IX

EZKONTZA

 

Azkolatza-tik iturriruntza, joanaren leiaz itzontzi,

illun-arian artzain andre bi, ta biek txitxi-potxoki.

Gazta-zapiak beratu edo, ura eraman aitzaki...

Bi ordu leentxo jakin berriei zer bultza eman asmaki.

 

— ...Zirikaz edo txantxaz diardun? Ainbat arritzen nauana,

Andrex gurea ezjakin dela, ezur-mamiak izana..

— Baietz-ba, baietz. Ez diñat esan ber-berak nari esana,

Santiostean, bero-beroan, ezkon asmoa duana...?

 

Pelix beraren esamesetan, jartzen naizenean zertzen...

Ikusten natxon esan zidanak bestekoz nola datozen.

Ogei ez ezik, beste ainbeste aixa pillaatu ditezken...

Aixa ekin den leendik bilduek, sakel-ondotik uxatzen!

 

Egoskaririk ez dutela-ta, ordezko milla kutizi.

Arrai, okela, xerra xaltxako... Jarraimen naiko egazti...

Bai, bai, berentzat... — Ara demontre! Gaztuko zaikon ederki,

eztai zaleek jarri orduko, larru-betean dantzari...!

 

— Nolanai nexkak izan beaizkin, nik aditzea detanez,

dotea ezik, denetik mardul, erdi-purdizka ezer ez.

Arropa txuri, soin aldagarri, txikordatuek ganorez.

Oraindaioko ezkon-sariak autsiko dizkin itxurez...

 

Au eta ori esan da esan

ordutaerdiko jasan,

alaz aria ezin etenik,

illuna zinzil ez bazan.

Apari jira, ain otza ezik,

sua auspean ito zan...

Beste batean jarraitzekotan

biek banakatu ziran.

 

Nexka-mutillen asmo ixilla,

(atzekoz-aurre apikan)

aopetikan belar-ertzera,

Urbian azken berri zan.

Aste batzuek jardun-da gero

marmarkariek naasketan,

azkenik ere nexkan lurrean

Zegama albo-errixkan,

uztartutzea egiztatu zan

Martin Santuan eleizan.

 

Oiu alaiak goiztar, adiskide edo,

gaztediak nabarmen egunaren giro.

Soiñu-jolle, su-ziri, algarazka zoro...

Andregaiaren billa irtetzeko gero.

 

Luzaro preso dagon txoriaren gisa,

leiatillaz barrendik kirikaka Luixa...

Entzute utsarekin senargaian itza,

kupiraz sortu zaio begietan intza.

 

Gosaritxikirako andregaian amak,

aretaz jarri die amets zitun denak.

Otordu-bitarteko aokadatxo fiñak...

Itzaren samurgarri izango zaienak.

 

Gero erriratzean, lotsaz gorrituak,

erruz diradelako burugabekoak.

Eliz-ateetara antsiz kokatuak,

ezkongaien itxaroz ao-zabalduak...

 

Aitamen bakar zuten aurre-illuntzean:

«Zazpitaerditarako Eliz-nagusian!»

Apaiza irakiten luze iritzian,

azkazalak marraskaz ordu bi luzean...

 

Ezkontzak diraun arte, ausnar dagitela,

bi atsok korupean berenkix mar-marra:

— Gure nexka-mutillak... etzela-bazela...

Elkarrekin ezkondu bear lirakela...

— Ontan ez banintxonan Mari Mikailla...

Arta-azal onetxek ni ito nazala!!

 

Bukatu dutenean or egitekoa,

Patxi-ren ostatuan amaiketakoa.

Leenik badakarkite itza xamurtua,

onek utziko die korapillotua...

 

Senitarteri eta auzo-etxetako,

osaba-izekoak, bazkal sasoirako.

Arretaz bildu ere esan ordurako.

Ogeitaka bazkaldar eztai-maierako!

 

Jakirik aski bada, geixkoan erdiak;

oillo-zuku koipetsu, aza-odolkiak,

txekor gaztexko baten okela guziak,

ase-bete ondoren gaindik egaztiak...

 

Sagardo apardun-da, ardo bizikorra,

bai txuri ta bai gorri, nai eraz pattarra.

Ezkon berrien bizkar beteka ederra.

Alaz geixkoan ezda, maian bat-bakarra.

 

Masail eldu-gorriak, sudurrak dindirri...

Ixil-gura iñor ez, geienak kantari.

Leendiko bertso zaarrak, berriak alkarri...

Urdailla betetzean dena da pozkarri!

 

Soiñu otsak dakardi dantzatu aizea,

gizon gaztea degu lenbizi asia.

Egokia izaki, abian andrea,

ondoren bilduriko jendetza guzia.

 

Eztai-zaleak patxada osoz

egonak ziren luzaro,

izan oidantsu ezkon berriak

irten aitzaki aguro.

An-or eguntxo batzuek bota

bein irten ziren ezkero...

Aste bi barru, apar-bitsetan

Urbian zeuden berriro...!

 

 

 

© Martin Ugarte

 


"Jatorriaren errotik" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus