VI

ILLE-MOXKETA

 

Kiski, ta kaska guraiza.

Igarotzean Maiatza.

Soiñeko zaarra botatzea du

ardiak bere ametsa.

Ille berrixka moitsoka,

leengo zaarrari bultzaka.

 

Txirristi-rraxta soiñuan,

arraitza guraiz-aoan...

Artantzu edo, bildurik daude

lizarpean abaroan.

Ekitaroan mokoan

kiski-kaskako leloan.

 

Garagarrilla eltzen denean, gaur bai, ta biar berogo,

ille-moxketa bete-betean, ez aurrez, ta ez gerogo.

Etxolen urbil ille muiñoak, ate-burutik gorago...

Artzain apala sasoi ontan da iñoiz baiñan areago.

 

Ardiek giliz bizkar astinka, egoa dantzari dator.

Motxaille zuurrak lana gogoan, egunsentira esnaakor.

Moxketa saio duten tokira badatoz bide-bidatxor,

argi-txintatik illuntzeraio, moztu ezkero nunbait or.

 

Egun batean onek du saio, biaramonez besteak,

nagi aizerik ez die eman lan berri ontan asteak.

Leenik dakite garrantzi dula elkar laguntzai eusteak.

Ontan dabiltza moztu arteio mendiko ardi guziak.

 

Aurren egunez kimatu dute Joamariren artaldea.

Onen ondoren Arbelar-koak, Azkolatza-koz batea.

Peru-sarobi, Oltza inguru... Ontan bigarren astea,

Arri-urdin-go denak azkenik, auekin ama uztea...

 

Soin-kurutzetan belauna.

Ez da lanbide gaiñena.

Sabel-azpiko ille opillak

moztu bearra aurrena...

Ta ortarako onena,

izan oi da gazteena.

 

Mattin mozkote gazteak,

(gaindik maxiaz besteak)

batzuek moztu edo urratu,

tartean txutik izpiak...

Ontan ikasi aizeak,

artu ditu guraizeak.

 

Kalterik badu berekin,

gazte izatearekin.

Ardiek ere izuz igeska,

bera gerturatzeakin.

Besteko lotsa-motsakin,

gaindik begiratzeakin...

 

Mutilla estu ta larriz,

zai dagozenak egarriz...

Sabelazpia mozteaz baten,

lau ankak lotu lokarriz.

Elduko dio geigarriz,

urren dagonari berriz.

 

Ontan badute neurria.

Agian, buruz jarria...

Ganora barik lotzearekin,

askatzen bada aria...

Zatoxka ardo-gorria!

(Lotzailleak alegia.)

 

Oni begira kizkurrik,

besa-zaiak kizkurturik.

Ontan daudenak tentar eta,

lanean bera bakarrik...

Aurki ez dute betarik,

txurrut egiteko ezik.

 

Eta, ganoraz astean,

iñork ez du nai atzean.

Guraizek zorrotz, kiski kaska,

ao bete-betean...

Pizti goseen antzean,

koldartu barik tartean.

 

Moztuaz ongi ikusi,

begiko zaiñak leenbizi.

Azkazal tarte, bular-arteak,

gero aoa iriki.

Gaitz berririk balekarki,

ta zaarrrenei bereziki.

 

Eta tartean-martean,

mailla berezi batean.

Artaldetikan bakar batzuek,

mozten dirauten artean,

jarriaz doaz gaiñean,

esne-aparran antzean.

 

—...Ez diat noski bakarrik

on berdindu leikanik.

—Zinzar-aundidun mutur-arre au?

Etziek besteei zorrik!...

— Eun libra badek bizirik!

— Ta, ortz-agiñak osorik!...

 

Baitere beren akatsak,

Bateko belarri motzak...

Egelez urri, illez legorrak,

edo eroriak ortzak.

Agian atzez zorrotzak...

Jeikiegi soin-kurutzak...

 

Egun barruan korrika,

itxuturikan aldizka.

Aurrenlariai gaiña artzea

atzekoaren burruka.

Guraiz-aoak kaskaka...

Larru-azalak zulaka...

 

Ortxen amarrak aldean,

atsendendu bitartean.

ogi arroa gazta zaarrakin

botil ardoan bultzean,

ikusko dute gatzean,

babak egosi artean...

 

Jardunaren luzagarri,

zirikaz denak elkarri.

Ta lan egiaz edonork darrai

bertso zaar auek kantari,

edo-ta ipui kontari,

neurri artuaz lanari.

 

«Artzain gazte ziputz bik, in dute apustu,

noork ordu betean, amar ardi moztu.

 

Au da bien arten, jokatutakoa,

naiko bakaillorekin, arroba ardoa.

 

Kondizio au dute, jokuan asteko,

ardiak moztuaz-bat, jaten asitzeko.

 

Peillok zortzigarrena... Antonek amarrak...

Azkenengoarentzat, bakallo ezurrak...»

 

Lanaldia bukatzean,

otordu dute ostean.

Baba-txikia zerri kopekiz

ongi bustia eltzean.

Gaindik zeziña gazian.

Txurru ta mauka batean...

 

Esamesikan ez dute,

jatenak dirauen arte.

Tripa-zorriak orruez eta,

sarbide ona daukate.

Gero zer esan badute,

zatoa ustu bitarte...

 

Askatu ditu eranak,

loturik ziran mingaiñak.

Ipui zaarrikan jalgitzen zaie,

eta ez denak txukunak.

Batzuek leenez esanak...

Agian ixil zirenak...

 

Ille berri... Ille berri...

Elurra bera duen txuri!

Seaska-zaarren lotan nitzandik,

kulunkaren bigungarri.

Eta geroztik geigarri,

nere soian berogarri...

 

Ille berri... Ille berri...

Moltsoka izpitsu garbi...

Ezkongai oro itxaroz dauzkak,

txori-bikote irudi.

Izpi-mizpien egarri,

jantzi-miaz beren kabi...

 

 

 

© Martin Ugarte

 


"Jatorriaren errotik" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus