TANKALAREN LELOAN

(Juan-Mari Lekuona'ren kritika)

 

        Poema onek duen alderdi jakingarria, bere osotasuna da. Ez da pusketan, eta aldian-aldiko usmoak jasoaz eioa. Sei aldaka baditu ere, seirok enpor bat, soin bat egiten dute. Gai monografiko izanak bereizkuntza bat ematen dio poemari:

gauza landua da, sorkaria eta arnasa aundikoa, teknika bereziz ornitua.

 

        1.— GAIA

 

        Gure errota, ta errotarien azkena. Baina irudi konkretua dabil bizikizun guztien azpi-azpian: ELORDI-ERROTA, oraintsuraio lanean ari izana. Olerkariaren goraintziak ditugu, bizi-biziak, sumin-eztiak.

        Bestalde, poemaren elburua bikoitza daiteke: mundu zaarraren oroimen bat uztea, eta ondorengoei jakinbide eta sentibide bat eskeintzea, egileak ain maite duen errotaren inguru.

        Lirikotasuna da, noski, poemaren tentua; baina gizarteak eta soziologiak zerikusi nagusia dutela, aldaketa historikoak direla-ta. Poemaren sentiberatasuna da nagusi; baina gizarte alderdiek sorturiko minbera sakona. Geroak esan beza ura

dakar gogora, oraintsu bukatu den erakunde baten goraintzia, azkena itza emanai dardaratia gertatzen delarik.

 

        2.— METRIKA

 

        Hiru eta lau eredu irabiltzen dizkigu Martin Ugartek aldaka bakoitzean. Baina eredu berean txandatzen dira eredu oriek:

 

        1.— Esaldien kulunka, libre antzekoa

        Era onetan ematen dizkigu adi-buruen idazketak. Bertso libreak dirudite, baina ez dira ala: urrutiko ots-kidetza nabari da beti, an eta emen puntari eusten zaiola; eta etenaldiak ere badute zerikusi esaldiek duten joskerarekin, eta sintaxis-egiturekin.

 

        2.— Aapaldien eta estrofen azken-lerroa bakarrik oskidetuz

        Adi-buruaren ondotik datorren zulaketan dator au. Bear bada, eredu au da geienik nabarmentzen dena. Sekuentzia bakoitzak bere puntua darama, eta askotan asiera ere itz berarekin egiten da, alako paralelismo zentzua artzen zaiola sekuentzia bakoitzar, eta onen barruko aapaldiei.

 

        3.— Estrofa klasikoagoak

        Zenbait eskema metriko eman dezagun:

 

a.— 12 (6+6) A

    12 (6 + 6) B

    12 (6+6) A

    12 (6 + 6) B

      (Leenengo aldakaren bukaeran).

b.— 10 A 10 A 10 B 10 A

    10 A 10 A 10 A 10 A

    10 B 10 C 10 A 10 A

    10 A 10 A 10 A 10A

      (Bigarren aldakan, erdi aldera).

c.— Molde txikian,

    zortziko txikia eta

    amabiko txikia.

      (Bigarren aldakaren bukaeran.) (Iden, laugarrenean.)

d.— 8 -

    8A

    8-

    8A

    8-

    8A

      (Irugarren aldakaren erdi aldera.) (Iden, laugarrenean.)

      (Iden, bosgarrenean.)

e.— 15 (5 + 5 + 5) A

    14 (5+5+4) B

    15 (5+5+5) A

    14 (5+5+4) B

    Eta antzeko jokabideak ditu beste poema-zatitan ere.

 

        Era askotako estrofagintza du maite egileak. Libreagotan ematen digu gairik geiena. Eta aapaldi neurtuetan aberastasuna, deskantsua eta izaera poetikoa erakutsiko dizkigu. Gauza ugaria eta ondo jantzia agertzen zaigu metrika arazoan.

 

        3.— EGITURA

 

        Aldaka bakoitzak bere adi-burua darama, gaiaren kinka agertuz. Adi-buruaren ondoren, gaiaren aurkezpen nagusia dator. Tartean eta bukaeran, geienetan, izkera neurtua erabiltzen digu. Lege auek eskuarki gordetzeko joera erakusten digu. Guzti onek klasikotasun bat ematen dio poemari; eta, gainera, ulerterrezago geratzen da pasarte batetik besterako ibilbide poetikoa, metrika aldatzeari esker.

        Eta aldaka bakoitzaren errematean heri-poesigintzako eredu metrikoa erabiliko digu, esan duenaren giltzarria azpimarratuz.

        Eskertzekoa da Martin Ugartek egin duen aalegina, gauza oso bat eraiki asmoz egin ere. Kantuarekiko lotura asko austen digu: eta naiko berria dugu bertso libreen erabilkeran, efektu poetikoak an eta emen lortu nai orretan.

 

        4.— IZTEGI EDERRAREN ERABILKERA METAFORIKOA

 

        Au da ene iduriko poema onen ekarririk bikaiena.

        Au da, bear bada, bere literatur baliabiderik aipagarriene-

tako bat.

        Gaur galduxe dauden errotaren inguruko itz asko dakarzki egileak poeman zear. Itz, gutxi erabiliak, itz ez-oituak. Baina, Ugartek lexikoan guzti ori ongi ausnartua dauka, ongi egosia. Eta transposizio indartsu eta egokiak egiten ditu giza

bizitzara.

        Itzek gogora-arazitako irudiak ez ditu era modernoan erabiltzen, era klasikoagoan baizik. Baina berria da itzei ateratzen then irudi-azpiko esanai ederra. Nortasun ederra agertzen digu orretan:

        — «errekatxoak... iru aizpatxo sabelkide»

        — «iruek laztan elkarri... iruek panpox...»

        — «sentimin begi-luzea / ibar ospelaen kolkora...»

        — «Aitz konkor biren bular-arte...»

        — «Jaioera miaz izukor...»

        — «Lur-zaiak gili-giliz...»

        — «Betioroko kera sorgiean...»

        — «Lurrin nagi... argiari estalkizun...»

        — «eguzki pintza ezpaten... sarbide megatx...»

        — «albo-murko ezpain biek aztarrika urratuaz...»

        — «txaplaka bakoitzean doiu ezberdin oiartzuna...»

        Errotako errekatxoaren pasartetik artuak, aukeran artuak. Eta adibide gisa egokia derizkiot oni. Eta aberastasun ikaragarria ikusten diogu alderdi ontatik begiratuta.

        Eta emen errekatxoarekin egin dugun eran, egin daiteke errotaren inguruko beste zenbait gai eta gauzekin ere. Eta berdin ikusiko dugu egilearen luma, zorrotza bezain aberatsa eta ugaria. Irudi bizi eta konkretuetatik egiten du txango egileak. Berak ba dakizki gauzen formak, deseinuak, koloreak, funtzionamenduak, soiuak eta doiuak: eta agian, gaurko irakurleari urruti antzean geratzen zaizkio orrelako abardurak, iruditeria poetikoan ainbesteraioko eragia duten abardurak, poema onetan beintzat.

        Orregatik, ongi legoke, zenbait pasartetan oharkizun bat ezartzea irakurleak errezago eta geiago jaso dezan, eta batez ere gaur edo biar erosoago gauzaren berri eduki dezaten.

 

        5.— ERROTAREN SINBOLISMO GIZARTEKOIA

 

        Giza historiaren bilakabidean errota une jakin batean asmatzen du gizonak. Eta bilakabide orren ikuspegian emanik dago poemaren mezua. Gizarteko aldakuntzek sortu bezala baztartzen dute ur-ertzeko errota. Eta poetak jaso nai du boluaren mezu adierazkorra.

        Leenengo kantuan, ura: jolasean bezala dabil gizona urakin. Eta mendeko jartzen du, lanerako tresna. Olerkariak ezin-eta geiago maite du errotariaren lanabes den ura.

        Bigarren kantuan, lana: errotaren ariera, errotariaren kontzientzia, auzoak, errotako bizitza. Gizartearekiko serbitzua.

        Irugarren kantuan, alea: lugiak eta lurra. Eta uzta.

        Laugarrengoan, gose-izurritea. Oroitzapenak. Errotaren historia, gure erriaren kondaira bera.

        Bostgarren kantuan, gau-lanak utzi-ta urira doa jendea. Azken aldaketa sakonaren irudi argi eta minberatia.

        Seigarren kantua: errotaren azkena, errotariaren eriotza.

        Eta eraskian, berriz, illunpe beltzaren sabelean itxaropena, lamiek eotzen ari direna, ikusi nai du noski...

        Ikuspegi sinbolikoa utzi-ezia dugu poema onen irakurkeran. Ez dago zertan gauzak geiegi zeazturik, arik-eta azterketa sakona egiten den arte. Baina, gaurkotasun ederreko sinbologia aurkitzen diogu poema oni, batez ere irakurkera soziologiko baten alderditik begiratuta. Agian bigarren mailan geratzen dira alderdi ertsonalak,egillearen lirikotasuna gizarteko ots-joan geiago nabaritzen dela uste degularik, barne-arazoetan baiño.

 

        6.— ERREPIKAK

 

        Era askotarikoak ditu Martinen poema onek.

        Batzutan «leit-motiv» bezala: «EMENDIK / aterpe txatal onen / leiatilla medarretik...»

        Beste batzutan, sekuentzia-andana osoa errepin berarekin asten du...

        Ba dira, baita ere, estrofak, beti bertso-lerro berekin asten direnak... Errepika asko ditu, eta era askotara ezarriak...

        Uste dugu joko berezia jartzen digutela orrelako errepikek. Batasun-iturri ditugu poemaren barruan, eta argigarri, eta indar-emangarri. Askoz ere obeto ulertzen da poemaren dinamika, eta mugarri bezala gertazen dira poemaren egitura estetikoan. Lan ona ageri du tolestura onetan.

 

        7.— AZKENA

 

        Poema au ez da aurrelari orietakoa, baiña bai nortasun berezia duen olerkigintza. Gauza berririk ez badakar ere, bai, ordea, gauza ederrik eta jakingarririk.

Kontuan artzeko poema degu,bai teknikaren aldetik, eta batez ere itzen erabilkera metaforikoagatik. Bere metrika eta bere errepikak, eta batez ere bere lexikon abarduraz josia, gauza aupagarriak dira benetan. Gaur zailla da billatzen orrelako mundu ezkutu bat azaltzeko izkera ugariago, aberatsago eta biziagorik. Eta zail, baita ere, gauzen eta itzen arteko atxikitasun dotoreagorik billatzen.

        Gure iduriko, merezia luke zenbait esaldi argitzea, batez ere geroari begira, argibideak beti onak direnez poemen irakurkera onuragarriak egin aal izateko. Eta izango al-du olerkiak merezi duen arrera gure artean.

 

Juan Mari Lekuona

1984-VIII-17

 

 

POEMAREN IRITZIA JASOAZ GEROZTIKO,
EGILLEAREN OARRA, IRAKURLEARI

 

        Eskuetan daukazun poema garratz au borobiltzerakoan, ez nintzan aztarrikan jardun, aaztuxeak ditugun gure itz jatorren billa jende aurrean tolestatzeko. Geienek ere, errotaren beebarruan, nekazaritza ezparruan, edo-ta, gizarte xeearen ingurugunean, nere egunetan entzunaz, eta erabilliaz, kaskarrean sartu zaidanak dire. Itzak, eta itzen erabilkera ere bai noski.

        Nere iritzi xinplean, olerkigintzan, poesigintzan; ez da biderik axalena artu bearrekoa; bigunegia, ogi-mamia jatea bezelatsu litzake, zentzurik askatu gabe arraskatzea. Ostera, bide zuurrari eltzerakoan, onen zabaleran eta egal bietako loreak ezik, belar antzuak ere naastu daitezke eskutara, olerkiari jazkera edertzeko. Erdi-ezkutu, erdi-azal; ontzia itxasoan bezelatsu bear luke izan; irakurleak berak ere,irakurriaz batera, pixka-pixkanaka olermen bera ausnar dezan. Itz-gurutzetuak orraztu oi diren zailtasun apur batekin noski.

        Dena-dela irakurle, zuretzat landuak direnezkero; agian, neurriaz gainera ibilli naiz, nere idurimena zure ikuspegiaz bat egin aal izateko. Barkatuko didazu noski, garaian arretaz jokatu ezaren okerra.

        Baiña iritziak-iritzi, zerbait ikastea norbaiten eskutik datorkigunez, nik beintzat onez artu det Joan-Mari Lekuona'k, poemari egin dion kritika; ta, arrazoi onetxengaitik, neri iruditzen zaidan itz ezezagun, edo-ta, itzeri ordekotza, gezurritzez eman diodaten jokua osoago jaso dezazun, aldaka bakoitzaren oiñean, itzen esanaiak eta abar, zure irizbide izan daitezen, ementxen ditezu argibide.

 

 

 

© Juan Mari Lekuona

 


"Jatorriaren errotik" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus