XIV

IXILKAKO-NEGARRA

 

...Eta orain zer, ene Aizkorri...! Uda-lagunak

aiendu zaizkik, bakar utziaz soin otzean...

Ardi otsanak... Txori pirpira... Arkatiz irtenak

more ta illik, bakarrikako min bizian...

 

Abian or duk, luzarorako negar muxinka,

elur otzaren estalkipean ixil-ixil...

Negu beltz orren egats astunak gaindik zanpaka,

zotin betean lertu nai eta, lertu ezin...

 

Eguzkiaren laztan urriak ez au epeltzen...

Ego arroak besteraka dik jokerea.

Egunak. Gabak. Orma zakarrak lurra jelatzen,

ire gaiñera arindu nai dik asarrea...

 

Ortze pixuan azal lodia autsi eziñaz,

illargiari izpi attalak aitu zaizkok.

Ta argirik balitz, odei astunai marre mifiaz

lertu zaikion oiaztarrari zegokiok.

 

Izugarrizko zarata larriz, trumoia txistuz,

lurra dardaraz, arriak austen zaizkanean,

maldarrak beera, barren narrora asarre pixuz...

Nola dirauk or, ixillikako negarrean...?

 

Gordean bainan, badek negarrik errai-mamian,

ixilik ezik, papar axala atzimurka...

Mendez-mendeko kondaira beltza bai duk barnean,

leendiko sena, etormenatzaz zastataka...

 

Ta, izan ere... Nork ik ezean gorde lezakek,

lurrak diraundik gaur arteiñoko edestia...?

Eusko-lur-barne, gomuta mia jasoa baitek,

giza-aroen aldaeratzaz itxatsia...

 

Ez aldauzkak-ba leen-leenendiko ekaitz urratsak,

Ernio eta Altabizkargo jasarreak...?

Ta galdu giun lege-zaaren aizken arnasak,

guda lapurrak irentsi ziken oin-semeak...?

 

Geroztikako mutu dirauten aldi garratzak,

berriztu ditek aldiak ainbat odol-osin...

Ixil gordenaiz narrastu dituk ire egatsak,

oxoen antzo, denak estali nai ta ezin...

 

Euskera zaarrak minik emandik iñoiz kolkoan...!

Mutu zaizkidan ainbatsu seme utsontziak...

Au aski ezik, arrotz izkera par-par mokoan,

gortu ere au ajolgabeko bidaztiak!

 

Ene Aizkorri...! Ez ote zaik-ba, lur-azalean

pol-pol txorrioz, an-or ditukan iturriak...

negar etsian eten eziak, bultz ixillean

botatzen diken, neurriz gaindiko malko miñak...?

 

Agormen barik, leiaz doakik negar-marmariz,

ibaiek beera, jolas miñean itxasora.

Xume, amilka, or-emen parraxt joan bear larriz,

ttantto batzuek bidean galdu gora-beera...

 

Itxas arroan aparraz gaindik aruntz-onuntza,

atseden gabe dirauten arte txirristari...

Ene Aizkorri... Ire emana, eman garratza

aitutzerako iritxiko zaik udaberri...!

 

 

 

© Martin Ugarte

 


"Jatorriaren errotik" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus