-giro lausotsuaren itxumenez osteroa,

giza-molde ezezagun ireki labaiñean txirristaka

sartu ezkerondik:

 

—Pasa-txorien keraz

aizearen kulunkara—.

 

Barne bultzaren arrakastaz,

aski zaio ego biek zabaltzea,

eta nunbaiteko eskuak:

...—eraman daramate,

eraman;

bide-ñabar ezti ortan

zorabioz

dagoela.—

 

Bere alorretik urrutira;

irudimen bitsetan:

 

—Eraman...

nork ezean

lamiñen ezparrura—.

 

Tokian-tokiko opillak txuri zaion arren,

eguzkitan erreak eskuratzen ez-eta...

 

—jeisten datozen elur-maluta beraiek,

opil-txuriak...

Ezpain irtenen epelez

mun emanaz batera,

abian urtuko

perkatx

eroriak.

 

Urtu...

Laztan axanpaz batera,

bear ba'da;

belaun-mugaren kolkotiko

amets bitxiak...—

 

Ontan, idurimen sakona uats-leen argitan orraztuaz:

—korapilloa askatu edo autsi—;

jomuga zuurrera iritxiko daneraio.

 

ITXI DAGIDAN itxi

aldi baterako,

otz-beroek zartarazi didaten

leiatilla txatal

ezpaldua.

 

Eta iriki dezadan ostera,

illunpe beltzaren sabelean,

betazal lodi auen gibelean,

idurimen lauso eremuan

lamiak aitzurtzen diarduen

ixilpeko

ezparrua...

 

Ari-arika;

leena orraztearen zentzua

egaraz aldendu

zaidanean,

 

Zerupe otzean,

utsaren beltzean;

izar keiuen dirdirapean

zazpi orriko soiñeko pinttarra,

bostoillo azken-mordoak

jantzi

duenean...

 

Dena txuri dakuste,

dena txuri,txuri;

nere idurimenak,

eta azken belaun-mugak,

egun-uats

paparrean...

 

Txuri...

Lauso-sarearen gandura,

urrutiko mendien

lepa-gain irtenak,

ospel-eguterak...

 

Txuri...

Kare-arri mokorrak,

elorri-pipitta txikerrak...

 

Txuri...

Oianeko piñudiak,

ta landako marrubiak...

 

Txuri...

Moñapeko txantxangorriak paparra,

ta Oria ibaiak upakin aparra...

 

Txuri...

Lauso-sarearen gandura,

gero baterako

bizi-egiturak,

ta elkar-loturak...

 

Ogi-mamia bezain txuri,

begi-sareen ganduxka,

izotz-gangor bizar utsa.

Txuri;

urbildu zornearen

arra.

 

Odeiaren ezkontide

lanbo txarraxta;

ta eguzki-begi

abarra...

 

TXURITASUN tuntunean,

bizi-giro mugikorrak zulaturik,

—pasa-txorien keraz,

aizearen

kulunkara—,

 

aizken-belaun aurrekoia,

paga-uxoaren

egapera.

 

Ega-txaplakaz urratzean

aize-bilduen mixtoan

ametsaren ibilguna,

eraman daramate,

eraman;

bide-abar ezti ortan

zorabioz

dagoela.

 

Eraman...

—Nork ezean

lamien ezparrura—.

Aize-lera ariñean,

eta aize beraren jolas-kide txepel

dutela.

 

Uneoro arra-bete,

elmugarantz doan arte,

egurasguna

eioaz-eioaz,

armiarma-ari txirdiña

bere baitan opiltzen

duela...

 

Opiltzean,

matasa arro ildora,

aize-kuskullak bolo-bolo,

goruzorroaren

gonape izkutuan

lertutzen

direla...!

 

Eraman daramate,

eraman,

txoriek airean.

-Nork ezean

lamien ezparrura.—

Aize-lera

ariñean...

 

Oiñak...

Ibilli bearraren oiak,

arras

lotuak.

 

Oiñak.

Zankoak.

Txorkatillak.

Orpoak.

Aurrez

nekatuak.

 

Lume-berri muskilletan lilluraz,

ibilgune ezti oparo

Zeruak.

 

Adiñaren egoekaz,

ernaldu aal ba'litza

gero baten txorten

elduak...

 

Ernaldu ezik,

bir-osatu.

Launakatu.

Toleskatu.

Ta, larra-saillean utzi,

aldraz-aldra

zabalduak;

 

lozorro utsaren pardelean

aitu ez daitezen,

aurmin soilletan

galduak...

 

Eraman daramate,

eraman,

txoriek airean.

—Nork ezean

lamien ezparrura—.

Aize-lera

ariñean...

 

Alaberarraren maastira larra-billa,

an, ostalari panpox dadin

aixa daramaki

pasa-txoriak.

 

Maats-molkoxkak janari,

urin-zukua edari,

arrotz-lur mami-betean,

mozkor-ondore pozkirriaz

begi-niniak...

 

Uztai-gune aseroa papar jirara,

dena parpail,

dena sorail,

jeisten datozen elur-maluta berak,

opil-txuriak...

 

Ezpain irtenen epelez

mun emanaz batera,

abian urtuko

perkatx

eroriak.

 

Urtu...

Laztan axanpaz batera,

bear ba'da;

belaun-mugaren kolkotiko

amets

bitxiak...

 

EZPARRU asegaitzean

ipar-begira aizeak orratza,

ta ameraun sareak

apur-apurka estaltzera

eguzki-begia.

 

Uxoak berriro

iparrera mokoa,

ta iparrera belaun-berriak

zankoa.

 

Oraingoz zuzia;

pasa-txoriak,

belaunaldi berriak,

iparraren gangor illunean

narrastari txatxar den

iputargia...

 

Ez bat-bateko itzulerarik

pasa-uxoen kideko

aizean.

 

Begiek jaso dezaten,

ba'dala txuri ez dan

tartekako txatalik

lurrean...

 

Oiñak arinduko.

Zankoak.

Txorkatillak.

Orpoak.

Ezur-giltzak askatuko,

argiaren

uats-leenean...

 

Bereiztu nai,

ona ta gaitza,

txuri ta beltza,

ozpiaren garratza;

bizi-ari matasa

ez dela txuri utsa...

Milla gazi-geza ba'dituena

lurrak

txapelpean...

 

Bereiztu nai;

biotz-galgaren pilpiraz

ausnarka,

 

oiñaldatze bakoitzen

itxarobide

ausarta.

 

Bereiztu,

ba'dala gaitzaren urrabide

damuzko argia

illunaren egapean,

txori-kantu solasean,

maitasun gardenaren

uaska.

 

Basa-ondoko

sasien gisara emankor;

arantzak bere pipitta,

nar-aienak bere

masusta...

 

Kanta-kantari bereiztuko,

alda-aroaren okerra.

Kanta-kantari mirestuko,

zaputzondore paparra...

 

Nai ta ere,

begi nekatuek

ezingo dute ikusi oraigoz,

alea eioaz,

errotarri

bikutza.

 

Anka-orpoak

ezingo dute zapaldu,

irin-lauso galduen katillu,

ar-landuzko zolairu

otza.

 

Beatz-mutturraz

ezin ukuitu,

irin leunaren

lauso-illupa

autsa.

 

Belarri txintxurrak

ezingo dute jaso,

tankal motelaren

otsa...

 

Alabeiñik...

Aztarran soil auen eskuta,

orriz-orri

tolestua.

 

Bizi-ari txidorrean,

beltzondoaren gilborrean,

izan daiteke izan,

errauspeko txingar

aaztua...

 

Kanta-kantari bereistuko,

alda-aroaren okerra.

Kanta-kantari mirestuko,

zaputzondore paparra...

 

Iru errekatxo

berenkis txaltari,

aopean mintzoz

batak-besteari.

Uaskak artzeke

iru ostalari,

luebai arrora

oro lotsagarri.

 

Alearen eza

nabari danean,

leenen erasana

errota zaarrean.

Asteurren opil

arroaz aaztean,

talo-bero usai

zereko zerean.

 

Errota ixilla

urtez zamatua,

jazkera beltzean

untzaz zapaldua.

Teillatu gangorra

larrua beztua,

aizken-belaun kerak

arras zapuztua.

 

Ixilgune utsa

barrunbe urria,

ixillaren beltzez

ingurumaria.

 

Makalak bakarrik

daroe argia:

Joanaren kera-ta,

ondore berna...

 

Kanta-kantari bereiztuko,

alda-aroaren okerra.

Kanta-kantari mirestuko,

zaputzondore paparra...

 

Igelak karrakaz upakin atsean,

sagu-zaarrak zirkil gabaren ertzean.

Ontzaren oiua teillape utsean,

gogoramen soillak besterik ezean...

 

Kanta-kantari beriztuko,

alda-aroaren okerra.

Kanta-kantari mirestuko,

zaputzondore paparra...

 

BEAR BA'DA...

Etorkizun parpailla korapilloz,

—lur-kaxko onen

geroan—.

 

Belaunaldiko

nexka-mutillak,

ta adieko ezkongai miak,

korapilloa askatu edo autsi;

kantatuko,

agian dantzatuko,

TANKALAREN

LELOAN...

 

 

 

© Martin Ugarte

 


"Jatorriaren errotik" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus