X

SAL-EROSTE

 

                I

 

Arri-urdin-go Txomin, «Topiña»,

kezkatsu doa gure mutilla,

ain zuzen, San Juan egunez...

Zaldi arroxka aurretik-eta,

saskiak tontor, gaztaz beteta,

txanpon berrian bearrez...

 

Goiz-berandutik illuntze arte,

tzirtzil, berritsu, aterik-ate,

Bergara erri bilduan.

Txanponen maasti emen bai dauka,

anfre eutsiei itzetik mauka,

iardun-txirrio zailduan.

 

Txakurtxiki bi atzamarretan,

aldiz igurtziz marmariketan,

dirauteneiño epelak...

Azala degu, bat izateko,

pirrinka bedik ustuerazteko,

etxekoandreen sakelak...

 

San Pedroko ateetan dagoen zelaixkan,

andrezko marmartien gona-egaletan,

itz batean, eguna damaki burrukan,

txanpon bik itxuturik, artu-emanetan.

 

Eguneko agurra egiaz batera...

— Zertan diarduk saltzen?... — Au leenen galdera.

— Bi durotan ari naiz... Erostun bazera...

Baiñan, ezpain biurka, oinkada atzera!

 

— Goitxotikan diarduk aoa zabaltzen...

Ez aiz bakarra gero, gaur gaztaiak saltzen...

Gorlatarrak asi zaik, aldizka azaltzen,

aurki pot egingo dek, ez baituk merkatzen.

 

— Tira andre Xantora... Zaude ixillikan!

Etzaizkitzu ezagun, nere gaztarikan...

Gorla-tik ez da irten, gaurdaiño benikan,

nere auei eraman lezaiotenikan!

 

— Itxuan ezagun zaik «topindar» aizela;

ereduz gordetzen duk, aitonan izena...

Auen erdi dirutan, eraman nuana,

ireak bezin on dek... Aundiputz alerta!...

 

Abian, norbaitzuez ez-bai jardunean,

ordulaurden bai noski eten eziean...

— ...Ao-bete ez eta... Jainko izenean...

Ongi saldua daukak, nere eskeiñian!...

 

— Ene etxekoandre! Bazoazkez pozik,

Diru ontan ez dezu onelako gauzik...

Bat bedik ar idazu, ikusteko baizik,

bi eramanda ere ez daukazu lotsik...

 

— Eman akidak bada txikiñantxo biak...

Bi batean artzea merkatuko didak...

Ateratzen ez-baituk nik nai duin guriak,

belarri zapal oiek aterako diat...

 

— Bi bakarrik Joxepa, daramazkidazu...?

Txatxar auxen geigarri artu egidazu...

Oillo-zaarren bat-edo... etxean badezu...

San Pedro bazkaria eskuetan dezu!

 

Nexka musu-gorri bat, abian albora,

zertxoren aitzakiaz belarri ondora...

Txitxi-potxo astean, itzean algara;

amorruz jaurti zaizko guziak batera:

 

— Noiz eman bear didak errialbikoa?

Onezkero otzillik zeukat lapikoa...

— Zer esan nai zenidan, nere andretxoa?

— «Topin» zaarra alena... Leen utzitakoa!!

 

— Ardagia duin legor asi aiz goizean,

ta geroz ortan darraik alegin guzian.

Zurikeri ta abar, burruka bizian,

gure txanpon bakarrok txikira artean.

 

— Onek badik iñolaz, guk ez degun grazi...

Zer esan ote diok belarrira soilki...?

Gaztarik ederrena eman diok noski,

ta ez uan izango, gureak duin gazi...!

 

— Zertsu esan diodan oni belarrira...

Gaur egun emakume epel asko dira,

zimurkeriz mokoka, iru ordu jira,

txakurtxiki bat nundik tratuan atera...

 

Txomiñek jalgitzean esan-min zuena,

lotsaz ziren artuak denak bide bana...

Ostera au patxadaz, Arte-kale barna,

aldiz-bein arinduaz zaldiaren zama...

 

...Eta, nerekix esango nuke...

Gaztak gaurdaio iraun balute,

oraindik zala Bergaran.

Baiñan bestera eldu gertamen...

Geroz, aldiz-bein jetxi den arren,

an dirau bere etxolan...

 

 

                II

 

Ziriko biaz gure Laxaro,

Oltzatik joana Altsatsuraiño,

auek aitzki perira.

Beste ardi-zaar bat edo beste

salgai izanik, nor auen eske,

igo leikion mendira.

 

Zegamatar arakin, Joxe «kantaleko»

bere ondoren dabil peri tokirako.

Begi ona izaki, ala esateko,

okela nun zegoen aixa salatzeko.

 

— Kaixo, adiskide zaar! Bada tratu-bide?

— Erostunik balitza, asmo ontan gaude...

— Otzean-otz, gaude-ba... Amar bider obe,

ekarri ez bazenu bat-bakarrik ere...

 

— Okel-gose zerana, bruxa berak dizu...

Litsik gabe zaudena jakiñean nauzu...

— Axeri-zaar alena!... Zenbait bear dezu...?

— Ogeitabatekoan... zeuretzat dituzu!

 

— Urrezkoak aldira orla eskatzeko...?

— Ez, urrerik ez dute. Okela bai franko...

Ta ortik ez dizkitzut txanponik jetxiko.

— Ortan, gorde itzazu nai ditunantzako!

 

Joxek jakiteaz bat, onen eskaera;

bildurti gisa doa beste baztarrera.

Andik begiek argi. Zarpaillu jokera!...

Duro erdi bat benik nundikan atera...

 

Erdi-ergel balitza, ez leukake giro.

Baiñan artzainak ere, berak ainbat lelo.

Azkenik ler-etsia urreratu zaio,

eta sorbaldan joaz onelatsu dio:

 

— Tira, azken itz ori... Nai dezu begira?

— Begira ez nago-ta, mantenuko dira.

— Zertxo jetxi zaitea... Jozagun erdira.

Zikiro-zaar auekin joan gabe mendira...!

 

Ez dakit zertan konpondu ziran,

dakidana da erdi-purdian;

esku-aldatu zirala.

Ain zuzen ere, aste barruan,

zalazko Joxe, Oltzan zegoan,

mingaiña leunki zuela.

 

Esan egunetara, (laugarren goizean,)

txitxi-potxoan ezti egunan sentian.

Laxarok zer okel zun oro bai zekian,

eta bakar batzuek eskura naiean.

 

Laxaroren etxolan arakiñak jeupa,

edo ubel-makillaz xotil ate-joka.

Aurrez okel-ardiei zien begi bota,

sarobi kukulluan etzanik zeuden-da.

 

— Zure okel-ardiek ikusia nator.

Garbi esan, ez dute koipearen pikor.

Zuk zenidan erdia, pixuan nunbait-or...

Okeletan urri-ta... ezurretan gogor...

 

— Aitzaki ta maitzaki, grain neregana?

Leenik esan nizkitzun gizen etzeudena.

Era berean noski gaitzik etzutela,

agirian daukate esan nizkizuna.

 

— Zuk diozun bezela, ez badute gaitzik,

igo naizen ezkero ez nijoa utsik.

Naiz ez izan neretzat irabazi litsik,

ez dizut ukatuko eman nizun itzik.

 

— Saldukeriz ez nabil. Gizonan antzean.

Ardi gogorrak daude, gutxi duin Oltzean.

Jartzen dituzunean auek belatzean,

lodituko zaizkitzu larruak betean!...

 

— Tira, kontzientzia artuaz neurritzat,

eskaera idazu zure ardietzaz.

— Berrogeitamar duro, nai litzake beintzat,

zezena diruditen artezur auentzat...!

 

— Milla bana erreal...? Emen degu koxka!

Ontan ezingo det nik dirutza au bota...

Alea, ta barruti, gizentzea kosta,

nunbait bearko ditut merkexego topa...

 

— Eskatze-eskeinteak ez dute mugarik,

eta ustez ez dizut eskatzen geigirik.

Ontan saldu direnak ikusi ditut nik,

ta merkean ez dezu gauza dan ardirik.

 

— Zortzi dituzu beraz salga dauzkatzunak?

— Oraingoz bai beiñepein izena emanak.

—Geixkoan jo didazu, ain argal daudenak...

Ontan artuko dizut lau onentxoenak...!

 

Andreak piperturik, itzetik irritan:

— Zedorrek bai aldezu puxka merkerikan...?

Joan dan astean bertan, joan banintz, joan nintzan...

Lau duro ken zenidan txirdin bi gatikan!!

 

— Nola nai zenuen-ba, demontre andrea...

Begi-bitan artua utsean saltzea?...

Nai aldezu Laxaro, zortzirak artzea,

duro biña jetxiaz tratua ixtea...?

 

Ogerleko zizkin bik, ainbeste zer esan?

Orren ezpal legorrak ez gaitezen izan!

Nik bat botako dizut, gizonaren gisan.

Eraman akidazu esandakoetan...

 

— Badakit gaur Laxaro, eutsia zaudela,

baiñan ez dizut egin eskeintza makala.

Erdira jo zagun-ba, lagunak bezela,

ardiek batera ta dirua bestera...

 

— Tira-ba, San Antonek bedeinka ditzala...!

 

 

                III

 

Azaro leenez itxas aldera,

Joamari doa Bizkai-lurrera,

larre berrien bearrez.

Barrutiren bat edo topatu,

inaurkin da abar aurrez pillatu,

neguai zion bildurrez.

 

Bakio zaio neguko babes,

Urbi-zelaiaz birritan amets,

egingo duen txokoa...

Negu gordiak geigo ezinda,

Udaberriak bultz eraginda,

datorren arte kukua.

 

Itxas-ertzeko errixkatxoa...!

Aldakor zaitzu urte-giroa...

Illotzik uda-ametsak.

Aurki datzaizu neguko jantzi,

ur-asarreen orruez naasi,

Ardi xotillen dunbotsak...!

 

Mendi sapaldan, izar iduri,

soro belardiz lillluragarri,

soillik dagon basetxea.

Joamarik an du negu-aroan,

antzindik aita edo aitonan,

orpotiko aterpea...

 

Kezkatsu doa artzain apala,

egun osoa bere duela,

oiñezko arin tartekan.

Illunarrean naiko berandu,

onen jeupadak poza emandu,

«Larrain-zabal»go ateetan:

 

— Gabon Jainkoak, etxeko denoi! — Berdin zuri-be Joamari!

Alabeiñikan, etorri zera, Giputz aldean zer berri...?

— Zer esango det, osasuna-ta... Eskerrak Jaungoikoari.

— Semeak ere, naiko zuen-ba... Zertan ez dezu ekarri?

 

— Geigo gabean denok bideetan, ezin ibilliko gera,

nai ta ez ere ibil bearrak, berez etorriko dira.

— Ardura zaizu zuri Joamari, eguntxo bi gora-beera...

urte azkengo artu-emanaz, berdintsu izango zera...

 

Geroxeago jalgitzeakin zer asmo daron artzaiak:

— ...Aizu Joamari, Latzen dituzu zertsu ortako larreak.

Len urte bitan jan zituenak, kendurik ditu ardiak,

aitandutzeaz ez dezu galtzen, ez dire txori goseak...

 

Biaramongo goiz-nabarraz,

gure artzaia kezka bakarraz,

ametsa egi gertaki.

Leeniko belar-saillen mokoan,

puxka berriek artu asmoan,

okotza txutik dabilki.

 

— Jakiñik nator zuk badezula larre-saillen bat saltzeko,

itxu-itxuan natorkizu-ba, puxka orixe artzeko...

— Jardunak gera aiko-maikoan, moztu gabean uzteeko...

Mozteak ere ez dit ardurik, egi-egiz esateko.

 

Onako auxen, barrutitxoa, leengo urte biz moztua,

eta belardi ezberdin ori, orren jarraimen beekoa.

Ospeletikan dagoen ura, apur bat dezu urtsua...

Larrean gose baldin bazera, emen dauzkatzu naikoa.

 

— Itxuraz beiñik, jarre-sail onak, aurrez-aurre ditugunak,

ikus ditzagun zertsu diraden ospeletikan daudenak.

Luze oi dire zenbait negutan Otsail txikian egunak...

Badegu lanik etxetik urrun, ardi moltsoa degunak!

 

— Auxen dezu-ba irugarrena, erditik gorea latza...

Denak komeni zaitzun edo ez zedorrek daukazu itza.

Uste detanez, gauza bakarra izango zaizkitzu gaitza...

Eman bearrak geitzen doaz-ta... — Bai, bai, eman dizut antza.

 

 

Ea ba lagun, gaitz orren mia senda baledi itzetan,

zer dirun naia daukazun-edo, esan zazu orain bertan.

— Erregetatik Martxo leenera, seimilla errealetan...?

Igaz au zen-da, zeuri ere-ba, urte-bildots bat geigotan...

 

— Arraie pola! Ongi gaztuak... Etzabiltz txantxaz orraiti!

Ille-birako, mintz utsak diren barruti maxkarrok gati...?

San Josetara luza idazu, konpon gaitean gizonki.

Ta bildots ordez emango dizut gazta eder bi gaiñeti...

 

— Ez zazu uste pirrin direnik... Etzaite jarri kizkurrik.

Berez lur sendo, ta ongi janak, badauka zer ikusirik...

Merke utzi-ta, oraindik ere, zera, aitzakiz beterik?

Diru orrekin ez dadukazu akats gabeko larrerik!

 

— Negu onaren premiko daude, irtengo badu belarra,

bestera noski etor leiguke alde biontzat okerra.

Aita-dizudan egun bakarrak, uzteko gertu bazera...

Zuk nai bezela emango zaitzu zikirotu bat ederra.

 

— Alde biok-be, oro dabilgu eutsiak geran tajua,

ta itz geigiak erabatera, naastu leiguke burua.

Martxo erdira geixko da baiñan, geroak badu lekua...

Esanak-esan, ortan-ortantxen, ondutzen dizut tratua...

 

Ari bat eten, bigarren billa,

alper-itz aski egin oi dira,

sal-erosketak ariltzen.

Itza, itzakin ebakitzea...

Zertxo gezurra erabiltzea...

Ez naiz izpirik arritzen!

 

Geixko aunditu, txatxartu orde,

akats pirriñak kolkoan gorde,

saltzaillearen itzera...

Ezergaberik aitzakiz jo-ta,

leenak jasoak utsera bota,

Au, erosleak ostera...

 

Saiatu arren bakoitza zindo,

alaz ta guziz ez da izango

gora-beera aundirikan.

Nik entzuerik ez dut gaurdaiño,

urre-gorritan zinzurreraiño,

artzaiñik ito danikan...!

 

 

 

© Martin Ugarte

 


"Jatorriaren errotik" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus