XII

IPUI TA GERTAMEN

 

 

                I

 

Ba-omen zan antziñean,

ustez Arri-urdiñen,

alargun zipotza.

Bizartsu, begi-gorri,

ardagaian irudi,

norberekoi utsa.

 

Muxin edo bildurrez,

legorra zen adurrez,

beti ospin-ontzi.

Oiñordekorik ez-da...

Orrek zemaion kezka

nola sinistetsi...?

 

Bein, euri-egun baten.

amarrak edo ortxen,

esku-otartxoan.

Aurtxo jaio berri bat,

utzi zien saritzat,

etxola zartxoan...

 

Lasto eta bigunki,

oialtxo bat estalki...

Nork diotza utzi...?

Apika... Garai artan,

mendi-bidez zebiltzan

ijitoak noski...

 

Zer egingo ta, zera...

Auntzaren errapera,

istilluz abian.

Artille moltso tarteen,

gorde zuen ain zuzen,

lastagi azpian.

 

Iru antxume larru,

soiñean illez barru,

jarri zioneko.

Epelaren-epelez,

aztarrikan ganorez,

asi zela-edo...

 

Tarte-marteka aia,

iñoiz-bein morokilla,

talo ta esnea.

Ustebarik ez baiñan,

egundoko arian,

azi zun neskea...

 

Atzotik-gaur arego,

aundipuztu zearo

azkor ikusteaz.

Kuxin-zulo bailitzan,

neskatoa puztu zan,

milla kutiziaz.

 

Nola etzen puztuko,

era berez poztuko,

alargunan itzal?

Zer nai ura asmaki,

asma ainbat kutizi,

betetzen bai zizkan.

 

Urtez-urte jarraimen,

izu eta nabarmen,

nexka azitzean...

Burutamen ariñak,

ta egintza gordiñak,

geitzen zemazkian.

 

Itxuan arramilka,

ardiek makillaka

austeiño ezurrak...

Berrogei gaztaz gora,

jaurti zion aitz-beera,

basati liskarrak!

 

Egin zion erdiak,

ozmen zitun artzaiak,

oro iguingarri.

Bildur zion agian,

lausoz malko-larrian,

etorkizunari.

 

Diotenez beiñola,

putre bat lo zegola,

ar-zulo mokoan.

Eldu zion petralak,

zaldiaren ubelak

jaurtiaz kakoan...

 

Nola zuen burutan,

illabete luzeetan,

egan ibil-mia.

Egatsetan lotu zan,

itxatsirik lumetan,

katu-zaarra dia...!

 

Leize zulotik zuzen,

irtenaz biek baten,

tximistaren gisa...

Ille-zirdin luzeaz,

ikusgarri utziaz,

su-irudi litsa...

 

Geroztik uste danez,

egazka dabil gabez,

petraltzar alena...

Utsean gelditurik,

alargun begi-gorrik,

egin zizkan dena...

 

Antziñako aztarrak,

sorgien ereduz...

Ez ote ziren jaio,

ipui onen buruz...?

 

 

                II

 

Beste ipuin ondar bat

nik jasotakoa,

Topin aita-semeei

gertatutakoa.

 

Aita ezik semea

artzaiñak ziraden,

alaz basabeitxo bi

eurenak zituzten.

 

Antzu izaki-edo,

urteetan zaartzera,

bururatu zitzaien

bitan bat saltzera.

 

Erostuna Oiñatin

okela premian,

semeai egokitu

Urri-ko perian.

 

Eun dukat zen dirua

beitxo orren truken,

jardun luzegi barik

erabaki zuten.

 

Itzak mantenu ziren

oitura zuzenez,

lekua izan zezan

bederatziurrenez.

 

Epea jarri ere

okerrik ez balitz,

zuzen ordaintzekotan

Azaro-ko periz.

 

Ezur utsa zirudin

beitxo basatia,

biaramonez aitak

zuzen Oiñati-ra.

 

Erabaki bezela

Txopeko ondoan,

beia utzi ziotzen

ukullu zokoan.

 

Baiñan, gero perira

artzaia bakarrik...

Besteak etzun noski

atera kukurrik!

 

Ez azaltzearekin

gizona plazara,

erreguz oro galdez

artzaia etxera.

 

Atean trikestu zen

emaztearekin,

ur-billa zijoala

topintxo batekin.

 

Galdetzeaz batean

gizonaren berri,

abian eman zion

onek negarrari.

 

Esanaz: — Guk, gizona,

dirurik ez degu...

Ta zure beitxo orrek

ala bearko du.

 

Ez dira iru egun,

(galdetu bestela)

arropa ta guziak

kendu digutela...

 

Larru gorritan ezik

illak ere gaude...

Artzekodun bazera

gu aiñan bazaude...

 

— Ontan utzitzen alnaun...?

Demontre sorgiña...!

(Ta bestebarik kendu

zeroan topia.)

 

Marmario bizian

aldendu atetik,

tripetako miakin

ezin buruturik...

 

Katabera epaitzan

ontan gizontxoa,

makillan zinzil zula

bere topintxoa...

 

Nekatuxea noski,

ta jarri zaneko,

ontzitzarra amilka

Jesus baterako!

 

Asarrez ola dio

bere kolkorako:

«Ipur-beltz alen ori,

ua betirako...!»

 

Biziko banauk ere

ez bei ta ez dukat,

ire billa joateke

beste bat bazeukat.!!

 

Alaz etzen gelditu

utsik orratio...

Topin izena beintzat

ortik dagokio...

 

 

 

© Martin Ugarte

 


"Jatorriaren errotik" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus