III'GN. ALDAKA

 

Izakien barrutian gaudenok,

elkarkiko ar-emanik ezean laister giake daramagun

kurpilletik amilka,

utsondoaren pardelera.

 

Olatsu Elordi-errota ere. Albo-erroetiko uatsik

ez ba'lu pikotara onen jira-birak.

 

— ... Argiak illuna esaneko,

illunak ur-putzua,

urak arri otza;

ta arraik alea.—

 

Bat-bestearekin opildurik, baiñan enporra bera,

adar meeki bakoitzen zilla.

 

Nolabait aitatzeko,

Azaltza'ko auzoguna darabilkit adierazpen.

Ez auzogune au bakarra dalako errota zaarraren bizi-ari.

Erroak pilloan dira

erri-magal zabalaren tolesturan.

 

Beti ere,

eremuz-barne mamituriko lurtzaingoa daiteke,

errotatxo txotillaren

arrobi iraunkorra.

Eta nekazariak, itxaropen bidatxidorra egurastoki.

 

Luze zaio erein da uzta bildu tartea,

ta beti ere arriskugarri:

—ba'du esku makurrik,

baitare zabalik,—

 

alaere ezda nekeen bildur inguru soroez-soro

auzolanean jarduteko urte luzearen pardelean;

eta batik-bat uztaroan:

 

— Belaunaldiek elkarren leiaz ezker-eskuma,

sail-adar bitan banakaturk gerri-makur,—

 

Baiñan izardi-nekeaz aztuko

aletza kutxaratzean:

 

—... eta pozarren gari garbia kutxeetara.—

Errotariaren begia ere urbil dago:

 

—Pozarren baita errotaria gari-berritan,

ortik kutxara amarren-laka obaria.—

 

Egiña emankor,

ta egin bearra, otorduoro mai-zabalerako

betegarria izatekotan...

 

 

        III

 

EMENDIK...

Aterpe txatal onen

leiatilla medarretik,

nere begi luzearen betegarri

zentzuko bizi-giro

lurruna...

 

An, urrutian bitxi-bitxi,

—urrun da nigan urbil—

Azaltza'ko

auzoguna.

 

Urte-aro belakiak bere sarera

bilduaz daro arta-saillen uzta.

Onekin etekin oparoa kutxara,

ta abian arinduko

sabel ustuen itxituran dirauan

itxogite

astuna...

 

ARGI-TARTE urriaren mezu:

«Azaro'ko eguna,

argitzeaz illuna!»

Basa-buruan ontzen karrasi oiuak,

Zerupean izar-moltsoen keiuak.

Egun-egunka arrats-leen zorroan,

auzolan oparoan

arta-txuriketa,

apal-osterongo

jarduna.

 

Larraintzar ospelean tente,

argi-mutillak zuzia,

onen jira zabalean

atzamar joku bizia.

Kimaketan diarduen

etxapeko amona txigortuak

—kimaketan da otoiz—

arta-buru ainbat Agur Mari;

osterongoek nor-noren leiaz amonari

bat-batera

erantzuna.

 

Min-aririk ez duen

aiton buru soildua,

aldioroko berrizte xuxenaz mintzo,

leen-belaunak mamituak,

eta ao-belarri artuak,

kontakizun zabal

ipuin-bilduma.

 

Parre-irri ta algara zoroak

atzeraziko,

bepuruetara datorkien

logale-tuntuna...

 

Betiere,

jarduna urre gorri...

Baiñan atzamarrak mindurik,

bakoitzak beren kabian azkenik

atseden-zelai artuko,

oe-txuri

biguna...

 

AZALTZA'ko etxaurrean

goiz-nabar ari ganduaz,

goldariak ba'diardu

idizkoak uztartuaz.

itaurlari ozmindua

izotz-lika urratuaz.

 

Golde-epaia autsiaz

aitzurlaria atzean,

ereinguna aurrez lantzen

goiz-arrats tarte motzean.

Akulu bi zabal eta,

arrikada bat luzean.

 

Gaindik aiton urtetsua,

—iru belaunen zuzia—

beatz ezurtsuen diaz,

zumitz-ontzian azia.

Onek ereiña estaltzen

bigarren uztarraldia.

 

Ekitaldi neurtuekaz

egun argi arabera,

sailka-sailka tolestuaz

ereingunen zabalera.

Azilla'ren ondartzeak

lan-borroken bukaera.

 

Egun-egunka kimatu

ereitaro aspergarri,

ekin oste oparoak

jai-giro alai dirudi:

Gelatz bakoitzaren jiran,

oiturazko galapari...

 

LUGIÑEN barrutian jai-giro;

dorre-txori negartiek

eztaiurren

nabari.

 

Auzo beeko errotariak,

—arto berri usaiaz begi zabal—

dantza daragio

buruko

txapelari.

 

Lugin,

txori ta

errotari;

negu-burua,

gantzak loditzeko aukera,

bakotzeri...

 

Auzogune sutondoetan kizkur,

goiz-arrats jatordugunero

nexka muxu-biribil

begi-urdiña,

ta mutiltzar zabal

zaintsu

ori;

begi-urraka talaburdiara,

azal biek noiz arrotuko

talo bero

zabalari.

 

Eta esne pertza solkona

ondartzean aize puztuak,

sabel-zorro

iduri...

 

LURREN emari neurtuak,

azi ereitetik

uzta biltzeraiñoan,

ba'du esku makurrik,

baitare zabalik,

batik-bat

erein berri dan

gariak.

 

Abian bertan,

lurraz estaltzeke

galduriko aletzaz bazkatuko

landako

txoriak.

 

Erne-albaiñuan

gaintzurdeak erre ta zapinduko,

landaretxo

izpi

oriak.

 

Luzaroan zipotz bezain zimel

iraunaz gero,

berpiztu ta errotu ere

udaberriak.

 

Nekazarientzat amets-luzagarri,

—uzta oparoaren irrikaz—

ondorengo zazpi

illargiak...

 

ZAPIÑALDI ainbat bigunkeri,

aur zazpikia

bailitzan..

 

Urte-leenez ekiñik,

azal-urratu,

ongarritu,

jorra bat, jorra bi;

au ere

birritan...

 

Beti ere, eder eta panpox,

egun-egunka txutiago.

Ala esan omen arro-arro,

landako artoari

bere

gorantzan:

 

«... Aundi ba'nintzan,

txiki ba'nintzan;

Maiatzean

buru nintzan...!»

 

Artoak onez entzun

da makur erantzun:

«Ni nagoen maian

goserik ez,

eta gari zimurraren

bearrik ez...!»

 

Biek ere or nunbait

zebiltzan...

 

BIZITZAREN pardelean,

antzualdi gibeletik

etorbegi paparrera.

Azaltza ibarrerantza

nere begi luzearen

keiñu

itxi-irikia...

 

Eguntxinta ari-albaiñuan,

gal-soro buru orixkak

aizearen ikuitzeaz dantzan,

urre orizko bizar iduri.

Urbil galeperra kantari,

egapean epelduaz bere

kabia...

 

Iritariek ekiterako,

arretaz larraatuko

zortzikote

txitealdia...

 

Egunak zear gari-soroa umotu bide,

kako-makoka urre mototsak bailiratsu.

Lastoaz naasi iritai leuna argiak kide,

eguzkiaren ukuitze utsaz dizdiratsu.

 

Iritariek saillean zabal bana-biñaka,

anka-orpoen zirikatzaille lur galtzua.

Kolpe biziaz esku-zarrazta, bigaz pillaxka,

zarraztaz baita iritai kako agintsua.

 

Belaunaldiek elkarren leiaz ezker-eskuma,

sail-adar bitan banakaturik gerri-makur,

bero galdatan etsi-etsian lan-zor eguna

kakoturiko galburu soillak jalgi bildur.

 

Ebakitzean aalik legorren lotu, tolestu,

berorik ba'da, zortziurrengo arrapaka.

Aldi motxera, buru txigorrak joaz aletu;

beso-indarraz arri otzean zipli-zapla.

 

Aize-errotaz txun-txun-arinka galbaez-galba,

ale aotzak banandu azpil banatara.

Pozarren noski, bakoitzak jaso neurkian galga,

eta pozarren gari garbia kutxeetara.

 

Pozarren baita errotaria gari-berritan,

ortik kutxara amarren-laka obaria.

Amets luzeak marrazten dio oni birritan,

urte utsaren sabeltzar antzu regia...

 

 

 

© Martin Ugarte

 


"Jatorriaren errotik" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus