IV'GN. ALDAKA

 

36'ko gudate ondorea datorkit begien mintzera,

pasarte gogoangarri au borobiltzean.

 

Izan ere gose-izurrite ark ba'du zer ikusirik,

eta zer aitaturik,

Elordi-errota txotillaren edestitxo apalerako.

 

Aldi joan aura gaurkotuaz,

ikus ditzagun ezpata zorrotz bi saiets banatandik

errotatxoaren errai-muiñera,

edo-ta zeats esatera;

errotariaren lepondora:

 

Agintedunen indar-lege makurra,

ta menpeko gosetien agin-karraska izukorra...

 

Betiere, lege-emailleak ateak zabal beretzako:

 

— Legegiñak arratean,

sar-irtenak illunpean;

bere gisa salakuntzak

zer-nai erara auzia.—

 

Osterongo erri-xeea da gosez dagoena,

au, lege-sare estua urratu duena ere,

au-eta, errotari kupiratsua.

 

Uzta ondore epe mugatua lanerako baimendua,

osterokoan ateak itxi bearra;

ateak ezik, leio-leiatillak ere

egunaren paparrean:

—gorpu-il irudi

ta agian illerri—

Alaere errotatxoak arima bizirik,

gabaren guna beltzak estaliaz daroanaioan

aletza triskilketan darraioe arri zabal biek.

 

— Talo-gai, otas-irin,

morokil-zuku asekorra

zerekin egin;

sabel ustuen zokoak

batetzera.—

 

Ez nekazarien zorrorik,

ez-eta, besapeko pardeltxoen ale bakarrik ere

eiotzeke gelditu.

Nere kolkotiko susmuaz galdez:

 

Talo beroaz erroturiko azken belaunok,

—ni ere ala naizenez,—

eskertu ote degu bear aiean

onenkiko zor bizia...?

 

Geroak izango esankizun...

 

 

        IV

 

ITXI dagidan itxi;

leiatilla txatal au,

nere begi luzea

murgil dadin

joanaren barruti

beltzera.

 

Agian;

betazal lodien

azpian,

idurimen beteaz bakarrik

berrikus dezaket

ber-bera;

 

zanezko gosetaren

izurrite garratza

barrunbe otzean

karrama negartiaren

txistu-otsera...

 

ELORDI-ERROTA,

leen-leengo gelatzetik zinzil;

uaska sabeltzarra mireska

duela.

 

Teillatza bizkar-kakotuak,

ta gain-mintzeko

oroldio bizartsuak

—barrunbe-lana ixilpeko

dutela,—

azaldura antzaldatu dioe

gorpu-il irudi,

ta agian illerri;

ordekako makal tantaien

itzalera...

 

Egunargitan bake aldi

belarrietara txistik sartzeke;

ez tankalaren lelorik aizeetara,

ez burdi-kirrinkarik,

ez asto-arrantzalaririk;

nor berri kontari urbiltzeke,

ate-aurera...

 

Zeru estalgipean,

amona illargiak gidatuko

ixil-mixil,

sartu-irten dabillen bakoitzen,

arrakastazko

ibilkera;

 

ta errotari sentiberaren

ezkutuko lan-ekiñak ere,

aleen triskiltze

arabera.

 

Onek...

Gabaren pardelean

—intzaren kideko—

eioaz diardu,

bai artorik,

bai arto-arrian garirik;

eta irten ere ganbelan ozteke

eioaz

batera,

besapeka pardeltxoak

ezaren beltza

estaltzera.

 

Talo-gai, otas-irin,

morokil-zuku asekorra

zerekin egin;

sabel ustuen zokoak

betetzera...

 

ITXU ezik makurra da

legepeko orrazia,

ortzpitatarte estuetan

igarobide guzia.

Legegiñak arratean,

sar-irtenak illunpean;

bere gisa salakuntzak,

zer-nai erara auzia.

 

Sabel utsak nundi-andik,

saiets eman argiari,

jan lezaken aokada

bildu bear sendiari.

Gaberdiko orduetan,

bere baitaz lapurretan;

belaun-giltzak dardarazka

letorkion egurrari.

 

Errotari biozbera

ixilpeko gau-txoria,

onek daro bigunduaz

aldi beltzaren zoria.

Beso biek zabal dago,

eta biotz zabalago;

gau beltzaren uztarpean,

eioaz irin txuria.

 

BELDUR zaio bai;

beldurgarri errotariari

zapioz lotu dioen,

gari-arri zabaltzarra

jiraka

epeintzea.

Zigorpeko lokarria,

—ta bide batez ziña—

nola-nai

etetzea.

 

Beldur;

urte luzearen kataian

galdu lezaken

ogi-bidea...

 

Arri-neurri bera,

edo-ta, bi bider zabalagoko

biotzondoan ostera,

onbide-argi ernamuak erakuspide,

beldurraren

atzea...

 

Gosearen atzamarrak

makur ba'zaizkio ere,

zazpi bidar makurrgo

bere baitarako

aginte arrazoi soillaz

neurtzea.

 

Menpekoa,

argala,

aula,

ezeren babesge xinplea,

indarrez

lotzea...

 

Zuzenbide ote;

nork beren izardiz jaso-ta,

berena zaien

ogi zati zeats neurtuari,

gosete makurrean

aoa itxi

eraztea...?

 

BURUZ aztarturik

kiki-mako jakiak,

bere kolkotiko berriak

asmatu:

Tankalaren kolpe-ots sorkorra,

ardagai mamitzan autsiaz

mututu.

 

Ardatz-txoriaren txistua

gantzaz labainduaz

zapuztu.

 

Ixilpeko maratilla,

irin-azpilla

beteaz datorrela,

begipetik

ustu...

 

Oizko lauso ariñak,

gerozaz zabalago doazen

armiarma sare mendelik,

ez du azken batean

txuritu...

 

Alabeiñik,

gabaren egape beltzean,

eta beldurraren orpo-dantzaz,

arri bietan irundurik,

azpil sakanetik

aienatu;

 

gari ta arto aukera

eskura zaion guziak,

iñor il ez dadin

talo-goseak.

Bakar-bakarrean kizkur,

dezakena eioaz

izkutuan

aurreratu;

 

gosez dagoanari

daukantxoa ukatzeke,

lau-aizeetatiko esames gaiztoak

aztertu.

 

Orraztu.

Ausnartu.

Uztartu...

 

Kaskarretik jalgiaz,

bere kabuz

jarraitu.

 

Izango ote du nork

eskertu...?

 

GABAREN egapean

orpoak dardari,

atzamar-zaiñak irmo

borroka lanari.

Errukiaz gainez

botz zabal ori,

goserik den edonork

ba'dezan janari;

biotzak botzari

maitasuna neurri...

 

 

 

© Martin Ugarte

 


"Jatorriaren errotik" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus