VIII

AXERI-ARRAPATZE

 

Uda mamian, igande goiz bat, ta denak asmo berean,

Eliz-ateetan giza-moltxoka, Mezaren zai marmarrean.

Mantarrak txuri, abarkak eta, bruxa sorbalda gainean,

keeorri puxkak pipara biltzen, norbait suaren eskean...

Ondorerako egitekorik badute euren artean.

 

Leenez albiste artua zuten, ez da bakarrik atzean,

bakar bat-edo izan ezean atzera-mordo antzean.

Ongi dakite mendia garbi ezin leikala utsean,

«eizak» indarra izango dula txanponik jalgi ezean.

 

Korapilloa emen daukate, bosna erreal buruko.

Bixente zaarrak eskatzen die zerbaitetan asterako.

Otordu bakar batzuek eta, ostatua gaberako,

mendia garbi utzitzekotan illabete barrurako.

 

— Au ez dek txantxa, —esanaz daude— aste buruko galera...

Joxeri zazpi, Erramuni bost, leenak amaikatik gora.

Arri-urdinen ere moltxoka... Orra ogeitik gaiñera...

Mendi osoa ondatu bide ontan egoten bagera.

 

Pizti maltzurren agin zorrotzak artaldearen ondamen,

ta garai joanak izan oi dira, alperrikako jardumen.

Esan bazela bata-besteren galera jakin dutenen,

bero-beroan asiko dire, Meza-Santuan ondoren.

 

Ta bitartean, ezker alditik, andrezko moltxo argia,

iñoren tximak orraztutzeko an dute jardun tokia.

Errosaiuak eskutan moltxo, itz samurgarri bailira,

Mingaiñak axal, ta buru makur, mantil-azpitik begira...

Jira ta jira ariltzen doaz, aste buruko berna.

 

Moltxo berera kokatzen doaz, elduaz bana-biñaka.

— Egunon Jaunak!... Lo egin alda?... Onek leenari oleska.

Muxu-gorri bi, saiets emanik, algaratxoan irrizka...

Amona Juxta, kukurra txutik, txukun da garbi jantzita,

billobatxoa lotsati dula, gona egalei ozkaka...

 

Sudur-igurtziz dago gaixoa, esatekoak baditu.

Jardun miñakin doi-doi ez bada, ixil-eziñik berritsu...

— Atzo errian niunan Paula. Baiñan, ez adi arritu...

«Galtzaerre»kin ezkon asmotan dela Pantxike garitsu...

— «Galtzaerre»kin?... Jesus Maria! Elizak artuko ditu...

 

— Jas! ...Nor ote den bi oietatik ezkon gogoa duena?

— Nor izan bazan, Pantxikek leendik izango ziñan gizona...

Baiñan txurruta mokoan bear... Edandakoan tuntuna...

— Ago ixilik, emen den bera... — Din-dan ezkilla dun-duna...

Meza ondoren artuko dute orain eten dan jarduna.

 

Dingilin!... Danga!... Jira ta bira, ezkillatxoak ots dagi,

ta itzal aundiz bana-biñaka, bakoitza buru makurki.

Jaunaren etxe oparotsu au, ondasun denen iturri...

Orra gizona biurtu bide, Kristo ber-beran irudi!...

 

Dingilin!... Danga!... Meza-Santua oro gogozko jakia.

Jaunaren maian praille gaztea, gaztea bezin argia.

Leenen zatian itz bi laburki, gogoraziaz egia.

Tarteka bedik laguntzailleak, errosario guzia...

Aldi berean beteaz doaz egungo zor nagusia.

 

Meza ondoren min eta guzi,

aurrena beintzat zinzurra busti,

salda beroa aitzaki.

Napar-gorria aurrean dala,

artu nai dute axeri zaarra,

bero-beroan ondoti.

 

Aldiro txurrut, aldiro bete,

berebiziko burrunda dute,

denak batera esames.

Mingain lotuek askatu arren,

irten eziñik bakoitza bereen...

Alaz, bazan bat ganorez:

 

— Alperrik gaude emen musuz-musu bakar...

Leendik ere ezagun bai giaden elkar.

Beraz, konpon gaitezen eskabidez azkar,

eta Bixente zaarra ainbat leenen ekar.

 

Eta Erramun zaarrak egoskor erritan,

eman bearrarekin minberatu gisan...

— Buruko bost erreal ematezkerotan,

exal-arrapatzaille, obe giñun izan!

 

— Ez gaitezen ospindu, badegu lekua,

itz bakarrean ez da egiten tratua.

(Tartean den norbaitek, altxa du burua:)

— Eskatzea xamur dik... Ematen kontua!

 

Iru milla burutan pasa eta gaindik,

Urbi-sarobietan gaur beiñik bazetik.

Ardiko irurekin, amarmilla dizkik...

Mauka obeagorik izango ote dik?...

 

Itzetikan ortzera, irugarren zaunka.

Axeri lana zer den ondotxo neurtuta.

— Iru erreal oiek larregi etzaizka,

lan au egiten dunak, merezi du mauka.

 

— Ez naiz ni bakarrikan, denok degu itza,

eta dirudianez ez da konpon gaitza.

Egia, eman ori, beti zaigu latza,

eman ezean ere, alperrik gabiltza.

 

Bearturikan gaude zerbait asmatzera,

bosten tokian iru, edo eskeintzera...

Izan leike ortara, erdira jotzea.

Bakoitzak eman beza bere iritzia.

 

Aizkenengo esan au, ontzat artu dute.

Arrazoi berdiñean merke nai lukete.

Nola-ala beiñepein, bata edo beste,

Zaldibi-ra joan asmoz gelditu dirade...

 

Pitxar ardoa ustu, txapelari jira,

beren etxoletara, konpondu baitira.

Bixente nun-nai dela, badator Urbi-ra,

Axeriek galtzean ixilduko dira!...

 

Gure Bixente zaldibitarra,

axal-gizonik bera bakarra,

mutilla degu eizean.

Bide-bidexka puxkak jarriaz,

ta ixillean ongi gordeaz,

gabaren illun beltzean.

 

Ez dakit nola konpondu ziran,

Iñolaz ere, giza tankeran,

gutxian edo askoan.

Dakidana da, uste bezela

aste berean lanean zela,

mendia garbi asmoan.

 

Lenengo lana, axal-zuloak,

arkaitz zirrizku, gordelekuak,

arretaz ikusirikan.

Seiñalez jarri or-emen zerak;

oillaki eta arrai ondarrak...

Zentzuz maxia-lanketan!

 

Ongi zekien Bixente zuurrak,

ur-erne, oro bidatxidorrak,

nun errendu axeria.

Illunarrean inguru-biran,

an izango zen mendian jiran...

Pardeltxoan aparia...

 

Eta artzaiek obabearrez,

ardi bilketa illunabarrez,

sarobi zaarrak betean.

Gabaz edentzen jardungo zan-da,

ortaz okerrik etzedin gerta,

bildu urrengo goizean.

 

Ontzixka baten itxi-itxian,

eden-pozoia puska txikian.

Or zun piztiak erio.

Ta ez nola-nai erabiltzeko.

Alabeiñikan, au esateko,

iñork ikusi aaldio....?

 

Oker nizuen... Artzain nintzala,

eta Bixentez lotan nengola,

(mutilkozkorran aldaarte)

burukopean maxia nion,

aaztu zelako bere erion...

(Galtzak askatu bitarte.)

 

Esanak esan, etzen makala...

Urbi-zelaitan lanean zala

etziren sei egun joan.

Urbil natzaikon berarengana,

eta zidanez, zazpigarrena

pozez larrutzen ari zan.

 

Gure Bixente zaldibitarra,

axal-gizonik bera bakarra,

mutilla degu eizean.

Bide-bidexka puxkak jarriaz,

ta ixillean ongi gordeaz,

gabaren illun beltzean.

 

 

 

© Martin Ugarte

 


"Jatorriaren errotik" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus