II'GN. ALDAKA

 

Egun-txintak,

nagi-aizeak uxatuko errota bitxiari,

ta bide batez errotariari.

 

Gabaz osin-sabelak tolesturiko ura, abian txorrioz

jarriko, ta ur-jaren pixua karrama-katilluetara.

 

Au, bat-batera jira-biraz eta onen ardatzak

errotarri bikutzaren gain-arria darabil.

 

Aletza biren tartera pirrinka dijoa,

ta jiragune bakoitzeko tankalak txalto,

irin moltxoka litsak askara jalgiaz.

Osterongoa errotariaren eskuetan dago.

 

— Egun berriaren egapean—

Egunoro, ta orduoro,egiteko berdia:

 

Ur-jaren neurriak bereiztu,

arri biren tartea zeatz zaindu,

auek biek,

asteurren buruan pikotxaz zizeldu...

 

Ontan darraio errotariak,

—irin lausoaz erdi txuritua—

jakieko lanetan loturik,

—galtzak jantzi ezkeroztikoan, orporik aldatzeke—

ontan, eta ateetan orduoro zaion

—muxu berriari—

esames,

berrikeri,

ta gazi-geza guzien erantzuna

patxadaz emanaz.

 

Onek maniatu aiñean,

eskuetatik eramango auzogunetara,

erri-eremu paparrarte zabalera,

aste-buruko labesu gaia...

 

 

        II

 

EMENDIK...

Aterpe txatal onen

leiatilla medarretik,

errotarri dantzarian

nere begi

luzea...

 

Atzo bezela.

Beti bezela...

Argiak illuna esaneko,

illunak ur-putzua,

urak arri otza;

ta arriak

alea.

 

Atzo bezela.

Beti bezela...

Urak mireska

errotatxo nekagaitz alez

betea...

 

UR-JAREN asarrea,

karramaren katillu-sabelak

urratuaz

doa.

 

Zurrunbilloan arro-arro

ondo-aska illunera,

ta bitsen ponpil bitxiek, axanpaz

bakeatu zoriz

urondoa.

 

Unean-uneko aril

zirtzillak loturik,

bakoitzen

geroa:

 

Ardatz-txori negartia,

kirrinka txistuaz,

arri zabala itzuli-mitzuli

alea txeetuaz;

inguru-uztaian

koxka jakiñean txalto,

ekinguna etetzeke

tankalaren

leloa.

 

Errotari bizartsua

barrunbe-giro etsian

lausoz txuritua;

alea galbaetu,

gain-ganbela bete,

eun-zorroak ustu,

pixuan juxtu..

Otzean, otz;

asarrean

beroa!

 

EGUN BERRIAREN egapean;

tar-tarras arri biek lanean.

Anega biko zorroak pillo,

arin-ganbelak bete-betean.

 

Egun berriaren egapean;

sartu-irten jakiña atean.

«Mari-tronpeta» talo-gai billa,

milla itokin mingain luzean.

 

Utsean-putzean txitxi-potxo,

talo-urak irakin artean;

laisterka-txikian itzul danean,

pertza utsa otzik gelatzean.

 

Egun berriaren egapean;

asto-arrantza ate ostean,

astazaiak labesua amets;

arto-opilla apaldutzean...

 

EGUN BERRIAREN egapean...

Errotari begi-gorriak

azal bi lodian-lodi,

bat-bestearen

atzean.

 

Bera izaki;

orduz-orduko

esames borobiltzailleen mugarri,

muxu-berrien albiste katillu,

berrikeri bitxien belaki;

ta ezten urratuak gilikatzeke

iraun dezakeana,

gor-mutu ezik,

itxu

bailitzean...

 

Oraintsu;

Osiñeta'ko bizi-alargun ao zabalak,

olatsu jaurtia

asarre

batean:

 

«— Adi; ganorabako

lapurtzar galanta...

Zorro-txar onengaitik

gutxiaz kentzen didak,

sei anegen laka.

Errotaz aldatuko natzaik,

au ezingo didat barka!!»

 

«— Ua, ua, nora-nai.

— Onek irriparrez-

Errotaz aldatuko aiz,

baiñan ez lapurrez...»

 

Alabeiñik...

Entzunak-entzun

aizeari utzirik,

errotari nasaiak

arretaz lanar eldu

etsi-etsian,

ez odol irakiterik zaiñetan,

ez taupateko larririk

biotzean.

 

EGUN BERRIAREN egapean...

Nere begi luzea

errotatxo

txatalean;

ta dena lilluramen ezti,

begi-sare

megatxean.

 

Atzo bezela.

Beti bezela...

Zirrara ots bakoitza

ereskide ezti,

ur-jaren arrakasta,

karramaren ondo-txoria

txilioz bizi,

arrien triskillots miña,

tankalaren txaplakoa

lelo

bakanean...

 

Atzo bezela...

Beti bezela...

Alea eioaz-eioaz

irin mototsak parrast azpillera.

Arri-sapalda etzanak,

zutabe laurkitz sitsak janak,

ameraun sareen azalduraz,

eta irin lausoaz txuri

begipean.

 

Atze-orma lodian atzamarka,

untz-aien biurriak indartzen

arraz-arra amorruz goratzen,

teilla-erlatza bai ez artuko,

urte-muskillak

errotzean.

 

EGUN BERRIAREN egapean...

Atzo bezela.

Beti bezela...

Nere begi luzea

Gatzarrita'ko

bide-kurutzean...

 

Asto arrantzalaria,

arto-grrien zamak gilikan,

lau-orriko nexkato ille-gorriak

makilpean.

 

Abian onekin trikits

Xexili alargunak,

elkarri agur soillak

eta alor banatara,

labesu-aurre

illunabarrean.

 

Erbarrendik errotarantz

itzaia burdi zamatua kirrinkaz,

jai-biramon

goiz-goizean.

 

Auzogune txotillean

ore-opillak zapietan,

legami txatal naasteak

arrotuaz-arrotuaz,

eta ore usai ezkoa zabalduaz

aizean...

 

EGUN BERRIAREN egapean...

Atzo bezela.

Beti bezela...

Nere begi luzea,

berriro errotatxo

illunean...

 

Bertan,

errotaria bare-bare,

orporik aldatzeke

galtzak jantzi ezkeroztikoan

lanari itxatsia

egunoroko betekizun

zuurrean.

 

Arriek pikoxtu,

uramilla neurtu,

alea mirestu,

irin-lausoaz erdi itxuturik,

zinzurreko lakarrez ito

bearrean.

 

Ba'dute maiñarik

errotariaren atzamar zaintsuak,

aixa menderatuaz noski

aitak edo-ta aitonak

erabilmolde kiki-makoak

esku-tartean:

 

Uren igo-jetxia,

arrien laztura,

aleen eze-igarra,

pixuaren gora-beerako ikara...

Ixilpeko baliakizun nabarmenak

egunaren ardatz

barnean.

 

Oillo antzu bakarrak gosez kantari,

aldian esku bete ale parrastaz aueri,

orpopetik uxatu

naiean.

 

Sagu kuxiñen ibil-bide

zirkil izkutuak,

gorde-mugan urbil

katutzar beterrea moltso-moltso,

ordu zoroetan

eizean...

 

Ontan-ontan,

Ian orduen baitan;

uaska sabeltzarrak,

errotarri balarrak

jiratzeko ura damaion

artean...

 

ONATS errotatxoa

berean urduri,

irin litsak jario

alearen neurri;

elurra duin arroa,

bera bezain txuri,

giza-sail gosearen

eguneko ogi...

 

Gari ale luzexka

guzien erregin;

zure geroaz ba'det

zuk dezun ainbat min:

Errotarriak gaindik

triskilduaz irin,

oretan opildurik

labean errekin,

giza-sabel gosea

zutaz ase dadin;

onekin nere miñak

zureaz bat egin...

 

 

 

© Martin Ugarte

 


"Jatorriaren errotik" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus