III

AIZKORRI-KO ARTZAINA

 

Urbia-ko artzain bat, au degu Joamari,

gazte zela emana gogoz artzantzari.

Aitagandik dakarki ondorio ori,

leendikoek utzia, onek semeari.

 

Artaldean orpoan arretaz jarri-ta,

arri otzan gaiñean lapratx exerita.

Urbi-zelai nasaian aria biurka...

Azkenengoz onekin, an nauzu egonda.

 

Elkarrekin esames jarri giñaneko,

mintzo au artu genun geure kolkorako.

Ni arretaz nengoen oni entzuteko,

eta ziardunetik zerbait jasotzeko.

 

— Amar urtetarako, ementxen Urbian,

nere aal guziak neuzkan artaldean.

Oro erkin nintzan-da, aitan babesean.

orpoz ondore oi den itzalan antzean.

 

Geroztik zetorkidan, zama bizkarrera,

galtza luzeaz baten lanari eltzera.

Ariñentxotan asi, eziaz ostera,

eskua bota bear izan dut denera.

 

Esnea bildu eta, gaztak maniatzen,

ille-moxketan eta, aria iruten.

Lan tarte batzuetan, iñoiz irabazten,

Oltza-ko basoetan txondarrak egosten.

 

Guda-mutiltza aurrez, geienbat artzantzan,

tarte-marte batzuek izan ez-ezikan.

Geroztik ibilli naiz urte batzuetan,

Katabera azpiko meategietan.

 

Esan dedanaz beste, udara buruan,

egun bakar batzuek, etxe inguruan.

Ereitaro sasoi ta, lanik bagenduan,

iaurkin bilketa-ta, beren garaitsuan...

 

Ogeitasei urtetan, banun andregaia,

Luxiano zanaren alaba bixkia...

Ezkontzaroz artu nun ausnartu astia,

uztartu nintzaneko, berrogeik utzia...

 

Lau seme-alabekin, zorionez nago,

leenen biak mutillak, eta bi neskato.

Nola bizi ez naizen, aldi luzerako,

seme zaarrena dator, nere oiñordeko.

 

Emaztea etxean seme-alabekin,

aita-semeok emen, artaldearekin.

Batean bildu ezin, denok alkarrekin,

geienbat mindu oi naiz, gauza onetxekin.

 

Maiatzaren aurrendik gauzkatzu Urbian,

Eguberri osteroz, negua Bizkaian.

Tarte urri auexek, etxearen jiran,

onatx artzaien zerak, nolatsu oi diran.

 

Begiratze utsakin, artzain zintzo oni,

badatorkit burura amaika iduri...,

Zoriontsu bizi dan mendi-gizonari,

Jaunak emana dio, Zeruaren erdi...

 

Leenengoz berarekin triketx nuenean,

atzo zela deritzat idurimenean.

Gordin ziraun arteiño, sasoi ederrean.

Gaur, irurogei urte ditu bizkarrean.

 

Daukan adiñerako ez dago urtua,

leengo lepo-lepotik darama burua.

Besa-zaiñak irtenak, osasun sendoa,

ibilkeraz dirudi, zerbait tarrastua.

 

Aurpegiko azala, eguzkiz elduta.

Larru-zorroa saiets lepoan sartuta,

ille-moltxo bi eskuz, iruten artuta,

ardien orpoz-orpo aueri lotuta.

 

Ille txuri-urdiñak, txapel azpitikan,

artille galtzerdiak, txurigo oietan.

Soiñean bruxa beltxa, aste, ala jaitan,

beti giza-arteko, naiz beartsu izan.

 

Berrogeitamar urte, gutxi, gora-beera,

Aizkorri egaletan ibil dabillela.

Negurik ez bagenu... Beti balitz uda...

Zori-bete litzake Joamari xuxena!

 

Nai-ez utzi bearra uda bukatzean,

iru-bat illabete ondoren etxean.

Iges emendik ere, negu biotzean,

kukuak jo arteiño, Kantauri ertzean.

 

Bai zaiola pozgarri udaberri usai,

artzain nekatuari zozo-miko garai...

Ardiek larru-bete, egutaro nasai.

Kaiku esnea gaiñaz... Bildotsak diru-gai...

 

Uda-aldi laburra Urbi-zelaietan,

pozez edo samiez, bizi-giro bitan.

Egunaren erroan zaildua burrukan,

bizi bearran zorra ordain eziñikan...

 

Gaztak egin da saldu, baiñan bitartean,

auek badute lanik eskuek betean.

Egunero garbitu, aalik ur-otzean,

guri jarri ditezen, gero keetutzean.

 

Sortzen zaien gatzura zergaitikan galdu?

Urterako zerria gizentzea aaldu.

Asun egosieri, mai apur bat naastu,

bizitza urratzeko, saia bearra du.

 

Tarte-marteko betek dakizki osatzen,

artillea orraztuz, edo-ta iruten.

Orobat saiatzen da, galtzerdi egiten,

t'ardi beltxen illez trailla biurkatzen.

 

Egiak egin arren, neurriz bizikera,

urtearen buruan ainbat gora-beera...

Nola-nai dagokio zuur joka bearra,

bera, ta etxekoek biziko badira.

 

Ona, artzain elduan bizitza laburra...

Gisa ontan Aizkorrin, ez da bat bakarra.

Ogi-bide neurtua, latza ta medarra...

Alaz, Jaunak beragan urbillen daukana...!

 

 

 

© Martin Ugarte

 


"Jatorriaren errotik" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus