V'GN. ALDAKA

 

Gerrate gorrian,

milla gazi-gezen gozagarri izaniko errotariak,

besterik itxaro zuen ondorerako.

 

Ixilkako gau-ekiak eten-da,

argi-nabar bideari elduaz-bat berriro oztopoak.

 

Orain, lurrak lantzeari utzirik,

Azaltza'tik esku-indar berria igeska doa

irabazpide berrietara.

 

Au, irentsi eziñekoa zaio Elordi'ko errotariari,

ta berak uste onez egiaren esker beltzaren baitan,

etsi eziñaren irudimen zoroak gogoetan,

egunez-egun, da urtea duin luze zaizkion

ordu bakoitzeko.

 

Burutamen zabalak uneoro,

errotarria bezain zabal-da,

jira-biraka arria bezela.

 

—irudi bitxi utsak,

amets antzuaren urratsak;

joanaren burutamen

otzean—.

 

Lurrak ere oztuak, eta antzutuak.

Erein ezean uztarik ez,

uztarik ezak alerik ez.

 

—Joan dira joan betirako

lur otzaren goldariak—,

 

Alaz ere, ainbat neke-bide urratzeke dator

ateetara eguneko ogi arro biguna.

 

—Eguneko ogi arroa,

kaletik aterantz doa—.

 

Asteurrengo labesturik ez dute Azaltza'tan,

ez-eta talo bero zabalik ere.

 

—Talogillerik ez dator

belaun-muga berrien

baratzean...—

 

Onenbestez aaztu da lugia,

mendez-mende aora zetorkion ogi-zatiaren garrantziaz.

Onenbestez aaztu errotariatzaz ere,

Azaltza'ko auzoguna, Erbarrena, erri-eremu paparreko

lurtzaingo zabala...

 

...—eta guzia adur-gaiztoz,

errotariaren kaltean...—

 

 

        V

 

BEGI-ITXI batean

amilduriko urte moltsoka,

nere begi luzeak ganduaz naasi

erraiñu-berriztean;

 

Gandu ber-bera,

nereaz batera

errotari berak ere,

betazalen gaindik opildua;

leena

oroitzean:

 

Asto zamatuek gora ta beera

bat-bestearen orpoz-orpo,

Gatzarrita'ko

bide-kurutzean...

 

Goldarien uztarritzak,

gal-soroen urre-dizdiritzak,

eguzkiak

ukuitzean;

 

iritariek,

gari-jotzailleek;

gazte naiz adieko

oiturazko kurpillean,

Azaltza-auzo

maratsean...

 

Onen da nere betertzetan

irudi bitxi utsak,

amets antzuaren urratsak;

joanaren burutamen

otzean...!

 

BIZIAREN ardatzean;

gazi-gezak gelatzean...

 

Azaltzarren jatorria leiu-kutusa,

mailla-maillaka

erlaiño barexkak irentsia,

belaun berrien

kolkorako.

 

Itzain deadarrak oiartzunik ez

belarri sarera.

Ez galeperrak ere txitealdirik

kantuz larraatuko

belatzera.

Aldioro, lur landuek gorri-orixka,

osteroan musker jantziaz

oizko landak,

goldez iraultzeke utziaz;

more-arre naasiko

azal-estalkiak zarpail

aldi

baterako...

 

Leen-ezpaletiko oin berrien lepondora

eztenkada otza,

ta betirako lotsa;

noiztandiko eremu zaarren

orporako!

 

BIZIAREN ardatzean;

gazi-gezak gelatzean...

 

Joan dira joan betirako,

lur otzaren goldariak;

alor bereko lankide,

landako iritariak.

Egituraz aldatzera,

ogi-bide arrotzera;

itxu-itxuan murgildu

belaunkide oin-berriak.

 

Biziaren ardatzean;

gazi-gezak gelatzean...

 

Golde amuts erdoitua,

aaztuxea larraiean,

aitzurra bere utsean

jostaillu noizik-beiean.

Ta uztarri zizeldua,

pipi-sitsak zulatua;

muxarraren otzaldiaz

egoera berdiean.

 

Biziaren ardatzean;

gazi-gezak gelatzean...

Maindioko kutxa utsak

ale austuen urratsa,

ore-maiak galduxea

legami-usai garratza.

Tala-burdin urtetsua,

nora-ara baztertua;

leenetan diraun bakarra,

su-txanbillean gelatza.

 

Biziaren ardatzean;

gazi-gezak gelatzean...

 

Labe-beltza auts-mokolo,

opil arroez ustua,

atordurako mai-buru

arto-beroaz naastua.

Egungo ogi arroa,

kaletik aterantz doa.

Tarte motzean aldakor;

zailtasun bide gaztua...

 

BIZIAREN ardatzean;

gazi-gezak gelatzean...

 

Azaltza...

Auzogune zabal urtetsua,

ereitaroez aaztua.

Aaztua edo-ta agian

etekiñik ezak gogait egiña

odol-otzean.

 

Uko egiñaz-bat;

leendiko adar meekien

bizi-iturri izaniko erroa,

agortzera beartu

bat-batean.

 

Lur buztintsu ta elkorrak,

argitik illunera borrokan landurik

jasoriko etekin urriaz

iraun duen auzo txotilla,

ta errotatxo pirriña;

etorbide

beltzean...

 

Kutxa utsetan alerik ez.

Ez asto zamaturik errotarantz,

Gatzarrita'ko

bide-kurutzean.

 

Aste-buruko labesu-usai ezkorik eza.

Talogillerik ez dator

belaun-muga berrien

baratzean...

 

Aldioro indarraz,

zentzuz iraunarazia,

—aldakera orratz minkorrak

egapean orrazia—,

aurrez-aurre zastaka daro,

ta kurpillaren jira-guna bizian;

eta guzia adur-gaiztoz,

errotariaren

kaltean...

 

 

 

© Martin Ugarte

 


"Jatorriaren errotik" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus